Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-05-27)

Memorialaren ingurua  (Memorialaren plaza izango dena) eraberritzearen bigarren fasea aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkate Gorka Urtaran; Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero

Eguna. Osteguna, maiatzak 27

Ordua. 10:00

Tokia. Olagibel eta lehendakari Gernikako Estatutuaren kale gurutzean (Posta Etxearen atzealdea)

—————————————–

Eskola Agendako 2030eko, 2020-2021 ikasturteko emaitzak aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregi

Eguna. Osteguna, maiatzak 27

Ordua. 10:30

Tokia. Zabalgana gizarte etxea, areto nagusia

——————————————

Prentsaurrekoa. ‘Campones del mundo erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; EHU/UPVko Arte Edeerren Fakultateko dekanorde Edurne Gonzalez; Erakusketako komisario Cristina Arrazola; eta Gaspar Aviles, artista

Eguna. Osteguna, maiatzak 27

Ordua. 11:30

Tokia. Montehermoso Kulturunea

——————————————

Jabetze Feministarako Eskolako amaiera ekitaldia

Eguna. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa

Eguna. Osteguna, maiatzak 27

Ordua. 19:00

Tokia. Aldabe gizarte etxea, areto nagusia

Share

Gasteizek helmuga “seguru” gisa sustatzen du bere burua Bizkaiko eragile turistikoen aurrean

Maider Etxebarria: “ingurumena errespetatzen duen turistarentzat oso aproposa den hiri bat ezagutzera gonbidatzen ditugu bidaia agentziak eta bidaia agentzia handizkariak”

Lan jardunaldia “Etorri bidaiatzera” kanpainaren parte da, eta horrekin Arabak bisitariak bilatu nahi ditu Espainiako hainbat hiritan

Segurtasuna, jasangarritasuna eta enogastronomia. Hiru balio horiek erakutsi ditu gaur Gasteizek Bilboko eta Bizkaiko bidaia agentzia, bidaia agentzia handizkari eta prentsa espezializatuaren aurrean bidaiariak etortzea sustatzeko. Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriak hiriaren turismo-eskaintza aurkeztu du Bizkaiko hiriburuko Iberdrola dorrean egin den lan jardunaldian. Jardunaldia “Etorri bidaiatzera” kanpainaren parte da, Araba eta bere hiriburua nazio mailan ezagutarazteko pentsatua. Aurkezpenean bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatu Cristina Gonzálezek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok hartu dute parte.

“Etorri bidaiatzera” kanpainak Espainiako hainbat hiritako bisitariak erakarri nahi ditu urte amaierara arte. Ildo horretatik, Gasteiz helmuga “segurua, jasangarria eta masifikatu gabea” dela esan du Etxebarriak, eta profil hori dela kontsumitzaileek une honetan eskatzen dutena. “Gure hiria oso aproposa da ingurumena errespetatzen duen eta gure kultura eta gastronomia balioesten dituen turistarentzat”, adierazi du.

Jon Lasa Santa Maria Katedrala Fundazioaren zuzendariak eta Pablo de Oraá Gatz Harana Fundazioaren zuzendariak ere hartu dute parte lan jardunaldi horretan Gasteizko eta Arabako turismo eskaintzan ezinbestekoak diren bi baliabide horien berezitasunaz mintzatzeko.

“Etorri bidaiatzera” kanpaina duela bi aste hasi zen Andaluzian, eta ekainean Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Zaragozan, Valladoliden eta Logroñon egingo da.

 

Share

20 herrialdetako 100 emakumetik gora lehiatuko dira Gasteizen Araba World Tennis Tour txapelketaren bigarren edizioan

Uztailaren 12tik 18ra bitartean Araba World Tennis Tour Vitoria-Gasteiz 2021 “Araba en femenino” txapelketa jokatuko da Peña Vitoria-ren instalazioetan;  ITF 60000 kategoriako txapelketa da, eta Euskadiko hiriburua erreferente egiten du proba hauetan nazio mailan. 20 herrialdetako 120 jokalari inguruk —zeinak WTA sailkapenaren 100 zenbakitik aurrera baitaude— hartuko dute parte munduko zirkuiturako puntuagarria izango den proban, eta ITF-Nazioarteko Tenis Federazioak ikuskatuko du.

