Prentsa Oharren banner

Hiretu Hiria galan Koldo Mitxelenako 4B taldearen ideia izan da arrakastatsuena, gune matxistak ikustarazi eta ekiditeko helburua duena

IPI Sansomendi, Sagrado Corazón, Nazareth, EPA El Carmen, Mendebaldea, Ekialdea, Koldo Mitxelena eta Egibideko ikastetxeen ordezkari gazteek landu dituzten proiektuak Gasteizko herritarren aurrean eta Udal ordezkarien aurrean (Gorka Urtaran alkatea eta Miren Fernandez de Landa Gazteria zinegotzia barne) ikusgai jarri dituzte gaur Goiuri Jauregian. Guztien artean arrakastatsuena Koldo Mitxelenako 4B taldeak ingurune matxistei buruz proposatu duena izan da. Eremu horiek ikustaraztea eta desberdintasun-egoerak saihesteko tresnak martxan jartzea eskatu dute gaurko bereziki egindako kanta baten bitartez.

Hiretu Hiria Gala, Hiretu Hiria programaren barnean sortzen da, Gazteria Zerbitzuak antolatutako ekimena dugu, 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako, eta Parte -hartzean heztea helburu duena. Azken batean, herritar arduratsu eta partehartzaileak izaten ikastea da gakoa, parte hartzen ikastea, eta osasuntsua eta berdinzalea izango den eta balioak izango dituen hiri baten eraikuntza iraunkorrean inplikatzea.

Gala honetara bertaratu dira: parte hartu duten eskola-talde guztietako ordezkariak, senitartekoak, irakasleak, prozesuan inplikatutako hezkuntza-agenteak, alderdi politikoetako ordezkariak, eta gazte-proposamenak ezagutzeko interesa duten Gasteizko herritarrak.

Hiretu Hiria 2021 Gala gazteen parte-hartzerako prozesuaren amaiera izan da, eta baliagarria izan da gazte-proposamen eta gazte-ahalmenei balioa emateko: ahalmen kritikoa, analisi-ahalmena, auto-antolaketarakoa eta erantzunkidetasuna.

Parte hartu duten taldeek ikasturte honetan landu dituzten gaien artean indarkeria, hiriko auzoetako errealitatea, matxismoa, bullyinga, arrazakeria, LGTIFobia, sexua, drogak, hezkuntza sistema, ideologia… daude.

 

 

Share

Prentsa-deialdiak (2021-05-17)

Prentsaurrekoa. Gazte Sortzaileak programaren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Alkateorde eta Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai; Euskara eta Gobernu Irekiko foru zuzendari Lexuri Ugarte; eta 2020ko edizioko bekaren artista irabazleak (Jone Bengoa, Aitor Alvarez, Ainhoa Ordoñez eta Aitor Vinagret)

Eguna: Maiatzak 17, astelehena

Ordua: 11.00

Tokia: Oihaneder Euskararen Etxea

Share

Prentsa-deialdiak (2021-05-15)

Bisita Iradier Arenara Kultura Bizia proiektua ezagutzeko

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val; Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria; Basquetour, Euskal Turismo Agentziako zuzendari nagusi Daniel Solana; eta Laboral Kutxako komunikazio arduradun Kepa Ortiz de Urbina

Eguna. Larunbata, maiatzak 15

Ordua. 11:00

Tokia. Iradier Arena

* 11:30ean argazki ofiziala egingo dute komunikabideen aurrean

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, maiatzak 14

  • Alkate Gorka Urtaranek eta Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landak parte hartuko dute Hiretu Hiria galan, 17:00etan, Goiuri jauregian.
  • Poetak Maiatzean jaialdia dela eta, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto, eta Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa Paco Ibañezen kontzertuan izango dira 19:00etan, Principal Antzokian.

