Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 martxoa 2018 17:02

Prentsaurrekoa. Adinekoen zentro soziokulturalei buruzko eta adinekoen irudiari buruzko azterketa lana aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain

Eguna. Asteazkena, martxoak 7

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————–

Nazioarteko Emakumeen Eguna dela eta, Arte eta Goimailako Diseinu Eskolarekin elkarlanean errotulatu duten TUVISAko autobusa aurkeztea

Parte hartzaileak. Tuvisako presidente Itziar Gonzalo; eta Arte eta Goimailako Diseinu Eskolako arduradunak

Eguna. Asteazkena, martxoak 7

Ordua. 10:30

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza

—————————————

Prentsaurrekoa. 2018ko Enplegurako Hezkuntza eskaintza aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Asteazkena, martxoak 7

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa-aretoa

—————————————–

‘Arabako Probintziako Espetxea’ Memoriaguneko monolitoa agertzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Udalbatzako ordezkariak

Eguna. Asteazkena, martxoak 7

Ordua. 11:30

Tokia. Bake kalea, 13. zenbakia.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:11

Abendaño HLHIko, Santa Maria HLHIko eta CEU Virgen Niña ikastetxeko 10 eta 16 urte bitarteko 200 ikasle inguruk hartu dute parte gaur goizean Udalaren Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak Europa jauregian antolatutako jardunaldi batean, Gasteizko haur eta nerabeen egoerari buruzko diagnosi-azterlanari ekarpenak egiteko; azterlan hori funtsezko oinarria izango da Haur eta Familientzako  II. Tokiko Plana lantzeko, zeina une honetan prestatzen ari baita Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saila.

Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek ireki du jardunaldia, eta Gorka Urtaran ere izan da bertan. Alkateak gogorarazi du haurrentzako plan berriaren bitartez “protagonistek, umeek, hiriari eragiten dioten gaietan parte hartzen jarrai dezaten” nahi dutela, “eta beren bizitza proiektuak mugarik gabe garatzerik izan dezaten; horretarako, komunitateari ekarpenak egin behar dizkiote, eta elkar errespetatu, berdintasunez”.

López de Munainek, berriz, eskertu egin du “ikasleen parte hartzea, Haurrentzako Plana haien laguntzarekin osatu nahi baitugu. Helduok ez dugu zertan erabaki egin behar den guztia. Haien iritzia azal dezaten, konta diezaguten… nahi dugu. Ondoren, Udalak forma emango die haien proposamenei, eta kontuan hartuko ditugu abian jartzen ditugun ekintzetan”.

Europa jauregian, adingabeek zuzenean eragiten dieten zenbait alderdiri buruzko iritzia azaldu ahal izan dute, parte hartzeko zenbait dinamikaren bitartez: aisialdia eta denbora librea, familia harremanak, osasuna, partaidetza, hiria, etab. Orobat, “zer egin behar da Gasteizen egoera hori hobetzeko?” galderari erantzun behar izan diote. Espero duten etorkizuna adreiluz adreilu, pausoz pauso eraikitzeko ideiari jarraituz, proposamenak idatzi eta kartoizko horma batzuetan itsatsi dituzte.

Iaz, 1.000 ikaslek galdetegi bati erantzun zioten, eta lortutako datuak haur eta nerabeei buruzko diagnosi-azterlanean jaso ziren; hain zuzen ere, gaurko jardunaldian parte hartu duten haur eta nerabeak haien ordezkariak ziren.

