Prentsa Oharren banner

Herritarren Udal Txartela (HUT) mugikorrean eraman ahal izango da maiatzaren 24tik aurrera

Udalak SMS bat bidaliko die titularrei txartela haien gailuetan instalatu dezaten

Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuetan sartzeko eta hiriko gizarte-etxeetako zerbitzuak erabiltzeko aukera emango du

Erabiltzaileek txartel bat baino gehiago eraman ahal izango dute telefonoan

 

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak berrikuntza teknologiko bat jarri du martxan eta horri esker Herritarren Udal Txartela (HUT) telefono mugikorrean eraman ahal izango da.

HUT mugikorrean erabiltzailearen argazkia, izen-deiturak, jaiotza-data eta nortasun agiria agertuko dira. Horrez gain, barra-kode bat, QR kode bat eta itsasontzien jokoa izango ditu.

Sistema honekin, esaterako, posible izango da barra-kodearen bidez udal liburutegietan liburuak maileguan hartzea, QR kodearen bidez udal instalazioetan sartzea, edo itsasontzien jokoa erabilita ikastaroetan izena ematea.

Txartel fisikoek aktibatuta egoten jarraituko dute, beraz, une bakoitzean nahiago duen aukera erabili ahal izango du erabiltzaileak.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailaren, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailaren eta Kirol eta Osasun Sailaren laguntzarekin gauzatu da ekimena.

Udako kanpaina maiatzaren 28an hasiko da Gamarra eta Mendizorrotzeko udal igerilekuetan, eta lehen aldiz mugikorra erabili ahal izango dute gasteiztarrek instalazioetara sartzeko.  Horretarako, kirol-guneetan sartzeko tornuak egokitu egin dira, eta HUT mugikorrak daraman QR kodea irakurtzeko gai izango dira orain.

 SMS-kanpaina

Maiatzaren 24tik aurrera, Gasteizko Udalak SMS bat bidaliko die HUTaren titularrei, txartela haien gailuetan instalatu dezaten. Prozesua osatzeko esteka batean klik egin eta argibideak jarraitu beharko dituzte. Horretarako, erabiltzaileak bere telefono zenbakia eman behar izan du aurretiaz.

Sistemak txartel bat baino gehiago kargatzeko aukera emango du, oso erabilgarria gurasoentzat, haien HUTaz gain seme-alabena ere gorde ahal izango baitute.

Berrikuntza horrekin batera, beste batzuk ere aurkeztu ditu Udalak 2021ean: VGReservas eta GeoVitoria-Gasteiz web aplikazioak, udal instalazioetako erreserbak kudeatzeko eta kontsultak egiteko, hurrenez hurren; edo WhatsApp bidezko informazio zerbitzua, Enplegu Zerbitzuaren ikastaroei buruzko berriak jasotzeko. Herritarren eta Administrazioaren arteko harremana errazteko erabiltzen dituzte horiek guztiek teknologia berriak, hori baita Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailaren lehentasunetako bat.

Share

Gasteizek bat egingo du Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioaren Munduko Egunarekin

Hori dela eta, morez argiztatuko dira hiriko eraikin enblematikoetako batzuk.

 

Bihar, maiatzak 19, Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioen Munduko Eguna izango da, eta horien artean Crohn eta kolitis ultzeradun gaixotasunak daude. Gasteizko Udalak bat egingo du ospakizunarekin eta morez argiztatuko ditu udaletxearen fatxada, Floridako kioskoa eta Arkupeak.

Crohn eta kolitis ultzeraduna duten pertsonen elkarteak – ACCU- gaixotasun-talde honi buruzko informazioa zabaldu nahi du, gizarteak ezagutu ditzan eta gaixotasun horiek dituztenen beharrei erantzuterik izan dadin. Gaixotasun inmunomediatuak, inflamatorioak eta kronikoak dira;  agerraldiak (fase aktiboak) eta erremisio-aldiak (fase ez-aktiboak) izaten dituzte, eta organismoak elikagaiak digeritzeko eta mantenugaiak xurgatzeko duen gaitasuna aldatzen dute.

 

Share