Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 martxoa 2018 17:00

Jarduera fisikoak osasunean duen eragina aztertzeko ikerketa gune bat egin dezan UPV-EHUri ekipamendua uzteko hitzarmena aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto; eta UPV-EHUko errektoreorde Iban Igartua

Eguna. Astelehena, martxoak 5

Ordua. 10:30

Tokia. Unibertsitate Ikerketa Gunea (José Luis Compagnon kalea z/g, Kirol Medikuntza Zentroa zena)

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, martxoak 2

  • Bizikidetza zinegotzi Nerea Melgosak eta Berdintasun zinegotzi Jaione Agirrek parte hartuko dute ‘Emeek Emana’ erakusketaren inaugurazioan 19:00etan, Montehermoson.

 

Larunbata, martxoak 3

  • Andaluziako eguna dela eta, Centro Andaluzek antolatu dituen ekitaldietan parte hartuko dute Jaione Agirre, Carlos Zapatero eta Isabel Martínez zinegotziek 20:00etan, han bertan.

 

Igandea, martxoak 4

  • Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla eta Udal Administrazioaren zinegotzi Carlos Zapatero San Prudentzioren Lagunen Kofradiak antolatutako ekitaldietan izango dira 12:00etan Armentia basilikan.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Araski eta IDK Gipuzkoa taldeek jokatuko duten Saski Baloiko Ligako partida ikusten izango da 12:00etan, Mendizorrotza kiroldegian.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:10

Txostena 2019ko apirilean aurkeztuko dela jotzen da

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri duenez, tranbiaren Zabalganarako luzapenaren informazio-azterlana 2019ko apirilean aurkeztuko dela jotzen da. Gainera, txostenak  kontuan izango ditu udalerriko garraio publikoaren modelizazio azterketa bat —datozen hilabeteetan landuko da— eta Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuspenaren ondorioak —orain egiten ari da hori—. Modelizazioaren helburua da hiriko mugikortasun joerak sakon ezagutzea, bai gaur egungo daudenak bai etorkizunean egon daitezkeenak. Dagoeneko aurreikusi eta programatuta dauden jarduerak ere kontuan hartuko ditu.

“2025erako Estrategiaren helburu nagusietako bat hiriko barne-komunikazioak hobetzen jarraitzea da, Gasteiz ongi konektatuta egon dadin barrurantz, auzoen artean eta industrialdeekin. Horrekin lotuta, udal gobernua ahalegin handia egiten ari da mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren arloan aurreratzeko, garraio publikoa modernizatuz, edukiera ertain eta handiko sarea izan dezagun”, azaldu du alkateak. Gorka Urtaranek etorkizuneko sistema horretarako aurreikusi diren bi zutabeak aipatu ditu: TUVISAk kudeatzen duen egungo linea periferikoan autobus elektriko adimentsua ezartzeko proiektua, eta tranbia Salburura luzatzea. “Bi ekimen estrategikoak dira. Aste honetan bertan bi erronka horietaz mintzatu naiz Salvador Ruedarekin, alegia, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren “aita” den Bartzelonako Hiri Ekologiaren Gelako Mugikortasun Iraunkorreko adituarekin. Hark ere uste du ez dela beharrezkoa programatutako eta Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren barruan aurreikusitako bi proiektu horiek atzera berrikustea”, erantsi du alkateak.

130 leku dituen aparkalekua Ariznabarrean

Autobus elektriko adimentsua linea periferikoan ezartzeari dagokionez, aurreikusitako aparkalekuen galera arintzeko Udalak Ariznabarreko lursail batean sustatuko duen parkinga aurkeztu du alkateak. Adinekoentzako zentro soziokulturalaren ondoko lursailean jarriko da, eta autoentzako 130 leku inguru izango ditu; atzo ezagutarazi zieten auzokoei proiektua. “Auzokoek oso ondo hartu dute ekimena, eta BEAaren ibilbidean ez dutela aldaketarik aurreikusten ere jakinarazi ziguten”, esan du Gasteizko alkateak. “Ariznabarrean 120 toki galduko dira BEA dela kausa, eta aparkaleku berriak 130 toki izango ditu, beraz, auzoak aparkatzeko hamar toki irabaziko ditu”.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:36

