Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 martxoa 2018 17:00

Prentsaurrekoa. 2018ko Enplegu Bilaketarako Orientabideak emateko Plan Integrala aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa

Eguna. Asteartea, martxoak 27

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————

Gasteizen izen ematea Euskaraldian ekimenan

Parte hartzaileak. Gorka Urtaran alkatea, Iñaki Prusilla Euskara zinegotzia, talde politikoen ordezkariak eta Maddalen Agirre Loinaz Euskaraldia talde eragileko kidea.

Eguna. Asteartea, martxoak 27

Ordua. 11.30

Tokia. Oihaneder Euskararen Etxea

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:20

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Euskal Herriko Itzuliak Araban egingo duen ibilbidearen aurkezpenean parte hartu du gaur goizean. Gasteizko alkatearekin batera, diputatu nagusi Ramiro González, Gaubeako alkate Juan Carlos Ramírez-Escudero, eta Itzuliaren zuzendari Julián Eraso izan dira aurkezpenean.

Arabako hiriburua apirilaren 6ko lasterketaren protagonista izango da, bosgarren etapa bertatik abiatuko baita, Eibarren bukatzeko. Gainera, egun horretan eta bezperan, taldeek —txirrindulariak, mekanikoak, teknikariak eta antolakuntza— Gasteizko hoteletan hartuko dute ostatu. “Lasterketaren kirol interes handiaz eta hiria ezagutarazteko balio handiaz gain, horrek dituen ondorio ekonomikoak ere beti ongi etorriak dira Gasteizen”, azaldu du alkateak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:59

 

 

 

 

 

 

  • “Oporrak bakean” programa Afanis elkarteak, Fronte Polisarioak Euskadin daukan ordezkaritzak eta arabar erakundeek antolatzen dute.
  • Aurreikusten da handia izango dela programan lehenbiziko aldiz parte hartuko duten umeen kopurua.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Araban saharar haurrei familietan harrera emateko elkarteak (Afanis), eta Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaritzak dei egin diete gaur goizean arabar familiei, aurtengo udan saharar iheslari kanpamenduetatik datozen haurretakoren bat har dezaten beren etxean.

Aurreikusten da ezen aurten handia izango dela programan lehenbiziko aldiz parte hartuko duten umeen kopurua. Horrexegatik egiten da dei Afanisek eta Fronte Polisarioak arabar erakundeekin batera antolatzen duten “Oporrak Bakean” izeneko kanpainan parte hartzera.

Halaxe adierazi du gaur goizean Arabako Foru Aldundian egindako prentsaurrekoan Jaione Agirre Gasteizko Udaleko Garapen Lankidetzako zinegotziak, Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko foru diputatuak, Irune Lujambio Afanis saharar umeak hartzeko familien Arabako elkarteko lehendakariordeak eta Abdulah Arabi Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkariak.

Lau entitate horiek lankidetza hitzarmen bat daukate “Oporrak Bakean” izeneko aldi bateko harrera programa garatzeko udako hilabeteetan zehar, zeinaren helburua baita saharar herriaren eta Arabako lurralde historikoaren arteko hurbiltzea sustatzea, arabar gizartea sentikortuz. Horrez gain, programa horren bidez sustatzen da haurrek beste errealitate batez goza dezaten bi hilabetean, basamortuko beren eguneroko errealitateaz bestekoa, mediku arreta eta elikadura orekatua emanez, eta, aldi berean, kultur truke bat sustatuz saharar haurren eta arabar haurren artean.

Haur horiek saharar iheslarien kanpamenduetan bizi dira urte osoan, Saharako basamortuan, Argeliako Hamada deritzon gune batean, bizitzeko lekurik gogorrenetako batean, gabezia handiko egoeran eta behartuta erbesteraturik 1975. urteaz geroztik. Programaren helburua da atsedenaldi bat ematea, Saharako basamortutik atera ahal izan daitezen udako hilabeteetan, 55 gradu arteko tenperaturak jasan behar izaten baitituzte orduan. Gure lurraldean igarotzen dituzten bi hilabete horiek funtsezkoak dira gero etxera osasun hobearekin eta indarberriturik itzul daitezen, aukera izanez urtearen gainerako zatia indar handiagoarekin eramateko.

