Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-05-24)

Prentsaurrekoa. Adinekoen Zentro Soziokulturalen irudi berria aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Arloko zinegotzi Jon Armentia

Eguna. Astelehena, maiatzak 24

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————————–

Prentsaurrekoa. Kaldearte 2021eko programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Astelehena, maiatzak 24

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Deialdia zuzenduta (2021-05-23)

Vitoria-Gasteiz Euskadiko hiriburu izendatu zuten 40+1 urteurreneko ekitaldiak

Parte hartzaileak. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu; Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta udal talde politiko bakoitzeko ordezkari bat

 

Ekitaldiak Hiriburutza Kanonaren lankidetza hitzarmena sinatzeaz batera hasiko dira (Ez da irekia izango komunikabideentzat. Irekia webguneak emango ditu ekitaldiko irudiak).

Jarraian, ‘40+1 Vitoria-Gasteiz Euskadiko Hiriburua’ argazki-erakusketa bisitatuko dute, Andre Maria Zuriaren plazan.

Ondoren, Ikurriña igotzeko ekitaldia egingo da Forondako Atea kaleko erdibitzailean, Latinoamerika biribilgunearen ondoan.

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, maiatzak 21

  • Alkate Gorka Urtaran eta Alkateorde Jon Armentia Marianistas ikastetxeko Antzerki Astearen amaiera ekitaldian izango dira 18:15ean.

 

Igandea, maiatzak 23

  • Alkate Gorka Urtaranek, alkateorde Jon Armentiak eta Iñaki Gurtubaik eta udal talde politikoen eledunek parte hartuko dute Euskadiko Hiriburutzaren 40. urteurreneko ekitaldietan, 10:30etik aurrera.
  • Galiziako Letren Eguna dela eta, Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa Centro Gallegon izango da 12:00etan.
Share

Gasteizek eta Arabak rap erritmoan sustatu dute beren burua Fiturren

‘Invert’ euskal raperoak Euskadik Fiturren duen standean aritu da, uztailaren 10ean Gasteizko Iradier Arenan egongo den freestyle duelua aurkezteko.

Endika Gutiérrez ‘Invert’ abeslariak Arabako eta bere hiriburuko kultura- eta natura- ondareak sustatu ditu rap erritmoan, eta Fiturreko Euskadiko standera bertaratu direnen txaloak jaso ditu. Turismoaren Nazioarteko Azoka maiatzaren 23ra arte egiten da Madrilen.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok USN World Summer Cup ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du. “Gazteei zuzendutako ekitaldia da; berez zaila da publiko horrengana heltzea, eta erakundeetatik haien aldeko apustu sendoa egiten dugu“.

Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru-diputatuak ere ikuspegi hori partekatu du. “Garrantzitsua da gazteentzako kultura ekitaldiak berreskuratzea, biziki behar dutelako”.

‘Invert’ raperoa izango da Gasteizen errimak egiten bere maisutasuna erakutsiko duen freestylerretako bat. Ekitaldian parte hartuko duten gainerako artistak maiatzaren amaieran emango dira ezagutzera.

Sarrerak maiatzaren 26an jarriko dira salgai, 12:00etan.

Informazio gehiago https://usnfreestyle.com/

 

 

 

Share

Amaitu dira Mendizorrotzeko kanpoko futbito-pistak berritzeko lanak

Gaur goizean egiten ari diren markatze lanek amaiera emango diote Mendizorrotzeko kirol-esparruko futbitoko, eskubaloiko eta beste diziplina batzuetako kanpoko kantxak berritzeko lanei. Azken asteetan zoladuraren konponketa integrala egin da, eremu hondoratuak eta azalera desberdinetako zoladura-junturak konponduta. Halaber, kantxen azalera leundu, margotu eta eremu bakoitza markatu dira.

Esku hartzeak 41.297 euroko kostu orokorra du, eta lan horiei esker pistak prest egon ahalko dira udako kanpainaren hasierarako, hau da maiatzaren 28rako. Gune erabilgarrietako bat izango da; edukiera mugatua izango du eta erabiltzeko arauak ezarri dira.

Kanpoko pista hauek 40 x 20 metroko bi kantxa dira, azalera sintetikoa dute eta futbitoan zein eskubaloian aritzeko markak. Halaber, argiztapen artifiziala dute eta 12 aldagela; sei banako aldagela eta sei kolektibo.

Share

Etxean laguntzeko zerbitzura 3 milioi euro bideratzea onetsi du udal gobernuak

Etxean laguntzeko zerbitzurako aurrekontua handitzea onetsi du gaur udal gobernuak, eta zerbitzu horren kontratua luzatzea, 2021eko prestazioei aurre egiteko. Guztira, hiru milioi euro inguru bideratuko ditu Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak bi kontu horietara.

Lehenik eta behin, Atzertzen enpresarekin sinatutako kontratua aldatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, aurrekontua 750.000 euro handitzeko, aurtengo lehen seihilekoan etxean laguntzeko zerbitzuaren gastuari aurre egiteko.

Bestalde, kontratuaren bigarren luzapen bat ere onetsi du, zerbitzu horrek 2021eko uztailetik abendura arte funtzionatzen jarraitu ahal izateko, 2.160.765,50 euroko zenbatekoarekin.

Etxean laguntzeko zerbitzuak, langile kualifikatuen bitartez, etxeko zereginetan eta norberaren zainketan laguntzen du, eta lagun egiten. Gaur egun, hiru modalitatetan eskaintzen da: oinarrizkoa, mendekotasuna dutenei zuzendua eta zaintzaileei atseden hartzen laguntzekoa.

Joan den urtean, 2.700 pertsona inguruk jaso zuten zerbitzua.

