Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-05-19)

Klimaren eta Energiaren aldeko Alkate Itunarekin bat egin duten udalerriei aitortza-ekitaldia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, maiatzak 19

Ordua. 10:00

Tokia. Miramar jauregia, Donostia-San Sebastian

——————————————————

Prentsaurrekoa. Afrikari buruzko IV. Astea aurkeztea

Parte hartzaileak. Garapenean Lankidetzako zinegotzi Jon Armentia; eta Afrikako Diasporako ordezkariak: Mohamedou Alioune Bewah, Aboubacry Abba Kane eta Mariem Mahfoudh

Eguna. Asteazkena, maiatzak 19

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————–

Prentsaurrekoa. ‘Tetrapack 2021’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landa; Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Val; eta parte hartu duten artistak: Maitane Campos, Asier Corredera, María Fariñas eta Liam McDonnell

Eguna. Asteazkena, maiatzak 19

Ordua. 11:00

Tokia. Amarica aretoa

 

Share

Komunikabideentzako agenda: Gasteizko Udalaren ekitaldiak 2021eko Fiturren

ASTEAZKENA, HILAK 19

12:00 – Euskadiko standaren inaugurazioa

Gasteizko Udalaren izenean Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zuzendari Araceli de la Horra egongo dira.

OSTEGUNA, HILAK 20

11:00 – Gasteiz hiriaren aurkezpena aire zabaleko turismoaren jomuga gisa

Parte-hartzaileak: Araceli de la Horra, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zuzendaria; Paco Nadal, kazetaria; Gustavo Alegría, zikloturismo proiektuen koordinatzailea; Frederic Alzola, “Walking & Running” eta “Aire Zabaleko Baliabideen Gida Profesionala” proiektuen koordinatzailea.

12:00 – Gasteizko eta Arabako 2021eko enbaxadoreen aurkezpena

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Hezkuntza eta Kultura zinegotzia; eta Cristina Gonzalez, bigarren diputatu nagusiordea eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatua.

OSTIRALA, HILAK 21

11:00 – Kultura ekitaldiaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Hezkuntza eta Kultura zinegotzia; Ana del Val, Kultura eta Kiroleko foru diputatua; Daniel Solana, Basquetourreko zuzendaria.

Share

Aire zabaleko kultur programazioa izango da udan Gasteizen

Uztailaren 4tik irailaren 5era bitartean, behar diren segurtasun-neurriekin.

 

Gasteizen aire zabaleko kultur programazioa izango da uda honetan, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi k gaur goizean Euskara, Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Batzordean jakinarazi duenez.

Uztailaren 4an hasiko da programazioa, eta irailaren 5era arte iraungo. Ikuskizun guztiak aire zabalean egingo dira, esparru hesituetan eta edukiera mugatuarekin. “Antolatzen ditugun jardueretan parte hartzen dutenen segurtasuna bermatzea da gure lehentasuna”, azpimarratu du Cantok.

Hauek izango dira aukeratutako espazioak: Arriagako parkea, Aranbizkarreko parkea, Hegoalde, Zabalgana eta Ibaiondoko gizarte-etxeen kanpoko aldea, Gabriela Mistral kirol-zelaiak, Santa Maria plaza, Iparraldeko parkea, Falerina lorategia, Elurzuloaren ingurua, Zulueta lorategiak, Judimendiko parkea eta Pierola lorategiak.

Ekainaren hasieran emango dira programazioaren xehetasunak.

Share

Jantzi, oinetako eta objektu berrerabilgarrien birziklatze eta berrerabilera hobetu nahi du Gasteizek

Gaikako edukiontzien kopurua % 60 handitu, bilketa maiztasuna hobetu, zerbitzua nekazaritza-eremura hedatu eta produktu horiek merkatuan sartzea sustatuko da.

 

 

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi  César Fernández de Landak eta Hondakinen Ataleko Joseba Sánchezek gaur aurkeztutako kontratu berriaren bidez, udalak jantzi, oinetako eta material berrerabilgarrien birziklapena hobetu nahi da. Oso helburu anbiziotsua da. Hobekuntzei esker, udalak bikoiztu egin nahi du orain jasotzen den hondakin tona.