Ume hauek Araban pasatuko duten denborak eta hemen biziko dutenak positiboki eragingo die bere osasunari, bai fisikoki eta bai mentalki, aberaste pertsonal batez gain. Arabar familiek haien semeak izango balira bezala jasotzen dituzte familian eta bi hilabetetan zehar umeek energia berreskuratzen dute kanpamentuetan duten bizitza gogorrera bueltatzeko”, azaldu du García de Salazarrek.

Beste alde batetik, Jaione Agirre lankidetza arloko zinegotziak berriro egin die dei gasteiztarrei, saharar haurrak har ditzaten etxean, eta gogorarazi du ezen “Gasteiz izan zela Sahararekiko elkartasunean hiri aitzindarietako bat, eta, hori, erakundeen babesari esker ez ezik, urtero-urtero udan saharar haurrei laguntzen eta maitasuna ematen jarduten diren familia horiei guztiei esker ere badela, haur horiek basamortu ez-abegitsuan bizi behar baitute, gizakiari zor zaion duintasunaren petik.. Eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki, haur askoren babes eta itsas argi direlako”. Agirrek hau nabarmendu du, gainera: “saharar herriaren kausaren alde izango gara aurrerantzean ere. Galdegiten dugu, oraindik ere, bete dadila nazioarteko legedia, eta egin dadila, behingoz, nazio batuek aurreikusitako autodeterminazio erreferenduma. Galdegiten dugu begira daitezela saharar herriaren eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta sozialak lurralde okupatuetan, eta ez gara geratuko giza eskubideen aldeko aktibistek pairatzen duten jazarpena salatzetik”. “Salatzea, halaber, Marokok ez dituela bete Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiak, galarazten dutenak berariaz Marokoren eta Europar Batasunaren arteko arrantzaren akordioak aplikatzea Mendebaldeko Sahararen jurisdikzio uretan”.

Iaz guztira 42 arabar familiak egin zieten abegi udako bi hilabeteetan zehar Tindufeko saharar iheslarien kanpamenduetako 17 neskatori eta 28 mutikori (Tinduf, Argelia), Oporrak Bakean programaren barruan.

Saharar haurrak aldi batez hartzeko programa honetan parte hartu nahi dutenek telefono hauetara dei dezakete: 650 134 011, 665 711 947 eta 696 348 315; edo email bat bidali posta elektronikoko helbide honetara: afanisalava@gmail.com

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:27

 

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak Fernando Buesa Blanco Fundazioarekiko hitzarmena onetsi du.

Fernando Buesa Blanco Fundazioak helburu hauek ditu: printzipio eta erakunde demokratikoak sustatu eta laguntzea, oinarri etiko indartsua duen gizartea osatzeko ezinbestekoak diren balioetan heztea, eta euskal gizartearen eta herritarren irudia eta kanporako proiekzioa hobetzea.

Gasteizko Udalak urteetan egiaztatu ahal izan du Fernando Buesa Blanco Fundazioak Arabako gizartearen kohesio eta integrazioari laguntzen diola, baita bizikidetza baketsu eta askeari ere, beraz, Fundazioari atxikitzeko borondatea adierazi du, laguntzaile gisa.

Hori guztia dela eta, komenigarritzat jo du beste hitzarmen bat sinatzea 2018. urterako, 45.000 euroan, bakearen eta bizikidetzaren kulturari mesede egiten dioten jarduerak sustatzeko, baita herritartasun demokratikoaren printzipioei buruzko zabalkundea eta sentsibilizazioa lantzeko jarduerak ere.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:25

Horretaz gain, Betoñuko zerbitzu osagarriak emateko kontratua onetsi du Gobernu Batzarrak

 

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, 5+11 Fundazioarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, saskibaloi-jarduerak sustatzeko.

Udalaren ustez, herritarren artean kirolaren praktika sustatzea izan behar da bere kirol politikaren helburu nagusia, gizarte eta kultura bizitzan parte hartzeko era egokia baita.

5+11 Fundazioak, berriz, saskibaloia sustatzeko helburua du, eta horrekin lotutako kirol jarduerak antolatzen nabarmendu da.

Hitzarmenaren bidez, 142.700 euro jasoko ditu, oinarrizko saskibaloia eta aisialdia betetzeko jarduerak garatu eta sustatzeko, bereziki umeei eta gazteei zuzenduta.

