Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 martxoa 2018 19:04

Alkateak kontu-emateko tresna berria aurkeztu du, zeinak aukera ematen baitu Gobernu Plan Estrategikoaren gauzatze-ehunekoa eta betetze-maila hori erakusten duten agiriak egiaztatzeko

Agintaldiaren hasieran iragarritako 206 konpromisoak jasotzen ditu planak, eta gaur egun % 77koa da betetze-maila orokorra

 ALKATEAREN AUDIOA

Gorka Urtaran alkateak kontu-emateko tresna berria aurkeztu dizkie elkargune eta auzoguneen ordezkariei, elkarte eta taldeei zein udaleko alderdi politikoei; tresna horrek azterketapean jartzen du agintaldiaren hasieran iragarri zen Gobernu Plan Estrategikoan jasotako konpromisoen kudeaketa.

Udal gobernuak hartutako konpromisoak zenbateraino bete diren jarraipena egin dezakete herritarrek tresna horren bitartez. Bazter utzitako ekintzei buruzko informazioa eta horren zergatia ere jasotzen du.

Udal antolakuntzaren barruko kultura berri batean sinesten dugu, eta kudeaketa-eredu gardenagoa batean, zeina irauteko etorri baita.  Eguneroko jardueran gardentasuna txertatzen duen kudeaketa publikoaren eredua. Kudeaketa-eredu horretan, zer egiten den, nola eta zergatik jakinarazten da, eta egiten den guztiaz, gastatzen den diruaz kontu ematen…, beti hizkuntza erraz eta ulergarrian. Eredu horretan, erantzun egiten zaie herritarrek egindako kontsultei, arin eta zehatz, informazioa garaiz eta behar bezala emanda, legeek aurreikusten dutenaren ildotik. Orobat, herritarrak kontuan hartzen dira politika publikoak sortu, kudeatu eta ebaluatzeko“, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Gasteizko Udalaren 2015-2019 Gobernu Plan Estrategikoa 206 konpromisotan gauzatzen da, hiru erronka handik barne hartzen dituzten zazpi ildo estrategikotan banatuta. Kontu-emateko diseinatutako metodologiak aukera ematen du konpromisoetako bakoitzaren gauzatze-ehunekoa egiaztatzeko, modu banakatuan, betetze-maila hori erakusten duten ebidentziak begien bistan jarriz.

Gainera, betetze-maila kontsultatzeko bi aukera ematen da: konpromisoak tipologiaren arabera multzokatuta edo ardura duen sail edo zerbitzuaren arabera.

Tipologia bakoitzari esleitutako ehunekoen arabera neurtzen da konpromisoen eboluzioa, eta ekintza edo ekimen motaren arabera. Identifikatutako konpromisoetan aurrerapenak gertatu ahala eguneratzen da tresna.

Une honetan, agintaldiaren hasieran hartutako konpromisoen arteko 105 “gauzatuta” daude; 95, “gauzatze-bidean”, eta 6 baztertu egin dira. Planaren betetze-maila % 77koa da.

Kudeaketa publikoaren eredu berria

Gaur aurkeztutako kontu-emate sistemaren ezarpena Alkatetza Sailaren mende dagoen Herritarrentzako Arretaren eta Gardentasunaren Zerbitzuak sustatutako kudeaketa publikoaren eredu berriaren ataletako bat da.  “Argi dugu zein balio eta printzipiok gidatu behar gaituzten: gardentasuna, ikuspuntu aktibo zein pasibotik (informatu, entzun eta erantzun); partaidetza eta kontu-ematea. Herritarrek kontzientzia hartua dute, eta orain arte administrazio publikoarekiko harremanean ontzat ematen genituen eskemek baliagarri izateari utzi diote. Erakundean lan egiten dugunok ere “txip” aldaketa hori gureganatu behar dugu. Teknologia berrien eta kontzientzia sozial handiagoaren eskutik, herritarrak eta administrazioa maila berean kokatzen hasi dira haien arteko ezinbesteko erlazioan, eta erakundeen makineria burokratikoek agertoki berri horretara egokitu behar dute. Gizarte agindu bat dugu, eta horri erantzuteko konpromisoa hartu dugu”, azaldu du alkateak.

Gardentasun Plan Operatiboak artikulatzen du eredu berri hori. Duela bi urte onetsi zen plana, eta, besteak beste, kontu-emateko sistema abian jartzea eta  zerbitzuen katalogoa eta kode etiko bat lantzea aurreikusten zuen; udal gobernua azkentzen ari da lan hori. Horretaz gain, Udalak beste tresna bat jarriko du laster herritarren eskura, udal aurrekontuak era grafiko eta ulergarrian aurkezten duena.

