Prentsa Oharren banner

Azalpen-oharra, MLBNk aholkularitza-enpresa batzuei irekitako espedientearekin Gasteizko Udalak duen harremanaren inguruan

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) aholkularitza-enpresa batzuei espedientea irekitzearen harira gaur zabaldu den informazioa dela eta, Lehiaren Euskal Agintaritzak gai horrek euskal erakundeetan duen eraginari buruz egindako txostena aztertu du Gasteizko Udalak. Txosten horretan espediente bakarra ageri da non Gasteizko Udala aipatzen den.

Espediente hori aztertuta, argi geratzen da “Vitoria-Gasteiz, Smart Green City” estrategiaren bigarren fasea garatzeko smart estrategiak diseinatzeko laguntza teknikoko zerbitzu bat emateko kontratua zela. Kontratu hori 18.000 eurotan lizitatu zen, BEZa barne, eta, beraz, zuzenean esleitu zitekeen. Nolanahi ere, Gasteizko Udalak 5 enpresa gonbidatzea erabaki zuen, eta horietatik 3k aurkeztu zuten eskaintza. Horietako bat bakarrik dago lotuta ikertu diren praktikekin. Beraz, ez zen lehia murrizteko aukerarik egon. Bidalitako gonbidapenen kopiak eta aurkeztutako 3 eskaintzak baloratzeko udal-teknikari batek egindako txostenaren kopiak erantsi zaizkio ohar honi.

Udal Gobernuak Lehiaren Euskal Agintaritza zoriondu nahi du egindako lanagatik eta lehia askea mugatzen saiatzen diren enpresa-jardunbideak jarraitzeagatik. Azken finean, herri-administrazioei eta, ondorioz, interes orokorrari kalte egitea bilatzen duten praktikak dira hauek.

Enpresentzako gonbidapenak eta eskaintzak baloratzeko txosten teknikoa

Share

Prentsa-deialdiak (2021-05-14)

Prentsaurrekoa. Fiturren egingo diren Gasteizko eta Arabako proposamen turistikoak aurkeztea

Parte hartzaileak. Enplegu, Prestakuntza eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazar; eta Enpleguaren Sustapen, Merkataritza eta Turismo foru diputatu Cristina González

Eguna. Ostirala, maiatzak 14

Ordua. 10:00

Tokia. Arabako Foru Aldundiko prentsa aretoa

——————————————————

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, maiatzak 14

Ordua. 10:30

Tokia. Elorriagako batzar-etxea

* Larunbatean, San Isidro Eguna ospatzen denez gero, eta tokiko administrazio batzarrei ohiko harrera ekitaldia eskaintzea ezinezko denez, alkatearen ostiraleko prentsaurrekoa Elorriagako batzar etxean egingo da

——————————————-

Alaveseko urrezko eta harribitxien intsignia Gasteizko Udalari ematea

Parte hartzaileak. Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Saski Baskoniako presidente Josean Querejeta; Deportivo Alaveseko presidente Alfonso Fernandez de Troconiz; eta Udalbatzako ordezkariak eta Deportivo Alaveseko kontseilariak

Eguna. Ostirala, maiatzak 14

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

———————————–

Hiretu Hiria ekitaldia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, maiatzak 14

Ordua. 17:00

Tokia. Goiuri jauregia

Share

Gasteizek sexu-orientazioa eta genero-identitatea direla eta izandako erasoei buruzko aurtengo txostena aurkeztu du

 

Maiatzaren 17aren harira, Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko behatokiak sexu-orientazioa eta genero-identitatea direla eta izandako erasoei buruzko txostena aurkeztu du gaur; txostenak 2020ko maiatzetik 2021eko apirilera bitarteko datuak jasotzen ditu.

Txosten hori IKUSGUNEk Berdintasunerako Zerbitzuaren bitartez Udalarekin lankidetzan kaleratzen duen bigarrena da, eta laugarrena Lumagorri ZAT elkarteak 2017an datuak biltzen hasi zenetik.