Oihulari Clown eta Bocabeats Comedia rap taldea arduratu dira jardunaldia girotzeaz eta umeen partaidetza sustatzeaz.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:51

 

 

 

 

 

Pilar-Iparraldeko sareak dagoeneko badu hainbat arlotako ordezkariek (auzoak, elkarteak, hezkuntza, osasuna, parrokiak, helduen zentroak) eta banakoek landutako poltsikoko argudio-multzoa

Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotzi Nerea Melgosak “askotariko pertsonen inplikazioa” eskertu du, “haiek baitira ekimen honen benetako potentziala arlo askotara iritsi ahal izateko”

Udalaren ekimenez, Gasteizek zurrumurruen kontrako agenteen bigarren sarea jarriko du abian udaberrirako, Salburuan.  Pilar-Iparralde inguruan osatutako lehen sareak urratutako bidea positiboa izan delarik, Udalak Salburura zabalduko du  eraldaketa eta sentsibilizazio estrategia hori, zurrumurru faltsuak sorrarazten eta kulturen arteko bizikidetzari kalte egiten dioten estereotipo negatiboak desaktibatzeko xedez.  

Pilar, Gazalbide, Aranbizkarra, Lovaina, San Martin, Txagorritxu, Iparralde eta Zaramaga barrutietan egin zen bezala, Salburuan ere inguruaren mapa osatuko da eta agente posibleekin harremanetan jarriko; horiek estrategiari eta zenbait komunikazio-trebetasuni buruzko prestakuntza-ekintza batean hartuko dute parte, agenteen sare berria behin betiko osatu aurretik.  

 Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotzi Nerea Melgosak gaur iragarri du agintaldian sustatu den Zurrumurruen kontrako Estrategiaren barruan aurreikusitako ekimena, eta eskertu egin du “askotariko pertsonen inplikazioa, haiek baitira ekimen honen benetako potentziala arlo askotara iritsi ahal izateko. Lehen sarean, hainbat arlotako ordezkariek hartu dute parte: hezkuntza formala eta ez-formala, elkarteak, osasuna, auzo elkarteak eta atzerriko jatorria duten pertsonen elkarteak. Zalantzarik gabe, hori aberasgarria da estrategiarentzat, agente horiek ikasitakoa beren lan-esparruetan zabaldu eta  errepikatzen duten neurrian”.

 

Poltsikoko argudio-multzoa “eramaten ez uzteko”

Nerea Melgosak zurrumurruen kontrako estrategiaren bilakaeraren oso balantze positiboa egin du, “urte eskas batean dagoeneko emaitza positiboak eman baititu, Ikuspegi behatokiak berak egiaztatuak”.  

Sareak egindako lanetako bat hiriko auzo horietan nagusi diren zurrumurruak identifikatzea izan da, eta gezur eta estereotipoei aurre egiteko argudioak lantzea. Lan-taldeak alor hauekin lotutako zurrumurruak nabarmendu ditu, eta horien kontrako argudioak landu: gizarte laguntzak eta dei-efektua, ikastetxeen maila, integrazio eza eta herritarren segurtasun eza. Gaur aurkeztu da zurrumurruen kontrako agenteek baliatuko duten poltsikoko argudio-multzoa, aurreiritzi eta uste negatibo horiei informazioz eta datuz aurka egin diezaieten. “Herritarrei eskatzen diegu informatzeko eta eramaten ez uzteko”, azaldu du Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotziak.

Gasteizko zurrumurruen kontrako estrategia Pilar-Iparralde barrutian hasi zen garatzen, 2016ko amaieran, gizartean migrazioari eta atzerritik etorritakoei buruz dauden estereotipo negatiboak eta gezurrezko zurrumurruak desaktibatu nahi dituzten pertsonen sareak osatzeko helburuarekin. Zurrumurru horiek geldiaraztea da asmoa, jarrera baztertzaile eta xenofoboak sorrarazten baitituzte, eta aniztasunezko bizikidetza zailtzen.

Zurrumurruen kontrako udal Estrategiaren beste zutabeetako bat udal zerbitzuetako langileen prestakuntza da. Horretaz gain, Bizikidetza Zerbitzua bestelako ekintzak azkentzen ari da beste zerbitzu eta sail batzuekin batera.

