Prentsa Oharren banner

Mariturriko Haurreskola itxi dute, bainugela batean sabai faltsu bat erori delako

 

Udal teknikariek ikuskapena egin dute eta, behin betiko txostena izan arte Udal Hezkuntza Zerbitzuak eskola ixteko eskatu dio Haurreskolak Partzuergoari

Udal Hezkuntza Zerbitzuak Mariturriko Haurreskola badaezpada ixteko eskatu dio Haurreskolak Partzuergoari, bainu gune batean sabai faltsu bat erori ostean. Istripuaren ondorioz, adingabe bat zauritu egin da hatz batean eta beste bat beso batean.

Ikuskapen bat egin dute eta horren ondorioz egingo den txosten teknikoaren zain, eskola ixtea erabaki da prebentzioz, eraikineko beste espazioak erabiltzea egokia den jakin arte.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-05-06)

Prentsaurrekoa. XXXVIII. Gasteiz On Ibiltokia aurkeztea

Parte hartzaileak. Merkataritza zinegotzi Igor Salazar; Enpleguaren Sustapen, Merkataritza eta Turismo foru diputatu Cristina González; Eusko Jaurlaritzako Merkataritza sailburuorde; eta Diego Martinez de San Vicente, Gasteiz On elkarteko presidentea.

Eguna. Osteguna, maiatzak 6

Ordua. 10:00

Tokia. San Migel elizako balkoia

Share

Adela Cortina katedratikoak etika kosmopolitari buruzko hitzaldia emango du Herritartasunerako Eskola Irekian

Bihar izango da Europa biltzar-jauregian.

 

Adela Cortinak, etika eta filosofia politikoan erreferenteak, bihar emango dio hasiera Gasteizko Udalek Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak antolatutako Herritartasunerako Eskola Irekiaren ikasturteko azken zatiari. ‘Ética cosmopolita: por una ciudadanía lúcida y responsable’ hitzaldiarekin emango dio hasiera.

Ekitaldia Europa biltzar-jauregian izango da, 19:00etan. Bertan, idazle ospetsuak bere azken lana –“Ética cosmopolita”– aurkeztuko du bideokonferentziaz: partaidetzari, elkartasun aktiboari eta elkarren laguntzari buruzko hausnarketa bat, egungo pandemia garaian.

Covid-19ak eragindako osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisian inoiz baino zentzuzkoagoa da partaidetzaren kulturaren garapen ebolutiboa helburu duen topaketa-, hausnarketa- eta eztabaida- gune hau” azpimarratu du Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodriguezek, zeinek hasiera emango baitio ekitaldiari.

Adela Cortina Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako kidea da; akademia sortu zenetik akademian sartu zen lehen emakumea, eta  Elsa Punset eta Maria Calafekin batera, HEIko ekitaldietan parte hartu dutenen arteko  hizlari ospetsuenetakoa.

Hitzaldirako sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da 010 eta 945 161 100 telefonoetara deituta, edo Herritarrei laguntzeko bulegoetara joanda. Ekitaldia zuzenean ere jarraitu ahal izango da HEIren webgunetik.

Adela Cortinaren hitzaldiaz gain, beste hainbat jarduera izango dira Herritartasunerako Eskola Irekiaren maiatzeko programan: elkarteentzako lantegi bat, zine-forum saio bat, eta bisita gidatuak udaletxera.

Hainbat bide daude jarduera-datei buruzko Informazio zehatza lortzeko  (guztiak doakoak) edo izena emateko: webgunea, mugikorretarako HEI aplikazioa, 010 telefonoa, edo hiriko edozein gizarte-etxe.

 

 

Share

Ogasunaren batzordea (2021-05-12)

Webgunean dago eskuragarri Ogasunaren batzordea maiatzaren 12an (asteaskena), 09.00etan, egingo duen ihiko bilkuraren gai-zerrenda.

 

Share

2022an EHUko artisten lanei zabalkundea emateko deialdia egin du Montehermoso kulturuneak

Ekainaren 11ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak interesdunek

Prestakuntzaren azken etapetan diharduten artisten lanari zabalkundea emateko EHUko Arte Ederretako fakultatearekin elkarlanean urtero egin ohi duen deialdira aurkezteko epea zabaldu du Montehermoso kulturuneak.

“Artistak mundu profesionalera hurbiltzeko plataforma bat da deialdi hau, eta, bidenabar, gizartearekin zuzeneko lotura ezartzeko. Aukeratzen diren proiektuek 900 euroko laguntza jasoko dute, eta erakusketa egin eta zabalkundea emango zaie, Montehermoso kulturunean”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Gasteizko Udalak eta Arte Ederren Fakultateak sorkuntzaren alorreko azken joerei zabalkundea emateko sinatu zuten hitzarmenaren barruan kokatzen da ekintza hori.

Aurkezten diren proiektuen artetik, guztira lau aukeratuko dira, eta Montehermosoko langileen aholkularitza izango dute, bertako aretoetan erakusketa egin arte. Erakusketa antolatu eta gauzatzeko prozesu osoan parte hartuko dute ikasleek, baita muntatzeko lanetan eta aurkezpen-prentsaurrekoan ere.

Ekainaren 11ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak interesdunek, Udalaren webgunearen bitartez —wwww.vitoria-gasteiz.org— edo aurrez aurre, herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Miguel Alejos, Jugatx Astorkia, Gaspar Avilés eta Rocío Agudoren lanak aukeratu ziren aurreko edizioan, eta 2021. urtean zehar egiten ari dira horien erakusketak, kulturunean.

