Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 urtarrila 2019 17:58

Ugaztun horren gainpopulazioa gero eta handiago da, eta kalteak eragiten ditu hezeguneko faunan zein laboreetan, eta istripuak gertuko errepideetan

 

Lau arkulari arduratuko dira harrapatzeaz, suzko armen bidezko uxaldiak eragoztearren

 

Gasteizko Udalak Salburuko basurde-populazioa kontrolatzeko kanpaina bat abiaraziko du aste honen bukaeran edo datorren astearen hasieran. Izan  ere, ugaztun horren gainpopulazioak hainbat arazo sortzen ditu: eragin negatiboa hezeguneko faunan —bereziki anfibioentzat, narrastientzat eta habiak lurrean egiten dituzten hegaztientzat—, kalteak inguruko laboreetan, istripuen arriskua gertuko errepideetan —hainbat gertatu dira dagoeneko— eta osasun arriskua, animalien kontzentrazio handia eta parkeko oreinekiko kontaktua direla kausa.

Egoera horren aurrean, Udalak baimena lortu du bi hilabetez populazioa kontrolatzeko kanpaina egiteko. Arabako Arkularien Elkarteko lau kide esperientziadun arduratuko dira basurdeak hiltzeaz. Plataforma goratuak jarriko dira zuhaitz edo aldamioen gainean, eta jakiak ere erabiliko dira, eraginkortasun eta segurtasun handiagoa lortzearren. Ilunabarrean egingo dira zaintzak, astelehenetik ostiralera.

Basurdeak kontrolatzeko kanpainarekin batera, errondak egingo dira gauez, ibilgailuz, neurrien eraginkortasuna ebaluatu eta presio zinegetikoa arautzeko. Arkuak erabiltzeak suzko armak erabiltzeak baino arrisku txikiagoa du. Suzko armek, gainera, ihesaldiak eragingo lituzkete, eta basurdeak zein orkatzak hezegunetik kanpora trumilka aterako lirateke. Salburuko hezegunea leku babestua da, eta Gasteiz inguruan zedarritutako segurtasun-zonaren barruan sartzen da; beraz, debekatuta dago suzko armak erabiltzea, salbuespen egoeretan izan ezik.

Share