Berdintasuneko zinegotzi Miren Fernández de Landak eta Ikusguneko ordezkari Amets Martínez de Herediak 2020ko datu esanguratsuenak aurkeztu dituzte: “2020. urteak zeharo aldatu ditu gure bizitzak. COVID-19aren pandemiak eta ezarritako osasun neurriek eragina izan dute LGTBI+ pertsonengan. Ikusezintasunak eta armairura bueltatzeak protagonismoa hartu dute berriz ere defentsa-mekanismo gisa, 2020ko martxoan, apirilean eta maiatzean etxean konfinatuta egon ginenean etsaitasunezko giroetan itxita bizi behar izan zutelako. Ikusezintasun hori oztopo handia da LGTBI+fobia hautemateko orduan, oro har, giro horiek ez direlako ez salatzen, ez eremu publiko eta ekintzailean ezagutzera ematen”, nabarmendu du Berdintasuneko zinegotziak.

Bestalde, Amets Martínez de Herediaren esanetan, “transen aurkako gorroto hitzek protagonismoa hartzen jarraitu duten azken urte honetan. Premiazkoa da diskurtso hori moztea. Zentzu horretan, txostenean transfobiaren egoera eta transen aurkako indarkeria desagerrarazteko politika publikoak sortzeko beharra aztertzen dituen atal berezi bat ere badago.

Horrez gain, txostenean LGTBI+fobiaren inguruko egungo egoeran eta antzemandako erasoetan sakontzen da, datuak aztertzen dira, emaitzak eztabaidatu, eta, berriz ere, gorroto-delituak eta -diskurtsoak desagerrarazteko gomendioak ematen dira.

Ikusgune txostena

 

 

Share

6 ordu eskasetan bi aldiz atxilotua lapurretagatik eta udaltzainen aurkako atentatuagatik

Udaltzainek atzo bi aldiz atxilotu zuten 19 urteko gazte bat indarkeriaz egindako lapurreta eta saiakuntza delituengatik, eta jardueretako batean esku hartu zuten udaltzainen aurka eraso egiteagatik. Hori guztia 6 ordu eskaseko tartean gertatu zen.

Goizaldeko 04:30ean, udaltzainek 23 urteko beste gazte batekin batera atxilotu zuten beiratea barra metaliko batekin kolpatu ondoren Pintore kaleko establezimendu batean sartzen saiatu ostean. Lortu ez zutenez, bertatik ihes egin zuten barra han utzita.

Lekuko batek eskainitako deskribapenari esker, patruila batek bilketa pneumatikoko edukiontzi batzuen alboan makurtuta topatu zituen. Edariak eta entxufeen bi konexio-bloke gordeta zituzten poltsa bat zeramaten biek.

Ingurua aztertu zutenean, udaltzainek ostalaritzako beste lokal bateko biltegiko atea behartuta zegoela ikusi zuten. Bi gizonezkoek zeramatenen moduko botilak falta ziren han eta, ondorioz, atxilotu egin zituzten.

Sei ordu geroago, 22:15ean, 19 urteko gazte berbera polizia-etxera eraman zuten udaltzainen aurkako desobedientzia, erresistentzia eta atentatua zirela eta, beste lagun batzuekin batera, Santa Maria kaleko lonja batean bolumen handian musika entzuten ari zela identifikatzeko eskatu ondoren. Lokaletik, gainera, marihuanaren usain handia ateratzen zen.

Oso jarrera oldarkorrarekin, udaltzainei aurre egin eta haien aurka eraso egin zuen. Ondorioz, atxilotu eta Agirrelandara eraman zuten. Zegozkion izapidetzeak egin ostean, aske utzi zuten.

Share

Lau kontzertu eskainiko ditu Dazz Jazz jaialdiak  Gasteizen, uztailaren 5etik 8ra bitartean

Jesus Guridi musika-kontserbatorioan izango dira, Udalaren babesarekin

 Guztira lau kontzertu eskainiko ditu Dazz klubak antolatutako Dazz Jazz jaialdiak Gasteizen, uztailaren 5etik 8ra bitartean, Gasteizko Udalaren, Jesus Guridi musika-kontserbatorioaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto, Jesus Guridi musika-kontserbatorioko zuzendariorde Ibon Zamacola, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua eta jaialdiaren antolatzaile Beñat Lasagabaster izan dira ekimenaren seigarren edizioaren aurkezpenean.

