Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 martxoa 2018 17:00

Haur eta Nerabeentzako diagnostiko-ikerketari buruzko jardunaldia

Parte hartzaileak. 180 ikaslek ikerketaren emaitzak aztertuko dituzte; Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munain (hasiera emango dio jardunaldiari 10:00etan); eta Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran (jardunaldiaren amaieran izango da 11:15ean)

Eguna. Asteartea, martxoak 6

Ordua. 10:00

Tokia. Europa biltzar jauregia (Olarizu aretoa)

——————————–

Prentsaurrekoa. Zurrumurruen kontrako udal Estrategiaren balantzea eta ekintza berriak aurkeztea

Parte hartzaileak. Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Asteartea, martxoak 6

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:31

 

  • Iragarri du ez duela Unibertsitaterako luzapenari buruzko herritar-kontsultarik eskatuko, martxan baitago
  • Gorka Urtaranek adierazi du “herritarrak lasai egon” daitezkeela, “interes orokorra defendatzen jarraituko dudalako, bai Udalari kalte ekonomikoak aurrezteko bai mugikortasun iraunkorrean aurrera egiteko”

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hiriaren aurrerabidearen aldeko apustua berretsi du gaur eta, zehazki, tranbia hegoalderantz luzatzearen aldekoa —baita posible den auzo guztietara ere—, oposizioa eragozten saiatu arren. Horrekin lotuta, iragarri du ez duela luzapenari buruzko herritar-kontsultarik deituko, oposizioko taldeek joan den urriaren 23an eskatu zutenaren kontra.

Udal zerbitzu juridikoek Gasteizko Administrazioarekiko Auzietarako 1. zenbakiko Epaitegiko titularraren auto bat –ez epaia– jaso dute zeinak ukatu egiten baitu Udalbatzak kontsulta egitea onesteko hartu zuen erabakia eteteko kautelazko neurria. Udal gobernuko zinegotziek errekurritu egin zuten aipatutako erabakia, Udalaren Aholkularitza Juridikoak 2017ko urriaren 20an egindako txosten bati jarraituz; txostenaren arabera, “proposatutako kontsultak ez du betetzen Herritar-kontsulten Araudi Organikoak 5. eta 13. artikuluetan ezarritakoa, ez baita udal eskumeneko gaien ingurukoa“.

Indarrean dagoen legediaren arabera, herritar-kontsulta egiteko hiru baldintza bete behar dira: Udalbatzak gehiengo osoz hartutako erabakia, Estatuko gobernuaren baimena, eta alkateak horri buruz erabakitzea. Udal gobernuaren ustez, onartezina da talde politiko batzuek kontsulta proposatzea noiz eta tranbia hegoalderantz luzatzeari buruzko informazio-azterlana landu, eraikuntza-proiektua idatzi eta lana enpresa bati esleitu ondoren. Geldituko balitz kalte-ordainak ordaindu beharko lirateke, gasteiztar ororen kontura. 

“Alkatea naizen aldetik dudan erantzukizuna kontuan izanik, ezin dut tranbia hegoalderantz luzatzeari buruzko kontsultarik sustatu, eta ez dut egingo, urrian obra esleituta baitzegoen eta, gaur egun, hasita, makinak bete-betean ari direla lanean. Kontsultaren emaitza kontrakoa balitz, eta lanen esleipena geldiarazi beharko balitz, hiriak oso kalte ekonomiko garestiak ordaindu beharko lituzke”, adierazi du alkateak. 

Urtaranen gobernuaren iritziz, ustezko kontsulta lekuz kanpo dago. “Zentzu komunak esaten digu ilogikoa eta arduragabea dela dagoeneko gauzatzen ari den obra bati buruz galdetzea. Oposizioa proiektu estrategikoak boikotatzen saiatu arren, Gasteiz ez da geldituko. Nahiago ditut oposizioaren kritika gogorrak hiria geldiarazi eta aurrera egiten ahalbidetuko dioten berebiziko aukerak galdu baino. Herritarrak lasai egon daitezke, interes orokorra defendatzen jarraituko dudalako, bai Udalari kalte ekonomikoak aurrezteko bai mugikortasun iraunkorrean aurrera egiteko. Tranbia hegoaldera, Salburura eta Zabalganera luzatzea defenditzen jarraituko dut, oposizioak kosta ahala kosta jarri nahi dituen oztopoen gainetik.

