Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 martxoa 2018 17:15

 

Kultura, Hezkuntza eta Kirol alorretako zinegotzi Estíbaliz Cantok Alderdi Popularrari erantzun nahi izan dio, gaur udal gobernua Iradier Arenan dirua xahutzeaz eta kudeaketa txarra egiteaz salatzeko PPk egin duen prentsa aurrekoaren harira.

“Berea fiskaltzatik pasa zenetik, Alderdi Popularrak ez du zilegitasunik Iradier Arenaren kudeaketa-ereduez hitz egiteko”. Horixe argudiatu du udal instalazioaren arduradun zinegotziak, erabateko irmotasunez, eta ondotik ukatu egin du diru-xahuketa denik ere.

Proposatu dugun kudeaketa-eredua, -argitu du Cantok- proaktiboa da, ez ditu kudeatzen soilik gugana iritsitako eskakizunak, horrez gain erakarri egin nahi ditu geniago; are gehiago, lehen funtzionario batek gauzatzen zituenakj baino funtzio gehiago dira orain”. “Edonola ere, xahuketa beste zerbait da –jakinarazi du –, xahuketa izan zen 13 milioitik gorako proiektu bat, lehentasuna ez zen obra bat egiteko, gabezia ugari izan zituena, eta zezen-plaza erabilera anitzeko instalazioa bihurtu nahi zuena (nahiz eta lortu ez); xahuketa izan zen baita –frogatuta geratu zen bezala– kontzertutan milioi bat eurotik gorako diru-sarrera galtzea. Hori bai da kudeaketa negargarria”.

Cantoren aburuz, gainera “PPk oso oroimen laburra dauka, lehenik lau urte izan zituelako zeregin horietan aritzeko –eta egin ez–, eta bestetik gobernuan egon zen tartean urtean 80 ekimen inguru egingo zituela agindu zuelako, baina horietatik heren bat ere ez duelako burutu. Horrenbestez – berretsi du –, gauza bat proposamen bat egitea da, bidegarritasun handi edo txikiagokoa delarik ere, eta beste bat proposamen hori kritika politikoa egiteko aitzakia izatea”.

Izan ere, Cantok salatu du PPk lau elementutan egin duela gezur, xahuketa eta kudeaketa txarraren tesi faltsuari eusteko: “Lehenik eta behin, zeregin horretan teknikari xume bat dabilela pentsatzeko bidea eman duenean, ondo dakitelarik Saileko buru batek egiten duela lan hori, berak bakarrik, bere funtzioetatik kanpo arituaz, eta horrek berekin dakarren gainzamarekin”.

Bigarrenik, Cantok kontratuaren zenbatekoa atera du hizpidera, “25.000 euro urteko, eta ez 60.000”; hirugarrenik, “esan dutenean beste zerbitzu batzuk kanpora atera gabe egiten direla, nahiz eta badakiten Kulturaren alorrean, Antzoki Sarean edo kirol Zerbitzuan ere kanpoko enpresetara jotzen dela mantenimendu edo atezaintza zerbitzuen kasuan; baina –amaitu du Cantok–, gezur esan dute, batez ere, ekimen jakin bat kolokan egon dela koordinazioa hutsengatik. Azken hori gezurra da, gezur sinple bezain garbia, eta animatu egiten ditugu frogatzera”.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. Europa jauregian egingo den gizarte ekonomiari buruzko NESI Foroa aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; eta NESI Foroko zuzendari Diego Isabel La Moneda

Eguna. Ostirala, martxoak 2

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————–

Luis Aranburu Musika Eskolako irudi berria aurkeztea, bere 25. urteurrena dela eta

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Ostirala, martxoak 2

Ordua. 10:30

Tokia. Luis Aranburu musika eskola (Hedegile kalea, 108)

————————————

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, martxoak 2

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————

Prentsaurrekoa. Arte eta Goimailako Diseinu Eskolako irudi berria aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Ostirala, martxoak 2

Ordua. 11:00

Tokia. Artium museoko auditorioa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:42

Asteartean, martxoak 6, hiriko hiru ikastetxetako 180 haur bilduko dituen jardunaldia izango Europa biltzar-jauregian. Bertan, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak landu duen eta duela zenbait aste ezagutzera eman zen Gasteizko haur eta nerabeen egoerari buruzko diagnostiko-azterlana aurkeztuko zaie.