Antolatzaileek egin duten ahalegina azpimarratu du Estíbaliz Cantok. “Pandemia dela eta, ahalegin berezia egin beharra daukagu kultur jarduerak eskaintzeko, parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartuz, eta kostu handia dauka horrek, baina merezi du. Artistak publikoarekin berriro biltzea da saririk onena.”

Uztailaren 5ean, astelehenez, hasiko da egitaraua, Jorge Pardo Tríoren kontzertuarekin, eta hilaren 6an Alfredo Rodríguez Tríoren txanda izango da. Andrea Motis Quartet hilaren 7an arituko da, asteazkenez, eta hilaren 8an, ostegunez, Sacatubón.

Jesus Guridi musika-kontserbatorioan izango dira emanaldiak, 20:00etan. Sarrerak erosi daitezke, www.musikaze.net webgunean, eta abonamenduak, berriz, bai webgune horretan, bai Dazz klubean (Aiztogile kalea, 60; Gasteiz).

Bi master class ere izango dira. Hilaren 8an, ostegunez, Roberto Pachecorena, eta hilaren 9an, ostiralez, Alfredo Rodríguezena, biak ere 11:00etan.

 “Dazz Jazz jaialdiaren seigarren edizioarekin bat egitera gonbidatzen ditugu gasteiztarrak. Finkatua dugu jaialdia egutegian, eta hiriaren kultura suspertzen lagunduko du.  Kultura segurua baita”, azpimarratu du Cantok.

 

 

 

Share

Hiretu Hiria gala bihar egingo da Goiuri Jauregian eta bertan hiriko gazteek hiria hobetzeko landu dituzten proiektuak azalduko dizkiete Udal ordezkariei

IPI Sansomendi, Sagrado Corazón, Nazareth, EPA El Carmen, Mendebaldea, Ekialdea, Koldo Mitxelena eta Egibideko ikastetxeen ordezkari gazteek landu dituzten proiektuak Gasteizko herritarren aurrean eta Udal ordezkarien aurrean (Gorka Urtaran alkatea barne) ikusgai jarriko dituzte bihar Goiuri Jauregian, 17etatik aurrera. Horretarako, zuzeneko aitorpenak eta eurek eginiko bideoak plazaratuko dituzte Hiretu Hiria izeneko gala batean. Helburua: Gasteizko hiria bizitzeko toki solidarioa eta atsegina bihurtzea.

Hiretu Hiria Gala, Hiretu Hiria programaren barnean sortzen da, Gazteria Zerbitzuak antolatutako ekimena dugu, 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako, eta Parte -hartzean heztea helburu duena. “Azken batean, herritar arduratsu eta partehartzaileak izaten ikastea da gakoa, parte hartzen ikastea, eta osasuntsua eta berdinzalea izango den eta balioak izango dituen hiri baten eraikuntza iraunkorrean inplikatzea”, diote Gazteria zerbitzutik.

Gala honetara bertaratuko dira: parte hartu duten eskola-talde guztietako ordezkariak, senitartekoak, irakasleak, prozesuan inplikatutako hezkuntza-agenteak, alderdi politikoetako ordezkariak, eta gazte-proposamenak ezagutzeko interesa duten Gasteizko herritarrak. Sarrerak agortuta daude.

“Hiretu Hiria 2021 Gala” gazteen parte-hartzerako prozesuaren amaiera izango da, eta baliagarria izango da gazte-proposamen eta gazte-ahalmenei balioa emateko: ahalmen kritikoa, analisi-ahalmena, auto-antolaketarakoa eta erantzunkidetasuna.

Parte hartu duten taldeek ikasturte honetan landu dituzten gaien artean indarkeria, hiriko auzoetako errealitatea, matxismoa, bullyinga, arrazakeria, LGTIFobia, sexua, drogak, hezkuntza sistema, ideologia… daude.

 

Share

Energia-gastua finantzatzeko laguntzak eskatzeko epea zabalik  

Gaurtik aurkeztu ahal izango dira baliabide ekonomiko eskasak dituzten pentsiodunek ohiko etxebizitzan duten energia-gastua finantzatzeko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak emango dituen diru-laguntzak eskuratzeko eskabideak, bi hilabetez.

