Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 martxoa 2018 17:00

Koroatze auzoko energia-birgaitze proiektuaren aurrerapena eta bulego berria aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumen eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla; Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindós; (EEE) Energiaren Euskal Erakundeko biomasa proiektuen teknikari Sergio López; eta Giroa-Veoliako zuzendari nagusi Juan Manuel Taracena

Eguna. Osteguna, martxoak 8

Ordua. 11:30
Tokia. Aldabe kalea, 22 (Kutxa kaleko kantoian)

———————————

Salburuan eta Olarizuko lorategi botánikoan bisitak egiteko ‘buggie’ elektrikoak aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumen eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla; eta Atariako koordinatzaile Gorka Belamendia

Eguna. Osteguna, martxoak 8

Ordua. 13:00

Tokia. Ataria, Salburuko hezeguneak interpretatzeko zentroa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:29

 

 

 

 

 

Udalbatzak hirugarren “memoriagunea” inauguratu du Bake kalean, “demokrazia eta askatasuna defendatzeagatik eta frankismoari aurka egiteagatik errepresaliatuko pertsonen”  oroitzapenez

Gorka Urtaran alkatearen audioa

BIDEOA

Gaurtik aurrera, hirugarren oroimen-leku bat izango da Gasteizen, Bake kalean, Arabako probintzia espetxea zena zegoen orubearen aurrean. Bertan, “hamarnaka pertsona errepresaliatu, atxilotu eta erail zituzten demokrazia eta askatasuna defendatzeagatik eta frankismoari aurka egiteagatik. Gasteizek gogoan ditu pertsona horiek, eta hirugarren memoriagune honen bitartez oroitu nahi ditugu”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak monolitoa desestali aurretik.

 

Udal talde politiko ororen ordezkariez eta hainbat herritarrez  gain, Maruja Ruiz, Pilar Ruiz de Austri, Araceli García eta Felisa Ajamilek hartu dute parte ekitaldian, haien aitak preso izan baitzituzten espetxe hartan, eta ondoren hil egin baitzituzten, inolako epaiketarik gabe.

Bake kaleko oroimen-lekua Santa Isabel hilerrian eta Sagrado Corazón ikastetxean inauguratutakoei gehitzen zaie, baita datorren astean  Karmengo komentuaren aurrean (Manuel Iradier kalea) inauguratzekoa denari ere.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:04

Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzak balio izango du oinarrizko elikagaiak emateko 220 familiari

Larrialdietarako Arabako Funtsak, zeina Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak eratua baita, 40.000 euro erabiliko ditu elikadura eta nutrizio laguntza emateko senu etniako 220 familia indigenari Kolonbian, Bajo Cauca Antioqueño eskualdeko Caceres udalerrian. Biztanle indigena horietako askok beren lurrak utzi eta beste leku batzuetara joan behar izan dute, eta beste asko konfinatuta daude, legez kanpoko talde armatuak etengabe elkarren artean borrokan ari direlako lurraldearen gaineko kontrola berenganatzeko, hartara labore debekatuak eta hango urre meategi ilegalak maneiatu ahal izateko.

Larrialdietarako Arabako Funtsaren laguntza Mugarik Gabe erakundeak eskatu du, zeinak hainbat urtez baitihardu Kolonbian lanean, batez ere herri indigenekin.

Organización Indígena de Antioquía (OIA) izeneko bertako erakundeak emango du laguntza. Izan ere, erabat finkatuta dago lurraldean, eta esku hartu izan du beste hondamendi humanitario batzuetan ere, hala nola 1992ko lurrikaran, ondoren gertatutako uholdeetan eta 2016ko luizian. Zehazki, laguntzaren bidez elikagaiak emango zaizkie, 90 egunez, arazo horren eraginpean dauden 220 familiari, hots, 800 lagun ingururi.

Kolonbiako Caceres udalerrian diharduten talde armatuak indarrez sartzen dira komunitate indigenen lurretara, eta lurraldean batetik bestera ibiltzea debekatzen diete. Alegia, pertsona horiek ezin dira irten eta ezin dituzte eguneroko lan jarduerak egin, hala nola laborantza, animaliak hazi edo ehizatu, eta horrek elikagai urritasuna dakar komunitate horietara, eta beren bizitza ere arriskuan jartzen dute, talde armatuek giza ezkututzat hartu ditzaketelako. Inguru hartan etengabeak dira talde paramilitarren (Golkoko Klana) eta Nazio Askapenerako Armadako (ELN) gerrillako taldeen arteko konfrontazioak. Talde armatu horiek mugak jarri dituzte eta, horien ondorioz, jendearen joan-etorriak murriztu dituzte eta mugak zeharkatzeak bizitza arriskuan jartzea ere badakar eta, beraz, bertakoak ezin dira laboreak dituzten lursailetara joan.

Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren (OCHA) datuen arabera, 1.600 indigena baino gehiagok lekuz aldatu behar izan du iragan urtarrilean eta otsailean, eta beste 600 lagun konfinatuta daude.

Gainera, Caceres udalerrian, zeina Medellinetik 230 kilometrora baitago, biztanleen % 73 txiroa da, eta gehienak muturreko pobrezian daude. Lekualdatuta eta konfinatuta dauden biztanle guztietatik % 35 adingabeak dira, eta horien artean haur txiki asko dago.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:36

 

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak kanpaina bat abiarazi du, “adinekoak ikusgarriago izan daitezen” eta haien zein adinekoentzako zentro soziokulturalen irudi “fidel eta benetakoagoa”  zabaltzeko. Helburua da “topiko zaharrak bazter uztea”, Peio López de Munainen esanetan.

“Gizarteak zahartzaroa geldotasun, mendekotasun, hauskortasun eta bakardade egoerekin lotu ohi du. Horrek guztiak bazterkeriara darama. Irudi hori, ordea, ez dator bat errealitatearekin. Adinekoak ez dira jada horrelakoak. Aktiboak dira, gero eta kultura maila handiagokoak; aisialdiaz gozatu nahi dute, ongi pasatu, jendea ezagutu eta gauza berriak ikasi; gainera, balioz, ezagutzaz  eta esperientziaz betetako giza kapitalaren jabe dira”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotziak.

Estereotipo zaharrak hausteko, azterlan bat egiten ari da. Horren barruan, 700 inkesta banatu dira, eta oso mota ezberdinetako 60 pertsonak osatutako 5 iritzi-taldek iritzia emango dute: gazteak, helduak, adinekoak, hainbat alorretako profesionalak, etab. Gasteizen adinekoei eta adinekoentzako zentro soziokulturalei buruz zer uste dagoen jakiteko balioko du diagnostikoak.

“Gure hipotesia da topiko zaharrak daudela adinekoei eta haiekin lotutako zerbitzuei buruz. Orobat, erretiroa hartzear diren edo hartu berri duten pertsonek ere errezeloz begiratzen diete adinekoentzako zentro soziokulturalei”, aipatu du Peio López de Munainek.

Azterlana Udala lantzen ari den 50 ekintzako komunikazio-plan baten barruan sartzen da. Horren helburua da adinekoek gizarteari egiten dioten ekarpena ikusaraztea eta zentro soziokulturalen irudia bat etortzea erabiltzaileei hazkuntza pertsonalerako eta harremanak lotzeko ematen dizkien aukerekin; 2017an 33.400  erabiltzaile izan ziren.

Komunikazio-planaren beste proposamen batzuk dira teknologia berriak gehiago erabiltzea jarduerez hobeto informatzeko, baita irudi fisikoa eta izena bera aldatzea ere. Gizarte Politiken zinegotziaren ustez, “beharrezko neurriak dira, eskaintzen diren jarduerak, informazioa eta hiri osora hedatzen duten irudia hobetzeko. Azken batean, adinekoak ikusgarriagoak izatea lortu nahi dugu, gehiago parte hartzea, haiek hobeto informatzea, eta zentro soziokulturalez  dagoen irudipena aldatzea”.

 Ildo horretatik, iragarki bat landu da 36 adinekoren laguntzarekin, eta dagoeneko proiektatzen ari da zinema-aretoetan, gizarte etxeetan eta TUVISAko autobusetan. Iragarkiak azaltzen du “adinekoak pertsona aktiboak direla, informatzen direnak, gimnastika, argazkigintza edo beste jarduera batzuekin gozatzen dutenak, erlazionatzen direnak, museoak bisitatzen, internetez nabigatzen edo whatsapp-a erabiltzen, eta zentro soziokulturaletan horrelako jarduerak irakatsi eta eskaintzen direla, eta zahartze aktiboa lantzen. Horixe da benetako irudia”, bukatu du López de Munainek.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:51

 

 

 

 

 

 

  • Aurtengo lehen seihilekorako aurrez aurreko 40 ikastaro antolatu dira, guztira 600 leku dutenak

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak 2018ko lehen seihilekorako udalaren enplegurako prestakuntza-eskaintza aurkeztu du; berritasun gisa, industria aurreratu eta adimentsuarekin  lotutako bost ikastaro antolatu dira. Prestakuntza programazioaren multzo nagusia aurrez aurreko 40 ikastarok osatzen dute —orotara 600 leku— eta horiei ordenagailu bidezko 233 prestakuntza-ikastaro gehitzen zaizkie, leku mugarik gabe.

