Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-05-05)

Prentsaurrekoa. Euskadiko I. Zikloturismo Foroa aurkeztea

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria; eta Euskadiko Kontsumo, Merkataritza eta Turismo sailburu Javier Hurtado

Eguna. Asteazkena, maiatzak 5

Ordua. 10:30

Tokia. Eusko Jaurlaritzako prentsa aretoa. Lakua II. Donostia-San Sebastian kalea, 1

Share

Udalak beste bideo bat kaleratu du klima-aldaketaz kontzientziatzeko eta 2070eko Gasteizera bidaiatzen du fenomenoaren ondorioak ikusteko  

 

Bideoa Udalaren “% 100 energia herritarra” kanpainaren parte da, zeina Gasteizko Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana lantzeko azken fasearekin batera egiten ari den

 

Gasteizko Udalak beste bideo bat kaleratu du gaur bere plataforma digitalen bitartez, herritarrak klima-aldaketak hirian dituen ondorioez sentsibilizatzeko eta mundu mailako erronka horren aurka “borrokatzera” animatzeko. Ikus-entzunezko proposamena joan den apirilean abiarazitako “% 100 energia herritarra” kanpainaren parte da; kanpaina horrek 2070eko Gasteizen kokatzen du ekintza eta erakusten du bero-boladak dauden egun kopurua aurreikusi bezala handitzeak “arriskuan” jarriko duela pertsona zaurgarrienentzat eguneroko ohiko ekintzak egin ahal izatea, hala nola, pintxo-potea edo Eraztun Berdean barrena paseatzea. “Pertsona guztiak konturatu behar dira klima-aldaketa gure udalerrian dagoeneko eragina duen errealitatea dela, eta, azkar erantzuten ez badugu eta erantzukizuna denon artean partekatzen ez badugu, ondorioak itzulezinak izan daitezkeela”, adierazi dute Gasteizko Udaletik.

´

Bideoak azpimarratu egiten ditu klima-aldaketa arintzen lagundu dezaketen hainbat ohitura, hala nola, ibilgailu pribatuaren ordez garraio publikoa erabiltzea, energia berriztagarriak erabiltzea, edo hondakinak berrerabiltzea eta birziklatzea. Berotegi-efektuko gasen isurketak murrizten laguntzen duten eguneroko ekintzak dira eta ezinbestekoak dira gure hiriaren iraunkortasuna hobetzen jarraitzeko. Bideo hori Udalaren webgunean  eta Udalaren YouTube kanalean dago ikusgai, eta sare sozialen bidez ere partekatuko da.

 

Ekintzailetza eta belaunaldien arteko lana klima-aldaketa gelditzeko

 

“% 100 energia herritarra” kanpainak maiatzean zehar ere jarraituko du; bihar, hilak 5, “Ekin Breakfast” bat egingo da, Araba Ekinean ekimenaren online topaketa, ekintzailetzari eta klima-aldaketari buruz hitz egiteko. Hitzordua doakoa da eta edonork eman dezake izena esteka honen bidez; Ekin Breakfast horrek hiriko 5 ekintzaileren ekimenak eta klima-aldaketa arintzen laguntzeko burutzen dituzten proiektuak ezagutzera emango ditu. Enpresa hauen kasuak azalduko dira: “Eraman” bizikleta bidezko banaketa-kooperatiba, “Ig Karratu” arkitektura estudioa, “RE-utiliza” altzari birziklatuen denda, “Hobeen” startupa eta “Bodegas Ostatu”. Adibide horiekin, sektore desberdinetatik klima-aldaketaren kontra borrokatu daitekeela erakutsi nahi da.

 

Datorren astean, maiatzaren 12an, belaunaldien arteko lantegi bat egingo, gure hirian klima-aldaketaren arazoari aurre egiteko herritarrek izan ditzaketen irtenbideak lantzeko. Hitzordu horretan Koroatzeko Adinekoen Zentroko erabiltzaileek eta Egibideko ikasleek hartuko dute parte. Lanaren emaitzak ezagutarazteko kaleko ekintza bat egingo da ekaineko lehen astean, eta kanpainako elementu nagusietako bat izango da.

