Prentsa Oharren banner

Industriari Laguntzeko Plana azaldu die alkateak enpresaren esparruko agente nagusiei

 

 

 

 

 

 

Industriari Laguntzeko 2017-2020 Plana aurkeztu die Gorka Urtaran alkateak Industria Mahaian bildutako Gasteizko enpresaren esparruko agente nagusiei. Sei enpresa-elkarte eta -plataformaren ordezkariak izan dira bertan, baita Gasteizko bost enpresa handirenak ere. Saio monografikoa izan da, eta Gobernu Batzarrak urriaren hasieran onetsi zuen planaren ildo nagusiak azaldu ditu bertan alkateak. Izan ere, plana abian da dagoeneko, eta industrialdeetako hainbat kale berritzeko lehen kontratazioak egiten hasiak.

Ildo horretatik, Ehari-Gobeuko industrialdean —Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleak—, Gamarrakoan —Larragana kalea— eta Jundiz kalean egitekoak diren lanak zehaztu ditu Urtaranek, lizitaziora atera diren lehen esku-hartzeak izaki; orobat, industrialdeetako seinaleztapen horizontala berrituko da. Jarduera horietarako aurrekontu orokorra ia 1,5 milioi euro da.

Industrialdeak birgaitzeko jarduerez gain, Industriari Laguntzeko Planak beste neurri batzuk aurreikusten ditu: garraio publikoa garatzea, industrialde guztietara joateko bidegorriak sortzea, eta segurtasunarekin zein berdeguneak mantentzearekin lotutako neurriak.

Industriari Laguntzeko Planean —Gasteizko Udalak alor horretan onesten duen lehena—  jasotako beste alderdi nabarmengarri batzuek 4.0 industria eta ekonomia zirkularra ezartzearekin dute zerikusia. Industrialdeetan banda zabaleko sareak hedatzeko aurreikusitako aurrerapenen berri eman du Urtaranek. Orobat, automozioaren eta logistikaren inguruan industria-hub bat eratzeko proiektua planteatu du, hiria erreferentea bihurtu dadin arlo horietan.

Azkenik, alkateak nabarmendu du prestakuntza ezinbesteko tresna dela kalitateko enplegua sortzeko; lanbide heziketan eta unibertsitatean une honetan dagoen eskaintzaren kalitatea aitortu du, eta enplegurako prestakuntzaren arloko politikekin zerikusia duten erakundeen artean lankidetzan aritzeko erronka berriak planteatu ditu.

Share