Prentsa Oharren banner

Gervasio Sanchez erreportari grafikoaren “Saharari begira” erakusketa hartuko du Montehermosok. 

  • Ostegunean inauguratuko da, eta urriaren 7an, bisita gidatua egingo du egileak berak.

 

Montehermoso kulturuneak “Saharari begira” argazki erakusketa hartuko du ostegunetik aurrera; Gervasio Sánchez erreportari grafiko ospetsuaren lana. Erdi Aroko hiriguneko jauregiko Jovellanos aretoan izango da ikusgai, Gasteizko Udalaren Garapenean Laguntzeko Zerbitzuari esker.

Gervasio Sánchez planetako hainbat lurraldetan aritu da prentsa-argazkilari, eta bertatik bertara bizi izan ditu guda eta istiluak. Erakusketa honetan, 2016an Tindufeko eta Mendebaldeko Saharako errefuxiatu-eremuetan ateratako hogeita hamar argazki eta ikus-entzunezko bat aurkezten dizkigu.

Errefuxiatu-eremuetako egunerokoa islatzen da argazkietan. Hirurogeita hamarreko hamarkadatik hona pertsonen kontrako minen biktimen izan diren senitartekoen erretratuak edo heziketa bereziko zentroko haurren erretratuak dira.

Pandemiak areagotu egin du errefuxiatu-eremuetako egoera humanitarioa, eta zaildu egin du nazioarteko laguntza iristea, eta. bigarren aldiz, “Oporrak bakean” programa egitea. Programa honen bitartez errefuxiatu-eremuetan bizi diren Saharar adingabeek udako bi hilabete ematen dituzte Arabako familiekin.

Urriaren 24ra arte izango da ikusgai.

Urriaren 7an, kazetariak berak bisita gidatua egingo du erakusketan. Doan izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da Montehermoso kulturunean edo 945161830 telefonora deitu.

 

Share