Prentsa Oharren banner

Prentsa-deiadialdiak (2021-05-25)

Prentsaurrekoa. Udako kirol programazioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez

Eguna. Asteartea, maiatzak 25

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————–

Harrera ekitaldia Gasteizen bizi diren afrikarrei, Afrikako Eguna dela eta

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteartea, maiatzak 25

Ordua. 19:00

Tokia. Aihotz plaza

 

Share

Adinekoentzako Zentro Soziokulturalek bere irudia berritu dute eta BIZAN Sarea bihurtu dira, estereotipoei aurre egiteko eta erabiltzaile berriak erakartzeko

Bizi + Izan hitzak elkartzetik sortu da izen berria eta bizitasunaren ideia islatu nahi du

Adinekoentzako Zentro Soziokulturalek irudi eta izen berria dute. Hemendik aurrera BIZAN deituko dira, irudi hurbilagoa eta irekiagoa emateko, erabiltzaileei eta zentroei lotutako estereotipoetatik urrun.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak izen berria eman du ezagutzera eta esan duenez, prozesu luze baten emaitza da, orain dela sei urte, 2015ean, hasi baitzen “erabiltzaileek adierazi zigutenean zentroen irudi positiboagoa helarazi nahi zietela herritarrei, sailaren barruan genuen izena aldatzeko ideiarekin bat etorriz”.

2019an egindako azterketa batek agerian utzi zuen adinekoei buruzko estereotipoak zeudela, eta estereotipo horiek zentroei ere eragiten zietela. Horregatik, erretiratzear edo erretiratu berri ziren pertsonek ez zituzten ez ezagutu ez erabili nahi. AZSKak ez ziren begi onez ikusten haien izena zela eta, ez baitzen erakargarria ez erabiltzaile posibleentzat, ez adin-talde gazteagoentzat.

Ondorio hori ikusita, AZSKei izena aldatzeko prozesu bat abiarazi zen eta bertan profesionalek, adin desberdinetako taldeek eta zentroetako erabiltzaileek hartu dute parte. Prozesu horren emaitza BIZAN izena izan da, Bizi eta Izan hitzak elkartzetik sortua, “adinekoen bizitza eta izatea gogora ekartzeko. Haien benetako izaera islatzen du izenak: parte hartzea, jendea ezagutzea, ondo pasatzea eta gizartean ekarpenak egitea gustuko duen jende aktiboa da”, azaldu du zinegotziak.

Izen berriaren ondoan “Esperientziak bizitasunarekin bat egiten duen tokia” lema agertuko da. Goiburuak, Jon Armentiaren esanetan, “errotik desagerrarazten du estereotipo hedatuenetako bat: adinekoak, bizitzan esperientzia zabala izanik ere, pertsona inaktiboak eta motibaziorik gabekoak direla uste izatea. Ez da hala”.

 

Izena probatu egin da

Apirilean zentroetako 60 erabiltzaileri eta bertako langileei aurkeztu zitzaien izena. “Ilusio handiz hartu zuten. Asko gustatu zitzaien”, azaldu du zinegotziak.

16 zentro soziokulturalen irudi aldaketa ekainetik aurrera egingo da, pixkanaka. Fatxadetan izen berria jarriko da, Koroatzean eta Ariznabarren biniloak jarriko dira elementu grafikoekin, eta Udalaren webgunean baliabide horiei buruzko atala berrituko da.

BIZAN Sareak irailetik aurrera burutuko duen programazioan ere sumatuko da aldaketa hori; izan ere, herritar guztientzako jarduera gehiago egongo dira, bai eta lantegi sortzaile gehiago ere, adinekoek haien ezagutzak beste pertsona batzuekin partekatzeko aukera izan dezaten.

“Azken batean, helburua da herritarrek toki horiei buruzko ideia argi izatea: harreman berriak hasteko, ikasteko eta ondo pasatzeko aukera ematen duten lekuak dira. Pertsonen ekarpenei garrantzi handia ematen diete, eta adinekoek beren ezagutzak, gaitasunak eta balioak parteka ditzakete bertan beste pertsona batzuekin, estereotipoei eta adinkeriari aurre eginez”, esan du Jon Armentiak.

