Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 martxoa 2018 21:29

Ekintza sinboliko horrek eman dio hasiera mendeurrena ospatzeko egitarauari, zeina abenduaren 18an amaituko baita, bertan duela 100 urte izandako lehen estreinaldiaren egunean

Gorka Urtaran alkateak, Peio López de Munain alkateordeak eta Udalbatzako kideek 100 bonbilla piztu dituzte Principal antzokiaren fatxadan. Alegia, Principal antzokiaren bizialdiko urte bakoitzeko bonbilla bat piztu da. Ekintza sinboliko horrek eman dio hasiera mendeurrena ospatzeko egitarauari, zeina abenduaren 18an amaituko baita.

Hiriko lehen Principal antzokia Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa izango denaren orubean altxatu zen 1822tik 1914ra, eta hura erre ondoren eraiki zuten “Nuevo Teatro de Vitoria” izendatu zutena, 1951ean izen historikoa berreskuratu zuten arte.

Principal antzokiak 150 ikuskizun inguru hartzen ditu urtean, eta erreferentziazko azpiegitura da, bertan programatutako ikuskizunen kalitate handia dela eta.

Antzokia eta arte eszenikoak hiriaren eta gizartearen eboluzioarekin bat joan dira ehun urte hauetan; beraz, Antzoki Sareak —Estíbaliz Cantok zuzentzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren mende dago— prestatu duen egitarauak gure iraganaz hausnartzeko begirada izan nahi du, arte eszenikoen eta horiek babestu dituen antzokiaren ikuspegitik; orobat, hirian arte horiek biziberritzen eta sustatzen balio dezake eta, bide batez, herritarren bizi-kalitatea hobetzen lagundu.

Jarduera hauek antolatu dira: “Txokoetan dantzan” izeneko hiru emanaldi —lehenengoa gaur bertan izan da, Víctor Ullateren Balletaren “Carmen” lanaren aurretik—, “Pusken edukiontzia”, “Antzokiko txokoak ezagutu”, bisita gidatuak, argazki-erakusketak, oroitzapenezko bideo bat, mendeurreneko abonamendua eta beste ustekabe batzuk Nazioarteko Jaialdiaren barruan, eta abenduaren 13tik 18ra arteko ekitaldi nagusiak. HEMEN kontsultatu daiteke programa osoa.

 

Share