Zehazki, fundazioak jarduera hauek egiteko konpromisoa hartu du: saskibaloi eskola; party basketa; 3×3 txapelketa, haurrena eta absolutua; saskibaloi campusa; hobekuntza campusa; prestakuntza teknikoko jardunaldiak, eta ikastetxeetako serieak.

 

Kontratuaren esleipena

Horretaz gain, apirilaren 1etik irailaren 30era arte Betoñuko kirol esparruan zerbitzu osagarriak emateko kontratua Disport EKI SLri esleitzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 94.925,98 euroan.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:07


 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Tbilisi (Georgia) hiriburuko udalaren ordezkaritza bat hartu du gaur goizean. Saski Baskoniak Arabako Saskibaloi Federazioarekin kirol hori irakasteko duen hitzarmenari esker etorri da zinegotzien taldea gure hirira, alkateordea buru dutela.

Georgiako ordezkariek Gasteizko mugikortasunarekin lotutakoak zein kirol-instalazioak ezagutzeko interesa adierazi dute. Hori dela eta, alkatearekin bildu ondoren, zenbait bisita egingo dituzte bi arlo horietako udal teknikariekin batera.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:01

 

 

 

 

 

Zoladura eraberritzeko proiektua

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, Gasteizko Udalak 150.000 eurotik gora inbertituko ditu Mendozako Taldearen kalean eta Biasteriko Taldearen kalean zoladura eraberritzeko, baita Etxezarra kalean ere, Fontetxako Gazteluaren kalearen eta Kexaako Gazteluaren kalearen artean. Gobernu Batzarrak lan horiei dagozkien bi kontratazio-dosierrak esleitu zituen joan den ostiralean. Lehenak Mendozako Taldearen kalea eta Biasteriko Taldearen kalea (Mendozako Taldearen kalearen eta Aguraingo Taldearen kalearen artean) barne hartzen ditu, eta Orizon Constructora-Lázaro Conextran ABEEari esleitu zaio, 74.354,54 euroan (BEZa barne). Bigarrena, Etxezarra kaleari dagokiona, Asfaltia enpresari esleitu zaio, 79.765,51 euroan.

Batean zein bestean, hautatutako enpresek hilabeteko epea izango dute lanak gauzatzeko. Lan hauek egin beharko dituzte: oraingo zoladura kendu, bigunguneetan asfaltozko aglomeratu beroa bota, egoera txarrean dauden zintarriak konpondu eta seinale berriak jarri. Etxezarra kalean 4.690 metro koadro hartuko dute lanek. Mendozako Taldearen kalean eta Biasteriko Taldearen kalean, berriz, 4.545 metro koadro hartuko dute orotara.

“Lan errazak izan arren eragin handia dute esku hartuko dugun inguruetako auzokoen eguneroko bizitzan. Izan ere, inguru horietan asfaltoaren baldintzak txarrak dira motordun ibilgailuentzat. Gasteizek kale erakargarriagoak, erosoagoak eta modernoagoak izatea nahi dugu. Inguru horietan bizi diren pertsonek behin baino gehiagotan eskatu dute esku hartzeko, eta orain haien eskaerei erantzungo diegu”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Industria Plana Bitorialandan

Ostiralean, halaber, Bitorialanda kalea  —Ehari-Gobeu industrialdean— eraberritzeko kontratua esleitzea onetsi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak. Yarritu SA enpresak egingo ditu lanak, hilabeteko epean, 164.127,77 euroan. Industrialdeak biziberritzeko obra-multzo baten lehena da hori, joan den uztailean GILSA sozietateak onetsitakoari jarraituz.

Lan horiek enpresek berek egindako eskabideei erantzun nahi  diete, zeinak Industria Mahaian eta industrialdeen berariazko eskabideak bideratzeko sortu zen Industria Postontzian azaldu baitira. Eskabideak jaso ondoren, zona ezberdinetan esku hartzeko zeuden beharrak aztertu eta lehenetsi dira. Hain zuzen ere, Bitorialanda eta Bitoriabidea ziren zerrendan lehenak. Lehenengoari dagozkion lanak ostiralean esleitu ziren; Bitoriabidekoak, berriz, laster esleituko dira.