Share

Erdi Aroko hiriguneko berdeguneak areagotzeko azterlan bat enkargatu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak

Berdea eta biodibertsitatea areagotzea da Udala —auzoko eragileekin eta kolektibo sozial eta ekonomikoekin batera— gaur egun lantzen ari den Erdi Aroko hirigunea osorik berroneratzeko estrategian jasotako jarduketa-proposamen nagusietako bat

 

Laguntza teknikoa kontratatzea onetsi du gaur Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko kontseiluak, Erdi Aroko hirigunearen naturalizazioan aurrera egiteko, esku hartzea bideragarria den bide publikoko eta ondare eraiki publiko nahiz pribatuko espazioak identifikatuko dituen eta bertan azpiegitura berdeen arloko esku-hartzeak planteatuko dituen lan baten bitartez. Hainbat jarduketa izan litezke posible, hala nola zuhaitzak eta igokariak landatzea, lorategiak eta loreontziak jartzea, besteak beste.

2004. urtean Gasteizko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategia onetsi zenetik, esku-hartze ugari egin dira hiriko natura eta berdeguneak bultzatzeko. “Jarduketa horiei esker, hiriko biodibertsitatea eta horri lotutako ekosistema-onurak handitzea lortzen ari gara: airearen kalitatea hobetzea, klima-erosotasuna, euri-uraren iragazketa areagotzea eta abar. Bertako hirigintza-taxuera berezia dela eta, biztanle bakoitzeko espazio berdeen ratiorik txikiena duen auzoetako bat da Erdi Aroko hirigunea, eta, horregatik, lorategi-eremu txikiek eta beste elementu berde batzuek garrantzi handia dute”, azaldu du IGIko lehendakari Ana Oregik. Hain zuzen ere, berdea eta biodibertsitatea areagotzea da Udalak, auzoko eragileekin eta kolektibo sozial eta ekonomikoekin batera, gaur egun lanean diharduen Erdi Aroko hirigunea osorik berroneratzeko estrategian jasotako jarduketa-proposamen nagusietako bat

Espazioak eta jarduketak proposatu aurretik, azpiegitura-sareekin, trafikoarekin, eraikitako ondarearekin, hirigintza-bilbearekin, jabetzarekin, zuhaiztiekin eta berdeguneekin lotutako baldintzatzaile fisiko eta legalak aztertuko dira.  Era berean, planteatutako esku-hartzeen onarpen soziala eta horiek garatzeko eta mantentzeko herritarren inplikazio- eta partaidetza-maila hartuko dira kontuan, arrakasta bermatzeko faktore gisa.

Espazioen eta esku-hartzeen hainbat katalogo egingo dira —espazio eta esku-hartze bakoitzeko planoak, zirriborroak eta azalpen-txosten bana—, eta kudeaketa- eta mantentze-beharrak zehaztuko, baita aktore lokalen jarrera eta inplikazio-maila ere.

Azterketarekin batera, auzoa naturalizatzeko egokienak diren landare-espezieen katalogo bat aurkeztuko da, haien mantentze-lanen, etorkizuneko garapenaren eta horrek dakartzan ekosistema-onuren arabera. Halaber, azpiegitura berdearen kudeaketa partekatzeko proposamen bat egingo da.

  1. urtearen hasieran azterlana prest egotea aurreikusten da.
Share

Atxilotua udaltzain bati eraso egiteagatik

Udaltzainek larunbat gauean 22 urteko gazte bat atxilotu zuten autoritate-agenteen aurkako atentatuaren ustezko delitua egiteagatik.