 

Larunbata, maiatzak 15

  • Gizarte Politika, Adinekoak eta Haurrak Arloko zinegotzi Jon Armentiak parte hartuko du Nahi ez den Bakardadearen aurkako kanpainaren hasiera ekitaldian 11:00etan, Zaramagako Adinekoen Zentro Soziokulturalean.
  • Merkataritzaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Igor Salazar eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz Escudero Gasteiz On Elkarteko Udaberri-Udako ibiltokia ikusten izango dira 18:00etan, Arkupean.
  • LGTBIren aurkako Eguna dela eta, Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa eta Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodriguez Rodrigo Cuevasen kontzertuan izango dira 19:00etan, Principal Antzokian.
Share

Hezkuntzaren alorrean droga-kontsumoa prebenitzeko programak kontratatzen hasi da udala datozen bi urteetarako

Tokiko Gobernu Batzarrak mendetasunen prebentzio unibertsalerako eta droga kontsumoari dagozkion arriskuak murrizteko programen lizitazioa onetsi du gaur. Bi programa horiek “Gasteiz, drogarik gabeko hezkuntza esparrua” ekimenaren barrukoak dira. Hiriko eskoletako hezkuntza-komunitateak dituzte xede programek, eta helburua, berriz, mendekotasun- edo kontsumo-jokabideak bultza litzaketen faktore pertsonal, sozial eta kulturalak aldaraztea.  Horretarako, berariaz ikasleekin, familiekin eta irakasleekin lan egiteaz gain, kaleko hezitzaileekin  eta Osasun Publikoaren Zerbitzuak identifikatutako beste kolektibo ahul batzuekin ere jarduten da.

156.880 euroko aurrekontua du, eta 24 hilabeteko indarraldia, urriaren 1etik aurrera. Prebentzio unibertsala zein kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko esku hartzeak ikastetxeek eskatuta egiten dira. Iaz 166 gelatan gauzatu ziren jarduera eta programak.

Prebentzio unibertsaleko programa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago, eta lehen mailako esku hartzeak egiten dira, ikasleek substantzien kontsumoa saihesteko eta atzeratzeko, ikasleen arrisku-aurrekariak kontuan izan gabe. Hainbat alderdi jorratzen da: kidekoen taldearen presioa egoki kudeatzeko trebetasunak eta estrategiak ematen dira, autonomia pertsonala garatzen laguntzen da, eta legezko zein legez kanpoko substantziei, sare sozialei eta informazio- eta komunikazio-teknologiei buruzko ezagutza ematen, horiek erabiltzeak edo gehiegi erabiltzeak dituzten ondorioak zehaztuz. Halaber, familiei adikzioen arloko baliabideak eskaintzen zaizkie, eta irakasleei lanabes osagarriak.

Prebentzio selektiborako eta kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko programa ikasleei zuzentzen zaie, kontsumitzen hasi diren substantzien ondorioak ezagutu eta arriskuak kudea ditzaten. Programaren helburu dira, besteak beste, drogen ondorioei buruz asko jakitea, kontsumoa murriztea, horrelako substantziak edukitzeak dakartzan lege-ondorioen berri ematea eta mendetasunarekin lotutako arriskuak murriztu, besteak beste.

 

Share

Deportivo Alavesek taldearen urrezko eta brillantezko intsignia eman dio Gasteizko Udalari

Gorka Urtaran alkateak Alavesen urrezko eta brillantezko intsignia jaso du gaur goizean taldearen presidente Alfonso Fernández de Trocónizen eskutik. Kirol elkarteak ematen duen aitorpen gorena da eta fundazioaren mendeurrenaren ospakizunen testuinguruan egiten du. Ekitaldian talde zuri-urdinaren ordezkariek eta udal talde guztietako bozeramaileek hartu dute parte.

