Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 martxoa 2018 19:49

Ingurugiro eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak jaur arratsaldean Etxe Berdeak programaren hasiera ekitaldian parte hartu du. Berrogeita hamar familiak hartu dute parte Gasteizko Udalak IGI-Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez garatzen duen ekimen horretan, zeinak Vital fundazioaren sostengua eta Leroy Merlinen laguntza baitu. Programaren edizio honetan parte hartuko dutenek etxearen –eta ondorioz, hiriko ingurumenaren– kudeaketa arduratsuagora aldatzeko prozesua biziko dute. Programaren bidez, ur- eta energia-kontsumoaren autokontrola sustatzen da, aurrezteko neurrien eta jokabideen bitartez, eta erosketa etikoagoa eta ekologikoagoa egiten laguntzen.

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. ‘Ulisesen Bidaia’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Gorakada antzeztaldeko zuzendari Alex Díaz

Eguna. Ostirala, martxoak 16

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

—————————–

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, martxoak 16

Ordua. 11:30 (ohi baino ordu erdi beranduago egingo da)

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————

Pariseko lizeo bateko ikasleek udaletxea bisitatuko dute

Udalak harrera egingo die Pariseko Lycée Emilie de Breteuil ikastetxeko ikasle eta irakasleei; Vitoria-Gasteizera etorri dira Kultur Trukeak direla eta, Koldo Mitxelena institututak gonbidatuta.

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Ostirala, martxoak 16

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

————————————

Harrera ekitaldia Tarrasako lanbide hezkuntzako institutu bati

Udalak harrera egingo die Tarrasako Montserrat Roig lanbide hezkuntzako institutuko ikasle eta irakasleei; Vitoria-Gasteizera etorri dira Udalaren gizarte politiken eredua eta haur eskolak ezagutzeko asmoz.

Parte hartzaileak. Alkateorde Peio López de Munain; eta Kultura, hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Ostirala, martxoak 16

Ordua. 13:15

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:36

 

Alkateak eta Udalbatzak Memoria Historikoaren Planean jasotako laugarren “memoriagunea” inauguratu dute

Gorka Urtaran alkatearen adierzpenak

Gaurtik aurrera, Gasteizek Karmeldarren komentuan atxilotutako pertsonak gogoratuko ditu, “bidegabeki askatasunaz gabetu baitzituzten Bigarren Errepublikaren kontra altxatu zirenen ideia politikoen aurka egoteagatik eta errepresio frankistari aurre egiteagatik”, gogoratu du Gorka Urtaran alkateak.

Alkateak eta Udalbatzako kideek laugarren “memoriagune” edo oroimen-lekua inauguratu dute gaur, zeinak frankismoak Gasteizen eragindako biktima orori aintzatespena, elkartasuna eta maitasuna adierazteko sortu baitira. Oroimen-leku horien seinaleztapena Udalak 2018an oroimen historikoaren berreskurapenaren alorrean egingo duen ekimenetako bat da.  Iñigo Arregi Elorza artistak egindako monolitoek gogorarazten dituzte beren ideia politikoak zirela eta zigortu zituzten pertsona guztiak.

 

Karmeldarren komentuaren plazan jarritako “memoriaguneak” oroitzen duenez, komunitateak ohiko bizimoduarekin jarraitzen zuen bitartean, Bigarren Errepublikaren kontra matxinatu zirenek komentuaren zati bat konfiskatu zuten, eta Gerra Zibilean atxilotze-zentro bihurtu zuten, Bigarren Errepublikaren kontra altxatu zirenen aurkako ideologia politiko ezberdinetako pertsonak giltzapetu zituztelarik bertan.

Erlijio-etxe ugari konfiskatu zituen errepresio frankistak eta zeregin garrantzitsua eman zitzaien haren baitako kartzela-sisteman. Esate baterako, kartzela bihurtutako komentu horretan eduki zituzten fusilatu aurretiko azken egunetan Estepan Urkiaga “Lauaxeta” eta José Placer Martínez de Lecea faxismoaren biktimak, beste askorekin batera.

