Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 urtarrila 2019 12:54

 

  • Aurtengo lehiaketan bikoiztu egin da joan den urtean lortutako partaidetza errekora.
  • Feria Andre Maria Zuriaren plazan instalatutako karpa batean egin da, eta amaiera jarri dio Ikasenpresa hezkuntza-programari.

 

Gasteizko Udaleko Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde Pilar García de Salazarrek, BIC Arabako zuzendari David Monterok eta Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizuk inauguratu dute gaur Araba Ekinean-en Eskola Enpresen Feriaren beste edizio bat. Lanbide Heziketako ikasle arabarrek Ikasenpresa programaren barruan ikasturte honetan garatu dituzten enpresa-proiektu berrien erakusleiho izatea da ekimenaren helburua.

Feria Andre Maria Zuriaren plazan instalatutako karpa batean egin da, eta iaz lortutako partaidetza errekorra gainditu da, Arabako Lanbide Heziketako bost ikastetxetako ikasleek sortutako 66 proiektu eta negozio-ideia berri aurkeztuta. Hain zuzen ere, ia bikoiztu egin da 2018ko ekimen-kopurua. Aurkeztutako 66 proposamenak beste horrenbeste standetan egon dira ikusgai eta horietako batzuk erosteko aukera ere izan da. Honako ikastetxe hauetako ikasleek hartu dute parte: Gamarrako Ostalaritza Eskola, Mendizabala, Egibide-Nieves Cano, Egibide-Arriaga eta Egibide-Molinuevo. Askotarikoak izan dira aurkeztutako produktu eta zerbitzuak: pizza mozteko artaziak, eskuak desinfektatzeko gela, food truck baten bidez tokiko janaria garraiatzeko zerbitzua, kristal artifizialak sortzeko gai diren gatz inorganikoak oinarri hartuta sortutako bitxiak, birziklatutako materialez sortutako maskota-oheak, arrain-ontzia txertatuta dakarten altzari pertsonalizatuak, maskoten gorpuzki-zerrautsak baliatuz hazitako landareak, askotariko pastak eta gozoak, edo inklusioa bultzatzen duten aisialdiko eta denbora libreko jarduerak.

Izan ere, Ikasenpresa hezkuntza-programaren barruan, erdi eta goi mailako ikasleek enpresa bat sortzeko aukera dute, proiektua lantzeko prestakuntza eta tutoretza jasoz. Den-dena garatu behar dute ikasturtean zehar, logotipoetatik eta marketin planetik hasi eta estrategiaraino. Enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea da helburua, ikasleek ekiteko duten ahalmena sustatzeko. Metodologia guztiz praktikoa da, eta hezkuntza testuinguru berritzailea sorrarazten du. Garatutako lana erakusteko bide ematen die ikasleei Enpresen Feriak, bai eta kontsumitzaileen aurrean ideia eta proiektuen egokitasuna probatzeko bide ere.

Enpresen Feria aurrenetariko jarduera izan da Araba Ekinean-en edizio honen baitan, baina ez lehena; izan ere, XV. edizio honi hasiera emateko, “Zure ideiak balio du” lehiaketa jarri zen martxan urtarrilaren 21ean, honako kategoria hauekin: Ideiak (On4you agentziak babestuta), Iraunkortasuna (Aclimak babestuta), Merkataritza eta Turismoa (Gasteiz ON elkarteak babestuta), Nekazaritzako Elikagaiak (Eroskik babestuta), Industriala (Michelin Fundazioak babestuta), Zerbitzuak, eta hiru sari berezi: lehena ikusleek aukeratuko dute, bigarrena irabazten duenak Metxa azeleratzailearen Bootcamp-ean leku bat lortuko du eta hirugarrena RPK enpresak emango dio inpaktu sozial handiena eta onena duen proiektuari, hala, industriaren eta eraldaketa sozialaren arteko mugak lausotzeko.

 

Edizio honen beste helburu bat Ekin Breakfast delakoak, ekintzailetzari buruzko topaketa telematikoak, sustatzea da, urte osoan zehar Gasteizen zein Arabako beste herri batzuetan formatu horretako ekimenak egin daitezen.  Hain zuzen ere, lehen Ekin Breakfast topaketa otsailaren 13an egingo da, eta honako gai hau izango du ardatz: “Nola bilatu inbertsioak proiektu ekintzaile berrietarako”. Interesdun orok irekita du dagoeneko izena emateko epea, web orri honetan: www.alavaemprende.com.  Web orri horretan gainerako jarduerei buruzko informazioa ere ageri da, hona hemen horietako batzuk: Ekin Day (edizioko egun garrantzitsuena); “Zure ideiak balio du” lehiaketako finalisten aurkezpena; eta pertsona ekintzaileen eta finantzaketa-, aholkularitza- eta azelerazio-erakundeen arteko B2B topaketak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share