Kirol eta Osasun arloko zinegotzi Livia Lopezek hartu du parte ekitaldiaren aurkezpenean. Iaz bertan behera geratu zen pandemia zela eta, eta aurten jarraipenaren eta sendotzearen aldeko apustua egin du, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesari esker.

Azalera gogorreko lau pistatan jokatuko dira partidak, b banakako eta binakako kategorietan. Banaka multzo nagusian 32 jokalari arituko dira: 17, zuzenean onartuak; 6, aurretiazko fasean sailkatuak; 5, ITFren sailkapena dutenentzat erreserbatuak, eta 4, “Wild card” bidez antolakuntzak gonbidatuak, horien artean, Arabako sailkapeneko 1. lekua duen Marta García. Banakako aurretiazko fasean 24 jokalari izango dira: 20, zuzenean onartuak, eta 4,  “wild card” bidezkoak. Binakakoetan 16 bikotek osatuko dute txapelketaren multzo nagusia.

20 bat herrialdetako jokalariek hartuko dute parte; gehienak leku hauetatik etorriko dira: Espainia, Grezia, Paraguai, Argentina, Austria, Alemania, Errusia, Holanda, Frantzia, Norvegia, Brasil, Mazedonia, Venezuela, Italia, Erresuma Batua, Belgika eta Mexiko.

Ekitaldia Gasteiz hirira zabaltzeko asmoz, jarduera bat antolatuko da Andre Maria Zuriaren plazan, mini tenis-pistak erabiliz; Peña Vitoriana-ko entrenatzaileekin eta txapelketako jokalariren batekin aritu ahal izango da. Horrekin batera, jarduera paraleloak izango dira; horien artean, Proam txapelketa, gurpildun aulkiko tenis-erakustaldia eta umeekin clinic bat, Peña Vitoria-ren instalazioetan.

Share

Ia 200 ikertzaile gazte bilduko dira Ikergazte kongresuan Gasteizen ekainaren hasieran

 

Ekainaren 9, 10 eta 11an Gasteizen egingo den IKERGAZTE kongresuan 200 ikertzailek parte hartuko dute elkar ezagutu eta euskarazko produkzio zientifikoa sustatzeko helburuarekin. 150 artikulu zientifiko aurkeztuko dira eta antolatzaileek ekitaldi arrakastatsua izango dela aurreikusten dute. Hiru egunetan zehar nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahai-inguruak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak antolatu ditu UEUk.

 

Prentsaurrekoan Iñaki Gurtubaik, Vitoria-Gasteizko Udaleko alkateordeak eta Euskara zinegotziak; Lexuri Ugartek, Arabako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak; Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak; Inma Arostegik, EHU/UPVko Ikerketa errektoreordeak eta Olatz Arbelaitzek, IKERGAZTEko zuzendariak parte hartu dute.

 

Iñaki Gurtubaik, Vitoria-Gasteizko Udaleko alkateordeak eta Euskara zinegotziak eman dio hasiera prentsaurrekoari. “Euskarazko ikerkuntza eta hezkuntza ekimenak babestea Gasteiz bezalako hiri batentzat pozgarria da oso. Euskadiko hiriburuaz gain, euskararen hiriburua ere izan nahi dugu. Eta horretarako, IKERGAZTE bezalako kongresu erreferenteak gurean egiteak grrantzi handia du”.

Lexuri Ugartek, Arabako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak ere IKERGAZTE kongresuaren balioa azpimarratu eta Arabak azken urte hauetan euskararen esparruan egin duen lana balioan jartzeko ekimen ezinhobea dela aipatu du.