Eskaintza zabala proposatzen dugu, lan-merkatuaren eskaerei egokitua, eta hiru helburu nagusi dituena: enplegurako prestakuntzan diharduten gainerako agenteekiko koordinatzea,  profesionalak eskatzen dituzten enpresei ahalik eta erantzun egokiena ematea, eta lanpostua lortzeko behar handiena duten langabe taldeei lehentasuna ematea“, adierazi du Nerea Melgosak.

Prestakuntza-eskaintzan lau profili eman zaie lehentasuna: kalifikazio-maila txikia duten 16 eta 30 urte bitarteko langabeak; langabezian denbora luzea daramaten 45 urtetik gorakoak; emakumeak,  neurriz beherako ordezkaritza duten jarduera-sektoreetan, eta prestakuntza edo esperientzia izanik lan-merkatuaren benetako eskaerari egokitu beharra duten pertsonak.

 

Aurrez aurreko prestakuntza 

Alor horretan, informazio- eta komunikazio-teknologien sektore estrategikoan eskaintzen da ikastaro gehien. Orotara 21 ikastaro dira, eta gai hauek landuko dituzte: eraikuntzara bideratutako diseinu teknikoa, e-commerce-ko soluzioak, diseinu grafikoa, web diseinua, errealitate handitua zein irakasleentzako STEAM metodologia. Enpresetan erabiltzeko programazio lengoaiei eta merkataritzarako errealitate handituari buruzko ikastaroak ere eskainiko dira.

Multzo horrekin batera, 4.0 industriari buruzkoa nabarmentzen da, espezialitate aurreratuenetako batzuei buruzko ikastaroak barne hartzen baititu. Bost modulu izango  dira, gai hauek lantzeko:  big data, droneen erabilera, blockchain bidezko zibersegurtasuna, eta  IoT soluzioak. Ikastaro horiek egin ahal izateko informatika edo elektronika adarrekin lotutako prestakuntza edo esperientzia eskatuko dira, moduluaren arabera.

Azken urteetan bezala, eraikuntza eta birgaikuntza iraunkorrari buruzko ikastaroak ere sartu dira enplegurako prestakuntzaren barruan. Zazpi ikastaro izango dira, espezialitate hauetan: pintura, prefabrikatuak, eguzki instalazio termiko edo fotovoltaikoak, biomasa instalazioak, lan bertikalak eta zoruen instalazioa. Multzo horretako ikastaroak dira luzeenak: prefabrikatuen bidezko eraberritzeari buruzko ikastaroak 315 ordu irauten du, eta eraikuntzara bideratutako pinturari buruzkoak, 290.

Prestakuntza-eskaintzaren bosgarren sektore estrategikoa enplegu berdeari eta iraunkortasunari dagokiona da; lau ikastaro dira: horietako hiru, nekazaritza ekologikoarekin lotutakoak, eta laugarrena, Dialux baliatuz argiztapen-proiektuak lantzeari buruzkoa.

Horietaz gain, mendekotasuna duten pertsonei etxean gizarte eta osasun arreta ematearekin lotutako bi moduluk osatzen duten lehen seihilekorako aurrez aurreko ikastaroen eskaintza.

 

Aurrez aurrekoa ez den prestakuntza  

Beti bezala, aurrez aurreko ikastaroei ordenagailu bidezko prestakuntza-eskaintza zabala gehitzen zaio; aurten 233 ikastaro izango dira guztira, leku mugarik gabe, hainbat arlotan: enpresen kudeaketa eta administrazioa, programazioa, sistemak, diseinua eta komunikazioa, multimedia, ofimatika, etab.

Bestetik, jardunaldi monografikoak antolatzen dira ikastaroen osagarri: astearte teknologikoak, teknologia berrien arloko enplegu aukera berriak aurkezteko, eta eraikuntza eta birgaikuntza iraunkorrari buruzko jardunaldiak.

Ekintzailetzari dagokionez, enpresak sortzeari buruzko bi hastapen ikastaro nabarmentzen dira, horiek amaitutakoan lantegi praktikoetan parte hartzeko aukera emango baitute. Helburu praktikoekin, halaber, enpleguaren bilaketa hobetzeko hiru lantegi antolatu dira, trebetasunak lantzeko, lana bilatzeko coaching-a baliatzeko, eta Linkedin eta antzeko tresnak eraginkortasunez baliatzeko.

