Prentsa Oharren banner

Gizarte Politiken Sailak 8,6 milioi eurotik gora jarriko du Etxean Laguntzeko Zerbitzuaren kontratu berrirako, zeinaren bidez mila pertsonari baino gehiagori ematen baitzaie arreta

Tokiko Gobernu Batzarrak Etxean Laguntzeko Zerbitzua kontratatzeko dosierra abiaraztea onetsi du gaur; kopuru handiena duten udal kontratuetako bat da, 8.643.062 euroko aurrekontua baitu bi urterako, 2018ko uztailetik 2020ko uztailera arte.

Etxean Laguntzeko Zerbitzua familia edo gizarte sostengurik ez duten pertsonei zuzenduta dago, autonomia mugak (aldi baterako edo iraunkorrak) dituztelarik eguneroko oinarrizko zereginak betetzerik ez dutenean. “Zerbitzuaren bidez zailtasun horiei aurre egiten eta ohiko bizilekuan jarraitzen laguntzen diegu pertsona horiei, eta bizi-kalitatea hobetzen. Oso laguntza garrantzitsua da, baina ez du inola ere ordezten familiek pertsona horiekin duten erantzukizuna”, azaldu du Peio López de Munain zinegotziak.

Etxean Laguntzeko Zerbitzua asistentzia eta prebentzio zerbitzua da, eta prestazio hauek barne hartzen ditu:

  • Laguntza etxeko lanak egiterakoan.
  • Laguntza norberaren higiene eta zaintza beharrak betetzerakoan.
  • Gizarte harremana eta sostengua.

López de Munainek nabarmendu duenez, Etxean Laguntzeko Zerbitzuak “ pertsonak eta etxea zaintzeko laguntza eskaintzen du, eta akonpainamendua, erabiltzaileak beren bizilekuan moldatu daitezen eta ingurune komunitarioan integratu daitezen, bakardadea eragotziz. Pertsona horiek beste batzuekin bizi direnean, bizikidetza giro ona izaten ere laguntzen du”.

Prebentziozko zerbitzua da, premia fase goiztiarretan esku hartzen duelako, gainbehera pertsonala eta soziala eragotziz eta erabiltzaileak beste gizarte baliabide batzuetara joan eta bizilekua utzi behar izatea ahalik eta gehien atzeratuz. Bestetik, asistentzia zerbitzua da, berehalako eta gertuko sostengua eskaintzen duelako.

2018ko urtarrilaren 31n, Gizarte Politiken Sailak 1.081 pertsonari ematen zien Etxean Laguntzeko Zerbitzua; beste 63, aldiz, zaintzaileentzako arnasa hartzeko zerbitzuaz baliatzen ari ziren; Etxean Laguntzeko Zerbitzuaren aldagai horrek laguntza ematen die senitartekoei zaindutako pertsonaren etxean, zaintza lana familia, lan edo gizarte bizitzarekin bateratzerik izan dezaten.

Share