“Horrelako inbertsioak funtsezkoak dira industriarentzat, Gasteiz hiriaren eboluzioan eta etorkizunean sektore gakoa baita. Industrialdeak biziberritu eta erakargarriagoak bihurtzeaz gain, jarduera gehiago etor dadin, Ehari-Gobeuren kasuan urte askotan hobekuntzarik izan ez duen industrialde batean esku hartuko dugu”, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

Lanei esker, kale horretako zoladura berrituko da, oso hondatuta zegoelarik zati batzuk arriskugarriak baitziren ibilgailuen trafikorako. Aurrekontua 258.348 euro da. Oraingo zoladura kendu, asfaltozko aglomeratua bota eta seinaleztapen horizontala berriro margotuko da.  Horretaz gain, egoera txarrean dauden zintarriak eta pasaguneak konponduko dira.

Ehari-Gobeuko industrialdean 300 enpresa inguru daude; Mercedes-Benz-en lantegiaren ondoan askotariko lantegi txikiak daude Alibarra eta Bitorialanda kaleen arteko etxadietan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:00

 

TUVISAk QR kodeak jarriko ditu geltoki guztietan, unean bertan bidaiariek telefono adimentsuaren bidez jakiterik izan dezaten zenbait denbora itxaron behar duten hurrengo autobusa iritsi arte. Telefonoaz ikono horiek eskaneatuta, informazio hau jasoko dute automatikoki pantailan: zein ibilgailu iristekoa den dauden geltokira, eta zein lineatakoa den. Orobat, linea osoa ikusi ahalko dute mapan.

Gorka Urtaran alkateak gaur goizean iragarri duenez, 223 markesinatan eta 112 zutoinetan jarriko dira QR kodeak. Hiri autobusen sare osoan, alegia.  Bazko Astearen ondoren ekingo diote irudiak jartzeari.

Hona hemen ikusiko denaren adibide bat: http://www.vitoria-gasteiz.org/codigo-parada?idParada=1001

Gorka Urtaran alkateak azpimarratu duenez, “Udal gobernutik TUVISA modernizatzen jarraitzen dugu. Hamar autobus hibridoak iristen diren bitartean —bost aurtengo udan eta beste bostak datorren urteko udaberrian—, urratsak egiten joango gara udalaren garraio sozietateak baliabide gehiago izan ditzan. Oraingoan, tresna adimentsuak, erabilera esperientzia arinagoa, errazagoa eta baliagarriagoa izan dadin herritarrentzat”.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:54

 

 

 

 

 

 

 

Lasarteko Atea kaleko bidegorriaren proiektua

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, Gasteizko Udalak106.203,35 eurotik gora inbertituko ditu bidegorri bat egiteko Lasarteko atean, Frai Francisco Vitoria ibilbidetik Salbaterrabidera bitartean, ia-ia Mendizorrotzeraino. Joan den ostiraleko bileran onetsi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek egiteko kontratazio-dosierra, zein bi hilabeteko epean egingo dituen –esleitzen direnetik–, Campezo Obras y Servicios enpresak. Esku-hartze horren bitartez, bizikletentzako bide jarraitu eta seguruen sarea garatzen segituko du Gasteizko Udalak, eta bizikletaren erabilera sustatzen, hiri-garraiobide iraunkor gisa, beste 400 metro. Gaur egun, 158 kilometro inguruk osatzen dute Arabako hiriburuko bizikletentzako bideek —bidegorriak, pedalak dituzten ibilgailuak ibil daitezkeen espaloiak, pistak, zidorrak eta bizikletek tranbiarekin edo autobusekin nahiz ibilgailu motordunen trafikoarekin eta oinezkoekin partekatzen dituzten bideak batzen direlarik—.

Lasarteko ateko bidegorri berria interes berezikotzat jotzen da, alkateak adierazi duenez; izan ere, “bizikleta ugari ibili ohi da tarte horretan, kokapena dela eta. Hiriaren iparraldea Mendizorrotzeko igerilekuekin eta Estadioarekin lotzen baitu, eta Mendizorrotzeko futbol-zelaiarekin, Lasarteko institutuarekin, Olabide ikastolarekin eta Hizkuntza Eskola Ofizialarekin”. Gaur egun, Lasarteko ateko tarte hori, Frai Francisco Vitoria ibilbidetik Salbaterrabidera artekoa, estua da , kalearen alde horretan Gure Txokoa eraikinaren lursailaren mugek hautsi egiten baitute lerrokadura, eta etena sortzen, bizikletentzat beste aldean dagoen bidegorri zaharkituan. Bestalde, Sabaterrabiden, Lasarteko atearen eta Amadeo García de Salazar plazaren artean, ez dago bizikletentzako biderik, Mendizorrotzera aldera.