Azken urteetan, Udalak pauso erabakigarriak eman ditu gardentasunaren eta gobernu onaren alorrean. Gardentasun Ataria, herritarrek informazio publikoa eskuratzeko administrazio-prozedura ezarri da, herritarrei datu irekiak eskaintzen zaizkie berrerabiltzeko, Open Data atariaren bitartez, eta kanporako komunikazioa zein barne komunikazioaren kudeaketa hobetzeko lan egiten ari da, baita udal antolakuntzaren barruan  etika kontrolatzeko sistema bat lantzen.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Angulemako bi ikastetxeko ikasleek udaletxea bisitatuko dute

Udalak harrera egingo die Frantziako Angulema hiriko Marguerite de Valois eta Sainte Marthe-Chavagnes ikastetxeetako ikasleei; Vitoria-Gasteizera etorri dira Kultur Trukeak direla eta, Olabide Ikastolak gonbidatuta.

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, martxoak 14

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

————————-

Prentsaurrekoa. ‘La Dama Duende’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Antzezlaneko zuzendari Elena Pimenta; eta antzeztaldeko partaideak

Eguna. Asteazkena, martxoak 14

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————

GRAVNI Txapelketan parte hartuko duen Euskal Pilotaren Arabako Selekzioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martinez de Luna; eta Arabako Pilota Federazioko presidente Iker Gereta

Eguna. Asteazkena, martxoak 14

Ordua. 19:00

Tokia. Ogeta pilotalekua

Share


– Paisaiari buruzko jardunaldiak maiatzaren 30etik ekainera bitartean izango dira “2050 ikuspegia – hiria naturarekin berriz lotzen” izenburupean. Hiri inguruko parkeetan erreferente diren beste herri eta estatu batzuetako ordezkariak izango dira bertan, Singapur eta Bergamo hirietakoak eta Virginia edo New Yorkekoak esaterako.

– Maiatzaren 28tik ekainaren 8ra, paisaiari buruzko “2050 ikuspegia: Eraztun Berdea gogoetagai” nazioarteko lantegia egingo da, eta Gasteizko Eraztun Berdearen eta horren periferiaren bilakaerarako ardatzak bilatuko ditu.

Gasteizko Eraztun Berdearen 25. urteurrena dela eta, hiriaren eta naturaren arteko loturari eta lurraldeen erresilentziari buruzko hausnarketarako gune izango da Gasteiz mundu osoan. Europa jauregiak paisaiari buruzko “2050 ikuspegia- hiria naturarekin lotzen” jardunaldiak hartuko ditu maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean. Jardunaldi hauek Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatu ditu Hiri paisaiari buruzko 6. foroaren baitan. “Klima-aldaketaren inguruan sortutako paradigma berrituek, lurraldeen erresilentziak, nekazaritza-jarduerak, energiak eta nekazaritzako elikagaien sistemek, besteak beste, ingurumenarekin harmoniatsuagoa den lurralde bat izatera bideratzen gaituzte. Planetan egiten diren esperientzia eta ikuspegi berriak ezagutu nahi ditugu, gure lurraldearen –eraztun berdearen eta gainerakoen– etorkizunari buruzko hausnarketa egiten lagunduko digutenak” adierazi du Gasteizko Udaleko Ingurumeneko zinegotzi eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakari Iñaki Prusillak.

Munduko aditu nagusiak izango dira jardunaldietan. Maiatzaren 30ean, esaterako, European Topic Center on Biological Diversity zentroko zuzendari Dominique Richard andreak emango dio hasiera eztabaidari, eta ondoren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zuzendari Luis Andres Orive eta University College London ikastetxeko Rebeca Dios arituko dira– azken hau eraztun berdeetan espezializatutako ikertzailea–. Arratsaldez nazioarteko erreferente nagusietako bi aditu izango dira: Virginiako Unibertsitateko Thimothy Beatley eta Singapurreko National Parks Board-eko Lena Chan. Ondorengo egunetan hausnarketa eta eztabaidekin jarraituko da, eta honako hizlariak izango dira, besteak beste: Fundicot-eko lehendakari Antonio Serrano, Nueva Yorkeko Syracuse unibertsitateko irakasle Emanuel Carter, Bergamoko unibertsitatekoa eta Dei Colli parkeko administraria, Energi Cities-eko Miriam Eisermann eta Fernando Prats hiri-arkitektoa, besteak beste.