 

Gasteiz da klima-aldaketaren aurrean kaltetuen gerta litekeen euskal hirietako bat. Klima-aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Autonomia Erkidegoko Estrategian jasotako aurreikuspenen arabera, mende honetan, gure ingurunean, batez besteko tenperatura 2,5 gradu igo daiteke neguan, eta 5,5 eta 7 gradu inguru udan. Era berean, bero-boladen iraupena % 150 luza daiteke mende-bukaerarako.

 

Share

Gasteiz eremu gorritik ateratzen delarik, areagotu egingo dira kirol-instalazioak erabiltzeko aukerak

Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 400 Covid-kasutik beherako tasan kokatu da Gasteiz, eta, horrenbestez, areagotu egingo dira kirol-instalazioak erabiltzeko aukerak gaurdanik. Barruko kirol kolektiboari eragiten dio batez ere egoera berriak, gehienez 6 pertsonako taldeetan egin ahal izango baita —orain arteko mugapen sanitarioekin, 4ko taldeak baino ezin ziren izan—. Muga horretatik salbuetsita daude talde profesional eta federatuen entrenamenduak eta lehiaketak. Nolanahi ere, instalazio bakoitzeko protokolo propioak bete beharko dira beti.

Eskola-kirolean, talde-erreserbetan eta gainerako jardueretan handitu egingo da, beraz, talde bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua.

Gehieneko edukieraren % 35eko okupazioarekin erabili ahal izango dira aldagelak; dutxak ere bai, banaka bada ere.

 

 

Share

Musika Eskola eta Dantza Kontserbatorioa. Kontseiluak 2021-05-06

Itsatsita doa ohiko bilkura ‘Luis Aranburu’ Musika Eskolako zuzendaritza kontseiluko gai zerrenda eta ‘José Uruñuela’ Dantza Kontserbatorioko zuzendaritza kontseiluko gai zerrenda.

Eguna: 2021eko maiatzaren 06an, osteguna

Ordua: 9:00 eta 10:00

Musika Eskolako. kontseilua 6-5-2021   –  Dantza Kontserbatoriokokontseilua 6-5-2021

 

 

Share

Ikerketa baten arabera, Gasteiz gai da industria-hondakinen erdia baino gehiago ekoizpen-katean aprobetxatzeko enpresen arteko hitzarmenen bitartez

Gasteiz izaera industrialeko hiria da eta ingurumenaren gainean eragin gutxiago duten ekoizpen sistemetara igarotzeko ahalmena du. Hala dio Ekonomia Sustapenerako Sailak eskatutako txosten batek, zeinaren bidez lehengaien sarrera, hondakinen sorrera eta ekonomia zirkularreko ereduetara igarotzea antolatzeko egon litezkeen sinergiak aztertzen diren. Azterlanaren arabera, orain industrialdeetan aprobetxatzen ez diren hondakinen % 58 ekoizpen prozesuetan berrerabil litezke. Lehen alkateorde Maider Etxebarriak eta Elkarrekin taldeko zinegotzi Garbiñe Ruizek aurkeztu dituzte gaur dokumentuaren ondorioak; izan ere, Elkarrekin taldeak diagnostiko hori egitea sustatu zuen 2020ko aurrekontuei baietza eman zienean.

Txostenak sinergia industrialak gauzatzeko oinarriak finkatzen ditu. Sinergia horiek ingurumen-onurak lortzea ahalbidetuko lukete emisioak murriztuta, lehengaiak erostean aurreztuta, eta, ondorioz, enpresen kostuak murriztuta. Diagnostikoari dagokion lehen fasean, berariazko software bat erabili da, besteak beste, enpresa batek sortutako hondakinetatik lehengai gisa inguruan zein erabil litekeen hautemateko. Kontuan hartu behar da euskal ETEen gastuen % 61 materialak erostearekin dutela zerikusia, eta material gehienak inportatuak direla.