Kepa Sarasolak, UEUko Zuzendariak, UEUrentzat egitasmo honek duen garrantzia azpimarratu du: “Ia 50 urteko ibilbidean, UEUren helburu garrantzitsuenetako betidanik izan da euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikerlariak hain sakabanatuta egonda. Gaur egun ikertzaile euskaldunak inoiz baino gehiago dira, eta beraien arteko eta lanen ezagutza bideratzeko asmoz antolatu genuen 2015ean lehen aldiz IKERGAZTE kongresua Durangon, bigarren aldiz 2017an Iruñean eta hirugarren aldiz 2019an Baionan. Edizio bakoitzean 150 ikertzaile baino gehiagok parte hartu dute, eta argi geratu zen horrelako foro bat beharrezkoa zela. Dagoeneko gune erreferentziala bilakatu da ikertzaile euskaldunentzat, eta arrakasta horren atzean dago unibertsitate eta erakunde desberdinekin egiten ari garen bide oparoa, #ElkarEkin”.

Inma Arostegi, EHU/UPVko Ikerketa Errektoreordearen esanetan, “gure hizkuntzak terminologia zientifikoa, bibliografia, material didaktikoa eta, batez ere, euskara lanean erabiliko duten ikertzaileak behar ditu. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Udako Euskal Unibertsitateak elkarlan handia egin dute guzti hori sortzearen alde. Poliki-poliki baina eten gabe doa gure hizkuntza ikerketan ere bere bidea egiten”.

Olatz Arbelaitzek, kongresuko zuzendariak aurtengo antolakuntza ez dela batere erraza adierazi du: “COVID-19a dela eta sortutako osasun krisiak zailtasunak jarri dizkigu. Une askotan kongresua aurrez aurre antolatzeko ideia zalantzan jarri bada ere, argi izan dugu IKERGAZTEren izaerak presentzialtasuna eskatzen zuela. Alegia, beste helburu batzuen artean ikertzaile gazteek elkar ezagutzea duen kongresua ezin imajina genezakeen urruneko moduan eginda. Ez zaigu buruhauste gutxi kostatu, eta B plana ere landu behar izan dugu, baina aitortu beharra dugu, aurtengo ekitaldirako hautatutako hiria Gasteiz izateak eta Europa Biltzar Jauregian antolatzeak erraztu duela dena”.

Arbelaitzek aurreko edizioetako helburu berberekin bidea urratzen segitzeko asmoz datozela adierazi du: “Ikertzaile gazteek egiten duten nazioarte mailako ikerkuntza etxean ezagutu dadila nahi dugu, eta ikertzaileei Gasteiz eta inguruak ezagutzeko aukera ere eman nahi diegu. Aurten sekula baina ekarpen gehiago jaso dugu, 163, eta gainbegiratze-prozesua gainditu duten 150 lan aurkeztuko dira kongresuan: 58 ahozko aurkezpen eta 92 poster. Ezin aurrera egin beraz, jasotako lan guztiak zintzotasunez berrikusi dituzten batzorde zientifikoko kideei eskerrak eman gabe”.

  • Giza Zientziak eta Artea :18
  • Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea : 39
  • Zientzia Zehatzak eta Natur Zientziak : 42
  • Ingeniaritza eta Arkitektura : 24
  • Osasun Zientziak : 27

 

IKERGAZTEko Zuzendariak aipatu du jakintza-alor bakoitzeko lanik onenari saria emango zaiola kongresuaren azken egunean, Gasteizko Udalaren eskutik. Era berean, sari berezi bat ere egongo da, Udalbiltzak emango duena, Euskal Herriko garapenean eragin handiena izango duen ikerketa aintzat hartuko duena.

