Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2019 12:43

 

 

 

 

 

 

PROIEKTUAK

Gaur goizean, ‘Gazte Sortzaileak’ bekaren bosgarren edizioan hautatutako lanak aurkeztu dira Oihaneder Euskararen Etxean. Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker sortu zen laguntza hori, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko asmoz. Erakundeen ekimen horren bitartez, gazteek osatutako bost talde artistiko aritu dira beste horrenbeste proiektu garatzen.

“Gazteen euskarazko kultur sorkuntza sustatzea da gure helburua. Bereziki, ahozko transmisioa eta berrikuntza balioesten ditugu”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak. Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak, berriz, honakoa adierazi du: “bateren batek galdetuko du programa honen inguruan, ea zergatik antolatu behar den, ea Araban ez dagoen dagoeneko eskaintza hau, gazteei zuzendutako euskaraz sortutako kultur sorkuntza, eta erantzuna da dagoena ez dela nahikoa.
Eta beste batek galde dezake ea hartzailerik ba ote dagoen Araban…
Eta erantzuna da bai, badagoela hartzaile ugari, anitza eta gaztea, gainera, euskarazko kultur eskaintza eskatzen datorrena”
.

2018an lan hauek aukeratu ziren: Beñat Goitia eta Montauk-en diskoa, abenduaren 23an Oihanederren estreinatu zena; Urko Saenz de Buruagaren ‘Oskola’ (martxoaren 22an aurkeztuko da), Eñaut Gorbearen ‘Inkuren itzala’ (apirilaren 11n estreinatuko da, Aldaben), Eguzki Donnellan eta Haizea Berueteren ‘Tripak: huts bete hots’ (apirilaren 4an aurkeztuko da, Aldaben), eta Miren Narbaiza eta Joseba Baleztenaren ‘Zer hartu ontzitik itsasoa harri bihurtzen bada’ (maiatzaren 18an estreinatuko da, Aldaben).

Beka horietakoren bat lortu nahi duten 16 eta 35 urte bitarteko gazteek beste aukera bat izango dute 2019an. Martxoan egingo da deialdia. Artistek ideia bat aurkeztu behar dute —ez da beharrezkoa oso proiektu garatua izatea—; ondoren, 6-7 hilabete emango dira aukeratutako ideiak garatzeko, Udalaren eta Aldundiaren laguntza ekonomikoaren bitartez, zeina 4.000 eurorainokoa izan baitaiteke. Gainera, profesionalen laguntza izango dute ekimenak garatzeko.

 

Share