Material-fluxuen azterketa hori “oso interesgarria da ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik Gasteiz bezalako hiri batean, non industria BPGaren % 27 den eta lau enplegutatik ia bat sektore horri dagokion”, azpimarratu du Etxebarriak. Alkateordeak esan duenez, “kontuan izango ditugu datu horiek sektorearekin lantzen ari garen Industriari Laguntzeko 2021-2024 Planean neurriak antolatzean”. Estrategia hori “ekonomia zirkularrera igarotzea, digitalizazioa eta berrikuntza bezalako euskarrietan oinarrituko da”.

Garbiñe Ruizek azaldu duenez, udalaren azterlanak “balio izan digu egiaztatzeko, aurreikusten genuen bezala, enpresek hobetzeko aukerak dituztela, sektorea ingurumen-eragin gutxiago duten negozio-ereduetara igarotzea errazteari begira”. Elkarrekineko zinegotziak nabarmendu duen moduan, “industriak pisu handia du ekonomian eta enpleguan. Sektore hori ezin da hiriaren izaera berdetik kanpo gelditu, ezta datorren hamarkadako eredu ekonomikotik kanpo ere. Premiazkoa da industriek ahalik eta azkarren egitea trantsizio ekologikoa, enpresen artean ekonomia zirkularreko prozesuak ahalbidetuz”.

Ruizek zehaztu duenez, Ekonomia Sustapenerako Sailaren azterlanak hautemandako aukera nagusiak honako hauek ustiatzearekin daude lotuta: eraikuntzako hondakinak, galdaketa hondarrak eta zepak, eraisteetako asfaltoa, lohi organikoak, garbiketa prozesuetako urak, edo ehun-hondakinak, besteak beste. Etxebarriak gogorarazi du 2020an egindako diagnostikoa hiru urteko proiektuaren lehen faseari dagokiola. Zirkularizazio-indizea identifikatu ondoren, Ekonomia Sustapenerako Sailak ekonomia eta ingurumen balantze bat kontratatuko du laster, estrategia horren eragina neurtu ahal izateko ingurumenaren, ekonomiaren eta enpleguaren ikuspegitik. Hirugarren fasean, 2022an, Gasteizek proiektu pilotu bat eta baterako lan saioak jarriko ditu abian.

 

 

 

 

 

Share

6.700 eskabidetik gora aurkeztu dira Udalaren aldi baterako kontratuetarako enplegu-poltsetara

Ostiralean, apirilak 30, bukatu zen Gasteizko Udalaren behar berezietarako kontratazio-zerrendetan izena emateko epea —Erizaintza, Erizaintzako Zaintza Osagarrien teknikaria, Sukaldea eta Garbiketa—, eta guztira 6.737 eskabide jaso dira, 5.602 pertsonek aurkeztuak.

Izen-emate gehien izan den zerrenda Garbiketa izan da; guztira, 4.217 eskabide. Horren ondotik, Erizaintzako Zaintza Osagarrien teknikarien espezialitatea dator, 1.486 eskabiderekin. Hirugarren, Sukaldea izeneko enplegu-poltsa, 777 eskabiderekin. Eta, laugarren, Erizaintza espezialitatea, 257 eskabiderekin.

Izena eman dutenen batez besteko adina 42 urtekoa da, 16 urtetik 69ra arteko tartean. 4.210 eskatzaile emakumeak dira, eta 1.392 gizonak.

Lan-poltsa horien bidez enplegu-eskaera handiko egoerak, iraupen laburreko kontratazio-eskaintzak eta lanaldi murriztuko kontratazio-eskaintzak bete nahi dira. Jasotako eskabideak alfabetikoki antolatuko dira, hautagaien izen-deituren arabera. Zozketa publikoa baten bitartez zehaztuko da zein deituratatik hasiko den zerrenda. Ordena hori urtero eguneratuko da.

Share