Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 martxoa 2018 17:41

Alkate Gorka Urtaranek eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Jaione Aguirrek Euskal Fondoaren zuzendaritza-batzordeko zein Vielca Ingenieros enpresako ordezkariak hartu dituzte gaur, San Francisco Menéndez (El Salvador) udalerrian egindako lankidetza-proiektu baten emaitzak aztertzeko.

Gasteizko Udalak kontratatu du proiektuaren egiaztapena, AMVISArekin batera berak eman baitzien laguntza ekonomiko eta tekniko handiena aipatutako udalerrian ur-sistema batzuk eraikitzeko proiektuei. Euskal Fondoak (371.110 euro), Gasteizko Udalak (583.408 euro), Amvisak (194.762 euro) eta San Francisco Menéndezeko Udalak (748.747 dolar) finantzatu dute proiektua.

Euskal Fondoaren lankidetza 5 herrialdetara bideratzen da (El Salvador, Guatemala, Nikaragua, Kuba eta Sahara). Ez da GGKEek bideratutako lankidetza, herrialde horietako udal  erakundeekin zuzenean egindako proiektuak baizik, udal-eskumeneko arloetan, gehien bat urarekin eta saneamenduarekin lotuak.

Euskal Fondoak kideen ekarpen ekonomikoak biltzen ditu, lagundu nahi dituen proiektuak kofinantzatu ditzaten. Horretaz gain, kide diren erakundeetako espezialisten laguntza teknikoa lortzen saiatzen da. Gasteizko Udalak bereziki jorratu du ildo hori, nagusiki AMVISA inplikatuz, baita Berdintasun Zerbitzua (El Salvadorren) eta Adinekoen Zerbitzua (Habana Zaharrean) ere.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Alemaniako eta Poloniako bi ikastetxeetako ikasleek udaletxea bisitatuko dute

Udalak harrera egingo die Alemaniako Forcheim hiriko Ehrenbürg Gymnasium zein Poloniako Kolobrezg hiriko Nicolaus Copernicus ikastetxeetako ikasle eta irakasleei; Vitoria-Gasteizera etorri dira Kultur Trukeak direla eta, Marianistas ikastetxeak gonbidatuta.

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, martxoak 21

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

——————————

Prentsaurrekoa. ‘Dublindarrak’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Antzezlanaren produktore Jose Antonio Vitoria; eta aktore: Asier Sota eta Iñake Irastorza

Guna. Asteazkena, martxoak 21

Ordua. 10:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————–

2018ko Basoen Nazioarteko Eguneko ospakizun ofiziala

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Juntos por los Bosques plataformako koordinatzaile Eduardo Rojas; Nekazaritza Ministerioko Elikadura eta Nekazaritza idazkari orokor Carlos Cabanas; Ingurmen eta Hirigintza diputatu Josean Galeara; eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako kontseilari Iñaki Arriola

Eguna. Asteazkena, martxoak 21

Ordua. 11:00*

Tokia. Olarizuko Etxaldea

* Agintariak 10:50ean etorriko dira. Elkar agurtu ondoren familia-argazkia egingo dute. Jarraian, hasiera emango diote jardunaldiari erakustokian. Eta 11:45ean zuhaitza landatuko dute

—————————————

Harrera ekitaldia ikasle amerikarrei

Udalak harrera egingo die Connecticut hiriko Bradford Unibertsitateko ikasleei; Gasteizera etorri dira ‘Las empresas sociales y la Sostenibilidad en el norte de España’ masterra egiteko asmoz.

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, martxoak 21

Ordua. 13:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:30

  • Ordezkaritza instituzional batek, ProWein Europako ardo azoka garrantzitsuena bisitatu du, Araba eta Gasteizko ekonomia eta turismo indarguneak erakustera bideraturiko Alemaniarako bidaia baten barruan

Aste honetan, erakunde misio bat Alemaniara joan da bisitan, Gasteizko Udala tartean, eta gaur goizean Prowein ardo ferian izan da, Dusseldorfen, Europako garrantzitsuena baita arlo horretan. Parte hartzen duten berrogeitik gora arabar upeltegiei adierazi dietenez, ardogintzaren alorreko enpresei kalitatea hobetu eta bereizteko prozesuan laguntzeko asmoa dute, kanpoko merkatuan presentzia handiagoa lortzen jarrai dezaten.