Gastu hauek lagunduko dira diruz: elektrizitatearen, gasaren edo beste erregai batzuen kontsumoari dagozkionak, edo komunitate gastuak, horiek berokuntza barne hartzen badute.

Betebehar hauek betetzen dituztenek eskaratuko ahal izango dute dirulaguntza, 30.000 euroko zuzkidura duen 2021eko lehen deialdi horretan:

  • Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzea pentsio-osagarri gisa.
  • Eskabidea aurkezten den uneari dagokionez, azken 10 urteetan gutxienez 5 urtez Gasteizen erroldatuta egon izana, eta gutxienez urtebetez, modu jarraikian, eskabidea egin aurretik.
  • Ohiko etxebizitzarako elektrizitatearen, gasaren edo beste erregai batzuen fakturak ordaintzea, zuzenean edo zeharka (etxejabeen erkidegoari, errentatzaileari…).
  • Bonu soziala eskatu izana.
  • Dirulaguntzei buruzko Legean onuradun izateko aipatzen diren debeku-egoeretakoren batean ez egotea.
Share

Ikasle berriek izena emateko epea irekiko du datorren astelehenean, maiatzak 17, Luis Aranburu eskolak

Udalaren webgunearen bitartez egin ahal izango da, maiatzaren 26ra arte

 

Ikasle berriek 2021-2022 ikasturterako izena emateko epea irekiko du datorren astelehenean, maiatzak 17, Luis Aranburu Musika Eskolak. Eskolak eskaintzen duen musika-prestakuntza jaso nahi dutenek internetez eman ahal izango dute izena, Udalaren webgunean —www.vitoria-gasteiz.org—. Maiatzaren 26an bukatuko da epea.

“Protokolo zorrotza ezarri du eskolak, irakasle eta ikasleen segurtasuna bermatzeko, eta, horri esker, ikasturte hau normaltasunez egin ahal izan da. Musika eta kultura, oro har, baltsamoa izan dira garai zail hauetan, eta, hortaz, are garrantzi handiagoa bereganatu du ikastegiaren lanak, hirian”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Gasteizko hirigune historikoaren erdian dago Luis Aramburu Musika Eskola, eta adin orotako zaleei prestakuntza musikal praktikoa eskaintzea du helburu nagusitzat, baita aparteko bokazioa eta gaitasuna erakusten dutenei ikasketa profesionaletarako orientabidea eta prestakuntza ematea ere.

2021-2022 ikasturtean, hainbat musika-tresna jotzen ikasi ahal izango dute ikasleek: eskusoinua, baxu elektrikoa, klarinetea, klabezina, kontrabaxua, fagota, zeharkako txirula, gitarra, oboea, pianoa, saxofoia, tronboia, tronpa, tronpeta, tuba, biolina, biola eta biolontxeloa.

Beste ikasgai batzuk ere eskaintzen ditu eskolak: Musika Hastapenak (I. maila), Musikaren Lengoaia, Harmonia Modernoa, Talde Korala, Instrumentu Taldeak, Konboak, Bakarlaria, Eskolania eta Perkusioa.

“Luis Aranburu Musika Eskolan izena ematera animatzen ditugu gasteiztarrak, erreferentziazko zentroa baita Gasteizen, ikasiz gozatzeko”, esan du zinegotziak.

Zozketa egin ondoren, eskolako hallean egongo dira ikusgai zerrendak, ekainaren 14tik aurrera. Ekainaren 21etik 25era bitartean adjudikatuko dira lekuak, eta ekainaren 21etik uztailaren 2ra bitartean egin beharko da matrikula.

Argibide gehiago, 945 16 88 telefonoan.

Entzunaldiak

Bestalde, aurtengo ikasturtea bukatzeko, hainbat entzunaldi programatuko ditu Luis Aranburu Musika Eskolak, bai auditorioan, bai hiriko beste leku batzuetan.

“Emanaldi horiei esker, ikasturte honetan egindako lan bikaina erakutsi ahal izango diete ikasleek gasteiztarrei. Behar diren segurtasun-neurri guztiak hartuko dira kontzertuetan”, adierazi du Cantok.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share