Gobernu Batzarrak 23 udaltzain plaza sortzeko hurrengo LEP egiteko beste urrats bat onetsi du

 Gorka Urtaran alkateak gaur iragarri duenez, Udaltzaingoarekiko gatazkan —dagoeneko konpondua— soberan bildutako dirua hiriko hainbat lekutan bide-segurtasuna hobetzeko plan baterako erabiliko da. Bide-segurtasuna hobetzeko plan berezi horrek ia 600.000 euroko zuzkidura izango du, oinezkoentzako pasabideak sortu eta hobetzeko xedez. “Nahi gabe soberan jasotakoa herritarrei itzultzeko modua da”, azaldu du alkateak.

Azaroaren 1etik otsailaren 27ra arte jarritako isunak direla eta soberan bildutako dirua 600.000 euro inguru izango da, izapidetze-prozesu osoa amaitu arte itxaro behar bada ere.  Epe horretan jasotako zenbatekoari iaz epe berean jasotakoa kenduta kalkulatu da kopuru hori.

Ohi bezala, Udaltzaingoak jarritako isun gehienak garaiz ordaintzeko formula baliatuz ordaindu dira, horrek aukera ematen baitu hasieran jarritako isunaren zenbatekoa % 50 murriztea automatikoki. Bestetik, errekurtsoak jarri dira zenbait salaketaren kontra, eta horrek eragotzi egiten du berehalakoan kobratzea. Izapidetzear dauden isunak eta mekanizatu gabe daudenak —tramitazio administratiboari hasiera ematen dio urrats horrek— ustez zertan geratuko diren kalkulatu dute Ogasuneko zerbitzu teknikoek, eta espazio publikoan bideetako segurtasuna hobetzeko plan berezirako erabiliko den soberakina 600.000 euro inguru izango dela jo dute.

Udaltzaingoko LEP

Bestetik, alkateak jakinarazi du Gobernu Batzarrak  aurrekontuko plantillaren aldaketa bat onetsi duela gaur, sindikatu-ordezkaritzarekin eta talde politikoekin adostutakoa, Udaltzaingoko agenteen lanpostu gehiago sortu ahal izateko, zehazki, 12 lanpostu administrazio bereziaren eskalan, udaltzainen eta laguntzaileen azpi-eskalan, C taldean. Horren bitartez, hiriaren hazkundeak berak sortutako eskaera berriei hobeto erantzun nahi zaie.  Udaltzaingorako 23 lanpostu betetzeko hurrengo Lan Eskaintza Publikoan sartuko dira 12 lanpostu horiek.

Laster 23 lanpostu betetzeko egingo den LEP iaz sortutako beste 32 udaltzain lanpostuei gehitzen zaie. Gainera, alkateak iragarri zuenez, eta sindikatuekiko azken akordioan jasota dagoenez, enplegu-eskaintzen prozesu horri beste eskaintza bat gehituko zaio, baina oraindik zehazteko dago zenbat lanpostu izango diren, gobernu zentralak erretiroei buruz ematen duen dekretuaren mende baitago.

Suhiltzaileen LEPerako oinarriak

Alkateak gogogatu du beste LEP bat dagoela martxan, Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuari dagokiona. Otsailean argitaratu ziren oinarriak 20 lanpostu eskaintzeko: suhiltzaile espezialistentzako 15, eta inspektoreordeentzako 5.

Alkateak iragarri zituen prozesuen barruan sartzen dira enplegu-eskaintza horiek, zeinen helburua baita zerbitzuak sendotu eta udal langileriari egonkortasun handiagoa ematea, 2016an egin zen Udaltzaingorako LEParen ildo beretik. Prozesu hori hurrengo urteetan luzatuko da, helburu argi batekin: aldibatekotasuna % 10etik behera jaistea, hiru urtean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:11

Oraindik ere badago sarrerarik martxoaren 20an eta 21ean Principal antzokian egingo den kontzerturako

Luis Aranburu Musika Eskolaren irudi berria inauguratu du gaur ikastetxeko lehendakariak, eta dagoeneko ikus daiteke Hedegile kaleko fatxadan. Izan ere, 25. urteurrena dela eta, berritu egin da lehengo irudiaren diseinua.