Lehiaketa datozen bi urteetarako izango da, eta 90.000 euroko aurrekontua (45.000 euro urteko) izango du, material berrerabilgarriak –bereziki ehunak, baina baita oinetakoak, liburuak, etxetresna elektriko txikiak, gailu elektronikoak, jostailuak eta abar ere— edukiontzi-sistema bidez biltzeko.

Kontratu berriak hainbat berrikuntza dakartza: gaikako 70 edukiontzi jarriko dira (orain baino % 60 gehiago): 43 kontratua hastean, gainerako 27ak, kontratuko lehen sei hilabeteetan. Horretaz gain, hobetu egingo da bilketa zerbitzuaren maiztasuna, astelehenetik larunbatera egunero, eta horrek nabarmen hobetuko du edukiontzien kudeaketa.

Irisgarriagoa

Aurrerantzean, 55 menpeko toki-erakundetan ere bilduko dira oihal eta material berrerabilgarriak, eta berrikuntza nabarmena izango du: gaikako bilketa etxean egiteko aukera emango zaie hainbat arrazoi tarteko –mugitzeko zailtasuna, dibertsitate funtzionala, edo antzeko arrazoiak– ohiko bilketa bideak erabiltzerik ez dutenei.

Horretaz gain, esleipendunak merkaturatzeko aukera duen material guztia sailkatu, aukeratu eta berrerabiltzeko edo birziklatzeko prestatu beharko du, bere jabetzako instalazio batean.

Era berean, gutxienez lokal edo denda egokitu bat kudeatu beharko du, behar bezala prestatu eta gero erabilgarri diren hondakinei bizitza berri bat emateko.

“Gure hiria erreferente da nazioartean  ingurumen-politikengatik eta egiten dituen iraunkortasunaren alde egindako apustuengatik, eta horrela jarraitu nahi dugu. Hori dela eta, hobetzeko tartea duten proiektuak kontuan hartzen ditugu eta horiei ekiten diegu. Oihal-hondakinak eta berriz ere balioa izan dezaketen bestelako objektuak berrerabiltzea eta birziklatzea da hobe dezakegun eta hobetu behar dugun arloetako bat. Bat egiteko eskatzen diegu herritarrei, birziklapen eta berrerabileraren arloko ohiturak hobetzeko, eta erraztu egin behar diegu zeregina. Hori dela eta, hobetu egingo dugu zerbitzua, edukiontzi gehiago jarri, eta hustuketa-maiztasuna hobetu. Izan ere, uste dugu ekonomia zirkularra klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko konponbideetako bat dela, eta gure hiriko bizimoduari eta bokazioari ondo lotutako bizitza-filosofia ere badela” adierazi du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak

César Fernández de Landak azaldu duenez, “edukiontzi grisera botatzen den zabor poltsako % 6 oihal hondakinak direla detektatu dugu; hau da, urtean 3.700 tona oihal galtzen dugu, eta 1.515 tona biltzen dira berariazko edukiontzietan.  Kontratu berriarekin, % 60 handituko dugu edukiontzien kopurua, eta zerbitzua nabarmen hobetuko da maizago hustuko baitira”.

 

 

 

Share

Adinekoentzako zentro soziokulturalek 94 lantegi eta 1.137 leku eskaintzen dituzte udako jardueren programazioan

Osasun parkeetako 200 adinekok haien ariketa-errutinak erakutsi dituzte Mendizorrotzeko futbol-zelaian

Uda iristear da eta adinekoentzako zentro soziokulturalek udako jarduera-programa abian jarriko dute berriz ere; oraingo honetan, 94 ikastaro eta lantegi eskainiko dituzte, eta 1.137 leku egongo dira guztira.

Eskaintza zabal horretan, era guztietako ikastaroak egongo dira, hala nola, kultura lantegiak, TikTok koreografiak, eta ohiko informatika ikastaroak, norberaren zaintzari edo ariketa fisikoari buruzkoak, edo osasun parkeak, besteak beste.