Araba eta Gasteizko ekonomia eta turismo ahalmenak erakusteko egunotan Alemania bisitatzen ari den ordezkaritza instituzionala gaur ProWein azokara hurbildu dira, haien laguntza erakusteko Arabako upeltegiei. Arabako Foru Aldundiaren ordezkariek, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek, Gasteizko Udalak eta Arabako Merkataritza Ganberak -–berak koordinatu du bidaia–– eratuko dute ordezkaritza.

ProWein Europako azoka garrantzitsuena bezala finkatu da, eta erakusketarien artean munduko ardoen eta beste edari alkoholdunen ekoizle nagusiak ditu. Aurten, ProWein azokan, edarien 400 berezitasun baino gehiago eskaintzen duten 60 herrialdetako 6.600 erakusketari baino gehiago egongo dira. Iazko erregistroak argi eta garbiak dira: 130 herrialdetako 58.500 profesional espezializatuk bisitatu zuten azoka. Profesionalentzat baino ez da azoka, eta hara doazen bisitariak banaketa kanal desberdinetako erosle adituak dira.

Halaber, Alemania, 2016ko datuen arabera, munduko lehenengo herrialdea izan zen ardoak inportatzen, bolumenari erreparatuz gero, eta hirugarrena balioan, eta Espainiako estatua izan da hornitzaile nagusietako bat, Italiaren eta Frantziaren atzetik. Gainera, Alemania izan zen Espainiako esportazioen helmuga nagusia, balioari erreparatuz gero (365 milioi euro). Horrek guztiak erakusten du ProWein azoka merkataritza palanka garrantzitsu gisa finkatu dela Arabako upeltegien artean, haien kanpoko jarduerarako.

“Zorionak eman nahi dizkiogu ardogintzaren sektoreari, gure ekonomiarentzat gako den produktu batentzat nazioarteko merkatuak zabaltzen ahalegintzeagatik. Gasteiz zenbait proiektu lantzen ari da Arabako Errioxako sarrerako atea izatearen aukera ahalik eta gehien aprobetxatzeko, turismo, enpresa eta merkataritza sinergiak sortuz. Gainerako euskal erakundeekin koordinatzen eta elkarrekin lan egiten jarraitu nahi dugu, lehen sektoreari laguntzeko, haren lan bikaina errespetatuz eta sustatuz”, adierazi du Nerea Melgosak, erakundeen ordezkaritzak ekitaldian dauden Arabako 43 upeltegietako bakoitzari egin dioten bisitan –haietarik 29k Eusko Jaurlaritzako taldean parte hartu dute– ordezkaritza instituzionalak eginiko bisitaldian, eta horri esker zuzenean jakin ahal izan dute haien merkataritza jardueraren emaitza.

Ordezkaritza horretan, Enplegu eta Garapen Jasangarriaren arloko zinegotziaz gain, honako hauek ere daude: Ramiro Gonzalez diputatu nagusia, Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapen eta Lurralde Orekaren Saileko diputatua, Cristina González, Enplegu, Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatua, Gregorio Rojo Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberako lehendakaria, Eduardo Mozo de Rosales Ganberako idazkaria, eta Maider Etxeberria Eusko Jaurlaritzako Turismo  zuzendaria.

 

Bisita Pferd Ruggeberg enpresaren lantegi nagusira

Arratsaldean, Arabako ekonomia eta merkataritza espedizioa Alemaniako Marienheide herrira hurbildu da, han baitago Pferd Ruggeberg (Caballito izenez ere ezagutzen da) enpresaren lantegi nagusia. Enpresaren jabe Jorn Bielenberg-ek eta Gasteizko lantegiko Jacek Michalec-ek egin die harrera, zeinek enpresa horretako administrazio, logistika, ekoizpen eta ikerketa eta garapeneko gunea osatzen dituzten instalazioak erakutsi baitizkie. Bilera horrek balio izan du harremana estutzeko eta enpresaren arduradunei helarazteko Arabako erakundeak erabat prest daudela enpresaren Arabako filialean egin daitezkeen inbertsioetan laguntzeko.

