Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 urtarrila 2019 11:49

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak Sidalava (Hiesaren aurkako Herritarren Batzordea), IRSE eta Clara Campoamor elkarteekin udal zerbitzu eta programak emateko sei hitzarmen sinatzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Guztira 1.881.136 euro egiten dute horiek.

Udalak lau hitzarmen sinatuko ditu Hiesaren aurkako Herritarren Batzordearekin (1.532.339 €), Aterpe, Estrada eguneko zentroa, Etxe Irekia eta zainpeko etxebizitzak deritzen zerbitzuak emateko.

Aterpe gaueko harrera egiteko baliabidea da, gizarte eta etxebizitza esklusio-egoera larrian dauden pertsonentzat; egunero egoten da zabalik, urte osoan. Gizarteratzeko prozesuak faboratzen dira bertan, ekintza normalizatzaileen bidez eta laguntza-ekintzen bidez, pertsona horien gizarte-inklusioa lortzearren. Sidalavak 457.126 euro jasoko ditu zerbitzu hori emateko.

Estrada udal zentroaren hitzarmenak 453.516 euroko zuzkidura du. Zentro horretan egunez eskaintzen da harrera, gizarte eta etxebizitza esklusio-egoeran dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzearren.

Sidalavarekiko hirugarren hitzarmena Etxe Irekiari dagokio: dena delakoagatik gizarte eta etxebizitza esklusio-egoeran dauden pertsonentzako baliabidea da, egoera horren eraginak minimizatzeko laguntza profesional etengabea behar dutenean”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Udalak 331.526 euro jarriko ditu zerbitzu hori emateko.

Azkenik, Hiesaren aurkako Herritarren Batzordeak beste 290.171 euro jasoko ditu zainpeko etxebizitzen programa kudeatzeko; programak ostatua eta laguntza ematen die etxebizitzarik gabe dauden pertsona eta familiei, bizitza autonomorako bitarteko urrats gisa.

Bestetik, Gizarte Politiken Sailak Clara Campoamor elkartearekin hitzarmena sinatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak hartzeko ostatuen zerbitzuak kudeatu ditzan 2019an. “Etxebizitza horietan aldi baterako eta doako ostatua eskaintzen dugu. Etxeko indarkeriaren biktima diren eta haien kargura dauden pertsonei errekuperatzen eta egoera gainditzen laguntzen diegu, babes neurririk behar ez denean” , adierazi du López de Munainek.

Clara Campoamor elkarteak 292.135 euro jasoko ditu zerbitzu hori emateko.

Zainpeko etxebizitzak

IRSE-Arabako Bergizarteratze Institutuak, azkenik, 56.662 euro jasoko ditu aurten zainpeko pisuetan gizarte eta hezkuntza arloetako esku-hartzeko programa kudeatzeko.

Gizarte desabantaila egoeran dauden pertsonen gizarte-inklusioa da IRSEren helburuetako bat; etxebizitzetan laguntza eta tutoretza emateko programa bat garatzen du, pertsona horiek gizarteratze ibilbidean aurrera egin dezaten eta gizartean guztiz sar daitezen.

Share