Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-05-20)

Prentsaurrekoa. ‘Venancio del Val. Calles vitorianas’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zuzendari Paco Galve

Eguna. Osteguna, maiatzak 20

Ordua. 10:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea (Ur andela)

———————————————

Prentsaurrekoa. Gasteiz outdoor helmuga turístiko gisa aurkeztea Fiturren

Parte hartzaileak. Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Merkataritza zuzendari Araceli de la Horra; Paco Nadal, kazetaria; Gustavo Alegria, zikloturismo proiektuaren koordinatzailea; eta Frederi Alzola, Walking & Running proiektuen koordinatzailea

Eguna. Osteguna, maiatzak 20

Ordua. 11:00

Tokia. Euskadiko standa Fiturren

—————————————

Prentsaurrekoa. Araba eta Vitoria-Gasteizko enbaxadoreak aurkeztea Fiturren

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; eta Enpleguaren Sustapen, Merkataritza eta Turismo foru diputatu Cristina González

Eguna. Osteguna, maiatzak 20

Ordua. 12:00

Tokia. Euskadiko Standa Fiturren

 

Share

APASOS elkartearekiko lankidetza amaitzea erabaki du Udalak

Hurrengo egunetan, Gasteizko Udalak amaitu egingo du APASOS elkartearekiko lankidetza. Orain arte hitzartutako jarduerak egiteko urtarrilaren 1etik aurrera izandako gastuak konpentsatuko dizkio kolektiboari, eta, aurrerantzean, baliabide propioekin beteko ditu Udalak lan horiek. Horrenbestez, Udalak ez du asmorik, oraingoz, aurtengo lankidetza-hitzarmena sinatzeko.

Elkartearekiko desadostasunak daude APASOSekiko lankidetza amaitzearen oinarrian, bai Animaliak Babesteko Zentroa hobetzeko 2019an hasitako prozesuari dagokionez, bai harrezkeroztik egiten ari den prozesu berrien ezarpenari dagokionez. Txosten tekniko batek eta txosten juridiko batek babesten dute lankidetza amaitzeko erabakia.

Hobetze-prozesu horren barruan daude instalazioak berak eraberritzea eta Animaliak Babesteko Zentroari esleitutako profil profesionaletan zenbait aldaketa egitea, eta barne-funtzionamenduko jarraibide, metodo eta modu berriak ekarri dizkio berekin zentroari. Horrekin guztiarekin, honako helburu hauek lortu nahi dira: osasun-segurtasuna handitzea, langileentzako zein erabiltzaileentzako osasunaren eta segurtasunaren arloko arriskuak gutxitzea, bertan ostatutako animalien ongizatea hobetzea, eta herritarrei zabalik dagoen antolaketa eraginkorrago bat ezartzea.

Aldaketa horiek abian jarri zirenetik desadostasun ugari egon dira APASOSen eta Udalaren artean. Elkartea uzkur agertu da barne-antolakuntzako arauak onartzeko. Halaber, desadostasunak erakutsi ditu Udalaren eskumeneko zenbait kontu teknikoren, animaliei ematen zaizkien albaitaritzako tratamenduen eta Udaleko langileek ezarritako animalien elikaduraren arloetan. Horretaz gain, kolektiboa zentroaren biosegurtasun-arauak betetzearen aurka egon da, horiek murrizketak ezartzen baitituzte berrogeialdian edo gaixorik dauden animalien eremura sartzeko. Zentroan jarraituz gero erraz adopta litezkeen animaliak etxeetan aldi baterako hartzeko eraren inguruan ere badira irizpide-desadostasunak.

“Animaliak Babesteko Zentroa hobetzeko prozesuak dakarren guztiari etengabe aurre egite horren eraginez, ezinezkoa da lankidetzan jardutea animalien eta herritarren interes orokorraren alde. Udalak proposamenak egin ditu, eta jarrerak hurbiltzeko borondatea erakutsi du, baina horrek ez du egoeraren hobekuntzarik ekarri. Horregatik, oraingoz lankidetza etetea beste biderik ez zaigu geratzen. Espero dugu etorkizunean berriro ekitea elkarlanari, baina gaur egun ezinezkoa da”, adierazi du Kirol eta Osasun Saileko zinegotzi Livia Lopezek.