Share

Gizarte Politiken Sailak lankidetza-hitzarmenak adostu ditu 4 elkarterekin haur eta nerabeak babesteko programak egiteko  

Tokiko Gobernu Batzarrak 4 lankidetza-hitzarmen onetsi ditu gaur AVAIM, UNICEF, Movimiento Contra la Intolerancia eta Save The Children elkarteekin haur eta nerabeak babesteko programak egiteko; Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 47.000 € inguru jarriko ditu horretarako.

“Hitzarmen hauen bitartez haurren eta nerabeen eskubideak babestu nahi ditugu eta haien ongizatea bermatu. Horretarako, prebentzio-jarduerak eta ekintzak egingo dira, haien eta haien familien premiei erantzuten zaiela bermatzeko”, azaldu du Jon Armentia zinegotziak.

AVAIM-Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkarteak 11.780 € jasoko ditu, besteak beste, Aktiba(tu) partaidetza-programako ikasturte amaierako jardueran parte hartzeko eta profesionalak haur eta nerabeenganako tratu onari buruz sentsibilizatzeko.

UNICEFi kopuru berdina emango zaio, 11.780 €; Udalak 2020ko aurrekontuetan haurrei zuzendutako gastuaren azterketa egingo du elkarteak, eta, horrez gain, haur eta nerabeen ahotsa izango da azaroaren 20an, Haurtzaroaren Egun Unibertsala.

Movimiento Contra la Intolerancia elkarteak eskola-jazarpena eta -ziberjazarpena saihesteko hitzaldiak eta lantegiak dinamizatuko ditu ikastetxe eta gizarte-etxeetan. Beste ekintza batzuk ere burutuko ditu, hala nola haurren eta nerabeen eskubideei buruzko inkesta bat, edo haurrak komunikabideetan eta sare sozialetan nola azaltzen diren aztertzeko ikerlan bat. Hitzarmen horretarako ere Udalak 11.780 € emango ditu.

Azkenik, Save The Children elkarteak 11.724 € jasoko ditu, eskola-arrakasta eta aisialdi eta denbora libreko jarduerak sustatzeko programa gauzatzeko. Programa hori Pilarreko eta Aldabeko gizarte-etxeetan burutzen du duela urte batzuetatik hona.

Adinekoentzako aholkularitza juridikoa

 Tokiko Gobernu Batzarraren bilkura berean Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren beste hitzarmen bat onetsi da. Kasu horretan, Arabako Abokatuen Elkartearekin sinatutakoa, adinekoei aholkularitza juridikoa emateko.

Zerbitzuaren helburua da adinekoek eta zaintzaileek dituzten eskubideei buruzko aholkularitza espezializatua ematea, abokatuak esku hartzea aginduzkoa ez den kasuetan, prozesu judizialaren aurretik orientabideak eskainiz.

Hitzarmena urtebeterako sinatu da eta udalak 10.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du.

Share

Kulturak 5.000 euro emango dizkio Urrezko Zeledonen erakundeari

Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Urrezko Zeledonen Erakundearekin eta, horren bitartez, Hezkuntza eta Kultura Sailak 5.000 euro jarriko ditu 2021ean jarduerak antolatzeko.

Astelehenean bertan izan dugu Urrezko Zeledonen hitzaldi-zikloarekin atsegin hartzeko aukera, eta Antonio Altarribak Arabako komikiaren adeigabeko historiaz jardun zuen bertan. Zoragarria, benetan”adierazi du arloko zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Urrezko Zeledonak

Urrezko Zeledonen Erakundea, “Urrezko Zeledona” saria irabazi duten pertsona eta kolektiboen artean adiskidetasun harremanak gorde eta sustatzen asmoz sortutako kultur elkartea da. 1962tik hona urtero ematen da saria Gasteizen.

Urteroko sari hori emanez, Instituzioak aintzatetsi egiten ditu hiriaren alde egindako zerbitzuengatik edo zernahi motatako kultura, gizarte, arte edo zientzia agerpenen bidez hiria goresteko, edo ospetsu nahiz eredugarri bihurtzeko egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona biziak zein erakundeak, mugarik egon gabe denboran edo egoitzan.

 

Share

Ekonomia Sustapenaren Sailak bikoiztu egin du enplegua babesteko laguntza-poltsa: 438.779 eurokoa izango da Gasteizko enpresetan 222 kontratu diruz laguntzeko

Kontratuen % 90 emakumeek sinatu dituzte

Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi egin du 239.000 € gehiago bideratzea 50 langile baino gutxiago dituzten tokiko enpresetako enplegua babesteko laguntza ekonomikoen udal programa finantzatzeko. Hala, hasieran aurreikusitako baliabideak bikoiztu egingo dira, eta 439.000 € emango zaizkio programari.

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak zuzkidura ekonomikoa handitu izanak tokiko 216 enpresatan 222 kontratu diruz laguntzea ahalbidetuko du. Kontratu gehienak, % 90, emakumeentzat dira, eta % 79 lanaldi osokoak.

Laguntza-programa hori berria da Euskadin, orain arte ez baita udalerri batean ere egin, eta “oso esperientzia positiboa izan da, lehen alarma-egoeran galdutako kontratuak berreskuratzeko aukera eman digulako, pertsona berberak kontratatuz lan baldintza berdinekin edo hobeekin. Bestalde, aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeko ere balio izan du”, adierazi du lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzia Maider Etxebarriak.

Enpresa onuradunek 750 eta 4.000 euro bitartean jasoko dituzte, dirulaguntzen ildoaren arabera. Bi ildo daude, bata kontratuak berreskuratzeko, eta bestea, kontratu mugagabeak sinatzea sustatzeko.

Share