 

Informazio gehiago

Share

Maider Etxebarria: “Gasteizek helmuga seguru eta iraunkor gisa duen potentziala erakutsiko du, Euskadiko lehen Zikloturismo Foroa hemen egingo baita”

Lehen alkateordeak sektoreko profesionalen eta adituen topaketa aurkeztu du; hiru egunez egingo da Europa Jauregian, eta maiatzaren 8tik 16ra bitartean hainbat jarduera ere izango dira

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak Euskadiko lehen Zikloturismo Foroa aurkeztu du gaur. Topaketa Gasteizen egingo da eta Arabako hiriburuak “helmuga seguru, jasangarri eta familiar gisa duen potentziala erakusteko aukera” izango du. Zinegotziak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadorekin batera, profesionalentzako topaketaren jarduera-egitaraua azaldu du. Sailburuak azpimarratu du, halaber, hitzordua Euskadi zikloturismoaren gaian “erreferente” bihurtuko duen estrategia bat sustatzeko “abiapuntua” izango dela. Foroa maiatzaren 12tik 14ra bitartean egingo da Europa jauregian (online formatuan ere egingo da), networking gune bat izango du, eta maiatzaren 8tik 16ra burutuko den jarduera-egitarau batek osatuko du.

Biltzarrak sektoreko adituak, profesionalak eta enpresen ordezkariak bilduko ditu eta ekitaldi zentrala maiatzaren 12tik 14ra bitartean egingo den foroa izango da. Parte-hartzaileen artean Mercedes Muñoz Bide Berdeen Europako Elkartearen zuzendaria, Ángeles Marín Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Mugikortasun estrategia bulegoaren zuzendaria eta Paco Nadal bidaia-kazetaria izango dira, besteak beste. Zikloturismoarekin lotura duten estatuko enpresen ordezkariak ere bertaratuko dira, adibidez, hotelak, marketin turistikoan espezializatutako teknikariak, eta BH Bikes, Orbea, Littium edo Bikefriendly Tours enpresetako zuzendariak. Maiatzaren 14an kirol ekitaldiei buruzko tarte bat egongo da eta bertan Quebrantahuesos, Orbea Monegros edo Transpyr Coast to Coast proben antolatzaileek hartuko dute parte.

Horretaz gain, zikloturismoari loturiko jarduerak ere antolatu dira. Adin guztientzako izango dira eta maiatzaren 8tik 16ra bitartean egingo dira:

  • Bisitaldi gidatuak bizikletan, Gasteizko turismo-zerbitzuetako enpresekin lankidetzan, Arabako hiriburua, Vasco-Navarro trenbidearen bide berdea Estibalizko Santutegiraino, edo Uribarri Ganboako urtegiaren ingurua ezagutzeko. Ataria zentroan bizikleta elektriko bat alokatu eta Eraztun Berdean zehar paseatzeko aukera ere egongo da.
  • Bizikleta gainean trebatzeko eskola, 7 eta 15 urte bitarteko neska-mutilek bizikleta hobeto kontrolatzen eta oztopo-zirkuitu batean ibiltzen ikasteko. Gamarrako parkean egingo da.
  • Merkataritzari eta ostalaritzari loturiko jarduerak, hainbat ekimenen bitartez. Gasteiz On elkarteko 70 denda baino gehiago bizikletaren enbaxadore izango dira: erosketen kontsigna izango dira, puzgailuak utziko dituzte edo hiri-txirrindularitzari buruzko liburuxkak banatuko dituzte. Gainera, El Boulevard merkataritza guneak Arabako Lautadako Ibilbide Zikloturista Handia birsortuko du QR kodeak erabiliko dituen jarduera baten bidez. Horretaz gain, lantegiak egingo dira kafetegi batean, bidaien, bizikletaren eta kafearen arteko harremana ezagutu eta hartaz gozatzeko.
  • “Euskadi Bizikletan” erakusketa aire zabalean, Europa jauregiaren kanpoaldean.

Naturari loturiko turismoa “ingurumenaren ikuspegitik beharrezkoa izateaz gain, hiria dinamizatzeko eta hiria-bizikleta bikotea indartzeko aukera asko eskaintzen ditu”, azpimarratu du Etxebarriak. Zinegotziak adierazi duenez, foro horri esker Gasteizek bere irudi berdea indartuko du, hamarkadatan zehar “bizikletarekin harreman estua” duela erakutsi ondoren.

 

Informazio gehiago: cicloturismoeuskadi.eus/eus/

 

 

 

 

Share

Ikertua ebasketagatik, kalteengatik eta drogen trafikoagatik

Udaltzainak 20 urteko gazte bat ikertzen ari dira ebasketa, kalteak eta droga-trafikoa delituen ustezko egilea izateagatik.

Gertakariak atzo, eguerdia baino zertxobait lehenago jazo ziren, hiritar batek 092 zenbakira deitu zuenean Bernal Diaz de Luko kalean giltzarrapoa jarrita utzi zuen bizikleta elektrikoa lapurtu ziotela jakinarazteko.

Aldi berean, beste abisu bat jaso zuten. Haren arabera, Iparraldeko Parkean era horretako bizikleta bat herrestan zeraman gizonezko bat ikusi zuten. Adierazpen haiei esker, patruila batek gaztea topatu zuen. Harrapatu zutela ikusi zuenean, bizikleta bota eta korrika ihes egin zuen.

Udaltzaingoko motor-gidariek harrapatu zuten Alde Zaharrean sartzera zihoala eta, miatu ondoren, kolore marroiko substantzia solido baten zati bat (seguru asko, haxixa) eta hiru fardel zituen oihalezko poltsatxo bat topatu zizkioten. Poltsaren barruan ere kolore bereko substantzia bat zegoen.

Bizikletari kalteak eragin zizkion eta, haren lapurreta eta substantzia estupefazienteak izateagatik (ustez gero saltzeko), Udaltzaingoa gaztea ikertzen ari da eta izapidetzeak ireki dizkiote.

 

 

Share