Lankidetza amaitu ondoren, baliabide propioekin helduko die Udalak orain arte APASOSek egindako zereginei. Esaterako, aurrerantzean, Osasun Publikoaren Zerbitzuak egingo ditu albaitaritza-tratamendu eta antzutze guztiak. Harrera-etxeak bilatzea eta adopzioak sustatzea, berriz, udal-langileek zuzenean kudeatuko dute. Animaliak Babesteko Zentroko plantilla indartu eta berrantolatzeak aukera emango du animalien paseoak eta sozializazio-uneak ere udal-langileek egin ditzaten. Eta, azkenik, albaitaritza-zerbitzuaren ordutegia indartuko da.

“Planteamendu hori berehala ezarriko dugu, baina aldi baterako izan dadin nahi dugu. Horrela jardungo dugu lanean aldi batez, Zerbitzuak egoeraren bilakaera aztertzen duen bitartean”, zehaztu du Kirol eta Osasuneko zinegotziak. “Nolanahi ere, Animaliak Babesteko Zentroaren kudeaketan elkarteen munduarekin eta boluntarioekin lankidetzan aritzeko helburuari eusten dio Udalak. Betiere, animalia guztiei arreta eta ongizatea bermatzea oinarri hartuta”, esan du amaitzeko Livia Lopezek.

 

 

 

Share

(Audioaz gaurkotua) Eusko Jaurlaritzak Gasteiz aitortu du energia eta klima-trantsizioari heltzeko lan handia egiteagatik

Gorka Urtaran audioa

Eusko Jaurlaritzak aitortu nahi izan du Euskadiko hogeita bat udalerrik -Alkateen Klima eta Energia Itunari atxikita daudenek- egiten duten lan handia, tokiko eremutik energia- eta klima-trantsizioari heltzeko. 21 udalerri horiek 2050erako lortu nahi dituzten helburuetako batzuk dira Udalerrien deskarbonizazioa bizkortzea, klima-aldaketaren inpaktuetara moldatzeko gaitasuna handitzea eta herritarrek energia seguru, jasangarri eta eskuragarria izateko duten ahalmena indartzea; helburu horiek Euskadiko tokiko klima-ekintzaren abangoardian kokatzen dituzte aipatutako udalerriak.

Donostiako Miramar Jauregian egindako ekitaldi batean, eta hiriko alkateak, ongietorria eman ondoren, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak, diploma eman dio Gasteizko Alkateari, Gorka Urtarani, eta  udalerri hauetako alkateei: Abanto-Zierbena, Amurrio, Balmaseda, Basauri, Bilbo, Donostia, Durango, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Irun, Ispaster, Legazpi, Mungia, Muskiz, Oñati, Portugalete, Sestao, Tolosa, Usurbil.

Share

‘Tetrapack 2021’ erakusketa hartuko du Amárica aretoak, maiatzaren 21etik ekainaren 27ra bitartean

Maitane Campos, Asier Corredera, Liam Mcdonnel eta María Fariñas artisten sorkuntza-lanak erakutsiko dira

 

Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako ‘Gazte Klik Klak 2020’ argazki eta bideo digitalen lehiaketan hautatutako pieza artistikoak biltzen dituen ‘Tetrapack 2021’ erakusketa hartuko du Amárica aretoak, maiatzaren 21etik ekainaren 27ra bitartean. Sorkuntza artistikoa bultzatu nahi da ekimen horrekin, erakusketa-aretoetan 14 urtetik 25era bitarteko sortzaile lokalen lana erakutsiz.

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val eta Gazteria zinegotzi Miren Fernández de Landa izan dira erakusketa aurkezteko prentsaurrekoan.

