Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 urtarrila 2019 12:09

Ikuskizun batzuetarako sarreren salmenta urtarrilaren 15era aurreratuko da, 31n hastekoa den salmenta ez kolapsatzeko

Udalaren Kultura Sailaren mendeko Antzoki Sarearen negu-udaberrietako denboraldiak 73 ikuskizun eskainiko ditu guztira. Antzerkia, dantza, musika klasikoa, popa, flamenkoa, beste musika mota batzuk, umorea, zirkua eta familientzako proposamen ugari ikusi ahalko dira. Aurten, beti bezala, kalitatearen alde egin da, eta besteak beste, Juan Echanove, Alex Ubago, Carmen Maura, Aitana Sánchez Gijón, José Sacristán, Ismael Serrano, Café Quijano eta Sweet California izango ditugu San Prudentzio kaleko agertokian.

Gizarte etxeetako zikloetan 17 ikuskizun eskainiko dira, eta Principal antzokian, 55; Jesús Guridi kontserbatorioan ere eskainiko da saio bat .

Principal antzokia:

  • Helduentzako abonamenduak 12 proposamen biltzen ditu: “La vuelta de Nora”, Aitana Sánchez Gijónekin; “Voltaire/Rousseau, la disputa”, Josep María Flotatsena; “Ensayo”, Teatro Kamikazerena; “Si no te hubiera conocido”, Unax Ugalderekin; “Rojo”, Juan Echanoverena; “El precio”, Gonzalo de Castro eta Tristán Ulloarekin; “7 años”, Miguel Rellánekin; “Copenhague”, Emilio Gutierrez Cavarekin; “La golondrina”, Carmen Maurarekin; “Todas las mujeres”, oso artista ezagunekin;  “La culpa”, Pepón Nietorekin, eta “Señora de rojo sobre fondo gris”, José Sacristánekin.
  • Dantza abonamenduan lau lan sartu dira: “Sutra”, “Rêverie Romantique”, “Cenicienta” eta “James Brown Tribute”.
  • Euskarazko abonamenduak ere lau lan barne hartzen ditu: “Ghero” (Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan), “Kalaportu”, “Beroki gorria” eta “Koskak”.
  • Familientzako antzerki abonamenduan bost ikuskizun eskainiko dira: “Ludo Circus Show”, “Gag Movie”, “Aita ogroa da”, “Julietas Romeo Circo” eta Sun Magoaren “Lilurako Laborategia”.
  • Familientzako musikaren programazioan bost kontzertu sartu dira: hiru, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Musika Gelaren laguntzarekin (“Pianissimo”, “Isiltasunaren haitzuloa” eta, abonamendutik kanpo, “Uauatxua”); bi, Udal Musika Bandarekin (“Pinotxo” eta “Sforzando”).
  • “Umore giroan” abonamendua: Faemino y Cansado eta Luis Piedrahita.
  • Kontzertu Handien abonamendua: “Orquesta Santa Cecilia”, “Malikian Simphonic”, “Soqquadro Italiano” eta “Ivo Pogorelich”.
  • Abonamendutik kanpo: “Madama Butterfly”, “Play Off” eta talde eta kantari ezagunen kontzertu ugari: Sweet California, Café Quijano, Ismael Serrano, Albert Plá, Goazen 5.0, Juan Perro eta “Mende berria Kantuz” (Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien amaiera).
  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonamenduko zazpi kontzertuek eta Udal Musika Bandaren asteazkeneko lau kontzertuek osatzen dute Principal antzokiko eskaintza: 55 ikuskizun orotara.

Gizarte etxeetako programazioa:

  • XXI. Mendeko Flamenkoa zikloa, Jesús Ibáñez de Matauco antzokian: Paco Cepero, La Macanita, Antonio Reyes eta Jesús Méndez, María Terremoto eta Paco del Pozo.
  • Ikuskizuna Ibaiondon zikloa, Felix Petite antzokian: “Contraescena”, “La Calderona, the remix, teatro clásico a ritmo de Hip hop”, “Jazz Bodas de Fígaro” eta “Las cosas extraordinarias”, Brays Eferena (Paquita Salasen protagonista ezaguna).
  • Jim Aktual abonamendua, Jesús Ibáñez de Mataucon: “Qué pasó con Michael Jackson”, “Galerna”, “Teníamos que haber empezado de otra manera” eta “Mundo Obrero”.
  • Dantza Sarean zikloan —bertako koreografoak ezagutarazteko eta dantza garaikidea gure programazioan normalizatzeko xedez iaz sortutakoa— hiru lan proposatuko dira Félix Petite antzokian: “Luz”, “The Big Game” eta  “Salüq”.
  • Gainera, AAVOZ  elkarteak Konpositore iberoamerikarren ganbera kantuak eskainiko ditu Jesús Guridi kontserbatorioan.

Abonamenduak urtarrilaren 24, 25, 26 eta 27an salduko dira. Hilaren 29 eta 30ean, abonamendu irekiak jarriko dira salgai, eta 31tik aurrera hasiko da salmenta arrunta. Bestetik, hilaren 31n salmenta kolapsatu ez dadin, ikuskizun hauetarako sarreren salmenta urtarrilaren 15eko 18:30era aurreratuko da: Ismael Serrano, Goazen 5.0, Sweet California, Café Quijano eta AAVOZen Konpositore iberoamerikarren ganbera kantuak.

Principal Antzokia. 2019 Urtarrila-Ekaina

Share