Alkateak korporazio osoaren izenean eskerrak eman ditu jasotako sariagatik. “Udalak harrotasunez erakuts dezakeen aintzatespen politenetakoa da, bereziki herritarrek hainbeste maite duten kirol erakunde batena bada”, azpimarratu du alkateak, eta zorionak eman dizkio berriz ere taldeari bere mendeurrena dela eta. “Aitortza hau ez da erakunde honetan bakarrik geratzen, Gasteiz hiri osora ere zabaltzen da; izan ere, inork intsignia hau merezi badu, hiria, gasteiztarrak eta, bereziki, Alaveseko zaleak dira.”, gehitu du Gorka Urtaranek.

Alfonso Fernández de Trocónizek, berriz, eskertu egin du “gasteiztarrek taldeari ematen dioten babesa eta maitasuna”. “Laguntza hori oso argi geratu da aspalditik; izan ere, lankidetza- eta babesletza-hitzarmenak sinatu ditugu, eta haiei esker hiriaren sinboloak gure elastikoan azaltzen dira, esaterako, Udalaren beraren izena”, azaldu du presidenteak.

Deportivo Alavesek iaz ezkutua berritu zuenetik bere urrezko eta brillantezko intsignia ematen duen lehen aldia da. 100 urteko ibilbide horretan, taldearen historian garrantzitsuak izan diren hainbat jokalarik eta zalek eta Gloriosoari lotutako kirolari eta erakundeek ere jaso dute intsignia hori.

Share

Gasteizko herrietako azpiegiturak hobetuko dira ia zazpi milioiko inbertsioari esker, datozen bi urteetan

Udalak, Aldundiak eta Amvisak  11 toki-erakundek aurkeztutako proiektuetarako laguntza emango dute.

 

Herriz herriko erradiografian kontzeju guztiak inplikatu izana eskertu du udalak 

 

Bihar, maiatzak 15, San Isidro eguna dela eta, Gasteizko kontzejuen egoitzan egin da gaur alkatearen asteroko topaketa. Nieves Quintana ACOVIren lehendakaria eta Gorka Urtaranek elkartu dira, eta Gasteizko landa-eremuko beharren, gauzatutako ekimenen eta aurreikusitako-ekintzen berri eman dute.

Ildo horretan, alkateak eskertu egin du Udalaren Landa Eremuaren Zerbitzuak herriz herri egindako erradiografian udalerriko 63 kontzejuek izandako inplikazioa. Azterlan horri esker –egindako lehena–, Gasteizko landa-eremu guztietako bide, espazio publiko, saneamendu- eta hornikuntza- azpiegitura, ekipamendu, hondakinen kudeaketa, hiri-altzari eta garraioari buruzko datuak jaso dira, eta grafikoki dokumentatu.  Azterlan tekniko hori egin eta datuak geografia informaziorako sistema batean sartzeaz gain, administrazio-batzarren balorazioa eta ekarpenak jaso ditu udalak.  Informazio hori guztia kontuan hartuta, lehentasuneko jardueren gutxi gorabeherako aurrekontua  egin da.

Herri bakoitzak bere beharrak izanik ere, gehien errepikatzen diren lehentasunak oinarrizko azpiegiturak hobetzearekin (ura eta argindarra) eta espazio publikoko esku hartzeekin (zolatzeak, bide-sarea) lotuta daude.

Aldi berean, landa-eremuko mugikortasunari buruzko inkesta bat egin du Udalak, eta hortik ere ondorioak atera ditu. Azterlan hau administrazio-batzarrei itzultzeko fasean dago, eta horiekin batera aztertuko da mugikortasuna hobetzeko neurri berrien bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa.

7 milioi 11 herritan

Mapa osatu horrekin, udalak eta administrazio-batzarrek bide-orria prestatu dute, hainbat finantzazio-bide kontuan hartuta. Alkateak iragarri duenez, Aldundiak, Udalak eta Amvisak  finantzatuko dituzte Gasteizko 11 herrik aurkeztutako proiektuetako ia 7 milioi euroko inbertsioak, datozen bi urteetan: Amarita, Aztegieta, Bolibar, Gaztelu, Eztarroa, Gamarragutxia, Gobeu, Otogoien, Otobarren, Foronda eta Lasarte herrietako oinarrizko azpiegiturak eta espazio publikoak hobetuko dira. Aldundiak 5,5 milioi euro jarriko ditu; Landa-Eremuaren Zerbitzuak 800.000 euro inguru, eta Amvisak 600.000 eurotik gora.