“Sorkuntza artistikoaren sustapenean erakundeen arteko lankidetzak —sortzaile gazteei beren lana ezagutzera emateko espazio eta tresnak eskaintzeak, Amárica aretoa, kasu— nolako garrantzia duen azpimarratu nahi nuke”, adierazi du Ana del Valek.

Miren Fernandez de Landak, berriz, ‘Tetrapack’en bitartez Gasteizko artista berrien lana bultzatu nahi dela nabarmendu du, haien lana erakusketa-aretoetara eramanez bultzatu ere.

Maitane Campos, Asier Corredera, Liam Mcdonnel eta María Fariñasek erakutsiko dituzte beren lanak ‘Tetrapack’en hamaikagarren edizio honetan. “Bultzada” kontzeptua baliatu dute beren inspirazioa gidatzeko, lehiaketan proposatu bezala.

Prestakuntza-prozesu batean parte hartu dute artistek, eta, horri esker, erakusketa-proposamen partekatu bat egin ahal izan dute beren obra erakusteko, argazkigintzaren, bideo-sorkuntzaren eta arte plastikoen arloko adituen laguntzarekin. Prozesu horren guztiaren emaitza da ‘Tetrapack’ erakusketa.

Bai ‘Gazte Klik Klak 2020’ lehiaketan, bai ‘Tetrapack 2021’ erakusketan, argazkilaritzan, bideogintzan eta Gasteizko kultur kudeaketan eskarmentu handia duten Sara Berasaluce eta Alane Payuetak osatzen duten Artgia taldea aritu dira komisario lanetan. Yone Estivarizek lagunduko die zeregin horietan.

 

 

 

 

Share

Gasteiz Afrikako kulturara hurbilduko da

Maiatzaren 25era arte Afrikaren Astearen IV. edizioa egingo da

 

Gasteizko afrikar komunitateak Afrikaren IV. Astea egingo du maiatzaren 25era arte. Hainbat jarduerari esker, Arabako hiriburuak hirian bizi diren kontinente horretako 11.000 pertsona ingururen kultura hurbiletik ezagutzeko aukera izango du.

Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Jon Armentiak aurkeztu ditu ekitaldiak hamabost bat afrikar erakunde biltzen dituen Afrikar Diaspora Euskadin partzuergoko ordezkariekin batera.

Hurrengo asteartera arte hitzaldiak, zinema, erakusketa bat eta emakumeen lantegi bat egingo dira. Amaitzeko, Udalak harrera bat egingo du maiatzaren 25ean, Afrikaren Eguna, Aihotz plazan, eta dantza afrikarrak musika euskaldunarekin uztartuko dituen emankizun bat egongo da.

“Kulturak elkartu nahi ditugu afrikarrak gure hirian integratuta daudela adierazteko. Aste honi esker bere kultura ezagutzeko, aurreiritziak ezabatzeko eta senidetasuna, bizikidetza eta giza eskubideen errespetua bezalako balioak sustatzeko aukera izango dugu”, azaldu du Jon Armentiak.

Azken urteotan, Gasteizko Udalak Garapenerako Lankidetza Zerbitzuaren eta Hezkuntza eta Kultura Sailaren bidez babestu ditu ekitaldi horiek.

+ info: https://bit.ly/2S8cw5q

 

Share

Txirrio proiektuari buruzko argazki-erakusketa hartuko du Pilarreko gizarte-etxeak; auzokoen laguntzaz Txagorritxuko kirol kantxa batzuk eraldatu zituen proiektuari buruzkoa, hain zuzen

Pilarreko gizarte-etxeak Txirrio proiektuaren garapenari buruzko argazki-erakusketa hartuko du. Esku hartze komunitarioak Gasteiz hiribidearen eta San Viator kalearen arteko kirol kantxa batzuk eraldatu zituen artearen bidez. Parke hori “Aquilino” izenez da ezagun.

Jolasgune horretako espazio publikoa eraldatu egin zen, Pilarreko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak bultzatutako partaidetza-prozesu baten bitartez, udaleko kaleko hezitzaileen bidez, eta Pompa945-Jump the Line aliantzarekin. Halaber inplikatu ziren proiektuan auzokideak, inguruko ikastetxeak (dan Viator eta Luis Dorao) eta Txagorritxuko beste gizarte-eragile batzuk.