Honela azaldu du Cantok: “eskola gazte eta aldi berean esperientzia handiko honen irudia berritu eta eguneratzea izan da helburua, hiru kontzeptu bildurik LA horren inguruan: alde batetik, eskolaren inizialak; bestetik, eskolaren inguruko bost kaleek osatzen duten pentagrama, eta hirugarren elementua, eskolak pentagrama hipotetiko horretan hartzen duen lekua, bigarren eta hirugarren lerroaren artean, ‘la’ musika-nota bera”.

Lankidetza bitarteko, eta 25. urteurrena dela eta eskolaren irudia berritu eta eguneratzeko helburuarekin, Goi-mailako Arte eta Diseinu Eskolako ikasleek Udal Musika Eskolaren logoa diseinatzeko proiektua landu zuten, Maider Telletxea irakaslearen ikasgaiaren barruan.

Andrea Higueras eta Oihane Elorzak egindako lana suertatu zen irabazle —536 euroko balioa duen saria eskuratu zuten—; marka garbi bat sortzea izan zuten helburu, nahikoa sendoa denboran irauteko.

Martxoko jarduerak

25. urteurreneko jarduerekin jarraituz, bi izango dira martxoan. Lehena, martxoaren 19an, Sabin Salaberriren hitzaldi bat. Bera izan zen eskolako lehenengo zuzendaria, eta nola sortu zen azalduko du, auditoriumean, 19:00etan hasita.

Bigarrena, 25. urteurrena ospatzeko martxoaren 20an eta 21ean Principal antzokian egingo den kontzertua —Udal Musika Bandaren, Udal Folklore Akademiaren, Udal Dantza Kontserbatorioaren eta Arte eta Lanbide Eskolaren partaidetzarekin—. Oraindik ere badago sarrerarik salgai, bost euroko prezioan.

www.principalantzokia.org

Cartel Charla

Cartel Concierto

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:11

 

Enplegu plan baten bidez kontratatutako sei pertsonak baliabideak zuzen erabiltzen irakatsiko diete merkatari eta auzokoei

Informazio fasearen ondoren, Udaltzaingoak isunak jartzeko kanpaina egingo du auzo horietan

Gasteizko Udalak Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustatutako informazio-kanpaina bat jarri du abian aste honetan, edukiontziak zuzen erabiliz hiria garbi mantentzeko beharraz kontzientziatzeko.  Gorka Urtaran alkateak gaur goizean azaldu duenez, Udalak enplegu plan baten bidez kontratatutako sei gaztek garatuko dute ekimena.

“Garbiketari buruzko udal ordenantzaren gaineko informazioa ematen ari dira kalean, merkatari zein auzokoei zuzenduta. Lehen fasean, monitoreek Salburuan jardungo dute, establezimenduek eta herritarrek alorrean dituzten eskubide eta betebeharrak modu positiboan azaltzen”, kontatu du alkateak.

 Hiru talde arituko dira, bi goizez eta beste bat arratsaldez. Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuak egin duen programazioari jarraituz, Salburuko 7. eta 8. sektoreetan eta Arkaiaten ekin diote lanari. Martxoaren 5etik 9ra bitartean, Ibaialde eta Santo Tomasen (9. eta 11. sektoreak), eta Izarra eta Larrein inguruetan (10. eta 13. sektoreak) ibiliko dira. Hamabost egunen buruan, Zabalganera aldatuko dira, eta lan bera egingo dute martxoaren bukaerara arte, Mariturrin, Zabalganeko iparraldean eta hegoaldean, Borinbizkarrean, Elexalden eta Aldaian. Taldeak informazio lanak bukatzen dituenean, Udaltzaingoak isunak jartzeko kanpaina egingo du leku beretan. “Herritarrek edukiontziak eta buzoiak zuzen erabiltzea nahi dugu, zaborra kanpoan utzi gabe. Berriro biltzeko zerbitzuetan milioi bat euro gastatu behar dugu urtean, eta hiriaren irudi txarra ematen dute. Gainera, gutxi batzuen portaera bidegabeak Gasteizko bizilagun gehienen lana eta kontzientziazioa iluntzen du”, esan du alkateak.

