Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 urtarrila 2019 11:47

Udaltzaingoak legez kontrako 60 zabortegi baino gehiago hauteman zituen 2018an Gasteizko menpeko toki erakundeetan. Egindako ikerketei esker, udaltzainek 15 pertsona identifikatu dituzte hondakinak botatzearekin lotuta, eta Ingurumen Sailak dagokien dosier zigortzailea ireki die.

 

Zabortegi horietan mota guztietako hondakinak zeuden pilatuta: zaborra, komun-zatiak, etxetresna elektriko txikiak, altzariak, etab. Tokiei dagokionez, berriz, hondakindegiak Lasarten, Arangizen, Arinizen, Gamarra Nagusian, Uribarri Arratzun eta Zubigarain aurkitu dira, besteak beste, eta esan beharra dago Ingurumen Taldekoen eta Udaltzainen zaintza-lanei eta 092 zenbakiak jasotako herritarren deiei esker lortu dela horiek aurkitzea.

Zabortegien kokalekua zehaztu eta gero, Udaltzaingoak txostenak egin eta Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuari bidali zizkion, zerbitzu horren ardura baita ukitutako guneak garbitzea eta berreskuratzea.

Kasu batzuetan, legez kanpoko zabortegi horiek lokalizatu ondoren, eginbide judizialak izapidetu behar izan dira. Hala gertatu zen Lasarte inguruan, Zapardiel errekatik hurbil, osagai kutsagarridun hainbat lanpara fluoreszente aurkitu ondoren, batzuk hautsita.

Udaltzaingoak lortu zuen hondakin horiek bota zituzten pertsonak aurkitzea.  Eraberritze-lanak egiten dituen enpresa bateko langileak dira eta hiriko merkataritza-establezimendu bateko argiteria aldatu berri zuten. Orain ikerketapean daude, ingurumenaren aurkako delitua egin izana leporatuta.

Zortzi txosten 2019an

Urtea hasi zenetik, Agirrelandako Ingurumen Taldeak 8 txosten izapidetu ditu eta zabortegi horietako baten erantzulea identifikatu du.

Udaltzaingoaren barruko talde horrek gizalegez jokatzeko deia egin du eta gogorarazi du Gardelegin eta Oto Hiribidean mota horretako hondakinak uzteko garbiguneak daudela.

Horrez gain, herritarrei eskatu die 092 zenbakira deitzeko mota horretako hondakindegirik aurkituz gero edo halako legez kontrako jardunbiderik hautemanez gero.

Share