Landa-eremuko beste inbertsio batzuk

Inbertsio horiek udalak urtero egiten dituen beste laguntza-deialdiei eta nekazaritza Eremuaren Zerbitzuko aurrekontuei gehitzen zaizkie. Aurrekontuan, aurten, honakoak sartu dira, besteak beste: herrietako obrak (40.000,  150.000 eta 100.000 euroko partidak), degradatutako espazioak berroneratzea (30.000 euro), natura-azpiegiturak (60.000 euro) eta toki erakundeetako lorategiak onik zaintzea (281.000 eurotik gora). Hondakinak biltzeko eta Salbatzailearen hilerria mantentzeko milioi bat eurotik gorako partida dago erreserbatuta.

Beste aldetik, alkateak adierazi du udalaren helburu estrategikoari dagokionez —landa-ingurunea eta herriak bultzatu eta babestea—, herrietan garatu gabe dauden lurzoru urbanizagarriko sektoreak oro har desklasifikatzea da irizpidea. Herrien tipologiaren eta kokalekuaren arabera aztertuko dira herri bakoitzaren premiak eta hirigintza-arauak eta parametroak. Gainera, nekazaritza- eta abeltzaintza-erabileren eta -jardueren erregulazioa berrikustea planteatzen da, herrietako populazioa mantentzeko.

Beti esaten dugu Gasteiz hiri bat baino gehiago dela, lan handia egiten duten 63 herrik osatzen dutela. Gure betebehar eta konpromisoa da horiek babestea, hobetzen jarraitzeko eta bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko” adierazi du Gorka Urtaran alkateak. Halaber azpimarratu du “gure udalerriko landa-eremua aukeraz betetako lekua da, bizitza beste modu batera sentitu eta bizitzeko tokia. Bertan bereziki zaintzen da gure natura ondare ederra; haiek ekoizten dituzten elikagaiak gertukoak dira, 0 kilometrokoak, eta horregatik, gaur inoiz baino gehiago, gure ekoizleen, nekazari eta abeltzainen lana funtsezkoa da. Iaz bezala,  gasteiztarrak Gasteizko 63 herriak ezagutu eta bisitatzera animatzen ditut, hori bai, haien laboreak, bideak eta ingurunea errespetatuz”.

 Gorka Urtaranek udalaren sostengua eta aitorpena adierazi du udalerriko herrien eta lehen sektorearen inplikazioagatik, “haiek baitira gure ondasun preziatuenetako baten benetako babesleak: gure natur ingurunea. Urtero egin da ohiko harrera-ekitaldia udaletxean San Isidro eguna dela eta, baina, aurten, bigarrenez, osasun krisiak zaildu egin du topaketa egitea. Hala ere, zuekin egon nahi izan dugu eskertzeko zuen konpromisoa eta bereziki nola inplikatzen ari zareten osasun krisi honen kudeaketan”.

 

Share

Gasteizek eta Arabak FITURen bere burua sustatuko dute leku seguru, jasangarri eta barneratzaile gisa

Udala lasterketa eta kirolaren hiri moduan kokatzen da

Foru Aldundiak lurraldea ibilgailu elektrikoz ezagutzeko gidaliburu bat argitaratu du

 

Gasteizek eta Arabak eskaintza integrala aurkeztuko dute Nazioarteko Turismo Azoka – FITURen, turismo leku seguru, jasangarri eta barneratzaile” gisa kokatzeko, bertako izadia, ondarea eta enogastronomia oinarri dituzten jarduera eta esperientziak direla medio. Lurraldea ibilgailu elektrikoz ezagutzeko gidaliburu berri bat, eta hiriburuan lasterketa eta beste kirol batzuk egiteko proposamen bana dira haren berritasun batzuk.