Ikertzaileen filiazioari dagokionez, aurreko edizioetako joera mantendu da. Jasotako komunikazioen artean Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) da maizen aipatu dena eta ondoren Mondragon Unibertsitatea, aurreko edizioetako ekarpen kopurua bikoiztuz. Horiez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Bordeleko unibertsitatea, University of Illinois at Urbana-Chamapaign, Vic-eko Unibertsitatea eta Granadako Unibertsitateko lanak ere kongresuan egongo dira. Hauez gain unibertsitateei atxikitako ikerketa-zentroak eta taldeak ere aipatzen dira beste argitalpen askotan. Ildo honetatik nabarmentzekoa da, aurtengo edizioan 14 ikerketa talde laguntzaile izango direla, aurreko ekitaldietako kopuruaren bikoitza.

Arbelaitzen esanetan zenbakiek adierazten dute oso pozik egoteko arrazoiak dituztela, IKERGAZTE ekimen arrakastatsu eta erreferentzia bilakatu dela adierazten baitute: “Zalantzarik ez dugu alor desberdinetako ikertzaileek besteen lanak ezagutzeko aukera izango dutela, eta aurretik gertatu den bezala, ziurrenik elkarlan berriak ere sortuko dira bertatik”.

Edizio hau COVID-19a dela eta sortutako osasun krisiari egokituta antolatu behar izan dute, eta betiko espiritua mantenduko duten arren, osasun neurri zorrotzek baldintzatuta egongo da eta horrek egitaraua zertxobait moldatzera behartu ditu, baina aurreko edizioetakoa bezain interesgarria aurreikusten dutela adierazi du Olatz Arbelaitzek.

 

EGITARAUA Xehetasun guztiak www.ueu.eus/ikergazte

Asteazkena, ekainak 9

08:10-09:00 Harrera mahaia irekiko da

09:00-09:30 Harrera ekitaldia eta ongietorria

09:30-10:30 Hitzaldi gonbidatua: “What is feminist research in art history?” (Middlesex Unibertsitatea)

10:30-11:15 Hitzaldi gonbidatua: “Hizkuntza teknologiaren bilakaera: IXA taldearen esperientzia. Erabili zientzia gure gizartearen alde. Arantza Diaz de Ilarraza (UPV/EHU, UEU)

11:15-12:00 Atsedenaldia

12:00-14:15 Mikroaurkezpenak

14:15-16:15 Bazkari etena

16:15- 17:50 Solasaldia: “Ezagutzaren dibulgazioa, ahalduntzeko tresna”

18:00-20:00 Saio osagarriak

Gasteiz eta Arabako historia, herri mugimenduak eta euskalgintzako eragileak ezagutzeko aukera.

Osteguna, ekainak 10

09:00-10:00 Hitzaldi gonbidatua: “Datuen zientziak COVID-19aren aurkako borrokan”. Nuria Oliver (Telekomunikazio ingeniaria eta Inteligentzia Artifizialeko doktorea)

10:00-11:15 Mikroaurkezpenak

11:15-12:00 Atsedenaldia

12:00-14:15 Ahozko aurkezpenak

14:15-16:15 Bazkari etena

16:15- 17:50 Mahai ingurua: “K++: Koronabirus osteari buruz esandakoei atzera begirada”

18:00-20:00 Saio osagarri berezia eta afaritxoa

Ostirala, ekainak 11

09:00-10:00 Hitzaldi gonbidatua: “Biomaterial eta material biologikoen propietate fisikoak”. Eneko Axpe (Marie Curie doktore osteko ikertzaile bekaduna Stanford University-n, NASA, UPV/EHU)

10:00-11:15 Mikroaurkezpenak

11:15-12:00 Atsedenaldia

12:00-13:30 Sari banaketa eta Amaierako ekitaldia

 

WEB GUNEA: www.ueu.eus/ikergazte

TWITTER: @ikergazte_

Facebook: @IkergazteKongresua

 

 

Share

Boni Canterok hartuko du bere gain Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren zuzendaritza

Sara Buesa, egungo zuzendaria, Lanbidera aldatuko da, prestazioen eta inklusioaren arlo berria zuzenduko baitu

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko koordinatzaile Boni Canterok hartuko du bere gain sail horren zuzendaritza, egungo zuzendari Sara Buesaren ordez, zein Lanbidera aldatuko baita, prestazioen eta inklusioaren arlo berria zuzentzeko.