 

Beste prestakuntza-programa batzuk

Enplegurako prestakuntzarako seihilekoko eskaintzarekin batera, Gasteizko Udala beste zazpi prestakuntza-proiektutan buru edo partaide da:

  • Hazia 23 proiektua:23 urtetik beherako gazteei zuzendua, eta beste lau prestakuntza-agenterekiko lankidetzan garatua.
  • Genera 30 proiektua: 30 urtetik beherako gazteak lan-merkatuan sartzeko xedea du; Europar Batasunak diruz laguntzen du zati handi batean.
  • SEA EmpleoAraba proiektua: lurraldeko enpresek eskatzen duten kualifikazioaren estandarrak betetzen ez dituzten pertsonei zuzendutako jarduerak.
  • 4.0 industriari buruzko informazio, sentsibilizazio eta prestakuntza programa: hainbat erakunde eta prestakuntza-ikastegirekin batera, eta  AGORA 4.0 proiektuaren barruan, informazio-jardunaldiak eta prestakuntza espezializatua eskaintzen dira.
  • Udalaren IV. Gazte Plana: gazteentzako prestakuntza-ekintzak eta laguntza.
  • Arabako Foru Aldundiarekin batera mendekotasuna duten pertsonentzako arretaren arloan garatzen den prestakuntza-proiektua: horretan aritzeko behar den profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko bide ematen du.
  • Basaldea proiektua: nekazaritza ekologikoa bultzatzeko.

Informazio gehiago: Enplegurako prestakuntza, 2018

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:43

 

 

 

 

 

 

-Ekimena Udalaren garraio-enpresaren eta I.D Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzei gehituko zaie

-I.D eskolako ikasleen diseinuaren bitartez Amelia Earhart, Rosa Parks, María Teresa de Filippis, Bertha Benz eta Catalina García omendu nahi dira

Gaur goizean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, TUVISAk aurkeztu du autobus bat, bihartik aurrera Emakumeen Nazioarteko Egunari berariaz eskainitako diseinuarekin emango duena zerbitzu. Ekimena lankidetzan prestatu da, I.D Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolarekin, zeina sormen-prozesuaz arduratu den. TUVISAko lehendakari Itziar Gonzalok azaldu duenez, ekimenaren xedea da “martxoaren 8aren harira antolkatutako ekimenekin bat egitea, baita Udalaren garraio enpresatik ere”. “Aurten, Udalak emakumeen lan aktiboa omendu nahi izan dugu. Eta gure alorrera ekarri izan dugu omenaldi hori, garraio publikoarenera, non oraindik asko falta zauigun berdintasun erreala eskuratzeko. Emakumeen presentzia TUVISAn % 12koa da, gutxi gorabehera. Gidariei dagokienez, 35 dira”, esan du.

Horrenbestez, gaur goizean aurkeztutako ibilgailua –zeinak zerbitzua emango duen 8. linean, Unibertsitatea izenekoan– garraioen eta aldaketa sozialen alorrean aitzindari izandako bost emakume erakusten dituzten irudiekin errotulatu dute. Emakume horiek dira Amelia Earhart, Atlantikoa aeroplanoz gurutzatuz uen lehen emakumea; Rosa Parks, emakume afroamerikarra, pertsona zurientzat gordetako aulki batean esertzeagatik espetxeratu zutena, hartara giza eskubideen aldeko mugimenduaren ikono bihurtuz; María Teresa De Filippis, 1 formulako autoak gidatu zituen lehen emakumea; Bertha Benz, auto bat gidatu zuen lehena; eta Catalina García, gidabaimena eskuratu zuen lehen emakume espainiarra, bai eta bere autobus linea eramaten lehena ere. Lelo honek lagunduko ditu material guztiak: ‘Un paso para ti, un viaje para la sociedad – pauso bat zuretzat bidaia bat denontzat’. Horrez gain, bideo labur bat ere prestatu da, autobus barruko pantailetan emango dena, eta aplikazio bat emakume aitzindariei buruz, non galdera egingo diren zenbait datu historiko, kultural eta lanekoei buruz, baita topiko jakin batzuei buruz ere. Gainera kartela (DIN A3 tamainan) paratuko da TUVISAko autobus guztietan.