Nazioarteko lantegia, Eraztun Berdeaz gogoeta egiteko

Maiatzaren 28an, jardunaldiak hasi baino egun batzuk lehenago, hiri paisaiari buruzko nazioarteko lantegiaren beste edizio bat izango da. Hainbat diziplinatako –biologia, soziologia, filosofia, artea, ekonomia, paisajismoa, elikadura, energia…– ikasle, ikertzaile eta profesionalak bilduko dira, 2050era begira eraztun berdeari buruz hausnarketa egiteko, ekainaren 8ra bitartean. Ekimenaren xedeak: etorkizun-egoera proposatzea paradigma global berritik, horren eta periferiaren (nekazaritza, landa eta baso lurrak) bilakaerarako aukerak aztertzea eta garatzeko eta bilakatzeko eredu desberdinak proposatzea.

Hauek izango dira lantegiko gidari: José Fariña, Madrileko unibertsitate politeknikoko hirigintza eta lurralde antolakuntzako katedraduna; Emanuel Carter, Syracuseko unibertsitateko irakasle elkartua; Miriam García Madrileko Camilo José Cela unibertsitateko paisajismo graduko zuzendaria; Yon Barcena, IGIko arkitekto paisajista. Izena emateko curriculuma bidali behar da www.vitoria-gasteiz.org/forourbanodepaisaje helbidera maiatzaren 2a baino lehen. Gehienez 20 parte-hartzaile izango dira. Zehazki, honako gaiak landuko dira: nekazaritzako elikagaien sistemak, nekazaritza eta basogintzako sistemak, energia eta biomasa eta uraren zikloa. Estatuko eta nazioarteko adituak izango dira Gasteizen 2 astez, eta Eraztun Berdearen eta lurraldearen datozen 25 urteen gaineko hausnarketa egiten, eta erantzunak aurkitzen lagunduko dute.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:49

Ostegunean jardunaldi bat egingo da Hegoalde gizarte etxean, haur eta nerabeen oraingo egoera eta etorkizuna aztertzeko, hori gakoa baita Haur eta Nerabeentzako II. Plana (PLINA) lantzeko; Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saila zenbait hilabete daramatza plana taxutzen.

Jardunaldia 9:0etan hasiko da, Gorka Urtaran alkatea bertan delarik, eta Gasteizko haur eta nerabeen egoerari buruzko ikerketa-diagnostikoa aurkeztuko da, besteak beste. Azterlana egiten lagundu duten ikasleen ordezkarien iritziak ere ezagutaraziko dira; hain zuzen ere, aurreko astean horrekin lotutako beste jardunaldi batean parte hartu zuten, Europa jauregian. Horretaz gain, haur eta nerabeentzako tokiko politiken plangintzarako joerak aztertuko dira, eta II. PLINAren ildo estrategikoak eta helburuak.

Haur eta Nerabeen II. Plana

2009ko apirilean abiarazi zen I. PLINA, eta haren indarraldia amaitu zelarik, Gasteizko Udalak bigarren plana taxutzeko zenbait kontsulta-prozesuri ekin zion, beste lan batzuekin batera. Helburua da lan-esparru komuna ezartzea haur eta nerabeekin zerikusia duten udal sailen jardueretarako.

Hasteko, haur eta nerabeen diagnosi-azterlana egin zen, PLINA berria idazteko oinarri gisa. Partaidetza-prozesuaren barruan, talde eta organoei azterlanaren emaitzak jakinarazi zaizkie, parte-hartzaileei arreta eman dieten iritziak eta datuak jaso dira, eta prozesuan esku hartzen duten profesionalen eguneroko lanarekin alderatu dira datuak.

Oraingoz, 250 pertsona inguruk hartu dute parte II. PLINA idazten laguntzeko eratutako talde eta organoetan, eta dagoeneko lehen zirriborroa taxutu da, ildo estrategiko hauekin:

  • Haur eta nerabeei eta familiei zuzendutako jardueretan  ekitatea sustatzea.
  • Haur eta nerabeen herritartasun aktiboa sustatzea, baita haiek hiriko bizitzan parte hartzea eta haien irudi positiboa zabaltzea ere.
  • Haur eta nerabeentzako hiri inklusiboa, berdinzalea, segurua eta iraunkorra sortzea.
  • Haur eta nerabeen ahultasun eta babesgabetasun egoeretan erresilientzia eta ahalduntze eredua sustatzea.
  • Gasteizko Udalaren jokaera hobetzea, haur, nerabe eta familiak aintzat hartuz.

 

Share