23:00etan, Molinuevo parkean borroka bat zegoelako abisua jaso zuten. Borrokan parte hartu zuen pertsonetako batek (alkoholaren eraginpean zegoen) ez zien kasurik egin udaltzainen aginduei, iraindu egin zituen eta haietako baten aurka eraso egin zuen. Ondorioz, atxilotu egin zuten.

Bestalde, ostiraleko 19:15ean, udaltzainek 31 urteko gizonezkoa atxilotu zuten udaltzainen aurkako desobedientzia eta erresistentzia larria delituen ustezko egilea zelakoan. Atxilotua Koroatzearen kaleko joko-areto bateko bezeroak molestatzen ari zen, ez zeraman musukoa jantzita eta udaltzainen argibideei ez zien kasurik egin. Ondorioz, atxilotu egin zuten.

Egun berean, 19 urteko gazte bat atxilotu zuten Erdi Aroko hiriguneko lokal batean indarkeria erabilita egindako lapurreta-delituaren ustezko egilea zelako (bertako atea indarrez irekita zegoen). Udaltzaingoak Pintore kaleko lonja batean topatu zuen. Izan ere, barruan zeuden pertsonek kontatutakoaren arabera, bertan ezkutatzeko asmoz sartu zen.

Larunbat goizean jarri zuten epailearen esku.

 

Zirkulazioko kanpaina berezia

Aste honetan, Udaltzaingoak motozikletak eta ziklomotorrak kontrolatzeko zirkulazioko kanpaina berezia egingo du. Ibilgailuek ikuskapen teknikoak gaindituta dituztela eta gidarientzat eta bideetako gainerako erabiltzaileentzat arriskua eragin dezaketen gabeziarik ez dutela egiaztatuko du.

Ziklomotorren kasuan, ihes-hodietan eta zilindrada-aldaketa dela eta potentzian aldaketekin zirkulatzen dutenak detektatzen saiatuko dira. Bestalde, kaskoa behar bezala erabiltzen den eta homologatuta dauden ere zainduko da.

 

 

 

 

 

Share

(Argazkiez eguneratuta) Kaldearte 2021ek Espainian inoiz egin gabeko 6 ikuskizun aurkeztuko ditu, horietako 2 erabateko estreinaldiak

Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiaren XV. edizioak 2020rako aurreikusitako konpainia batzuk izango ditu eta 10 ikuskizun berri gehitu ditu

 

programa_kaldearte_ 2021_

Ekainaren 11tik 13ra Kaldearte, Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiaren 15. edizioa egingo da Gasteizen, eta 33 konpainiaren 63 ikuskizun aurkeztuko dira. Estíbaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak programazioa eman du ezagutzera gaur goizean egin den prentsaurrekoan. “2020ko martxoaz geroztik gure hirian egingo den lehenengo kale-jaialdi handia izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2021ean egingo den lehenengo kaleko arteen jaialdi handia”, iragarri du.

Sei ikuskizun kalean estreinatuko dira (Espainian lehen aldiz); bi erabateko estreinaldiak izango dira, eta zenbait ikuskizun Kaldearteren laguntzarekin ekoitzi dira. Jatorriari dagokionez, 4 konpainia Gasteizkoak dira; 9, Euskadikoak; 15, beste probintzia batzuetakoak, eta 5, atzerrikoak. 

“2020rako programatuko konpainia profesional gehienak berreskuratu ditugu eta hamar bat ikuskizun berrirekin osatu dugu kartela; punta-puntako programazioa da, Kaldearte kaleko arteen jaialdien buruan jartzeko Estatu mailan”, gehitu du Cantok.

Hasierako ikuskizuna ekainaren 11n egingo da, 21:00etan, Iparraldeko parkean. “Perceptions” izango da, Bivouac konpainia frantziarrarena. Zirku garaikideko pieza horretan, publikoak irudimen kuantikoaren bihotzera bidaiatuko du aireko dantzaren, makila txinatarren, akrobazien, pianoaren eta zuzeneko musikaren bitartez.

