Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  25 urtarrila 2019 08:46

 

 

 

 

 

 

Udal Musika Bandak 5 urteko ikasleen bisita “pilotua” jaso du bere egoitzan, Musiketxean.  Hala, Niño Jesús ikastetxeko bost urteko 31 umek gure banda ezagutzeko eta esploratzeaz gain, musika instrumentuak eta Musiketxen egiten duten lanaren berri izateko aukera ere izan dute.

Bremengo musikarien istorioa oinarri hartuta, ganbara-musika entzun, Banda osatzen duten instrumentuak ezagutu eta haiekin esperimentatu ahal izan dute.  Gero, amaitzeko, banda osoarekin batera hartu dute parte Hayato Hirose konposatzaile japoniarraren “The Bremen town musicians” lanean, bandaren zuzendariondokoa den Iker Olazabalen batutaren esanetara.

Bandako kide den Iratxe Lomak eraman ditu haurrak ipuin musikalean zehar. Istorio horretan lau animaliak beren abeltegietatik ihes egitea erabaki eta laurek batera bizitza hobe baten bila abiatzea erabakitzen dute. Martxa erritmoek eta melodiek lapur batzuk bizi diren basoko etxe batera daramatzate lau lagunak, eta beren “musikak” elkartzea beste aukerarik ez dute lapurrak izutu eta beraiek etxean bizitzen geratzeko. Akorde disonanteak eta perkusio-kolpe gogorrak baliatuko dituzte honako honetan lapurrak uxatzeko.

Helburu didaktikoak argi zituztelarik eta hezkuntza-sail propioa duten talde sinfonikoengandik inspirazioa hartuta, klarinetez osatutako laukote baten bidez egin die ongi etorria Musiketxeko atarian eskola-umeei.  Gaur goizean zuzeneko musikarekin lehen kontaktua izan eta gero, taldetan banandu dira Bandan dauden instrumentuak ezagutzeko eta haiekin esperimentatzeko. Gero, taldearen entsegu-aretoan, “The Bremen town musicians” lana entzun ahal izan dute ipuin musikalaren formatuan. Haurrek erraz ezagutu dute lehentxeago landu duten eta lau lagunen martxa erakusten duen melodia, eta parte hartzeko aukera ere izan dute gorputz-perkusioa baliatuz.

Udal Bandaren eta Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen sailaren ustetan, bisitetan “publikoak musikariekin besoz beso egoteko aukera du eta, mota honetako bisitariak direnean, entzule mota dela-eta, modu bikaina izaten da txikienak musika sinfonikora hurbilduz eta hura ezagutuz joan daitezen”.

Ekimen pilotu honen arrakasta ikusita, bisitak egiteko aukera hezkuntza-sareko gainerako ikasleei zabaltzea aztertzen ari dira Banda eta Saila.

Share