Enpresa hori liderra da mozketa tresnak fabrikatu eta merkaturatzean. Egun, 24 merkataritza ordezkaritza eta 7 ekoizpen gune ditu, eta Gasteizkoa da Europako modernoena urratzaileen sektorean, non enpresak munduko 100 herrialdetan dauzkan 1850 langiletatik 218k lan egiten baitute. Munduan 275 milioi euro fakturatzen ditu urtean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:04

 

 

 

 

 

 

Presentacion Delincuencia

2017an Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 14.979 arau-hauste penal ikertu zituzten eta 4.834 pertsona eraman zituzten epailearen aurrera

Vitoria-Gasteizek du delinkuentzia-tasarik txikiena Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuen artean (60,65), nahiz eta 2017an arau-hauste penalen kopuruak % 3,81 gora egin zuen —aurreko urtean 14.429 izan ziren eta 2017an 14.979 (550 arau-hauste gehiago)—. Kopuru horiek eten egin dute azken bost urteetan erregistratutako beheranzko joera, baina oraindik kopuru horiek oso urrun daude 2013an, adibidez, erregistratutako 16.429 arau-hausteetatik. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak delitu-gehikuntza horren aurka egindako jardun koordinatuaren ondorioz, 4.834 pertsona eraman zituzten epailearen aurrera, hau da, aurreko urtean baino % 8,65 gehiago.

2017ko estatistikak itxi ostean, ikus daiteke Vitoria-Gasteizko delitu-tasak jarraitzen duela Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetako txikiena izaten. Bilboko 1.000 biztanleko 72,54 arau-hauste penalen eta Donostiako 1.000 biztanleko 63,65 arau-hauste penalen aurrean, Arabako hiriburuak joan den urtean 60,65 arau-hauste penal izan zuen 1.000 biztanleko —aurrekoen aldean, hiriko segurtasun-maila onaren adierazlea—.

Edonola ere, 2017an Vitoria-Gasteizen delinkuentziak gora egin zuen aurreko urteko datuekin alderatuta; izatez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ikertutako arau-hauste penalen kopuruak % 3,81 egin zuen gora.

Deliturik larrienak

Homizidioekin hasita, hau da, krimenik larrienekin eta Europar Batasunak “estrategikotzat” jotzen duen delituetako batekin hasita (gizartean pizten duen alarmaren ondorioz), 2017an ez zen homizidiorik izan eta aurreko urtean 2 izan ziren. Homizidio-tentatibak, berriz, 4 izatetik 5 izatera pasa ziren.

2017an, sexu-askatasunaren kontrako delituak gehitu ziren proportzionalki gehien (% 68,25 gehiago). Horien barruan, sexu-erasoek gora egin zuten (% 100 gehiago) eta, hein txikiagoan, beste arau-hauste batzuek, hala nola exhibizionismoak, zirriek eta abar (% 60 gehiago). Gogorarazi behar da delituen atal horrek oso proportzio txikia duela Vitoria-Gasteizko delinkuentziaren barruan (% 0,70) eta kopuru absolutuetan 63 kasutatik 106 kasutara pasa dela. Gehien bat esparru pribatuan egindako egintza horien ebazpen-ehunekoa gero eta handiagoa da, baita egileen atxiloketa-maila ere.

Ondarearen aurkako arau-hausteak

Ondarearen aurkako arau-hausteek hartzen dute delitu-jardueraren proportziorik handiena (% 80 baino gehiago), eta 2017an nabarmen gehitu ziren Vitoria-Gasteizen (% 3,23 gehiago). Kapitulu horretako arau-hausteen erdia baino gehiago ebasketak izan ziren, eta delitu horiek zertxobait hasi ziren (% 2,53 gehiago). Alabaina, iruzurrak hein handiagoan hazi ziren (% 35,71 gehiago) —nazioartean delitu mota horrek, transakzio informatikoen gorakadaren ondorioz, modu globalean gora egiteko joeraren bide beretik igo da hemen ere—.Ondarearen aurkako deliturik garrantzizkoenen artean, hazi egin ziren etxebizitzetan gertatutako lapurretak (% 25,10 gehiago), jaitsi egin ziren garajeetan eta trastelekuetan (% 8,49 gutxiago). Jaitsi egin ziren ere indarra edo larderia erabiliz egindako lapurretak (% 22,45 gutxiago) eta motor-ibilgailuen lapurretak (% 22,32 gutxiago), eta azken bi hauek ere “estrategikotzat” jotzen ditu Europar Batasunak.

