Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 urtarrila 2019 11:18

35 gazte eta helduentzat izango dira, eta 37 familia eta umeentzat; horietako 42 euskaraz, 30 gaztelaniaz eta bat elebitan izango dira.

 

 

 

Liburutegien otsaila-maiatza arteko jarduera-programa abian da. Programaren helburua da herritarrak Udal Liburutegien Sareak dituen espazio eta zerbitzuetara hurbilaraztea eta irakurtzeko ohitura hartu eta sendotzen laguntzeko tresna dinamizatzailea izatea, eta aurten irakurtzeko zaletasuna zabaltzeko 72 jarduera eskainiko ditu.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu du gaur prentsaren aurrean. Haren hitzetan, helburua ez da bakarrik “irakurketaren alderdi ludiko eta atsegina sustatzea, baizik eta gurasoak inplikatzea seme-alabei ikasten eta irakurtzeko ohitura hartzen lagundu diezaieten, eta gazteak eta helduak jardueretan parte hartzera ohitzea”.

Programak otsaila, martxoa, apirila eta maiatza hartzen ditu barne, eta gizarte etxeetako liburutegietan haur, familia, gazte eta helduentzat eskainiko diren jarduerak biltzen ditu. Guztira, 72 jarduera izango dira: 35 gazte eta helduentzat, eta 37 familia eta umeentzat. 42 euskaraz, 30 gaztelaniaz eta bat elebitan (euskaraz eta ingelesez).

Haur eta familientzako jardueren artean ipuin-kontalariak, antzerkia, txotxongiloak, musika, tailerrak eta abar izango dira, hainbat alderdi lantzeko: aniztasuna eta desberdinekiko sentiberatasuna, jolasa, musika, zientzia, olerkigintza, genero berdintasuna, jakin-mina eta irudimena.

Gazte eta helduentzako jardueren artean tailerrak, ipuin-kontalariak eta antzerkia antolatu dira, bai eta idazleekiko topaketak, bakarrizketak eta errezitaldiak ere.

Azpimarratzekoak dira otsailaren 18tik apirilaren 23ra (liburuaren eguna) Twitter bidez antolatuko den gazteentzako nanoipuinen lehiaketa eta “Irakurri, Gozatu eta Oparitu” kanpainaren hirugarren edizioa. Kanpaina horren helburua kultura sustatzea da, irakurketa oro har eta euskarazkoa bereziki hauspotuz, bai eta herritarren aisialdia aberastea ere.

Gainera, Patxi Zubizarretak koordinatzen duen “Idazleekin solasean” programak Harkaitz Cano eta Arantxa Urretabizkaiaren bisitak jasoko ditu, eta topaketak antolatuko dira Amaia Olasolo, Álavaro Arbina eta Mamen Moreu idazleekin. Horrez gain, Manuel Iradier Elkarte Afrikanistakoek “Emakume oinutsa” aurkeztuko digute, eta beste hainbat jarduera ere egongo dira eskura: antzerkia, errezitaldiak, olerkigintza, tailerrak, irakurleen klubak etab. Irakurle kluben artean, aipatzekoa da LHko 1. eta 2. mailetako haurrei zuzenduriko “Familiartean irakurri” ekimenaren bigarren edizioa.

20190129 Haur eta familientzako

20190129 GAZTE ETA HELDUAK 2019

 

Share