Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 urtarrila 2019 11:53

Lehenengo hamaikak otsailaren 10etik ekainaren 2ra bitarteko igandeetan estreinatuko dira

Auzo Eszena programa

Auzo Eszena programak Gasteizko arte eszenikoen alorreko konpainia ez-profesionalei beren proposamenak jendaurrean erakusteko aukera ematen die, eta 2019an 24 lan estreinatuko dira; zikloa bi denboralditan banatuta dago: otsaila-ekaina eta urria-abendua.

Kultura Hezkuntza eta Kirol Arloko zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, eta hauxe azpimarratu du: ”2018an baino lau proposamen gehiago dira, eta horrek adierazten digu zeinen bizi dagoen tokiko kultura ehuna”.

Zehazki, Auzo Eszenaren barruko 24 lanetako hamaika programatu dira otsailaren 10etik ekainaren 2ra bitarteko denboraldian; igandeetan izango dira emanaldiak, 19:00etan, Ariznabarra, Arana, Aldabe, Zabalgana eta Salburuko ekitaldi-aretoetan.

Konpainia eta artista hauek hartuko dute parte: Ciro Dido, Juanjo Monago, Latirili, Pánico Escénico, Mejorad@s, Mago Goyo, Pro-ismo 0, Zurrunka, Flor de tomillo, Aitor Vinagret eta Abstractoesfera.

Bihar jarriko dira sarrerak salgai, gizarte etxe eta kirol instalazio guztietan. Prezioak 3 € eta 5 € artekoak izango dira, taldeen arabera.

Kultura Zerbitzuak espazioak eta ekipamenduak jartzen ditu, eta sarrera-salmenta kudeatzeaz, zabalkundea egiteaz, argiztapen eta soinu teknikari baten gastuez eta leihatilan bildutako dirua ordaintzeaz ere arduratzen da.

 

2018ko datuak

2018an 20 ikuskizun estreinatu ziren, eta 2.365 ikusle izan ziren;  2017an, 17 ikuskizun eta 1.884 ikusle. “Funtzionatzen duen programa da eta, gainera, arrakasta kualitatiboa du, kuantitatiboa baino garrantzitsuagoa dena, konpainia amateurrei antzezteko aukera ematen baitie”, amaitu du Cantok.

 

Share