I.D Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolako ikasleek egin dituzte diseinu guztiak, eta beraiek azpimarratzen dutenez “kanpainaren jatorrizko kontzeptua autobuseko bidaia fisikoa aldaketa sozialaren bidaia metaforiko bihurtzea da, emakumeei urratsa ematera animatzeko asmoz”. Autobus barruko kartelek bezala, “Aldaketa sozialak autobusean has daitezke, pentsatu al duzu autobus-gidaria izatea?”, planteatu du zentroko zuzendari Sorkunde Bilbaok. Aurkezpenean, alboan izan ditu hogei bat ikasle.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:55

 

“Gazteiz Gaztea Eraikitzen”-era izena emateko epea irekita dago jardunaldietako web orrian http://gasteizgazteaeraikitzen.com/

Hurrengo maiatzaren 3an eta 4an, Gasteizko Europa jauregian, 300 pertsona baino gehiago (teknikariak, gazteak eta ordezkari politikoak) elkartuko dira Gasteiz Gaztea Eraikitzen jardunaldietan eta hauetako hainbat lan saiotan hartuko dute parte. Jardunaldi horiek Udalaren IV. Gazte Planaren abiapuntua izango dira. Plan horrek 2017tik 2019ra arte iraungo du.

Udalaren Gazte Planak jardunaldi hauek antolatzen ditu Udalaren eta eremu honetan lan egiten duten hainbat erakundeen lan erantzunkidea baliatuz: EGK (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua), UPV/EHU (Arabako Campusa) eta Gasteiz Gaztea politikarekiko beste erakunde laguntzaile batzuk, adibidez, Egibide, Diseinu Eskola. Gainera, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere jardunaldiak prestatzen laguntzen digute.

Bertako erakundeetako pertsonez gain (Udala bera, UPV/EHU), hezkuntza munduko erakundeen laguntza izango dugu, gazteekin lan egiten duten elkarteen ordezkariak, Euskadiko hiru Aldundietakoak eta Eusko Jaurlaritzakoak. Baita Euskal Herriko 25 udaletako baino gehiagotako teknikariak egongo dira eta Estatuko beste hiri batzuetatik etorritakoak.

Oraindik irekita dago izena emateko epea, jardunaldietako web orrian http://gasteizgazteaeraikitzen.com/ edo Gazte Planarekin harremanetan jarriz, bai gazteria@vitoria-gasteiz.org helbidean bai 945 161616 (3211 luz.) telefonoan.

Jardunaldiak ostegun 3an hasiko dira Nagore de los Ríosen komunikazioari eta partehartzeari buruzko txostena aurkeztuz. Ondoren beste saio batzuk izango da: gaur egun pil-pilean dagoen Prestakuntza Dualari buruz hitz egingo da ikastetxeekin, enpresekin, ikasleekin eta ikasle ohiekin UPV/EHUren eta Egibideren eskuz. Gasteiz Udalaren Gizarte Politiken eta Osasuna Publikoaren Sailak antolaturiko beste saio batean desabantailan dauden gazteen inguruan hausnartuko da.

Arratsaldean, paraleloan saio ezberdinetan landuko dira gai hauek: gazteen arteko euskararen erabileraren sustapeneko praktika onak (Topaguneak eta Euskara Zerbitzuak koordinatuta), STEAM bokazio zientifikoen bilaketa esperientzia zehatzekin (AFAko Agorak antolaturik), eta multzo txikietan eta interes komuneko taldeka kanpotik etorriko direnek eta bertakoek gazteria politiken inguruko esperientziak amankomunean jarriko dira.

 

Gazte azoka, sare sozialak, lantegiak, gazte lab

Ostegun arratsaldean 17:30etik 20:00 arte gazteria-agente azoka bat antolatuko da. Ekitaldi honetan hiriko gazteok informazio jaso, ideiak aurkeztu eta proposamenak egin ahalko dituzte Gasteiz Gaztea Eraikitzen jarraitzeko asmoz. Gainera, jardunaldiak hasi baino aste bat lehenago kaleratuko eta irekiko dira lantegietan parte hartzeko aukera ere izango dute. Lantegi horietan landuko dira gai hauek: e-sports, antizurrumurruak sare sozialetan, Stories Instagramen, gazte lab bat gazte sortzaileekin, Youtubersen lantegia,…

Ostiral goizean, beste lan saio batzuk gauzatuko dira: partehartze gaztearen eremuko praktika onen inguruko saio bat; “Gazteak bortizkeria matxistaren aurre: begiradak artikulatuz, estrategiak eraikiz” izeneko beste saio bat eta beste bat gazteen errealitatearen behatokiak eta beren papera eta lotura administrazioekin gaiari buruzkoa.

Atsedenaldi ostean beste hiru saio egingo dira hurrengo gaiei buruz: Gazteentzako berme programak, gazteen irudia eta 4.0 iraultzari buruzkoak.

Share