Prentsa Oharren banner

Datorren astean hasiko dira Santa Barbara plazako eta inguruko obrak, hesiak jarri eta trafikoa berrantolatzen delarik

 

 

 

 

 

Iñaki Prusilla zinegotziaren adierazpenak

Datorren astean hasiko dira Santa Barbara plaza eta ingurua eraberritzeko obrak. Ferrovial, Agroman eta Onaindia enpresek eratutako aldi baterako enpresa-elkarteak 6,7 milioi euroko aurrekontuarekin burutuko duen obra-planaren xehetasunak eman ditu gaur goizean Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak. Asteazkenean, hilak 25, ekingo dio obrei; egun horretan hasiko baita plazaren barrualdearen inguruan eta Posta kalean hesiak jartzen. Udalaren aurreikuspenaren arabera, ostiralean, hilak 27, sartuko dira bertara lehenengo makinak.

Lehenengo fasean —lau bat hilabete iraungo du—, eraiste-lanak egingo dira batez ere. “15 hilabetez iraungo dute obrek, eta jakin badakigu, edozein obrak bezalaxe, enbarazurik egin diezaieketela auzokoei. Horregatik, atarietan kartelak jartzen ari da dagoeneko Udala, eta nabarmendu nahi nuke lanen programazioa zehaztua dugula, oso kontuan izanik ahalik eta inpakturik txikiagoa eragin nahi dugula. Nolanahi ere, pazientzia eskatu nahi diet inguru horretan bizi direnei. Lanak bukatzean, ohartuko dira merezi izan duela”, esan du Iñaki Prusillak.

 “Bizitzaz betetako espazio berri bat izango dugu, herritarren gozamenerako leku bat, Gasteizko erdialdeko jarduera eta ekonomia berreskuratzen lagunduko duena. Hirigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko ‘erdialdeko masterplana’ delakoaren funtsezko ekintzetako bat da, eta zona hori dinamizatzeko balioko du, Posta kalearen ardatzean oinezkoentzat eta merkataritzarako sortuko dugun korridoreari esker”, adierazi du, bere alderik, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Era berean, zona horretako trafikoa berrantolatu egingo dela azaldu du Iñaki Prusillak. Zentzu horretan, Posta kale osoa itxiko da trafikorako, oinez igarotzea eta garajeetara sartzea galaraziko ez bada ere —aparkalekutik nahiz garajeetatik ateratzen diren ibilgailuek Bake kalera jo beharko dute—. Era berean, Jesus Guridi kaletik plazara sartzea debekatuko da, zamalanetarako eta auzokoei izan ezik. Parkingerako sarrera orain arteko bera izango da; izan ere, Pio XII.aren kaletik denez, hesitutako zonatik kanpo geratuko da. Obren inguruko kontu guztien berri emateko, Udala inguru horretako atarietan kartelak jartzen ari da. Orobat baliatu ahal izango dira 010 telefonoa eta Herritarren postontzia kontsultak egiteko. Espazio Publikoaren eta Natur Ingurunearen Zerbitzuaren bitartez ere —San Martineko udal bulegoen eraikineko 4. solairua— argitu ahal izango dira zalantzak.

Posta kalean, oinez igaro ahal izatea bermatuko da, hesirik gabe utziko baita eraikinen fatxadetatik gertuen dagoen espaloia, eta oinezkoentzako pasabideak jarriko, ixten den zona zeharkatzeko, behar izanez gero. Bake kalean, berriz, Posta kaletik gertueneko oinezkoentzako pasabidea kenduko da, auto-ilarak ekiditeko. Halaber, semaforo berri bat jarriko da bidegurutze horretan, segurtasuna bermatzeko eta ibilgailuek, orain arte bezala, Bake kaletik Posta kalera jo dezatela saihesteko. Gogoratu beharra dago hortik metro gutxira oinezkoentzako beste pasabide bat dagoela. Azoka plazako eta parkingeko sarbideak ere erabiltzen jarraitu ahal izango da. Ostegun eta larunbatetako azoka, berriz, behin-behineko kokaleku berri batera aldatuko da azaroaren 2tik aurrera, Leizaola Lehendakariaren plazara, hain zuzen ere.

 Berehalakoan hasiko den esku-hartze hori diseinatzeko prozesua luzea izan da; Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak hainbat bilera egin dituzte inplikatutako talde eta eragileekin —auzokoak, merkatariak, Gasteiz On, ostegun eta larunbatetako azokako ekoizleak, Azoka plaza—, eta alderdi guztiei entzun ondoren zehaztu da proiektua, denen interesak aintzat harturik.