Beste arau-hauste penal batzuk

Beste modalitate kriminal “estrategiko” bat droga-trafikoa da, eta 2017an hirian behera egin zuen delitu horrek (% 10,91 gutxiago).

Gainerako delitu tipologiei dagokienez, lesioek pixka bat egin zuten gora (% 1,26 gehiago), eta gehiago hazi ziren familiaren esparruan gertatutakoak (% 44,10 gehiago) eta, esparru berean, lesiorik gabeko tratu txarrak (% 6,67 gehiago).

2017ko gainerako delituen panorama osatzen dute alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik bide-segurtasunaren kontrako arau-hausteek (% 7,37 gutxiago) eta ordena publikoaren kontrako delituek (% 25,35 gehiago); edonola ere, bi kasuak osotasunaren kopuru global murriztuen barruan daude.

4.834 pertsona eraman zituzten epailearen aurrera

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 2017an erregistratutako arau-hauste penalak, aurreko urtekoarekin alderatuta, % 3,81 hazi baziren ere, bi erakundeek delinkuentziari emandako erantzun koordinatuaren ondorioz, guztira 4.834 pertsona —atxilotu edo ikertu gisa— eraman zituzten epailearen aurrera, delitu penaletan ustez nahastuta zeudelakoan. Kopuru horrek nabarmen egin du gora aurreko urteko kopuruaren aldean (% 8,65 gehiago), eta, hartara finkatu egiten du azken urteetako goranzko joera. Horrenbestez, joera horrek bi polizia-kidegoek delituaren aurrean duten eraginkortasunaren eta inplikazioaren maila islatzen du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:13

 

 

 

 

 

 

Udaberriko IGIko agenda

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) prestatu duen udaberriko programak 61 jarduera biltzen ditu, zeinak ekainaren bukaerara arte garatuko baitira. Eskaintzak hainbat jarduera barne hartzen ditu: erakusketak Ataria interpretazio zentroan, ingurumen kulturarekin eta bizikletarekin lotutako lantegiak eta ikastaroak, natura ibilbideak, eta familientzako askotariko ekimenak, udalaren baliabide ezberdinetan. “Horrelako jarduerak funtsezkoak dira herritarrengan ingurumen kontzientzia sendotzeko. Izan ere, IGIren lana oinarrizko tresna izan da guztiok iraunkortasunean oinarritutako kultura hori gureganatzeko, horri esker baikara Green Capital”, nabarmendu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak. Zinegotziak aipatu duenez, aurten ahalegin berezia egin da, Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko. Ildo horretatik, bihar bertan Basoen Nazioarteko Eguna ospatzeko estatuko ekitaldi bat egingo da Gasteizen, “Juntos por los Bosques” taldearekin batera antolatua.

IGIk udaberrirako antolatu duen egitarauan hiru erakusketa sartu dira: ‘‘Lurraren erraietatik isurtzen den ura’, URA-Uraren Euskal Agentziaren, GEAren eta Ilunpe ARTen laguntzarekin (apirilaren 15era arte ikusi ahalko da Atarian); ondoren, ‘Visonarte’ erakusketa jarriko da ikusgai, apirilaren 24tik maiatzaren 20ra arte, zeinean Arabako Foru Aldundiak, Jakintza liburu-dendak eta Caype-k hartu baitute parte; azkenik, ‘#Eraztunberdeak25urte ospatzeko begiradak’ eskainiko da, maiatzaren 29tik ekainaren 8ra arte.

Erakusketez gain, hainbat jarduerak osatuko dute egitaraua: era guztietako hitzaldiak eta lantegiak, bizikleta irteerak, bizikletak konpontzeko lantegiak Bike Station-en, hiri nekazaritza ekologikoari buruzko ikastaroak, eguneko zein gaueko tximeletak identifikatzea, mikologia… Natura ibilbideak eta beste proposamen asko ere izango dira. Ingurumenaren Jaia dugu IGIk datozen hilabeteetarako landu duen agendaren beste ekitaldi garrantzitsu bat, ekainaren 3an. Aipatzekoak dira, halaber, herritarren zientzia sarearen barruko lurrak kontserbatzeko programa berria, eta Dewitt (AEB) hiriko Plangintzako zuzendari Sam Gordonen ‘La vía verde New York Empire State Trail’ hitzaldia. Olarizuko etxaldean izango da hitzaldia, ekainaren 21ean.