Udal gobernua tranbiaren alde dago guztiz, edukiera handiko garraiobide moderno eta iraunkorra delako, eta erabiltzaileek oso ondo balioetsitakoa. “Urteetan, udal talde politiko gehiengoaren sostengua izan du tranbia hegoalderantz luzatzea. Arazoa da orain PPk iritzia aldatu duela, oposizioan dagoelako eta hauteskundeetan pentsatzen ari delako, eta gobernu honi eta, hedaduraz, hiri osoari oztopoak jartzea beste asmorik ez du; Bildu, berriz, ustegabeko konplexuz ari da oraingoan, eta lidergorako ahalmenik gabe, Ahal Duguren bideari jarraituz. Biak herritarren partaidetza perbertitzen ari dira, alderdikeria hutsagatik”. 

Talde politikoek aurreko epe osoan planteatzea zeukaten kontsulta. Izan ere, hiru une gakotan ez dute inola ere horrelako proposamenik egin: lehenengo, proiektua definitzean; gero, informazio-azterlana aurkeztu ondorengo alegazio-prozesuan, eta azkenik, Plan Orokorra aldatzean.

Udal gobernuak garbi du ez diola uko egingo tranbia luzatzeko obrari, inbertsioaren % 80tik gora Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak ordaintzen baitute. Gainera, ustiapenaren defizitak EAEko gobernuak hartuko ditu bere gain, ez Udalak. 

Alkatea herritarren partaidetzaren alde agertu da, ororen artean hiria eraikitzeko bada, ez geldiarazteko. “EAJk eta Alderdi Sozialistak osatzen duten gobernuak herritarren partaidetza defendatzen du, inolako zalantzarik gabe. Halaxe erakusten dute agintaldi honetan arlo horretan eman ditugun eta aurrerantzean ere emango ditugun pausoek, baina beti positiboki eta Gasteizen aurrerabidean pentsatuz, ez paralisia eta kostu ekonomiko handiak besterik ez dakarren tresna gisa”, amaitu du.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:52

Gasteizko Udalak hiru jardunaldi teknologiko antolatu ditu martxorako, 4.0 industriarekin enplegua lortzeko sortu diren aukera berriak azaltzeko. Automatizazio prozesuetan izan diren azken aurrerapenak eta zibersegurtasunaren alor bereziaren eboluzioa agertuko dira, eta bereziki aztertuko da industriaren alorrean berrikuntza posible egin duen alderdietako bat: robotika kolaboratiboa.

Multzo horretako lehen jardunaldia martxoaren 13an izango da, eta 4.0 industriari buruzko sarrera orokorra  egiteko balioko du. Jesús Lizarragak —Mondragon Unibertsitatekoa—industria prozesuetan automatizazio eta eraginkortasun mailak nola hobetu diren laburtuko du. 4.0 ekoizpen ereduak dakartzan enplegu aukera berriak ere aurkeztuko ditu, eta horien erabileraren benetako adibide bat eta abantailak azalduko.

Hurrengo astean, martxoaren 20an, robotika kolaboratiboa izango da jardunaldiaren gaia. Elektronika eta informatika arloan eman den aurrerabideak ekarri duen robot belaunaldi berria ezagutaraziko da. Néstor Aranak —Mondragon Unibertsitatekoa—robotika kolaboratiboaren benetako kasuak erakutsiko ditu, zeintzuk diren aplikazio arlo eraginkorrenak ezagutarazteko.

Azkenik, martxoaren 27an, enpresen zibersegurtasunari buruzko saioa izango da. Enpresetan digitalizazioa eta informazioa trukatzeko sistemak gero eta gehiago erabiltzen direlarik, nabarmen garatu dira zibersegurtasunaren kontzeptua eta aurre egin beharreko eraso-motak. Miguel Fernández —Mondragon Unibertsitateko kidea hori ere— izango da hizlaria.