Igor Salazar zinegotziak, Gasteizko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saila ordezkatuz eta Cristina Gonzalez bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak, gaur prentsaurreko batean zehatz mehatz azaldu dute lurraldeak eta hiriak nazioarteko azoka horretara eramango duten eskaintza. Azoka maiatzaren 19tik 23ra bitartean egingo da, Madrilgo IFEMAko instalazioetan.

Salazarrek eta Gonzalezek nabarmendu dute bi erakundeak azken urte hauetan Araba eta Gasteiz turismo leku bezala ezagutarazi eta sustatzeko batera egiten ari diren lana, “bat eginda indartsuago, eraginkorrago eta efizienteago garela” sinetsita. Estrategia hori baterako kanpainen diseinuan, mezuen koherentzian eta sinergien baliatzean gauzatzen da.

Gasteizek FITURen erakutsiko du leku ‘green’ bat dela, kirola egiteko eta familiako eta aire zabaleko turismoa hartzeko guztiz egokia. FITURek eskaintzen duen erakusleiho handian egon nahi dugu, jasangarritasunaren ikono bat bezala agertzeko. Betiere osasun egoera kontuan izanik, garrantzi handienekoa baita. Horregatik, 2021eko FITUR honetan arloko profesionalek protagonismoa izango dute. Alde horretatik, Arabako hiriburuak natura turismorako bi proposamen aurkeztuko ditu.

Alde batetik, Gasteizek Walking&Running proiektua aurkeztuko du, paseatzeko edo korrika egiteko bide sorta bat, Gasteizko udalerria eta Araba bisitatzen ari direla beren kirol gogokoena aire zabalean egin nahi dutenentzat pentsatua. Ibilbide guztiek “bazter ezin ederragoak zeharkatzen dituzte; haietara erraz heltzea dago norbere autoan nahiz oinez, eta ezaugarri bertsuak dituzte: interesgarriak dira turistentzat, eremu babestuak dira eta paisaia eta kultura balio handiak dituzte” adierazi du Salazarrek. Horrekin guztiarekin, gidaliburu honek jarraitu nahi du Gasteizko udalerriaren ezagueran sakontzen, ibilbide berriekin. Argitalpen berri honek 7 ibilbide berri eskaintzen ditu. Gasteizen lehendik daudenei gehituta, 15 Walking&Running ibilbide dira, Arabako lurraldean dauden beste 6ez gainera. www.walkingandrunning.es plataforman aurki daitezke.

Horrekin batera, Arabako hiriburuak Aire Zabaleko Baliabideen Gidaliburu Profesionala aurkeztuko du, hirian bertan nahiz bere natura ingurunean kirol eta aisia aukerak eskaintzen dituena. Hartan, mota guztietako jarduerak daude, ur kiroletatik ziklismora, tartean globo txangoak, golfa, parapentea, segway edo izadiko yoga daudela, batzuk bakarrik aipatzearren. Gidaliburuan, alor honetan lan egiten duten profesionalen zerrenda dago, haiekin harremanetan jartzeko telefonoekin.

Aldi berean, Arabak eta Gasteizek berriz ere turismo ‘enbaxadoreak’ izendatuko dituzte, telebistaren munduarekin lotura duten pertsona ospetsuak, gure lurraldeko kultura, ondare eta gastronomia baliabideak nazio mailan zabalduko dituztenak. FITURen ezagutaraziko da nortzuk diren. Iaz, eginkizun hori berriz ere ezarri zenean, Sandra Sabatés eta Jesús Alvarez aurkezleek bete zuten.