Web-orri hauetan kontsultatu daiteke programa osoa:www.vitoria-gasteiz.org/cea, www.vitoria-gasteiz.org/ataria eta www.vitoria-gasteiz.org/eraztunberdea. Jardueretan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, udalaren web-orrian, Atarian, 010ean edo gizarte etxeetan. Jardueren tarifak ere leku horietan kontsultatu daitezke. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak eta Atariko koordinatzaile Gorka Belamendiak eskerrak eman nahi izan dizkiete agendan parte hartzen duten entitate eta taldeei, haien laguntzarik gabe ezinezkoa bailitzateke hain programa osoa eskaintzea.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:07

Izena emateko epeak apirilaren 3tik 18ra arte iraungo du, eta jarduerak ekainaren 25etik abuztuaren 31ra arte garatuko dira

Gasteizko Udalak 2018rako antolatu dituen opor jardueretan 2.790 leku eskainiko dira, hau da, iazko udan baino 72 gehiago, guraso elkarteek antolatutakoak kontatu gabe.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu ditu prentsaren aurrean jarduerak; hark azaldu duenez, programaren helburuak “Hiri Hezitzaileen Gutunetik ateratako balioekin zuzenean lotuta daude, eta hiriko hezkuntza proiekturekiko konpromisoa islatzen dute: bizi-kalitatea, gizalegea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, prestakuntza, identitatea, berdintasuna, inklusioa,  berrikuntza, erantzukizuna, elkartasuna eta iraunkortasuna“.

Zehazki, programa eta leku hauek eskainiko dira:

  • Jolas txokoak: 380 (2017an, 380)
  • Udako ludotekak: 460 (2017an, 435)
  • “múSIka, bai!” musika udalekuak: 480 (2017an, 480)
  • Udaleku irekiak: 310 (2017an, 310)
  • Ingurumen udalekuak: 120 (2017an, 120)
  • Green Summer Camp: 100 (2017an, 100)
  • Abentura udalekua: 90 (2017an, 45)
  • Udako txokokluba: 150 (2017an, 150)
  • Jarduera nautikoen campusa: 184 (2017an, 192)
  • Kanpamentua hondartzan: 100 (2017an, 100)
  • Udaband! udako musika-campusa: 35 (2017an, 25)
  • Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroak: 381 (2017an, 381)

Orotara hamaika programa dira, 4 eta 20 urte bitartekoei zuzendutakoak; horietaz gain, guraso elkarteek beren udako programak antolatzeko baliabideak dituzte.

Udako jarduerek 2018ko ekainaren 25etik abuztuaren 31ra arteko epea hartzen dute barne, hau da, 10 aste guztira.

Izena emateko epe bakarra ezarri da jarduera guztietarako, jarduera nautikoetako hastapen ikastaroetarako izan ezik:

  • Eskaera: apirilaren 3tik 18ra.
  • Zozketa: maiatzaren 7a.
  • Formalizatzea: maiatzaren 7tik 15era.
  • Hutsik dauden lekuak jakinaraztea: maiatzaren 18a.
  • Leku hutsetarako izen-ematea: maiatzaren 23tik ekainaren 3ra arte.

Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroei dagokionez, zuzenean emango da izena, maiatzaren 28tik aurrera, leku guztiak bete arte.

Eskabideak aurkezteko zein formalizatzeko bide hauek erabil daitezke:

  • herritarrei laguntzeko bulegoak, 08:30etik 20:00etara, astelehenetik ostiralera;
  • argibideetarako telefonoa: 010 edo 945 161 100;
  • Edo udalaren web-orriko egoitza elektronikoaren bitartez: vitoria-gasteiz.org

Argibide oro udalaren web-orrian aurki daiteke.

2018 udalaren opor jarduera

 

Share