Ikuskizunak hasiera emango dio programazio oparo bati: denetarik egongo da, pertsona guztientzat. Zirkua, Circ Bover, Maite Guevara, Xampatito Pato, Dikothomía, UpArte, Mortelo& Manzani, Circo Eia, Murmuyo, Leandre Ribera eta Bucraá Circus taldeen eskutik. Dantza, Kukai Dantza, Tio Teronen Semeak, Isabel Vázquez, Titoyaya Dansa, Proyecto Larrua, Paloma Hurtado, Iron Skulls y José Uruñuela Dantza Kontserbatorioaren ikuskizunekin.

Gasteiztarrek, gainera, antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango dute Hika Teatroa, Cristina Solé, Escandall Teatral, Trapu Zaharra, La Industrial Teatrera, Zurrunka Teatro eta Markeline konpainiekin. Musika Señor Stets orkestra-gizonak eta De Vacas laukoteak jarriko dute. Halaber, diziplinarteko ikuskizunak egongo dira, Dela Praká, Berdinki eta Arriera konpainien eta Naoto Okada, munduko yo-yo txapeldunaren eskutik. 

Neurriak 

Jaialdia erdialdeko 10 gunetan egingo da jendea pilatzea saihesteko. Espazio horiek aire zabalean daude, mugarrituta egongo dira eta edukiera mugatua izango dute. Jendeak eserita egon beharko du eta sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik gonbidapena erreserbatzea eta segurtasun-neurriak errespetatzea, Eusko Jaurlaritzaren araudiari jarraituz. 

“Kultura Zerbitzuan sektore honekiko gure konpromisoari eta laguntzari eusten diegu, eta indarrean dagoen araudia zorrotz beteko duen ekitaldi bat antolatzearen aldeko apustua egiten dugu, arte eszenikoek gure kale eta plazak har ditzaten”, adierazi du zinegotziak.

Berritasun gisa, Kaldeartek mugikorretarako doako aplikazio bat izango du, ikuskizunak ordutegiaren eta gunearen arabera kontsultatu ahal izateko. Aplikazioa esteka hauetan deskargatu daiteke.

Android

Ios

“Eventool” aplikazioa deskargatu ondoren, “kaldearte” hitza idatzi beharko da jaialdiari buruzko informazioa ikusi ahal izateko.

Gonbidapenak ekainaren 8an 09:30etik aurrera erreserbatu ahalko dira bai aplikazioan, bai udalaren webgunean, edo 945 16 16 18 telefonoan 9:00etatik 14:00etara astelehenetik ostiralera. Pertsona bakoitzak 2 gonbidapen erreserbatu ahalko ditu gehienez ikuskizuneko.

 

 

 

Share

Udalak bat egin du Epilepsiaren Egun Nazionalaren ekitaldiekin

Hiriko zenbait eraikin enblematiko laranja kolorez argiztatuko dira gaur gauean.

 

Udaletxea eta Arkupeak laranja kolorez argiztatuko dira gaur, maiatzaren 24an (astelehena), Epilepsiaren Egun Nazionala baita, sintoma hau jasaten duten pertsonei ikusgaitasuna emateko; gaixotasun askorekin lotuta dago epilepsia: gaixotasun genetikoak, hartutako kalte zerebrala, iktusa, traumatismo kranioentzefalikoak eta abar, kasuan kasuko eraginarekin.

Gasteizko Udalak bat egin du ekitaldi honekin, zeinak helburu baitu epilepsia ikusgai egitea, gizarteak hari buruz duen ikuspegia aldatzea eta eraginpeko pertsonek “gizartean toki bat izan dezaten mito faltsuak erauzita”.

Epilepsia duten pertsonen elkarte nazionalak (ANPE) dakienez, urtean 10.000-20.000 kasu diagnostikatzen dira Espainian, eta, horrek bultzatuta, elkarteak lanean dihardu ekitaldiak, hitzaldiak eta kanpainak antolatzen, ikusgaitasuna emateko, gizartea kontzientziatzeko eta gaixotasun hau normalizatzeko.

Share