Gorka Urtaran alkatea eta Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munain izango dira topaketaren buru, eta beren iritziak, iradokizunak eta ekarpenak emango dituzte jakitera ikasleek. “Haur eta Nerabeentzako II. Tokiko Plana lantzeko balioko digu horrek, horren bitartez diseinatuko baititugu haur eta nerabeen eta horien familien eskubideak betetzen direla bermatzera zuzendutako ekintzak. Gure jarduerak optimizatzeko aukera emango digu, haurren bizi-kalitatea hobetzeko eta garapen ebolutiboa bultzatu eta sustatzeko, baita partaidetza ere”, azaldu du Peio López de Munainek.

Diagnostiko-azterlana egiteko, hainbat estatistika-iturri baliatu dira, baita gizarte-eragileei eta profesionalei egindako elkarrizketak, eztabaida-taldeak eta beste azterlan batzuk ere, eta, era berean, hainbat ikastetxetako 1.000 bat haurrek parte hartu zuten galdeketako erantzunak. Ikasle horien guztien ordezkariak egongo dira astearteko jardunaldian, Abendaño eta Santa Maria HLHIko eta CEU Virgen Niña ikastetxeko ikasleak. “Prozesu honetako partaide sentiarazi nahi diegu, benetako protagonistak diren aldetik”, adierazi du López de Munainek.

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzua lantzen ari den Haur eta Nerabeentzako II. Tokiko Plana egiteko funtsezko oinarria izango da haur eta nerabeen egoerari buruzko azterlan hori. Aldi berean, Gasteizek UNICEFen Haurren Lagun diren Hirien ziurtagiria lortu ahal izateko bete beharreko baldintzetako bat beteko da horrekin, eta, hartara, onespen hori aurten lortzea espero da.

JARDUNALDIAREN EGITARAUA

 10:00-10:30. Ongietorria eta diagnostiko-azterlanaren emaitzen aurkezpena.

 Harrera, Oihulari Clown-en eskutik.

Alkatearen ongietorria.

Diagnostiko-azterlanaren emaitzen aurkezpena.

 10:30-11:15. Elkarlan- eta lankidetza-saio komuna.

 Talde-lana.   Zer egin behar da Gasteizen egoera hori hobetzeko?

11:15 -11:45.  Ondorioak.

Taldeen ondorioak bateratzea, Bocabeats Comedia rap-taldearen partaidetzarekin.

11:45-12:10. Eskerrak ematea eta agurra.

 Peio López de Munain alkateorde eta Udaleko Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotziak egingo du agurra.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:40

Gorka Urtaran alkateak, korporazioko kideek, biktimetako baten alabak eta zenbait herritarrek hartu dute parte Sagrado Corazón ikastetxearen aurreko monolitoaren inaugurazioan

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Maruja Ruizen adierazpenak

Gaurtik aurrera, Gasteizek  gerra zibilean eta diktadura frankistan atxilotu eta umiliatutako emakume ugariak gogoratuko ditu, Sagrado Corazón ikastetxearen aurrean jarritako oroitzapenezko gunearen bidez, garai hartan emakumeen kartzela izan baitzen.