“Iaz martxan jarri genuen Industria Planaren bidez, 4.0 industria sustatzearen eta eremu horretan kalitateko enplegua mantentzearen alde egin genuen. Hilabete honetako jardunaldi teknologikoekin aurrera jarraituko dugu bi helburuak lortzeko bidean, kualifikazioaren eta etorkizuneko industriak eskatzen dituen lanbideak sustatzearen aldeko apustua eginez”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Jardunaldi teknologikoak IKTen sektoreko profesionalei zein enplegu-aukera berriak aurkitu nahi dituzten langabetuei zuzentzen zaizkie. Jardunaldiak CETICen (Castro Urdiales kalea, 10) izango dira, 18.00etan hasita. Asistentzia doakoa da, aldez aurretik izena eman eta berrespena jaso ondoren.

Informazio gehiago: 2018ko martxoko jardunaldi teknologikoak

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:11

 

 

 

 

 

 

Kirol jardueretara eta ongizatera bideratutako zerbitzu sozio-sanitarioa ere eskainiko du, eta ibilbideak prestatuko ditu herritarrak kirola egitera bultzatzeko.

 

Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok eta EHUren Arabako Campuseko erretoreorde Iván Igartuak Unibertsitateko Ikerketa Gunea inauguratu dute, gaur. Gune hau Kirol Medikuntzaren Zentroak utzitako lekuan dago.

“Jarduera fisikoak osasunean dituen eraginei buruzko ikerketak egiteko baliatuko du Unibertsitate publikoak gune hau” esanez laburbildu du Canto andereak, Kirol Zerbitzuak –Gasteizko Udalak eta Unibertsitateak gaur izenpetutako lagapen hitzarmena tarteko– egindako apustua.

EHUk lortutako emaitzek bi gauzatarako balioko dute; ezagutza zabaltzeko, unibertsitateek egindako azterlan orok bezala, eta horretaz gain, Udalak -gure eskumenen neurrian– azterlan horiek berrerabili ahal izateko“- adierazi du Cantok.

Birmoldaketa horretaz harro nago, bi erakundeek kirolaren eta osasunaren aldeko ahaleginak bateratu dituzte eta” nabarmendu du Cantok. “Orobat nabarmendu behar da aurreko zerbitzu maite baina zaharkitua aldatzeko erabakiak oposizioaren aldeko iritzia izan zuela; oposizioak lau lanpostuak mantentzeko eskatu zuten, eta halaxe egin da“.

 

Zerbitzu sozio-sanitarioa.

Garai bateko Kirol Medikuntzaren Zentroko espazioak erabiltzeko EHUrekin izenpetutako hitzarmen horretaz gain, Cantok orobat iragarri du Kirol Zerbitzuak kirol jardueretara eta ongizatera zuzendutako programa sozio-sanitarioa sortuko duela, “herritar ororentzako programa izango da, eta UKZaren filosofia mantenduko du, udalaren eskumenei dagozkienetan“. Zerbitzuan aurretiaz aritzen zen langileetako bat arduratuko da horretaz.  “Zerbitzu berria, irekia, hiriko kirolariei eta kirola egiten hasi nahi dutenei zuzendua, gehien bat“.

Zerbitzu honen bidez herritarrei zuzendutako jardueren esparrua bultzatuko da, kirol ohiturak hobetu ditzaten, aukera gehiago eskainiko da, jarduera fisikoa egitera hobeto zuzenduta, eta taldeen sasoiaren arabera ” hau da, aholkularitza pertsonala eskainiko da, ibilbide pertsonalizatuen bitartez erabiltzaileek egin ditzaketen jarduera fisikoak ezagutu ditzaten, hainbat parametro kontuan hartuta” azaldu du Cantok.

 

Bi zerbitzu izatera pasa da

Zerbitzu maitatua izanik ere, zaharkitua geratu zen, udal-eskumenekoa izan gabe berritzeko sekulako inbertsioa egin behar zen eta, eta orain bi zerbitzu izatera pasa da. Gasteizko herritarrei Udalaren Kirol Medikuntzaren Zerbitzuan eskaintzen zitzaien zerbitzu bera emango zaie, eta ziur gaude aurrekoarekin baino erabiltzaile gehiago hartuko dituela zuzenean” adierazi du udaleko arduradunak.

Eraiki behar dugun Gasteiz hiriak kirolean erreferente izan behar du, oinarrizko kirolaren eta osasunaren arloan erreferente, eta, ildo horretatik, hauxe da Gasteiz kirolaren hiriburu bihurtzeko jartzen dugun lehen harria” bukatu du.

Share