Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 urtarrila 2019 14:17

Udaltzain Agenteek atzo 35 urteko emakume bat eta 31 urteko gizonezko bat atxilotu zituzten etxe-indarkeriaren delituagatik eta gertakari horretan esku hartu zuen patruilaren aurkako atentatuagatik.

092ra egindako dei batek ohartarazi zuen gizon bat eta emakume bat eztabaida latzean zebiltzala San Kristobal auzoko etxebizitza batean. Lekuko batek toki horretara hurbildutako patruilari jakinarazi zion bikotekideak San Kristobal zubirantz abiatu zirela. Handik pixka batera, sastraka batzuen artean ezkutatuta topatu zituzten. Gizonezkoak erretilu bat zeraman, hauts zuri baten arrastoekin, eta odoletan zuen aurpegia. Emakumeak aitortu zuen gizonezkoari aulki bat burura bota eta eraso egin ziola, eta horren ondorioz, udaltzainek atxilotu egin zuten. Une horretan, gizonezkoak, eraso hori ukatzen eta emakumea errugabetzen saiatu ondoren, patruilaren aurka eraso egin zuen, eta hura ere atxilotu egin zuten, agintaritza-agenteen aurkako atentatuagatik. Bikotekideak Agirrelandako polizia-etxera eraman zituzten eta, gero, gizonezkoa ospitalera, jasandako lesio horietatik sendatzera. Gaur goizean epailearen esku geratuko dira.

Zakur baten erasoa

Udaltzaingoak izapide batzuk eginarazi ditu Guardiako Epaitegian lesio-delitu bat egon daitekeelako, emakume batek salatu egin baitu tamaina handiko zakur batek eraso egin ziola bere aitari, joan den abenduaren 21ean, Gamarra Nagusia herritik barrena paseoan zebilela.

Antza denez, muturrekorik gabe zihoan zakur bat etxetik irten eta kosk egin zion besoan. Eraso horren ondorioz, 82 urteko gizonezkoa desorekatu eta lurrera erori zen, bizkarrean kolpe bat hartuz. Zakurraren jabeek laguntza eman eta anbulantzia bati deitu zioten, Santiago Ospitalera eraman zezaten.

Zazpi pertsona zauritu dira istripuetan

Joan den ostiralean oinezko batek jasandako harrapaketaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; 60 urteko emakumea behar bezala gurutzatzen ari zen galtzada Heraclio Fornier kalean, eta beste emakume bat gidatzen ari zen auto batek hura harrapatu eta alde egin zuen bertatik. Bertara hurbildutako larrialdi-zerbitzuek emakumea artatu eta anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Egun horretan bertan gertatutako beste harrapaketa baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira. Auto batek 68 urteko oinezko emakume bat harrapatu zuen Herrandarren kaleko oinezkoen igarobide batean. Anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Ibilgailu barruan zihoan pertsona bat zaurituta geratu zen ostiralean, Jacinto Benavente kalean hiru autoren arteko talka-istripu baten ondorioz.  Istripua jasandako 20 urteko emakume hori anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Larunbat gauerdian, 41 urteko moto-gidari bat zaurituta geratu zen, Micaela Portilla kalean bere ibilgailuaren kontrola galdu eta irristan joan ondoren. Anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Arriagako Atea eta Luis Olariaga kaleen arteko biribilgunean bi ibilgailuren arteko istripu bat gertatu zen larunbatean. Autoetako batean zihoan 45 urteko emakumezko gidaria eta beste lau bidaiari artatu behar izan zituzten. Ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea. Beste ibilgailu batean zihoan 41 urteko gidaria San Jose Ospitalera eraman zuten.

Ziklomotor batean zihoan 26 urteko gidaria zaurituta geratu zen larunbatean, Antonio Machado kalearen eta Oto Hiribidearen arteko biribilgunetik barrena zihoala lurrera erori ondoren.  Bertara hurbildutako larrialdi-zerbitzuek gazte hori artatu eta, gero, anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Inor zauriturik geratu ez zen beste 35 trafiko-istriputan esku hartu zuten asteburuan Udaltzainek, eta 4 gidari –3 gizonezko eta emakumezko 1– ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Lau pertsona horiei izapideak abiarazi zizkieten Guardiako Epaitegian, bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik.

Gainera, Udaltzainek alkoholemiaren prebentziorako zazpi kontrol egin zituzten asteburuan hiriburuan, eta horietan, 130 gidari baino gehiagori eginarazi zizkieten alkoholemia-probak. Horietatik bostek emaitza positiboa eman zuten eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Ostiraletik igandera, Udaltzainek 45 salaketa izapidetu dituzte eta Polizia Judizialak 13 jarduera burutu ditu.

Zortzi edukiontzik su hartu dute

Larunbat gaueko 2:20 eta 3:36 bitartean hiru toki desberdinetan esku hartu zuten suhiltzaileek, suak hartutako zortzi edukiontzi itzaltzeko: Errementari kalean guztiz kiskalita geratu zen edukiontzi bat; Bustinzuri kalean ibilgailu baten ondoko beste edukiontzi bat erreta geratu zen, nahiz eta suhiltzaileek autoa babestea lortu zuten, eta suak lau edukiontziri eragin zien, suhiltzaileek ura erabiliz itzaltzea lortu bazuten ere; Ehari Ibaiaren zidorrean sua bi edukiontzitan hasi, eta gero beste batek ere su hartu zuen, baina suhiltzaileek hori ere itzaltzea lortu zuten.

 

Share