Arabako Foru Aldundiak FITURen ‘bozgorailua’ erabiliko du Araba ibilgailu elektrikoz ezagutzeko gidaliburu berri bat aurkezteko. “Ibilgailu elektrikoen merkatua handitzen ari da eta bilakaera horrek iraun egingo du etorkizunean. Hortaz, proiektu honek joera bati erantzuten dio eta orobat geure politikaz turismo jasangarriari laguntzeko borondatea agertzen du, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta NBEren Garapen Jasangarriko Helburuen estrategiaren ildoan”.

“Ibilgailu elektrikoz ibiltzeko bideen gidaliburu berri honekin, natura, ondare edo enogastronomia baliabideetatik hurbil dauden karga azpiegituretan oinarritutako turismo eskaintza bat duen lehenengo lurraldea da Araba, eta kokaleku bikain batean gaude turismo jasangarri eta berdean erreferentzia puntu bat izaten jarraitzeko”, adierazi du Cristina Gonzalezek.

Argitalpen horrek bere 52 orrialdeetan lurraldeko eskualde guztiak korritzen ditu, kargagailu sarea lokarri duelarik, eta bateratzen ditu ibilgailuko bateriak energiaz kargatzeko argibide praktikoak eta honako hauekin “bidaiaria energiaz kargatzeko” ideiak: Erdi Aroko hiribilduak, parke naturalak, historia eta kultura ondarea, ibilbide berdeak, aire zabaleko jarduerak, esperientzia enogastronomikoak, leku paregabeak, hala nola Gatz Harana edo Nerbioiko ur jauzia, eta abar luze bat”.

Eskaintza integrala

Gidaliburua, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratua, gaurtik aurrera formatu digitalean eskuratu daiteke alavaturismo.eus web atariko deskarga sailean, eta hurrengo egunotan paperezko formatuan ere eskuragarri egongo da Arabako udalen eta eskualdeen turismo bulego guztietan. Argitalpena ikus-entzunezko batekin osatuko da, azoketan, sare sozialetan eta beste euskarri batzuetan zabaltzeko.

Arabak FITURen egingo duen eskaintza azokan bertan agertuko diren beste proposamen batzuekin osatuko da, azken urte hauetan kuadrillekin lankidetzan diseinatu diren produktuekin (Hartu Atsedena Araban, Kirol Turismoa, Turismo Irisgarria, Familia Turismoa, Araban Galtzeko Ibilbideak, Erdi Aroko Ibilbideak, Motorrezko Turismoa, Turismoa Autokarabanan, etab.), Arabako Errioxako enoturismo eskaintza osoarekin eta natura turismoarekin.

 

 

 

Share

Euskaltzaindiarekiko eta Geu elkartearekiko hitzarmenak

Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du hitzarmen bana onestea Euskaltzaindiarekin eta Geu elkartearekin, euskara sustatzeko Gasteizen.

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute laster bi erakundeen arteko lankidetza sendotzeko. Udalak 63.000 euro emango dizkio Euskaltzaindiari. Akordioari esker Martínez de Madinak koordinatzen dituen Gasteizko toponimiari buruzko lanek jarraitu ahal izango dute.

1996ko irailean sinatu zuten euren arteko lehenengo lankidetza-hitzarmena Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak. Harrezkeroztik, urtero berritzen da konpromisoa. Batetik, hizkuntza-arloko aholkularitza eskaintzen dio Euskaltzaindiak Udalari, eta, bestetik, udalerriaren toponimiari buruzko aipatutako proiektuaren lanak jarraitzen du.

Bigarren hitzarmena, berriz, Geu elkartearekin sinatuko da, eta Arabako hiriburuaren intereseko zenbait proiektu gauzatzeko aukera emango du: Mintzalaguna programa eta mintzamena lantzeko jarduerak, Igandeak jai programa eta familiako aisialdiko jarduerak, eta hizkuntza-aktibaziorako ekimenak (Auzolas programa eta gazte eta nerabeei zuzendutako jarduerak). Hitzarmen honetarako, 77.175 euro jarriko ditu Udalak.

 

 

Share