“Adinekoak fisikoki zein mentalki hobeto sentitzea eta harreman berriak hastea nahi dugu; horri esker bere autonomia mantendu edo hobetuko dute, lagunduta sentituko dira eta bakardadeari aurre egin ahal izango diote, bakarrik sentitzen badira”, azaldu du Jon Armentiak, Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Saileko zinegotziak.

Programazioaren % 70 aire zabalean egingo da eta % 30 herritar guztientzako izango da “adina kontuan hartu gabe, oso garrantzitsua baita belaunaldiek kezkak eta jarduerak partekatzeko aukera izatea”, esan du zinegotziak.

Teknologia berriekin lotutako jarduerek ere garrantzi berezia izango dute, esaterako, ordenagailuak eta telefono adimendunak erabiltzen ikasteko ikastaroak, izapideak on line egiten ikastekoak eta abar; eskaeraren % 13 osatzen dute.

Jon Armentiaren esanetan “informatikaren gaia azpimarratzen dugu, informazioaren teknologia berriak gero eta gehiago erabiltzen direlako gure gizartean. Argi geratu da pandemiaren ondorioz bizi dugun gizarte- eta osasun-egoera honetan”.

Ariketa fisikoa Mendizorrotzen

Jon Armentia zinegotziak Mendizorrotzeko futbol-zelaian eman du programazio horren berri; izan ere, 200 adinekok hara eraman dituzte osasun-parkeetan egin ohi dituzten ariketa-errutinak, adinekoen zentroek antolatzen dituzten jardueren adibide gisa, eta Deportivo Alavesen omenez, aurten mendeurrena ospatzen baitu.

“Denboraldi honetan babazorroek osasuna kendu eta eman digute, nahiz eta, azkenean, lehen mailan mantentzearen pozak une txarrak ahantzarazi dizkigun. Taldeari aitortu beharreko gauza da hori, are gehiago 100 urterekin osasun ona duela kontuan hartuta. Beraz, zorionak”, gehitu du Jon Armentiak.

Osasun-parkeetan 60 urtetik gorako pertsonak elkartzen dira, ariketa fisikoa egiteaz gain, harreman sozialak ere indartzeko. Erabiltzaileak nahi dutenean joan daitezke parkeetara edo entrenatzailea dagoen ordutegian, aparatuak erabiltzen eta ariketa-errutinak egiten ikasi nahi badute. Saio horiek doakoak dira.

Urte batzuetatik hona, nabarmen igo da parke horien erabiltzaile kopura eta egun 600 baino gehiago dira.  Pandemia egoeran adinekoek jarduera segurutzat daukate aire zabalean egiten delako. Gainera, erabiltzaile askorentzat mugitzeko, sozializatzeko, eta, azken batean, bizi-kalitatea hobetzeko aukera bikaina dira.

Gasteizek 12 osasun-parke ditu, eta joan den astean Maider Etxebarria alkateordeak iragarri bezala, legegintzaldi honetan beste bi jarriko dira, Sansomendin eta Txagorritxun. Aparteko inbertsio planaren barruan izango da, zeina 2020ko aurrekontuaren likidazio positiboarekin gauzatu ahal izango baita.

Izen-emateak

Adinekoentzako zentro soziokulturaletako udako ikastaro eta lantegietan izena emateko epea maiatzaren 20an hasiko da. Ekainaren 2ra arte, interesdunek 1.137 lekuetako bat betetzeko aukera izango dute, eta izena ematen den hurrenkeran esleituko dira.

Horretarako, adinekoentzako zentro soziokulturaletara, gizarte-etxe eta kiroldegietako informazio zerbitzuetara eta herritarrei laguntzeko bulegoetara jo beharko dute. Udalaren webgunean eta 010 telefonoan ere erregistratu ahal izango dira.

Ekainaren 5ean, bete gabe geratu diren plazetan izena emateko epea zabalduko da.

Programazio guztia COVID-19ari aurre egiteko babes neurriak errespetatuz egingo da eta nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea.