Urtaranen gobernuaren helburu nagusia espazio publiko bat, Santa Barbara plaza, hiriarentzat berreskuratzea da, zati batean oinezkoentzat izango den super-etxadi moderno, funtzional eta atseginagoa sortuz. Gainera, inguruan trafikoa hobetzeko neurriak hartuko dira, eta alderdi osoa biziberrituko da, ekonomia- eta merkataritza-berpizteari bultzada ematearren, alkateak iragarritako ‘erdialdeko masterplana’ ekimeneko esku-hartze guztien ildo beretik. Santa Barbara plazaren irudi berriaren alderdi deigarrienetako bat Posta kaleko aldean jartzekoa den pergola da: 80 metro luze den egitura funtzionala, 48 saltoki jartzeko lekuarekin.

Gaur egun plazak labirinto itxura du, espazio txiki ugari eta oso zatikatuak baititu, parterreak direla eta. Horretaz gain, ingurunetik isolatuta dago eta irisgarritasun zailekoa da, diseinuaren eraginez. Hori dela eta, espazioa duintzea planteatzen da, oinezkoen igarobidea errazteko, parterreak kenduz eta oraingoa baino espazio zabalagoa sortuz, eta aldi berean, landare gehienak utzita.

Hiru pieza berde handi

Zehazki, Posta kalea —Santa Barbara plazaren inguruan— oinezkoentzako bihurtuko du Udalak, Urriaren Hamabia kalearen espaloia zabalduko du, eta parterre gehienak kenduko, berdegune erakargarriagoak jartzeko. Posta eta Bake kaleen arteko bidegurutzean, pasabide goratua eraikiko da, eta Bake kaletik Posta kaleraino doan zatia erdi oinezkoentzat izango da.

Plazaren azken diseinuan hiru pieza berde handi ere izango dira, eta berritu egingo da zoladura. Mendebaldean, El Corte Inglésetik hurbilen dagoen aldean, landare mediterraneoen zerrendak izango dituen berdegune bat sortuko da, orain dauden parterretako bi batuz. Eserleku luze bat ere jarriko da, ur-zurrustez hornitua. Ekialdean ere eserleku luzea duen beste berdegune bat osatuko da, eta haurrentzako jolasak jarriko dira, kautxuzko zoru baten gainean. Berdegune horretan landare atlantikoak (mahastiak eta fruta-arbolak barne) aldatuko dira, eta landare tapizatzaileen zerrendak ere txertatuko dira; barrutik oinezkoentzako bidea utziko da. Bi alderdi horiek elkarren ondoan egongo dira. Hirugarren berdegunea, berriz, Azoka plazatik gertueneko eremuan jarriko da.

Lanen ondoren, Posta kaleko aldea oinezkoentzako ibilbidea bihurtuko da, kale horrek Bake kaletik Foru kalerainoko zatian duen zabalera berekoa. Leku horretan pergola handi bat instalatuko da, 10 metro zabal eta 80 luze izango dena. Metalezko zutoinez eta toldo gisako olan zuriz osatutako egitura horrek gutxi gorabehera lau metroko altuera izango du. Zutoietan faroak erantsiko dira. Posta kalean jartzekoa den pergolak merkataritza ardatz hori dinamizatzeko xedea du. Jolastokian dabiltzan haurrak babesteko aukera ere eman dezake. Bestetik, funtsezkoa da aparkalekuaren eremutik kanpo jartzea, azpiegitura horren gainean jartzeak arazo teknikoak sortzen baititu, behar dituen ainguratzeak eta lasta direla kausa.

Azoka plazaren aldean, Santa Barbara plazara ematen duen irteera berria egokituko da, eskailerez eta arrapalaz osatua, eta horrek mahaitxoak jartzeko aukera emango die gastrotabernei. Orobat, plazaren aurreko hiru parterreak kenduko dira, eta horrela espazio zabal bat libre geratuko da. Plazaren hegoaldetik ekialderaino doan parterrea, ordea, bere horretan utziko da. Leizaola Lehendakariaren plazan, berriz, altzariak aldatuko dira, Santa Barbara plazatik gertuen dagoen parterrea kenduko eta txorkoak berrituko.

Aparkalekua, argiztapena eta saneamendua

Aparkalekuari dagokionez, Udalak osorik eraberritzeko asmoa du, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren betekizunei egokitzearren, eta airea kanporatzeko sistemak berritu eta suteen kontrako segurtasuna hobetuko dira. Aparkalekuaren irisgarritasuna ere hobetuko da. Ibilgailuak Bake kalera aterako dira, Posta kalean barrena. Erabiltzaileen sarbideei dagokienez, orain dauden bi sarbideen ordez (batek igogailua du), lau sarbide jarriko dira (eta bitan izango da igogailua). Aparkalekura sartu eta bertatik irteteko “etxola” horiek aireztatzeko eta airea kanporatzeko ere balioko dute.

Gasteizen egiten ari diren beste obra garrantzitsuetan bezala, Udalak inguruneko argiztapena hobetzeko baliatuko du aukera, oraingo argien ordez led teknologia instalatuz, eta AMVISAren saneamendu eta hornikuntza sarea ere berrituko ditu.

 

 

Share