Guztiek hartu zuten parte diseinua egiten eta gauzatzen. Helburua ez zen parkea estetikoki eraberritzea bakarrik. Horren gainetik, gizarte-loturak galduak ziren inguru batean komunitatea sortzeko nahia zen nagusi.

Aldaketa-prozesu hori islatzen du Jon Olarte argazkilari gasteiztarraren lanak –23 urte, Madrilgo Carlos III Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua–.

Erakusketa maiatzaren 29ra arte egongo da zabalik Pilarreko gizarte-etxeko erakustaretoan, 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era. Txirrio proiektuan sortu diren ikus-entzunezkoen bi proiekzio izango dira egunera; bata goizean, bestea arratsaldean.

 

 

Share

Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna ospatzeko gonbita egin du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak

Mario Bregaña

Maiatzaren 22an ospatzen da eta biodibertsitateak gizakientzat duen garrantziaz eta biodibertsitate hori etorkizuneko belaunaldientzat zaindu eta babesteko beharraz kontzientziatzea du helburu.

 

Maiatzaren 22an Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna ospatuko da “Konponbidearen parte naiz” goiburupean, itxaropena, elkartasuna eta edozein mailatan elkarrekin lan egitearen garrantzia azpimarratzeko asmoarekin, naturarekin orekan egongo den etorkizuna eraikitze aldera. Gasteizko Udalak bat egingo du ospakizunarekin eta berea egin du goiburua, Ana Oregi IGIko presidenteak azaldu duenez: “Aurtengo goiburuak gogorarazten digu biodibertsitatea garapen jasangarriaren erronka askori emandako erantzuna dela, hala nola, naturan oinarritutako irtenbideak, klima, osasun arazoak, elikadura- eta ur-segurtasuna, edo bizibide jasangarriak. Azken batean, biodibertsitatea mundu hobe bat berreraikitzeko oinarria da.

Nazio Batuek Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna izendatu zuten maiatzaren 22a, biodibertsitate gaiak hobeto ulertu eta ezagutzeko. Izan ere, aurrerapen teknologikoak gorabehera, gizakiek ekosistema osasuntsuak behar dituzte, besteak beste, osasuna, ura, elikagaiak, sendagaiak, jantziak, erregaia, aterpea eta energia eduki ahal izateko.

 

Jarduera programa

Efemeride horren harira, Gasteizko Udalak ingurumen alorreko kontzientziazioa, dibulgazioa eta sentsibilizazioa lantzeko hainbat ekintza antolatu ditu ingurumena sustatzeko jardueren barruan. Aste honetan jarduera hauek egingo dira:

Gasteizko biodibertsitatea kontserbatzeko estrategiaren oraina eta etorkizuna” hitzaldia, Agustí Agut eta Luis Lobo Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko teknikarien eskutik. Bertan, 2025. urterako gure udalerriko biodibertsitatearen galera geldiarazteko hartu beharreko neurriak azalduko dituzte. Maiatzaren 20an izango da, ostegunean, 19:00etatik 20:30era, eta Udalaren YouTube kanalean ikusi ahal izango da.

Maiatzaren 22an, larunbatean, 17:30ean, “Hezeguneko biztanle sekretuak” jarduera egingo da familientzat. 6 eta 10 urte bitarteko haurrek ikerlari bihurtzeko aukera izango dute. Ur lagin bat hartu eta lupaz aztertuta, Salburuko hezegunean bizi diren organismoak eta formak behatu ahal izango dituzte.

Ramon Aranbarri

Horrez gain, larunbateko ospakizuna aprobetxatuz, Atariak beste era batean artatuko ditu bertaratutakoak: Salburuk ekosistemei ematen dizkien onurak azalduko dizkiete, bai eta naturan oinarritutako irtenbideen bitartez ematen dituen ingurumen zerbitzu guztiak ere, horretarako duela gutxi argitaratu den parkeko ibilbideen mapa berriaz baliatuta.