Share

(Audioaz gaurkotua) Hitzarmen berria sinatuko du Urtaranen gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin, eta 40 milioi euroko hiriburu-kanona jasoko

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak, eta, horren haritik, 40 milioi euro emango dizkio Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Udalari 2024ra bitartean, hiriburu-kanona dela eta, hau da, 10 milioi euro urtean. Funtsezko bi xede izango ditu ekarpen ekonomiko horrek: hiriburua sustatzea —7,5 milioi euro urtean— eta azpiegituretan eta ekipamenduetan inbertsioak egitea —2,5 milioi euro urtean—, guztia ere Gasteizek bizi-kalitatearen erreferente izaten jarraitu dezan. Horrez gain, berritasun gisa, Vitoria-Gasteiz Green Deal ituna garatzen laguntzen duten ekimenak ere bultzatuko dira.

Mugikortasun iraunkorraren arloko inbertsioetan, hiri-azpiegitura berdeetan eta proiektu logistikoak garatzeko ekimenetan islatuko da Eusko Jaurlaritzak hiriburu-kanonaren bitartez Vitoria-Gasteiz Green Deal itunari emango dion laguntza hori. Era berean, hiria iraunkortasun-irizpideekin biziberritzeko jardueretara ere zabalduko da lankidetza —hobekuntzak hainbat ekipamendutan, ingurumenaren arloko inbertsioak, enplegu-programak eta politika sozialak—, baita garapen ekonomiko, industrial eta teknologikoko hainbat ekimenetara ere.

“Albiste ona da Gasteizentzat” Eusko Jaurlaritzak hiriburu-kanonaren bidez hartutako konpromiso berria, Gorka Urtaran alkateak adierazi duenez. “Tranbiaren, autobus elektriko adimentsuaren eta osasun- eta hezkuntza-azpiegitura berrien gisako proiektu handietatik harago doa Eusko Jaurlaritzak hiriarekin duen inplikazioa. Lankidetza hori Euskadiko hiriburua zerbitzu publikoetan, lehiakortasun ekonomikoan eta ingurumen-iraunkortasunean erreferente bihurtzen duten esparru guztietara hedatzen da, hau da, Gasteiz Europako superhiri bihurtzen duen orora”, azpimarratu du alkateak.

 

Urte honetarako aurreikusitako hiriburu-kanonaren banaketari dagokionez, hainbat proiektutan inbertsioak egitera bideratuko da parte bat, guztira 2.500.000 euro. Honela banatuko da kopuru hori:

  • Hilerrietako inbertsioak
  • Gasteiz antzokia
  • Kirol instalazioetako inbertsioak
  • Ariznabarreko zelaiko aldagelak bukatzea
  • Ikastetxeetako obrak.
  • Hainbat zentro eta lokaletako inbertsioak
  • Udal eraikinetako inbertsioak
  • Eraberritze eta asfaltatze integralak

 

Munta handiko beste inbertsio-bloke bat espazio publikoa birgaitzeko aurreikusitakoa izango da, eta leku handia hartuko du bertan mugikortasun iraunkorrak. 1.000.000 euro bideratuko dira lan-ildo horretara; zehazki, esku-hartze hauetara:

  • Ariznabarreko parkinga
  • Julian Arrese kalean aparkalekua eraikitzea, eta Forondako Atean oinezkoen iragazkortasuna hobetzea
  • Auzoetako argiteria hobetzea
  • Hiriko azpiegitura berdeak
  • “Haurren Auzoa” proiektua
  • Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea eraberritzeko bigarren fasea (Oroimenaren plaza)
  • Bidegorrietako inbertsioak
  • Trafikoa lasaitzeko eta bide-segurtasuneko inbertsioak

Azkenik, bestelako hainbat jarduera ordaintzeko izango da 6.500.000 euroko hirugarren blokea: argiteria publikoa, bideak eta bide-azpiegiturak mantentzeko lanak, garbiketa, garraio publikoa eta herritarren segurtasuna.

 

Share

70 urteko gizonezkoa atxilotua anaiari eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo 70 urteko gizonezko bat atxilotu zuten anaiari lesio larriak egitearen delituaren ustezko egilea izanagatik.

21:30 baino zertxobait lehenago, Koordinazio Zentralak patruila baten laguntza eskatu zuen San Kristobal auzoko etxebizitza batera joan zedin. Izan ere, bi pertsonaren artean liskarra gertatu zen etxebizitza hartan, eraso eta guzti.

