Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 urtarrila 2019 10:15

Gasteizko Udalak Enpresak Sendotzeko Programaren beste edizio bat jarri du abian, enpresa sortu berrien iraupena luzatzeko xedez. Horretarako, prestakuntza praktikoa eskainiko die ekintzaileei, lau mintegi monografikoren bidez, baita banakako aholkularitzako ordu-multzo bat ere. Parte hartzen duten enpresei hausnarketa estrategikoa egiteko aukera eman nahi zaie, eta metodologia arrakastatsua aplikatuz negozioaren kudeaketan aurrera egiten laguntzea.

Hasteko, enpresaren kudeaketa mailaren aurretiko diagnostikoa egingo da, eta horren ondoren, otsailetik apirilera bitartean antolatu diren mintegi eta prestakuntza-lantegietan hartu ahalko dute parte:

 

  • Hurbilketa (otsailak 12, 9:00 – 14:00).  Kalitatearen kontzeptuaren eboluzioa aztertuko da mintegi horretan. Estrategia zer den eta enpresa baten barruan nola garatu daitekeen ere landuko da.
  • Antolakuntza (otsailak 5, 9:00 – 14:00). Analisi estrategikoa izango da abiapuntua. Negozio ereduak, balio proposamena, arrakasta faktoreak eta beste aztertuko dira. Eragileak eta mugatzaileak, AMIA eta AMIA gurutzatua ere sartzen dira programan.
  • Garapena (martxoak 26, 9:00 – 14:00). Estrategia definitu eta formulatuko da. Xedea, ikuspegia, balioak, konpetentziak, GAP azterketa eta visioning estrategikoa aipatuko dira.
  • Ezarpena eta ebaluazioa (apirilak 16, 9:00 – 14:00). Azken mintegian, hedatzea, ezarpena, ekintza plana, neurketa eta segimendua landuko dira.  Aginte koadro integralaren tresna ere aurkeztuko da.

Prestakuntza fasearen ondoren, hirugarren fasean, aholkularitza pertsonalizatua, tutoretzak eta tresnen ezarpena eskainiko dira. 10 ordu inguru izango dira, otsailaren eta maiatzaren artean. Azkenik, programaren bukaerako diagnostikoa eta ebaluazioa egingo dira.

“Hala beren jarduera sendotu nahi duten enpresei nola merkatu berriak bilatuz edo lehiakortasuna hobetuz hazteko asmoa duten enpresei zuzentzen zaie programa. Izan ere, behin abian jarrita, sustraitzea eta haztea dira enpresak aurre egin beharreko bi erronka nagusiak. Enpresak Sendotzeko Programa hau oinarri ona da bi erronka horiei erantzuteko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa du Enpresak Sendotzeko Programak; Erdi Aroko hiriguneko udal enpresa-zentroan egingo da, eta izen ematea doakoa da.

+Informazio gehiago: Enpresak Sendotzeko Programa

 

 

Share