Aste batzuk barru gauzatuko da aldaketa, Eusko Jaurlaritzak diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketaz arduratuko den zuzendaritza berria arautuko duen dekretua onesten duelarik —euskal sisteman integratuko baita, transferitzean—.

Azken bi agintaldietan izan da Sara Buesa Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zuzendari.

Jon Armentiak zuzentzen duen saileko egungo koordinatzaile nagusi Boni Canterok hartuko du haren lekua. 32 urte eginak ditu zuzendari berria izango denak Udaleko gizarte-zerbitzuetan lanean; horietatik 15 Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuko buru.

Gizarte Lanean diplomatua, Familiekiko Gizarte Lanean masterra, Esku-hartze Sozialari Aplikatutako Etikako unibertsitate-adituaren graduondoa eta EHUko graduondoko irakaslea,  prestakuntza eta esperientzia zabala du Canterok  gizarte-zerbitzuetan, taldeen kudeaketan eta, bereziki, etika soziosanitarioan eta pertsona ardatz duen arreta-ereduan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Etika Komiteen batzorde soziosanitario koordinatzaileko kidea da, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arloetan, eta, 2013az geroztik, Arabako Esku-hartze Sozialerako Etika Komiteko burua.

 

Share

Marcelo Mercadante eta haren Sexteto Porteño protagonistak izango dira Jazz Uhinak Hirian Barrena zikloko lehenengo ongintzazko kontzertuan

Ekainaren 19an izango da hitzordua, Martin Ttipia plazan

 

Jazz Uhinak Hirian Barrena zikloak bere lehenengo ongintzazko kontzertua aurkeztu du: ekainaren 19an 18:30etik aurrera izango da, Martin Ttipia plazan. Marcelo Mercadante —Europako bandoneon-jolerik onena, askoren iritziz— Sexteto Porteño bere taldeak lagunduta igoko da eszenatokira, Gasteizko ikusleek bere egiten jakitea goza dezaten.

Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi Estíbaliz Canto, Laboral Kutxako arduradun Kepa Ortiz de Urbina, Itxaropena elkarteko lehendakariorde Larraitz Uribesalgo eta Jazz Uhinak Hirian Barrenaren antolatzaile Joseba Cabezas egon dira ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan. 

“Gasteizko Martin Ttipia plaza magiaz eta xarmaz beteriko txokoa da, eta lehenengoz egingo da kontzertu bat bertan. Toki paregabea da hain egun garrantzitsu baterako. Pandemiak kultura zein hura gauzatzen den tokiak pentsarazi dizkigu. Gasteiztarrak animatzen ditugu proposamen honetara batu daitezen, musikazaleak gozaraziko ditu eta”, nabarmendu du Cantok. “Emanaldiak amaiera ezin hobea emango dio Jazz Uhinak Hirian Barrena zikloaren 15. urteurrenari, zeina Gasteiz Hiri Hezitzailea jarduera-programaren barruan baitago eta azaroaren 24tik maiatzaren 18ra bitartean egin baita Jesús Guridi kontserbatorioan, ‘Le retour du jazz’ izenarekin”, gehitu du.

Kontzertuak omenaldi egingo dio Astor Piazzola badoneon-joleari, jazzaren eta tangoaren arteko fusioaren historiako musikaririk garrantzitsuenetakoa izan baitzen, haren jaiotzaren 100 urte betetzen direnean. Sarrera-txartelen salmentarekin lortutako dirua, Itxaropena elkartearentzat (ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen Arabako elkartea) izango da.

