Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 urtarrila 2019 13:58

2018an, Udaltzaingoak erregistratutako delituen kopurua % 5 jaitsi zen 2017. urtekoen aldean. Zehazki, 6.351 salaketa tramitatu ziren Agirrelandan iaz; 2017an, berriz, 6.692 izan ziren.

Udaltzaingoak jasotako delinkuentzia-datuen lehen azterketa batean, gizarte alarma berezia sortzen duten delituak nabarmen murriztu direla ikus daiteke: sexu abusu eta erasoak (-% 54), merkataritza eta ostalaritza establezimenduetako lapurretak (-% 16), bizikleta ebasketak (-% 15), etxebizitzetako lapurretak (-% 12), eta genero eta etxeko indarkeria (-% 7).

“Datuak positiboak dira. Hiri segurua izaten jarraitzen dugula baieztatzen dute, eta delituen kontra gure agenteak zein poliziaburuak egiten ari diren lana ona dela berresten. Era berean, gobernuaren kudeaketaren isla dira, zerbitzuak indartu, zerbitzu berriak sortu eta agente gehiagoz hornitzeko apustua egin baitu, eta horren erakusgarri dira deitu ditugun bi LEPetatik sortutako 60 agente berriak”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

Delitu motak

Delitu motaren arabera, sexu abusu eta erasoak % 54 jaitsi ziren 2018an: 16 kasu izan ziren, eta 2017an, 35.

Ondarearen kontrako delituen artean nabarmendu behar da % 16 jaitsi direla merkataritza eta ostalaritza establezimenduetako lapurretak. Izan  ere, 2018an 70 establezimendutan sartu ziren lapurrak, eta 2017an, aldiz, 83tan. Enpresetako lapurretei dagokienez, Udaltzaingoak 17 salaketa jaso zituen, 2017an baino 5 gutxiago.

Etxebizitzetan indarrez egindako lapurretak % 12 jaitsi ziren: 135 izan ziren guztira; 2017an, berriz, 153. Beste leku itxi batzuetan (trastelekuak, ganbarak, lonjak, etab.) egindako erasoei dagokienez, ordea, 13 salaketa gehiago jarri ziren, 171 guztira.

Ebasketa eta iruzur delituak ere % 6 jaitsi ziren 2018an (288 salaketa guztira), baita ibilgailu motordunen lapurretak ere (Udaltzaingoak 31 kasu zenbatu zituen). Ibilgailuen barruko lapurretak, ostera, 2017an (263) baino 64 gehiago izan ziren.

Bizikleten ebasketetan beheranzko joerak jarraitzen du: 883 kasu zenbatu ziren 2017ko 978 kasuen aldean, hau da, % 15 gutxiago.

Azkenik, 2018an genero-indarkeriarekin eta etxeko indarkeriarekin lotutako 297 salaketa izan ziren; 2017an 319 salaketa izan ziren, beraz, % 7 murriztu da kopurua. Zehazki, Udaltzaingoak genero-indarkeriako 216 kasu erregistratu zituen (2017an 234 izan ziren), eta etxeko indarkeriako 81 (2017an, 85).

Delitu horiei eta beste batzuei aurre egiteko Udaltzaingoak egindako ikerketen ondorioz 249 pertsona atxilotu zituzten, eta 1.408 ikertu.

 

 

 

 

 

 

Share