Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2019 16:26

Udaltzaingoak komunikazio eta kontzientziazio kanpaina bat jarri du gaur martxan Vitoria-Gasteizko bide segurtasuna hobetzeko. 2018-2023 aldirako Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Iraunkorraren lehen Udal Plan Estrategikoan sartuta dagoen ekintza hori otsailaren 9ra arte egongo da martxan eta 20.000 orri-markatzaile banatzea du oinarri. Orri-markatzaile horietan oinezkoentzat eta txirrindularientzat arriskutsuak diren egoerak saihesteko mezu eta aholkuak jaso dira.

Honako mezu hauek ageri dira, besteak beste: “Saihestu deskuiduak: mugikorra, entzungailuak, egunkariak…”, “Gurutzatu baino lehen, begiratu bi alboetara eta ziurtatu ikusi zaituztela”, “Zebra-bideak oinezkoentzat dira. Errespeta itzazu” eta “Erabili argiak, islatzaileak eta txirrina besteek ikus eta entzun zaitzaten”.

“Oinezkoek eta txirrindulariek bide publikoan duten jokabidearen inguruko hausnarketa egin dezaten nahi dugu.  Bai eta hirian zehar mugitzean arriskutsuak izan daitezkeen ohiturak kontuan har ditzaten ere”, adierazi du Hiritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

Orri-markatzaileek logotipo bat dakarte, aurrerantzean Bide Segurtasunaren Udal Planaren irudia izango dena. Plan hori joan den urrian aurkeztu zen eta bere helburu nagusia hiriguneko ezbehar-tasa murriztea da. Hainbat ardatz ditu planak eta hauek dira horien xedeak:

  • Hirigunean mugikortasun iraunkorra eta segurua sustatzea eta trafiko-istripuen ondoriozko biktimak gutxitzea.
  • Talde ahulenak babestea.
  • Jokabide ezegokiak zuzentzea.
  • Bizi-ziklo osoan zehar mugikortasun seguruaren inguruan ikasten jarraitzeko erraztasunak ematea.
  • Informazioaren kudeaketa eta istripuak aztertzeko prozesua hobetzea.

Informaziorako material horren banaketa lehenetarikoa izan da hemendik aurrera egingo diren komunikazio eta kontzientziazio ekintza askoren artean. Hain zuzen ere, laster iragarkiak jarriko dira TUVISA autobusetan eta ibilgailu motordunen gidariei, bizikletaz dabiltzanei eta beste erabiltzaile batzuei zuzendutako plan bat egingo da sareko baliabideen bidez.

Horrez gain, bizikletaz dabiltzan eskola-ikasleen artean bide segurtasuna sustatzeko ekintzak ere badira martxan, argiak eta txirrina era egokian eta arduratsuan erabil ditzaten bultzatzeko.

Share