Gorka Urtaran alkateak, korporazioko kideek eta zenbait herritarrek hartu dute parte biktima haiek guztiak gogoratuko dituen monolitoaren inaugurazioan, zeina Manuel Iradier eta Foru kaleen arteko bidegurutzean ipini baita. Haien artean zegoen Maruja Ruiz Fernández, kartzela hartan preso egon zen emakume baten —Columba Fernández— alaba; hark eta bere bi nebek ez zuten berriro ikusi ama, osasun-arrazoiak zirela eta kartzelatik atera ondoren. Aita ere Bake kaleko kartzelan egon zen preso, eta fusilatu egin zuten. Marujak eskertu du ekitaldi hau,  “nahiz eta berandu xamar egin. Oso pozik nago gaur talde politiko guztiak eta jende guzti hau ikusteaz”.

“Memoriagune” deritzenen bidez, frankismoak Gasteizen eragindako biktima orori aintzatespena, elkartasuna eta maitasuna adierazi nahi zaizkie, eta Memoria Historikoa berreskuratzeko Udalak 2018an egingo dituen jardueretako bat da.

 

Alkateak azpimarratu duenez, “emakumeen kasuan errepresioa bikoitza izan zen. Batetik, errepresio ideologikoa, altxamenduari eta errepresio frankistari kontra egiteagatik; bestetik, genero errepresioa, bizitza publikoan onartzen ez zitzaien rola bete izateagatik. Bortxaketez gain, beste umiliazio eta eraso jasan behar izan zituzten, hala nola ilea larru-arrasean moztea edo errizino-olioa edanaraztea. Ikusezin bihurtu nahi izan zituzten, eta gaur haiek guztiak dakartzagu gogora”. 

 

Memoria Historikoaren Planaren barruko ekintzak alkate dekretu batean daude jasota, zeinaren oinarria baita gaia lantzeko sortutako lan-taldearen ondorioei jarraituz 2017ko urtarrileko osoko bilkuran hartutako erabakia; EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE, Podemos eta Irabazi-Ganar talde politikoek alde bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:54

 

 

 

 

 

 

2017an, 16 eta 30 urte bitarteko gazteei aisialdirako aukerak ematen dizkien programak bikoiztu egin zituen erabilerak aurreko urtearen aldean 

dossier UDABERRIA-UDA 2018

Gauekoak programak udaberri eta uda energikoak bizitzeko erronka egiten die gazteei, askotariko aisialdiko jarduerak (musika, sorkuntza, kultura eta kirola) eskainiz hogeita hamar espaziotan —udalarenak zein pribatuak— eta aire zabalean,  “aisialdi eta denbora libre inklusibo, parte-hartzaile eta integratzailetik sortzeko espazioa lortzeko, gure hiria gazteen ikuspegitik ere eraikitzen lagunduko duena. Gazteen parte-hartze aktiboa eta gazte elkarteen zein banakoen eta tokiko administrazioaren arteko kudeaketa partekatua dira programaren oinarriak, programa partaidetzazko proiektu gisa eraiki eta gauzatzen baita“, azaldu du Gazteria zinegotzi Iñaki Prusillak.

Prusillak Gauekoak programaren ordezkari Odei Catalán eta Gazteria Zerbitzuko buru Oskar Fernandez Jarasekin batera aurkeztu du 2018ko udaberri-udako egitaraua; nabarmendu dutenez, “denboraldi energikoa, erakargarria eta heterogeneoa da, Gasteizeko gazteei aisialdirako aukera amaigabea eskaintzeko”.

27 elkarte inguruk laguntzen dute parte Gauekoak programa garatzen eta sendotzen. Horiek ordezkatzen dituen lan-taldeak emaitza onak lortu zituen 2017an: parte hartzea handitu egin zen, eta emakumeen presentzia ere gorantz doa programazioaren alor guztietan; orobat, aurreko denboraldietan baino jarduera gehiago antolatu ziren. Zenbakietan, 13.077 pertsonak hartu zuten parte, 2016ko kopuruaren bikoitza ia (6.780). Emakumeen presentzia 5 puntu igo zen, eta partaidetzaren % 47 izatera iritsi zen; )

Share