Proiektu berria Ibaiondon

Bide batez, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalak Ibaiondo auzoan sustatuko duen ekimen pilotu bat iragarri du. Inguru horretan, txikia baita, zati organikoari dagozkion bilketa pneumatikorako buzoiak ontziak botatzeko erabiliko dira. ENVAC enpresaren laguntzarekin egingo da berrikuntza, zeina dagoeneko beste leku batzuetan —Agurainen eta Barakaldon, esaterako— aplikatu baita, arrakastaz. Oraingo sistemaren ordez hondakin organikoak biltzeko edukiontziak jarriko ditu Udalak. Ontzietarako buzoiak horiz margotuko dira, eta erabilera berria azaltzeko kartelak jarriko dira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:52

Gorka Urtaranek aipamen berezia egin die Gasteizko martxoaren 3ko gertakariei, eta eskerrak eman dizkio Martxoak 3 elkarteari, gizon eta emakume gasteiztarrek gertakari tragiko haietan izandako esperientzia ikusarazteagatik 

Gorka Urtaran alkateak gaur iragarri duenez, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa fundazioaren patronatuari eskatuko dio zentroan martxoaren 3ko biktimak ere sartzeko. Proposamen horri uko eginez gero, alkatea hirian espazio propioa sortzen saiatuko da, Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin batera. “Pentsaezina da Gasteizen biktimak oroitzeko jarritako zentro batek aintzat ez izatea gure hirian martxoaren 3an jazotako gertakari tragikoak. Biktima guztiek merezi dute oroitzapena, ordaina eta  justizia”, aldarrikatu du Gorka Urtaranek.

Hirian 1976an gertatutakoaren urteurrenaren bezperan, alkateak eskerrak eman dizkio Martxoak 3 elkarteari, “gizon eta emakume gasteiztarrek bost pertsonaren heriotza eta ehun zauritutik gora eragin zituzten gertakari tragiko haietan izandako esperientzia ikusarazteko egin duten eta egiten ari diren lanagatik. Biktima denek tratu bera merezi dute. Asmoa ez da errudunak bilatzea, edo mendekua, baizik eta aitortzea ez dagoela inolako arrazoirik eskubiderik sakratuena, bizitzeko eskubidea, urratzea justifikatzen duenik.

Era berean, Udalak martxoaren 3ko biktimen kausari laguntzeko  eman dituen pausoak gogoratu ditu alkateak, memoria historikoa ondare kolektibo gisa ezagutu eta gordetzearen aldeko konpromisoarekin lotuta.

Gorka Urtaranek azaldu du, halaber, aurten martxoaren 8a (Emakumeen Nazioarteko Eguna) dela eta Udalak antolatu dituen jarduerek bereziki gogoratuko dituztela  “emakumeen bizipenak eta esperientzia, oroimen pribatura mugatuta gera ez daitezen. Emakumeen antolakundeek eta mugimendu feministak historian eta bereziki gure udalerrian duten zeregin aktiboa ere agerian jarriko da. Izan ere, beharrezkoa bezain bidezkoa da haien esperientzia kolektibo eta historikoa aitortu eta ikusaraztea, eta gizarte bidezko eta berdinzaleagoa lortzeko egindako borroka eta aktibismoari ahotsa ematea. Gaur, martxoaren 3aren bezperan, eskertu behar dugu hainbat taldek gertakari tragiko haietan Gasteizko emakumeek izandako esperientzia ikusarazteko egin duten lana”.  Programan jasotako ekintzetako batzuk Martxoak 3 elkarteak proposatu ditu, Udalak bere jarduera-ildoetako bi oso gogoan izan baititu egitaraua lantzean: memoria berreskuratzea eta emakumeen ahalduntzea.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:44

 Hogeita hamar pertsonak espezialitate horretako profesionaltasun-ziurtagiria lortuko dute

Tokiko Gobernu Batzarrak kontratazio-dosierra onetsi du mendekotasuna duten pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko prestakuntza-programa abian jartzeko. Horri esker, hogeita hamar pertsonak espezialitate horretako profesionaltasun-ziurtagiria lortu ahalko dute, eta oso baliagarria gertatuko zaie beren enplegagarritasuna hobetzeko. Arabako Foru Aldundiaren eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin antolatu du Udalak prestakuntza ibilbide hori.

