Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 martxoa 2018 17:00

Udalaren eta Arabako Foru aldundiaren arteko hitzarmena, lurraldean eragina izango duten Gasteizko inbertsioak finantzatzeko

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro González

Eguna. Asteazkena, martxoak 28

Ordua. 10:00

Tokia. Arabako foru jauregia (Lehendakari Agirre aretoa)

———————————

Santa Maria de Olarizu eguneko arreta zentroa berriro irekitzea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio Lopez de Munain

Eguna. Asteazkena, martxoak 28

Ordua. 11:30

Tokia. Santa Maria de Olarizu eguneko arreta zentroa (Juan Bautista Gamiz kalea 10-12)

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:56

 Gasteizek EUSKARALDIA: 11 EGUN EUSKARAZ ariketa sozialean izena eman du gaur goizean, martxoaren 27an, Oihaneder Euskararen Etxean. Izen ematea eta eragile ezberdinen parte hartzea talde argazki baten bidez irudikatu da. Bertan egon da Gorka Urtaran alkatea eta talde politikoen ordezkariak.

Euskaraldia ekimenak euskaltzaleak aktibatu nahi ditu beren egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak eman ditzaten. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimena gauzatu nahi da Euskal Herri osoan.

Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak ahobizi eta belarriprest bihurtu nahi ditugu. Parte hartzeko izen-ematea zabalduko da, eta identifikaziorako txapa baliatuko dute guztiek.

  • Ahobiziak, ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira. Baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere.
  • Belarriprestak, berriz, gutxienez euskaraz ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Ekimen hau Gasteizko Euskaraldia Talde Eragileak antolatu du. Bertan,  Gasteizko euskalgintzako hainbat eragile, Gasteizko Udala eta beste entitate batzuk parte hartzen dute. Horietaz gain, izen emate ekitaldira, Gasteizko Euskaraldia ekimenean parte hartzen duten sustatzaileak eta norbanakoak gonbidatu dira, baita hiriko talde politikoak ere.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:04
  • Herrialde hartako gida turistiko garrantsitsuenetako batean agertuko da gure hiria

Martxoaren 28an eta 29an, Marco Polo gidako bi kazetari alemaniar etorriko dira Gasteizera bisitan, Euskadiko hiriburuko erakargarri nagusiak ezagutzera; gida hori herrialde hartako garrantsitzuenetako bat da. Historia eta kultura ondarearekin, iraunkortasunarekin eta enogastronomiarekin lotutako eskaintza erakutsiko zaie. Kazetariek jasotzen duten informazioa Marco Polo gidak Espainiari buruz egiten duen hurrengo edizioan sartuko dute, zeina 2019ko martxoan argitaratzekoa baita.

“Prentsa-bidaia horrek eta antzeko beste askok 2018an Gasteiz hainbat hedabidetako kazetariei erakusteko balioko dute, hiria bertatik bertara ezagut dezaten eta ditugun turismo erakargarri eta baliabide guztien berri eman dezaten beren argitalpenetan. Alemaniarekin airetiko lotura zuzena dugunez, bidaia hau bereziki interesgarria da hiria promozionatzeko gure estrategiaren barruan. Joan den astean erakunde misioan joan ginen Coloniara, eta Alemanian merkatu-nitxo garrantzitsua dugula egiaztatu ahal izan genuen. Hori azaldu ziguten hainbat turismo-eragilek. Aukera horri ahalik eta etekin handiena atera behar diogu“, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Kazetari alemaniarrek bihar eta etzi Gasteizera egingo duten bisita Espainiak Frankfurten duen Turismo Bulegoaren eta Basquetour Euskal Turismo Agentziaren laguntzarekin antolatu da.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:10

 

 

 

 

 

 

  • Ikastaro horietan Administrazioan enplegua aurkitzeko aukerak erakutsiko dira, eta zenbait tresna digital aztertuko dira, enplegua bilatzerakoan lagungarri
  • Luzatu egingo da enplegua bilatzen laguntzeko coaching programaren iraupena

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak 2018ko Enplegua Bilatzeko Orientazio Plan Integrala aurkeztu du. Ekimen horren bitartez, Gasteizko Udalak gainditu egin nahi du iazko parte-hartzaileen kopurua, 742 pertsonakoa, besteak beste ikastaro labur espezializatuei esker, zeinen bitartez enplegua bilatzeko prozesurako irtenbide praktiko zehatzak eskaini nahi diren.

Lantegi horiek batetik, berariaz bideo-curriculuma egitera zuzenduriko beste bat, bestetik, eta enplegua bilatzen laguntzeko coaching programaren luzapena, horiek dira berritasun nagusiak, bi indargune hauek ezaugarritzen duten programaren baitan: tratu pertsonalizatua eta akonpainamendu iraunkorra partaideei, harik eta xedeak lortzen dituzten arte.

“Enplegu bila Udalera jotzen duen orok jakin dezake bere beharretara egokituko garela, eta aurrez aurre arituko garela lanean haren profilari hobekien egokitzen zaion ibilbide profesionala diseinatzeko. Orientatzaile talde bikaina dugu, oso ondo ezagutzen duena lan-merkatu gero eta aldakorrago baten bilakaera, eta eskura duena enplegua aurkitzeko baliabide-sorta zabal bat”, esan du Nerea Melgosak.

Enplegua Bilatzeko Orientazio Plan Integrala hiru ildo nagusitan egituratzen da. Bada arreta pertsonalizatuko lehen fase bat, enplegu bilaketa eraginkorragoa egitea behar duen orori eskainia. Bertan, orientatzaileen lantaldeak pertsona bakoitzaren profil profesional eta pertsonala aztertuko du, hobetu daitezkeen alderdiak identifikatuko ditu, hobekuntza hori gauzatzeko estrategia eraginkorrak garatuko, eta enplegua bilatzeko teknika eraginkorrak ezarriko.