“Lauaxeta esaten zuen dana eman behar jako maite dan askatasunari eta hori da, hain zuzen ere, berak eta beste askok egin zuten: dana  eman, bizitza eman, askatasunagatik”,  adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Azken urteotan, Gasteizko Udala memoria historikoa ondare kolektibo gisa ezagutu eta gordetzearen aldeko konpromiso garbia erakusten ari da. Konpromisoa betetzeko, aurrera eramango da memoria historikoa berreskuratu eta gordetzeko politika, Gerra Zibilean zein diktadura frankistan bidegabekeriak eta irainak jasan zituzten pertsonei aitorpena adieraziko eta haien izen ona berreskuratzeko behar diren erakunde-ekimenak abian jarriko. Ekimen horiek giza eskubideen gaineko nazioarteko legedian oinarritzen dira, eta egia, justizia, erreparazio eta errepikapenik ez izateko bermeen printzipioetan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:27

Sektore Publikoko Kontratuen Lege berria indarrean sartu delarik, Gasteizko Udalaren kontratazio-dosier guztiak elektronikoki tramitatu behar dira. Hori dela kausa, udalaren web-orriko kontratatzailearen profila nabarmen aldatu da.

Aurrerantzean, bakarrik martxoaren 9aren aurretik abiarazitako kontratuak —lizitazio aldian edo esleitzeko prozesuan daudenak eta esleitutakoak— kontsultatu ahalko dira udalaren kontratatzailearen profilean. Kontratazio-historikoa ere kontsultatu ahalko da.

Egun horretatik aurrera argitaratutako kontratuak Euskadiko Kontratazio Publikoaren kontratatzailearen profilean agertuko dira, eta bertan eskuratu ahalko dira Udalaren kontratuei buruzko informazioa eta baldintza-agiriak.

Gasteizko Udalaren egoitza elektronikotik ere sartu ahalko da webgune horretara, udal kontratazioen —eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako entitateen— baldintza-agirietarako sarbide librea, zuzena, osoa eta doakoa eskaintzen baitu.

Aldaketak gardentasun handiagoa ekarriko du kontratazio publikoan, eta beste aurrerapauso bat da Udalak herritarrei informazioa zuzenean eta era eskuragarriagoan emateko hasitako bidean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:13

 

 

 

 

 

 

Gaur goizean, Gasteizko Udala prestatzen ari den Haur eta Nerabeentzako II. Plana (PLINA) lantzeko gakoak aztertzeko jardunaldia antolatu da Hegoalde gizarte etxean. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek inauguratu du topaketa, zeinak batera edo bestera agiri berria idazten laguntzen ari diren udal sailetako, gizarte kolektiboetako eta erakundeetako 200 pertsona inguru bildu baititu.

López de Munainen nabarmendu du “gizarteak proiektuari emandako laguntza, haur, nerabe eta familiei zerbitzu ona bermatzeko azken helburua lortzea ahalbidetuko baitigu, ekitatearen irizpideari jarraituz, gainera. Gure helburua gizarte hobea egitea da, eskubideak errespetatu eta betetzen dituena. Pertsonak batzen dituen gizartea, bizikidetza eta elkartasunerako espazioa izango dena, non txikienei aktiboki entzungo baitiegu, beren hiriaren eraikuntzan zuzenean parte hartu behar dutela sinesten baitugu”.

II. PLINAk haur eta nerabeekin zerikusia duten udal jarduera guztiei ikuspegi komuna emateko balioko du, xede hauekin: adingabeen eskubideak betetzen direla bermatzea, haien bizi-kalitatea hobetzea, garatzen laguntzea, eta gizartean parte hartzea eta integrazioa bermatzea.

Jardunaldian haur eta nerabeentzako gizarte politiken plangintzaz hitz egingo da, eta Gasteizko haur eta nerabeen egoerari buruzko ikerketa-diagnostikoaren emaitzak aurkeztuko dira, zeinek PLINAren jarduera-ildoak eta erronkak proposatzeko balioko baitute.

Orobat, planaren ildo estrategikoak ezagutaraziko dira: horien “xedea izango da jardueretan ekitatea sustatzea, herritartasun aktiboa bultzatzea, familiei seme-alabak hazteko sostengua ematea, hiri inklusiboa eta berdintasunezkoa eraikitzea eta, azken batean, arlo horretan Udalaren jarduera hobetzea”, azaldu du Peio López de Munainek.

Share