Amaitzeko, maiatzaren 23an, 11:00etatik 14:00etara, “Biodibertsitatearen aldeko Herritarren Zientziaren Astea” ekitaldia antolatu da, IGIk parte hartzen duen herritarren zientzia eta biodibertsitatearen aldeko aliantza. Asteak Espainiako flora eta faunarekin zerikusia duten 50 erakunde, elkarte, plataforma eta komunikabide baino gehiago bilduko ditu, indarrak batu eta Estatuko erakunde naturalista guztiak gutxienez urtean behin bilduko dituen espazio bat sortzeko.

 “Udalak antolatutako jardueretan parte hartzeaz gain, norberak ere bere aletxoa jar dezake gure inguruan bizi diren animalia eta landare espezieak zainduz, baloratuz eta babestuz, baliabide naturalak zainduz eta natura errespetatuz, pixkanaka bere oreka berreskura dezan”, azpimarratu du IGIko presidenteak.

IGIk gai interesgarri horri buruzko informazioa partekatzera animatzen ditu herritarrak, eta #biodibertsitatearennazioartekoeguna eta #Dibertsitatebiologikoa etiketak erabiltzea proposatzen du.

Share

USN World Summer Cup txapelketa hartuko du Gasteizek uztailaren 10ean

 

Iradier Aretoan egingo da rap-kantarien arteko lehia, segurtasun-neurri guztiak beteta

 

Uztailaren 10ean, Unity Stars Nation World Summer Cup txapelketako sailkapen jardunaldietako bat egingo da Iradier Arenan, munduko freestyler rap-kantaririk onenak lehiatzen diren kultur ekitaldia, hain zuzen ere. Ekitaldian osasun agintariek ezarritako neurri guztiak beteko dira parte-hartzaileen segurtasuna bermatzearren.

Espainiako hamar hiritan egingo da txapelketa, eta horietako bat dugu Arabako hiriburua, eta Argentina, Mexiko, Kolonbia, Txile, Peru eta Espainiako rap-dantzariak arituko dira lehian aurten.

“Iradier Arenak kultur -eta aisialdi- programazio heterogeneoaren aldeko apustua egiten du, askotariko hartzaileak erakartzeko. Rap-musikak joan den mendeko 80ko hamarkadan ditu erroak, baina, gure lurraldean orain erakarri ditu gazte gehien. Ekitaldi honekin, Gasteiz estatuko freestyle mapan kokatu da” azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, eta ekitaldira joatera animatu du.

Gasteizen errimak egiten trebeenak direnak finalerdietarako sailkapen-probak egingo dituzten beste hirietako irabazleekin lehiatu beharko dira. Hiri hauetan egingo dira gainerako sailkapenak:  Almería (uztailak 9), Murtzia (uztailak 11), Malaga (uztailak 16), Gijón (uztailak 17) eta A Coruña (uztailak 18).

Finalerdikoak Bartzelonan (uztailaren 21ean), Madrilen (uztailaren 23an) eta Alacanten (uztailaren 25ean) egingo dira. Finala, berriz, Valentzian, uztailaren 31n.

Maiatzaren amaieran jakingo da lehen sailkapen-probetan parte hartuko duten taldeen osaera. Guztietan, nazioarteko artista bat, nazioko beste bat, profesional bat eta “rooki” edo talentu berri bat egongo dira. Rap-kantari berri horiek Espainiako hirietan aukeratuko dituzte.

Gasteizko ekitaldiari amaiera emateko, Endika Gutiérrez ‘Invert’ euskal rap-kantariaren emanaldia izango da, ikastetxeetan freestyle bidez bullying-aren aurkako borrokan aritzeagatik kantari ezaguna.

Unity Stars Nation World Summer Cup ekitaldiak Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesa du.

Sarrerak maiatzaren 26ko (asteazkena) 12:00etatik aurrera erosi ahalko dira.

 

Informazio gehiago

 

 

 

Share