Etxean arreta soziosanitarioa emateko prestakuntza-programak orotara 480 ordu iraungo du, maiatzetik abendura arte; aurreikusi da parte-hartzaileen % 50 sektorean esperientzia bai baino titulurik ez dutenak izatea, eta beste % 50a bigarren mailako graduatuaren baliokidea den tituluren bat dutenak.

Gai hauek landuko dira: mendekotasuna duten pertsonen higienea eta osasuna, tratamenduak eta elikagaiak, gaitasun fisikoen hobekuntza eta lehen laguntzak, mantentze eta birgaitze psikosoziala eta eguneroko lanetan laguntzea. Kontratuaren aurrekontua 70.000 euro da.

Prestakuntza-ekintzen barruan, enpresetan praktikak egingo dira, gutxienez 120 ordu. Bereziki bi alderdiri emango zaie garrantzia esku-hartzean: emakumeen arteko aukera berdintasunaren printzipioa, eta lanean gizalegezko jarrera eta balioak sustatzea.

2003an ekin zion Udalak arreta soziosanitarioarekin lotutako prestakuntza emateari, espezialitate horretarako profesionaltasun-ziurtagiria sortu aurretik. Harrezkero, 25 ikastaro egin dira, eta 375 pertsonak lortu dute gaitasuna. 2015etik, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatzen dute urtero, prestakuntza programaz elkarrekin arduratzeko.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:43

Jarduera artistikorako hastapen ikastaroak eta uretako jarduerak antolatzeko kontratazio-dosierrak ere onetsi ditu Batzarrak

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik,  Oihaneder Euskararen Etxean euskarazko kultur jardueren programa garatzeko kontratua esleitzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak.

Lazarraga Kultur Elkartea baino  ez da aurkeztu lehiaketara, eta urtebetez —luzatzeko aukerarekin— kudeatuko programa, 210.000 euroko aurrekontuarekin.

Dosierrak onestea

Horretaz gain, Tokiko Gobernu Batzarrak jarduera artistikorako hastapen ikastaroak eta 2018ko uretako jarduerak antolatzeko kontratazio-dosierrak onetsi ditu.

Lehen kontratuaren aurrekontua 410.070 euro da, eta 2018ko urritik 2019ko ekainera arte gauzatuko da.

Bigarrenak 71.671,87 euroko aurrekontua du, eta ekainaren 25etik abuztuaren 31ra arte iraungo du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:40

 

 

 

 

 

 

 

  • Besteak beste, ekonomia zirkularrean, guztien ongiaren ekonomian, kontsumo kontzientean eta kolaborazioaren ekonomian adituak elkartuko dira, klima-aldaketari buruzko proposamenak aztertzeko.
  • Klima-aldaketari maila lokalean aurre egiteko erronkari erantzuteko ekonomia berriak eta berrikuntza soziala izango dira gai nagusiak.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta NESI foroaren zuzendari Diego Isabel La Monedak NESI Klima foroa aurkeztu dute, zeina maiatzaren 9an egingo baita Europa biltzar-jauregian. Nazioarteko ospea duten adituek hartuko dute parte hitzorduan, ekonomia berria, berrikuntza soziala eta klima-aldaketari maila lokalean aurre egiteko irtenbideak hizpide dituztelarik.

“Agintaldi honen hasieratik pausoak eman ditugu udal politikak iraunkortasun hirukoitzaren bidetik joan daitezen. Ingurumenari lotua ez ezik, iraunkortasun ekonomikoa eta soziala, pertsonak tokiko ekintzaren erdigunean jarriz. Berrikuntza sozialean aitzindariak izaten ari gara, baita kopartaidetza eta kosorkuntza proiektuetan ere, eta maiatzean hirian egingo dugun foroaren bidez, Gasteizek bidea markatzen jarraitu nahi du eredu ekonomiko bidezkoagoa diseinatzen”, azaldu du Nerea Melgosak.

