Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 urtarrila 2019 13:00

 

 

 

 

 

 

 

Udaltzaingoak txosten bat bidali dio Udaleko Ingurumen Sailari, Oñati kalean (Betoñuko industrialdea) dagoen bigarren eskuko produktuen salerosketarako establezimendu bati buruz, jarduera-lizentziarik gabe baitziharduen; horren ikerketa abiarazi dute, beste administrazio arau-hausterik edo objektuen jatorriarekin lotutako deliturik egin ote duten zehazteko.

Joan den urtarrilaren 10ean hasi ziren ikertzen, Ertzaintzaren dei baten ondorioz. Kidego horretako patruila batek anomaliak antzeman zituen pabiloiaren segurtasunean, eta Udaltzaingoa joan zedin eskatu zuen.

Udaltzainek ikusi ahal izan zutenez, pabilioiaren beheko solairuan —jendaurreko salmentarako erabilia— eta bi solairuartekoetan era guztietako material erregaia eta erraz su har zezakeena pilatzen zen: altzariak, zurezko ateak, butano eta karbono-dioxido bonbonak, pneumatikoak, etxetresna elektrikoak, gailu elektronikoak, ziklomotorrak, bizikletak, koltxoiak, plastikozko aulkiak, liburuak, jantziak, etab.

Leku batzuetan, gainera, material pilaketak pertsonen bidea eragozten zuen, eta horrek ezinezko bihurtuko luke ebakuazio egokia larrialdi egoeretan.

Hori guztia kontuan izanik, suhiltzaileei deitu zieten, zerbitzu horretako teknikariek aretoa ikuskatu zezaten. Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak ohar hauek egiten ditu txostenean:

  • Aplikatzekoa den berariazko araudiaren arabera baimenduko ez liratekeen materialak biltegiratu dira.
  • Su-karga metatuak pabiloiarentzat berarentzat eta ingurukoentzat aurreikusi gabeko arriskua du.
  • Merkataritzako erabilera duen pabilioia da, bertara doazen erabiltzaileentzat arrisku onartezina duena.

Hori guztia dela kausa, beharrezko neurriak hartu dira jarduera geldiarazteko eta pertsona zein ondasunentzat zegoen arriskua ahalik eta lasterren desgerrarazteko.

Ikerketak irekita jarraitzen du.

Share