Arrazagatiko Diskriminazioaren kontrako Eguna zela eta 2016ko martxoaren 21ean Gasteizko Udalbatzak hartutako konpromiso politikoaren parte da estrategia, hain zuzen ere, bizikidetzaren, aniztasunaren eta edozein motatako diskriminazioaren kontrako konpromisoa, baita aniztasunaren kudeaketa publikoaren aldeko apustua ere, kulturartekotasuna ardatz hartuta.

Bide horretatik emandako lehen pausoetako bat izan zen Gasteiz Zurrumurrurik Ez euskal sareari atxikitzea, 2016ko martxoaren 23an. Hainbat antolakunde, gizarte entitate eta erakunde publikok hartzen dute parte sarean.

Gasteizerako Zurrumurruen kontrako Estrategiaren asmoa da “datozen urteetan hiri osora zabaltzea, sarearen osaera askotarikoa eta zabala izatea, eta haren etengabeko lanari esker, hiri kohesionatua lortzea, eguneroko bizikidetzari eragiten dioten estereotipo, aurreiritzi eta bazterkeriarik gabea”, nabarmendu du Nerea Melgosak.

 

Orain arte bildutako zurrumurruen kontrako agenteak

 

Entitate eta erakunde hauetako kideak dira sarearen agente: Kolonbia-Euskadi elkartea, Bizigarri Zaramaga auzo elkartea, San Martín auzo elkartea, Aranbizkarreko ikastolako guraso-elkartea, Luis Dorao HLHIko guraso-elkartea, Berri elkartea, Gazalbideko Merkatarien Elkartea, Azterlariak, Jesu Kristo Berpiztuaren eta San Martineko parrokietako CARITAS, Paulo Freire HH, Txagorritxu ospitalea, Koldo Mitxelena BHI, Abendaño ikastola, Aranbizkarra ikastola, Landazuri ikastola, IRSE-Araba, ACCEM GKE, Save the Children GKE, San Martineko parrokia, SERSO San Viator GGKEaren “Ikastetxetik Auzora” proiektua, Tejiendo Vitoria; horietaz gain, inguruko auzoko bat, migrazioetan aditua.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   08:36

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko industrialdeetako kaleen seinaleztapen horizontala berritzeko lanak kontratatzeko dosierra onetsi du gaur goizean. Hamar jarduera-emutan galtzadaren gaineko seinaleztapena berriro margotuko da lan horien bitartez, eta 399.566 euroko aurrekontua erreserbatu da horretarako. Aurretik Industriari Laguntzeko Plana baliatuz sustatutako beste inbertsio batzuei gehituko zaie, hala nola Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleetako zoladura eraberritzea eta Larragana kalean egindako lanak.

“Orain arte ez da inoiz hain lan handirik egin Gasteizko industrialdeetako bide seinaleztapena hobetzeko. Hartara, enpresek egindako eskaerei erantzuten jarraituko dugu, eta industrialdeak sustatzen, jarduera berriak ezartzeko gero eta erakargarriagoak baitira”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Kontratuaren bitartez, erreiak, aparkalekuak eta zaintza bereziko kaleak markatzeko lerroak berrituko dira. Kontzeptu horiengatik 167.081 euroko kostua kalkulatu da. Gainerakoa, 232.484 euro, beste marka hauek berriz margotzeko izango da: oinezkoen pasabideak, txirrindularien pasabideak, geralekuak, noranzkoak, desbideraketak eta beste seinale osagarri batzuk. Horretarako, dauden seinaleak osorik edo zatiz fresatuko dira, esku hartu behar den azalera saneatuko eta seinaleztapen horizontala margotuko.

Berriro margotzeko lanek industria parke hauek barne hartuko dituzte: Jundiz (bertan egingo da ahalegin handiena), Gamarra, Ehari, Oreitiasolo eta Betoñu; trafiko handiagoa duten kaleei arreta berezia emango zaie.

Lanak gauzatzeko epea lau hilabetekoa izango da, baldin eta eguraldiak eragozten ez badu.

Share