Bigarren lan-ildo bat profil profesionala eguneratzera zuzentzen da, lehiakorrago egitera, eta, asmo horri begira, bere beharren arabera zuzenduriko prestakuntzarik onena bilatzera zuzentzen dira partaideak. Horrenbestez, paraideen eskuetan jartzen da Udalaren prestakuntza-eskaintza, zein, 2018ko lehen seihileko honetarako aurrez aurreko 40 ikastaroz (600 leku guztira) eta 233 on line ikastaroz osatzen den.

Azkenik, Orientazio Planak enplegua lortzeko trebetasun gakoak lantzen dituzten taldeetan parte hartzeko aukera eskaintzen du. Azpimarratzekoak dira, ildo horretatik, lantegi labur espezializatu berriak, zeinetan gai hauek planteatzen diren 2018rako:

  • Symbaloo: Web-orri gogokoenak era bisual eta pertsonalizatuan uneoro eskura izateko tresna ezagutzeko, eta enplegu bilaketan erabiltzeko.
  • Oposizioak egin: Administrazio publikoko enpleguari buruzkoa.
  • Lan-elkarrizketa: Lan-elkarrizketari arrakastaz aurre egiteko gaitasunak garatzeko lantegia.
  • Linkedin: Linkedin zer den eta lana bilatzeko zein erabilgarritasun duen ezagutzeko lantegia.

 

Lantegi laburren iraupena hirui ordukoa izango da eta hileroko maiztasunez programatuko dira; horiekin bat, bideo-curriculuma egiten ikasteko berariazko lantegi bat ere eskainiko da, non partaideek ikasiko duten norberaren eskarmentua eta gaitasunak islatzeaz gain, lan-eskaintza baten aurrean lehiakideengandik bereizteko aukera ematen duen curriculum-formatu jakin bat baliatzen. Lantegi horren iraupena 24 ordukoa izango da.

Bestalde, luzatu egingo da enplegua bilatzen laguntzeko coaching programaren iraupena: 2016 abiarazitako ekimenak 23 orduko iraupena zuen, baina aurten 35ekoa izango da. Programa horren bitartez partaideei beren talentua aurkitzen eta garatzen lagunduko zaie, baita beren bereizgarriak identifikatzen, eta marka pertsonala nabarmendu eta sustatzen ere. Horretarako talde-dinamikak eta elkarrizketa profesionalak egiten dira, zortzi saiotan egituratuta. Ekimen hori lan merkatuan txertatzeko arazoak izanik, 45 urtetik gorako eta 30etik beherako pertsonei zuzentzen zaie.

Beste aukera dagoeneko sendotu bat lan aktibazioko lantegiena da: 30 orduko iraupena dute, 3na orduko 10 saiotan banatuta, eta astelehenetik ostiralera egiten dira, elkarren segidako bi astetan. “Lantegi horien bitartez partaideen enplegua aurkitzeko aukera guzti-guztiak jorratu nahi ditugu, harreman pertsonalen bitarteko lan-eskaintzak eskuratzetik, hautatze-elkarrizketa ahalik eta modurik eraginkorrenean prestatzeraino”, esan du Nerea Melgosak.

Horri guzti horri gehitu behar zaio Udalaren“Enplegu zentroa”, gune bat non biltzen den ekipamendu informatikoa, baliabide materialak eta teknikariak, informazioa bilatu, lan-eskaintzetarako izen-emateak izapidetu, curriculuma osatzen edo enpresa jakin batzuei buruz informazioa bilatzen adituak. Gainera, Lan orientabiderako udal zerbitzua Lanbideren zentro laguntzailea da, lan-eskaerarako izena eman eta eskaera hori eguneratzeko.

 

Iazkoan 1.000 elkarrizketatik gora

Enplegua Bilatzeko Orientazio Plan Integralaren iazko edizioaren balantzean, azpimarratu behar da 742 pertsona artatu zirela eta 1.171 orientazio-elkarrizketa banakako egin zirela. 35 eta 54 urte bitarteko langabetuek osatzen dute zerbitzuaren erabiltzaileen profil nagusia. jasotako artaren balorazioari dagokionez, pertsonen % 97,33k uste du zerbitzua lagungarri izan zitzaiola, eta beren helburuei erantzun zietela; % 98,62k gomendatu egingo luke.

Iazkoan 64 pertsonak hartu zuten parte enplegua bilatzen laguntzeko coaching programan, eta 114k lan aktibazioko lantegietan. Guztira, talde-orientazioko 17 jarduera burutu ziren.

Informazio gehiago: Enplegu Bilaketarako Orientabideak emateko Plan Integrala

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:59

Oinarriak kaleratu direlarik, abian da dagoeneko 2018ko “Giza eskubideak eta sorkuntza artistikoa” deialdia. Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak eta Montehermoso kulturuneak elkarrekin antolatzen duten Programaren seigarren edizioa da aurtengoa.

Deialdiren xedea sormen artistikoko proiektu bat hautatzea da, bat baino ez, giza eskubideekin harremana duena, eta ezinbestean Gasteizko kolektibo sozialen baten parte hartzearekin. Proiektuaren sorrreran kolektibo horren eta artistaren arteko elkarreragina ageri beharko da.

Proiektu hautatua Montehermoso kulturunean aurkeztuko da, azaroaren 26tik aurrera.

Aurtengoan, programa euskal erakundeek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren aldarrikapenaren 70. urteurrena oroitzeko asmoz sustatu duten “Eskerrak giza eskubideei / Gracias a los derechos humanos” kanpainaren testuinguruan kokatzen da.

Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 8an amaituko da.

Share