Egoera hori aldatzeko, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak bi noranzko izango dituen bizikletentzako bidea proiektatu du, 2,20 eta 3 metro arteko zabalera aldakorra izango duena, zati bat galtzadan kokatua eta beste bat espaloian, betiere zintarriaren ondoan, zein Gure Txokoaren lursailaren ondotik joango baita. Horretarako, atzera eramango da lursailaren itxitura, eta zolatu egingo da libre geratzen den lekua. Era berean, Lasarteko atearen mendebaldean dagoen aparkaleku-lerroa ekialdera aldatuko da. Bidegorri berria egiteko lekua uzteko aukera emango du horrek. Salbaterrabiden, berriz, aparkaleku batzuk kenduko dira, bizikletentzako bideak modu naturalean jarrai dezan Mendizorrotzeraino. “Galtzadako bidegurutzeak seguruago egiteko ere hainbat neurri hartu dira, hala nola tarteko babeslekuak jartzea, eta bidegurutze horiek oinezkoentzako pasabideen ondotik egitea. Halako pasabide berri bat ere egingo da”. Farolak eta hustubideak ere mugituko dira, oztopoak kentzeko. Era berean, Gure Txokoaren lursaileko hormatxoaren ordez antzeko beste bat jarri beharko da, baina taxuketa berriaren arabera lerrokatua.

Azpiegitura berdeak

Joan den ostiraleko Gobernu Batzarreko saioan onetsi zen, halaber, Perica Obras y Servicios enpresari esleitzea Lakuabizkarreko azpiegituren sisteman egingo diren lanak. Bi hilabeteko epean burutuko du enpresak proiektua, 58.125 euroren truke. Proiektu aitzindari horren bitartez, gaixorik dauden zuhaitzak eta garapen-arazoak dituztenak ordeztuko dira hainbat ingurunetan, zenbait txorko handitu eta zoladura hobetuko. Hain zuzen, Donostia kalean egingo dira lan horiek —Baiona kaletik Landaberde kalera bitartean—, Wellingtongo Dukearen kalean —15-19—, tranbiaren geltokira bitarteko tartean, eta Blas de Otero kalean, merkataritza-gunearen ondoan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:34

Udal gobernuak 2019ko martxoaren 31ra arte luzatu du intentsitate handiko Hurbil taldearen Kaleko Heziketarako programa garatzeko kontratua, zeina duela hiru urte esleitu baitzitzaion Arabako Ihesaren aurkako Herritarren Batzordeari. Luzapena apirilaren 1ean sartuko da indarrean, 91.183,47 euroan.

Hurbil diziplina anitzeko lantaldea da, gizarte laneko, psikologiako eta gizarte hezkuntzako adituek osatua, eta esklusio-egoera larrian dauden pertsonei arreta psikosoziala eta gizarte-hezkuntzakoa eskaintzen die, arreta jarraitua eta pertsonalizatua behar baitute gizarteratuko badira.

Kaleko Heziketarako programan, Hurbil-en esku-hartzea bereziki zuzenduta dago esklusio-egoera larrian daudelarik zaintza edo gainbegiratzea –edo bizi-ohitura normalizatuak izatea– eskatzen duten erakundeen laguntza oro ukatzen duten pertsonei.

Oro har, oinarrizko beharrizanak betetzeko baliabide nahikorik ez duten edo horiek kudeatzeko zailtasunak dituzten pertsonei ematen diete arreta: etxerik gabeak dira, edo bizilekurik badute, egoera eskasean egon ohi da; ez  dute sostengua ematen dien familia- edo gizarte-sarerik, eta osasun arazoak izan ohi dituzte, gai toxikoekiko mendekotasunen edo buru gaixotasunen eraginez.

Azken hiru urteetan, Udalak 1.000 pertsona ingururi eman die arreta programaren bidez, “gizarte  esklusioaren ondorioak arintzeko; pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko, ohitura osasungarriak irakatsiz, eta arretarako baliabideetan sartzea ahalbidetzeko. Tutoretza, akonpainamendua, aholkularitza, laguntza psikologikoa, gizarte-eragileekiko bitartekaritza eta abar eskaintzen dizkiegu”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Epe horretan arreta jaso dutenen % 80 inguru gizonak ziren, gehienak 35 eta 49 artekoak.

 

Share