Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 urtarrila 2019 12:05

-Aurtengoa da ekimena martxan jarri zenetik Udalak proposatu duen eskaintza handiena.

-Beren etxebizitzek ingurumenean duten eraginaz kezkatuta dauden familiek bihartik martxoaren 3ra arte eman ahalko dute izena hezkuntza-programa horretan; otsailaren 6an aurkezpena egingo da Kordoi Etxean

-Vital fundazioarekiko lankidetzan eta Gasteizko Leroy Merlin saltokiaren laguntzarekin garatuko da jarduera

Gasteizko Udalak ‘Hogares Verdes-Etxe Berdeak’ programaren bosgarren edizioa aurkeztu du gaur goizean; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatzen du programa, Vital fundazioarekiko lankidetzan eta Leroy Merlin enpresaren laguntzarekin. Beren eguneroko erabaki eta ohiturek ingurumenean eta gizartean duten eraginaz kezkatuta dauden familiei zuzendutako heziketa jarduera da, etxearen –eta ondorioz, hiriko ingurumenaren– kudeaketa arduratsuagora aldatzeko prozesuan laguntzeko xedez. “Etxeko ur eta energia kontsumoa kontrolatzen lagunduko dieten keinu txikiak beren egunerokotasunean sartzen laguntzen diegu, bai eta era etiko eta ekologikoagoan erosten ere”, azaldu du Ingurumen zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak.  “Honako honetan, 55era igo dugu plaza-kopurua, gero eta familia gehiagok baitute parte-hartzeko interesa”, azpimarratu du zinegotziak.

Iñaki Prusillak zehaztu duenez, 2019an 55 familiak parte hartu ahalko dute programan, azken edizioetan baino gehiago. ‘Hogares Verdes – Etxe Berdeak’ programa 2015ean sortu zen, eta urte hartan 25 familiak hartu zuten parte.

Parte hartuko duten familiei etxeko kontsumoak aztertzeko hasierako auditoretza egingo zaie, eta aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute urtebetez; gainera, gaikako lantegiak (energia, hondakinak, lorezaintza eta baratzezaintza, ura, mugikortasuna eta garraioa, eta kontsumo arduratsua) emango zaie. Aurreko urteetan parte hartu zuten familien jarraipena ere egingo da.

Parte hartu nahi duten herritarrek udalaren web-orrian eman dezakete izena; posta elektronikoz (cea@vitoria-gasteiz.org) edo baita telefonoz  (945 162696) ere. Otsailaren 6an, aurkezpen jardunaldi irekia egingo da, Kordoi Etxean. 18:00etan. Hilaren 7an eginen da zozketa interesa erakutsi duten familien artean.

Share