Udaltzainek baieztatu zutenez, elkarbizitza-arrazoiek eragindako eztabaida batean, atxilotuak anaia giltza ingeles batekin kolpatu eta kopetan zauria egin zion.

Zaurituak etxetik alde egin eta udaltzainei deitu zien. Lesioak ikusita, udaltzainek anbulantzia baten laguntza eskatu zuten eta, tokian bertan artatu ostean, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Gertakariak eta zaurien larritasuna ikusita, ustezko egilea atxilotu egin zuten. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Sutea terraza batean

Suhiltzaileek atzo Jesus Guridi kaleko terraza batean piztutako sute-hasiera itzaltzeko esku hartu zuten. Ertzainek su-itzalgailu batekin itzali zituzten garrak eta PSISZko kideek sua erabat itzali zuten urarekin, eta gero etxebizitzako gainerako tokiak aireztatu eta berrikusi zituzten..

 

Share

Bizikletaren XIX. asteak emakumeei zuzendutako jarduerak ditu ardatz

Emakumeak  bizikletaren kulturan ahaldundu nahi ditu programak

 

Emakumeei zuzendutako eta emakumeek dinamizatutako jarduera-programa  prestatu du Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak  Bizikletaren Astearen XIX. ediziorako. Jarduera anitzak emakumeak bizikletaren kulturan ahalduntzeko.

Hiriko gizarte-etxe eta kiroldegietan egingo dira emakumeei zuzendutako jarduera hauek. Lehena, Igone Mariezkurrenaren “Kham Tibet bizikletaz Yunnan eta Sichuan probintziak, Tibet historikoa” hitzaldia izango da, euskaraz, eta Tibeten izandako esperientzia kontatuko digu. Maiatzaren 20an izango da, Aldabeko gizarte-etxean, 19:00etatik 20:00etara.

Programazioan nabarmentzekoa da “errepide-bizikletan hastea” irteera, emakumeak txirrindularien kulturan ahalduntzeko She is Cicling mugimenduak antolatua. Maiatzaren 22an izango da, 10:30etik 13:30era, Salburuko gizarte-etxean. Gamarrako belodromoan 20 kilometroko ibilbidea egiteaz gain, bizikletaren gaineko trebetasun-zirkuitu bat egingo da, honakoak praktikatzeko, besteak beste: bihurgune estuak, bizikleta gainean ur botilatxoa erabiltzea eta pedaletan ointokiak kendu eta jartzea.  Ekimenak errepide-bizikletarekiko zaletasuna piztea du helburu eta 16 urtetik goragoko emakumeei zuzenduta dago.

Jarduera honetarako nahitaezkoa da hauek eramatea:  kaskoa, errepide-bizikleta egoera onean, ordezko piezak (gurpila zulatuz gero erabiltzeko: gurpil-kamera egokia, aldagailuak eta puzgailua), ura eta elikagai energetikoa (hala nola, banana, datilak, mahaspasak, fruitu lehorrak, esaterako). Eguraldi txarra eginez gero zira eramatea gomendatzen da. Emakumeen artean bizikletaren kultura sustatzeko lan egiten duen elkarte honek jardueran izena ematera animatzen ditu emakumeak, gurpil gainean ondo pasako baitute.

Egun berean,  mendiko bizikletan hasteko irteera izango da,16:00etatik 20:00etara, Salburuko gizarte-etxetik hasita, Belén Álvarez eta Laura Mambrilla (BTT gidak) gidari direla.

Emakumeei zuzendutako beste jarduera bat dugu “Bizikletaren oinarrizko mekanika” dufu. Maiatzaren 24an emango du Bizieskolak Landazuriko kiroldegian.

Programazioan hitzaldiak, lantegiak, irteerak, erakusketak eta jokoak daude, besteak beste, eta horietako asko emakumeek dinamizatuko dituzte. Jarduera baino bi aste lehenago eman daiteke izena, udalaren webgunean, 010era deituta, edo aurrez aurre hiriko gizarte-etxe edo kirol-instalazioetan

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak emakumeek emakumeentzat prestatutako proposamen hauekin atsegin hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.

 

.

 

Share