Halaber, aurreko egunean (ekainaren 18an), kontzertua hasi aurretik, Jazz Uhinak Hirian Barrenak ‘2020-2021eko Ohorezko Makila’ emango dio Xabier Añuari, jazz-programak egiten aitzindari eta dibulgatzaile handia baita, eta Gasteizen saskibaloiaren sustatzailea eta nazioarteko saskibaloiko entrenatzaile ohia.

 

Kontzertua bera

Marcelo Mercantek Gasteizko kontzertuan bere obran dauden bi mundu batuko ditu: jazza eta tangoa, musika instrumentala eta kanta.

“40ko hamarkadan musikak dantzagarri izaten jarraitzeak berebiziko garrantzia zuen orkestra handi eta haien zuzendarientzat, eta kontzeptu horren barruan moldatzaile eta konpositoreek esku hartu, eta egin eta desegiten zuten, eta arrisku handiak aurkitu eta hartzen zituzten, euren errepertorio instrumentalean zein kanta-formatukoan”, adierazi du emanaldiaren antolatzaile Joseba Cabezasek.

“50eko hamarkadaren bukaera aldean, Astor Piazzola jenioa honetaz ohartu, eta aldarrikatu zuen: mundua eta gizartea aldatzen ari ziren, eta Buenos Aireseko musikak ere aldatu beharra zuen. Arrazoia zuen, noski, eta beraren musikak ordura arte pentsaezin ziren hainbat tokitara eraman zuen tangoa; mundukoago bihurtu zuen, nolabait”, gehitu du.

Sarrera-txartelak 15 euroan erosi ahal izango dira, maiatzaren 31tik aurrera (astelehena), www.ondasdejazz.com webgunean.

Informazio gehiago

 

 

Share

Hiru urtetik beherakoek tabletak eta mugikorrak erabiltzeari buruzko bi hitzaldi antolatu ditu Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak

 

Hitzaldiak Aldabeko eta Salburuko gizarte-etxeetan izango dira 

Datorren astean, 3 urtetik beherakoek pantailak erabiltzeari buruzko hitzaldiak izango dira Aldabeko eta Salburuko gizarte-etxeetan, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak antolatuta. Horren bitartez familiei lagundu egin nahi zaie, haurtxoek gailu elektronikoekin duten harremanari “modu osasungarrian” aurre egin diezaioten.

Teknologia berriak gizarte osora hedatu dira azken urteetan, eta ia ume guztiek dute eskura. Egoerak kezka sortzen du tablet eta mugikorren erabilera desegokiak haurren bizitzako lehen urteetan izan ditzakeen eragin eta ondorioak direla eta. Ildo horretan, 3 urtetik beherakoek gailu elektronikoak inolaz ere ez erabiltzea gomendatzen dute hainbat ikerketa eta azterlan zientifikok.

“Pantailekiko harremana oso kaltegarria izan daiteke eta mendekotasuna sortu. Horren ondorioz, autokontrol-gaitasunak eskuratu behar dira gailu horien erabilera erregulatzeko. Horrela egin ezean, arreta-defizita, ikasteko zailtasunak edo emozioak erregulatzeko arazoak izateko arriskua dago. Aro digitalean hezteko gai izan behar dugu” ohartarazi du Haurtzaro eta Senitarteko zinegotzi Jon Armentiak.

Gai horiek guztiak izango dira hizpide ekainaren batean (asteartea) Aldabeko gizarte-etxeko ekitaldi-aretoan, eta ekainaren 2an, Salburuko gizarte-etxekoan. Azken hau euskaraz izango da. 17:30ean hasiko dira, eta bertaratzeko aldez aurretik izena eman beharra dago, 010 telefonoan edo udalaren webgunean.

 

Prebentzio-tresnak

2019an, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak bi tresna jarri zituen familien eskura, pantailen erabilera okerrari eta horren ondorioei aurre egiteko.  Batetik, dibulgazio-bideo bat egin zen, eta, bestetik, “Amaita, bideo-jokorik onena zarete” gida argitaratu zen, guraso eta hezitzaileei aholkuak emateko.

Share