Global Hub for the Common Good fundazioa eta NESI (Nuevas Economías e Innovación Social) foroa “Ekonomia berriak eta berrikuntza soziala klima-aldaketari egokitzeko tresna gisa” gaitzat duen azterketa lantzen ari dira. Gasteizen maiatzaren 9an Gasteizko Udalaren laguntzarekin egingo den NESI Klima foroan aurkeztuko dira azterketa horren emaitza nagusiak, eta parte-hartzaileekin batera, galdera hauei erantzuten saiatuko dira: nola lagun dezakete ekonomia berriek klima-aldaketa aritzen eta horri moldatzen?; zein proposamen eta jardunbide egoki zehatz proposatzen dizkigute?; nola aplikatu sektore gakoetan: energia, industria, mugikortasuna, hirigintza, eraikuntza, turismoa edo finantzak?; zein dira udalek egin beharreko lehen urratsak proposamen horiek aplikatzeko?

 

Zer da NESI?

“Global Hub por el Bien Común” fundazioa irabazi-asmorik gabeko antolakundea da, NESI (Nueva Economía e Innovación Social) markaren bidez ezaguna. Think-do-be tank bat da, zeinaren helburua baita “ekonomia berria kosortzea, iraunkorragoa, bidezkoagoa, demokratikoagoa, eta pertsonengan zentratua”.

2017ko apirilean, Ekonomia Berriari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Foro Globalean, “mugimendu ekonomiko berriak” deritzonen nazioarteko ordezkari nagusiak bildu zituen NESIk Málagan, lehenengo aldiz historian. Lau egun iraun zuen Foroak, eta 35 herrialdetako 600 parte-hartzaile baino gehiago bildu ziren bertan, gizartearen hiru sektoreak —pribatua, publikoa eta zibila— ordezkatuz. Lau gai nagusi aztertu ziren: dirua birpentsatzea (bankaren eta finantzen etorkizuna); guztion ongiarentzako antolakundeak birmoldatzea; globalizazioa eta lokalizazioa, eta hezkuntza eta ikaskuntza.

 

NESI Klima foroa

NESI Klima foroa topaketa eta partaidetza gunea izango da, ekonomia berriek klima aldaketaren erronkari aurre egiteko dituzten proposamenak ezagutu nahi dituztenentzat: udal teknikariak, tokiko eta eskualdeetako administrazio publikoen ordezkariak, enpresak, GKEak, unibertsitateak, ikerketa zentroak eta herritarrak.

 

Hauek dira foroaren helburu nagusiak:

  • Jardunbide egokiak ezagutzea: ekonomia berriek hiri inguruneetarako dituzten irtenbide berritzaileen aplikazioa, isurketak gutxitzeko eta hainbat sektoretan (energia, industria, garraioa, hirigintza, eraikuntza, turismoa eta finantzak) klima-aldaketari egokitzeko.
  • Politika publikoak (toki, eskualde eta nazio mailan) garatzeko ardura dutenak informatu eta ekonomia berrien inplementazioan inplikatzea, baita gizarte eta ekonomia agenteak eta herritarrak ere, karbono emisioak gutxitzearren.
  • Inplementaziorako bide-orri praktikoak landu eta eskaintzea toki-erakundeentzat zein eskualde/nazio mailako politika publikoentzat.

Foroan nazioartean ospea duten hizlariak mintzatuko dira; besteak beste, Nicola Cerantola (Ecologing-en fundatzailea eta ekonomia zirkularrean aditua) eta Albert Cañigueral (Ouishare-ren nazioarteko konektorea eta kolaborazioaren ekonomian aditua).

Izen-ematea doakoa da. Parte-hartzaileek bereiz eman beharko dute izena aurretiazko jardunaldirako (maiatzaren 8an, asteartea) eta NESI Klima fororako (maiatzaren 9an, asteazkena). Maiatzaren 9rako izen-emateak bazkaria barne hartzen du. Hori dela eta, foroaren aurretik berriro asistentzia berresteko eskatuko da.

Foroa Gasteizko Europa biltzar jauregian izango da, maiatzaren 8an eta 9an. Hilaren 8an, 17:30etik 20:30era, eta 9an, 08:30etik 18:30era.

Share