Prentsa Oharren banner

Gasteizko Industriari Laguntzeko Plana onetsi da

  • Urtaranen gobernuak oniritzia eman dio erabilerarik gabeko Industria-lurzorua berraktibatzeko eta hiria enpresentzako erakargarriago bihurtzeko neurriak biltzen dituen agiri bati
  • Lehen fase batean, industrialdeetan 1,5 milioi euroko inbertitzea aurreikusten da

Tokiko Gobernu Batzarra onetsi egin du Industriari Laguntzeko 2017-2020 Plana, Gasteizen lehikortasuna –hiri industrial den aldetik– sendotu nahi duen ekimena, industria-azpiegiturak garatu eta sustatzearen bitartez, industria modernoarentzako erakargarri bihurtuaz. Planak esku-hartze garrantzitsuak aurreikusten ditu: industrialdeak biziberritzekoak, erabili gabeko lurrak berreskuratzekoak, eta ekonomia zirkularraren eta 4.0 industriaren ingurukoak, besteak beste.

Udal politikaren inguruko azken eztabaida orokorrean alkateak iragarritako Industriari Laguntzeko 2017-2020 Plana Gasteizko Udalak duen era horretako lehen agiria da, eta bat egiten du aurretiazko beste ekimen batzuekin, esaterako agintaldi hasieran Industria Zerbitzua sortzearekin, Industria Mahaia abiaraztearekin, industrialdeen eskakizunentzako postontzi berariazko bat sortzearekin, eta hiriko industrialdeetan dagoen erabilerarik gabeko zoruak kudeatzeko erakundeen arteko koordinazioa hobetzearekin.

Aurretiazko diagnostikoaren arabera, Gasteizko lurzoru industrialen % 34 erabilerarik gabe dago gaur egun. Horrenbestez, urratsak eman dira lurzoru hutsen prospekzioa eta inbentarioa egiteko, horren bidez merkatuan baldintzak hobetzeko eta enpresa berriak erakarri ahal izateko. Horrekin batera, hasia da industrialdeak biziberritzeko lehen obren kontratazioa. Joan den astean deitu zen Ehari-Gobeuko industrialdeko Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleak eraberritzeko lanen kontratazioa, eta horiei beste hiru inbertsio gehituko zaizkie(Jundiz kalea eraberritzea, esku-hartzea Larragana kalean, eta industrialde guztietako seinaleztapen horizontala hobetzea ), guztira 1.439 euroko aurrekontua jotzeraino. Lehen inbertsio-fase honetan Lehentasunezko Jarduketarako Eremutzat jotako bideei egin nahi zaie arreta.

“Gure hiriaren etorkizuna gure industriaren menpe dago, neurri handi batean. Industria da krisiaren ondorioei hobekien erantzun dien sektore ekonomikoa, kalitate handieneko enplegua sortzen duena, eta gainera, enplegua sortzen du baita gainerako sektoreetan ere. Horretarako, gure industrialdeetan esku-hartzeko plan bat abiarazi dugu, erakargarriago bihurtzeko, lurzoru hustuak berreskuratuaz, gure prestakuntza-eskaintza berbideratuaz, eta industrialdeak gainean dugun industria-etapa berriaren abangoardian jarriaz”, iragarri du Gorka Urtaran alkateak.

Industrialdeak zaharberritzeaz eta erabilerarik gabeko zoruak berreskuratzeaz gain, Industriari Laguntzeko 2017-2020 Planak garraio publikoa industrialdeetara ere bideratzea aurreikusten du, Mugikortasun Planaren berrazterketaren bitartez. Halaber, bidegorriak egitea aurreikusten da industrialde guztietara. Industrialdeetako segurtasunaren eta berdeguneen alorrean ere hobekuntzak egin nahi dira.

Ekonomia zirkularraren sustapenari dagokionez, Industriari Laguntzeko Planak aurreikusitako ekimenen artean bada lankidetza aukera bat Ingurumeneko udal alorrarekin, berriro zirkulaziora eraman daitezkeen industria-hondakinak identifikatzeko eta hondakin horien kudeaketan enpresei laguntzeko. Asmoen artean dago, baita, tokiko turismo-industriarekin lan egitea Biosphere ziurtagiriaren inguruan. Horrez gain, 4.0 industriaren alde egingo da berariaz, automozioaren ea logistikaren inguruan industria-hub bat eraketa planteatzen da, hartara 4.0 hiria sustatzeko. Horretarako, hub horretan parte hartu dezaketen enpresak identifikatuko dira.

Industriari Laguntzeko Planaren helburu estrategikoetako bat Gasteizko Udalak kalitateko enplegu industrialari eusteko estrategiak sustatzea da. Horretarako, eta ikusita zenbait alorretako (hala nola automatizazioa, digitalizazioa eta robotikarenetan) profil profesionalen eskaria handitzen ari dela, planteatzen ari da LHko, enpresaren munduko, Unibertsitateko eta gainerako erakundeetako eragile publiko eta pribatuekin batera lan egitea, etorkizuneko enplegu kualifikatuetara halbait gehien doituko diren prestakuntza-programak jorratzeko.

 

Share