Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 martxoa 2018 13:20

EKITALDIAREN BIDEOA

Ekitaldian Iñigo Agirre artistaren eskultura bat inauguratu da

“Beraien bizitzekin bukatzen saiatu ziren baina justu kontrakoa lortu zuten”, gogoratu du alkateak

“Beraien heriotzak ez ziren alferrik izan, beraiei esker demokrazian bizi gara gu”, esan du Teodoro Gonzalez de Zarateren bilobak

 

GORKA URTARAN ALKATEAREN ADIERAZPENAK (AUDIOA)

Gasteizko Udalak omenaldia egin die Teodoro González de Zárate alkate izan zenari eta erregimen frankistak hildako edo zigortutako pertsona guztiei. Teodoro González de Zárate demokratikoki hautatu zuten, eta hiriko alkatea izan zen 1931tik 1936ra arte; tropa frankistek Azazetako mendatean fusilatu zuten, altxamenduaren aurkako taldeetako beste 15 pertsonarekin batera. Horien artean, Juan Francisco Díaz de Arcaya Gasteizko zinegotzi sozialista.

 

Posta kalearen eta Agirre Lehendakariaren kalearen arteko bidegurutzean egin da ekitaldia, eta bertan izan dira alkate Gorka Urtaran, Udalbatzako zenbait zinegotzi, euskal erakundeetako ordezkariak, eta hainbat herritar. Teodoro González de Zárateren eta Juan Francisco Díaz de Arcayaren senideek ere bat egin dute omenaldiarekin.

 

Iñigo Agirre artistak egindako eskultura bat inauguratu da, beren ideia politikoengatik eta gerra garaian eta diktaduran demokrazia eta askatasuna defendatzeagatik errepresioa jasan zuten pertsonak aintzat hartzeko. Oroitzapenezko xafla bat darama eskulturak, gertakariak kontatzen dituen testu labur batekin. Orobat, ohorezko aurreskua dantzatu da.

 

“Gizon ona, zintzoa, zuzena eta bateratzailea izan zen Teodoro Gonzalez de Zárate”, esan du Gorka Urtaran alkateak. “Hiriarekin eta bertakoekin konprometitutako gizona. Eta berdintasunarekin, askatasunarekin eta justizia sozialarekin konprometitua”. Alkateak, gainera, frankismoaren aurka borrokatu zuten emakumeak goraipatu ditu. Eta esan du, bai Teodoro González de Zárate eta baita frankismoaren errepresioa pairatu zuten guztiek “gaur egiten diegun omenaldia merezi” dutela. Demokrazia, askatasuna eta berdintasuna defendatu zutelako. Gainera, Gorka Urtaranek azpimarratu duenez “beraien bizitzekin bukatzen saiatu ziren baina justu kontrakoa lortu zuten: betikotasuna. Beraiena eta defendatu zituzten ideiena”.

 

Maite González de Záratek, Teodoro González de Zárateren bilobak, esan duenez “gizon hauek eta beste asko askatasuna eta adierazpen askatasuna defendatzeagatik hil zituzten”. Baina beraien heriotzak ez ziren alferrik izan.  “Beraiei esker gu gaur demokrazian bizi gara”.

 

Ekintza horren bidez, baita “memoriagune” edo oroimen-lekuen seinaleztapenaren bidez ere, frankismoak Gasteizen eragindako biktima orori aintzatespena, elkartasuna eta maitasuna adierazi nahi zaizkie. Memoria Historikoa berreskuratzeko Udalak 2018an egingo dituen jardueretako batzuk dira. Hain zuzen ere, alkate dekretuz onetsitako Memoria Historikoaren Planean daude jasota ekintza horiek, zeinak oinarrian 2017ko urtarrileko osoko bilkuran hartutako erabakia baitu; EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE, Podemos eta Irabazi-Ganar talde politikoek alde bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen.

 

 

Share