Prentsa Oharren banner

BEA ezartzeko kontratua esleitu da; garraio sistema horrek iraultza ekarriko du hiriko mugikortasunean

Urtaranen gobernuak Irizar E-Mobility, Yarritu eta LKS Buildingenia enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu dio autobus elektriko adimentsuaren sistema ezartzeko kontratua. Proiektuak ia 35 milioi euroko inbertsioa izango du azkenean, eta “benetako iraultza ekarriko du hiriko mugikortasunean”, Gorka Urtaran alkatearen hitzetan. 13 ibilgailu elektriko eta abangoardista izango dira, 18 eta 12 metroko luzerakoak; orotara 10 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta 24 geltoki jarriko dira noranzko bakoitzean. “Puntako teknologiako ekipoak izango dira, berritzaileak, zalantzarik gabe Gasteizi aurrera egiten eta modernoagoa izaten lagunduko diotenak, hau da, XXI. mendeko hiria, mugikortasun iraunkorraren politiketan eta garraio publikoaren elektrifikazioan erreferente”, nabarmendu du Gorka Urtaranek. TUVISA arduratuko da zerbitzua emateaz. Autobusen maiztasuna 8 minutukoa izango da, eta ibilbidearen zati handi batean errei esklusiboetatik joango dira, hiriko leku garrantzitsuenetan zerbitzu emateko (Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia) eta 14 auzo lotzeko.

Hiru erakundek lagunduko dute proiektua gauzatzen: Udalak (finantzaketaren % 17,5 jarriko du), Arabako Foru Aldundiak (beste % 17,5) eta Eusko Jaurlaritzak (% 65). Unitate txikiek gutxienez 65 pertsona (21 eserita) hartzeko lekua izango dute, eta artikulatuek, berriz, gutxienez 100 pertsona (30 eserita). Gurpil aulkietarako hiru espazio ere eduki beharko dute, eta artikulatuek, haur-kotxeentzako aparteko lekua. Irisgarriagoak izan daitezen, autobus artikulatuek lau ate edukiko dituzte: bi aurrealdeko zatian, eta beste bi atzealdean. Ateak labainkorrak izango dira, eta barrutik zein kanpotik irekitzeko botoia izango dute, tranbiak bezala. Denek balioko dute sartu zein irteteko, txartelak markesinetan balidatuko baitira.

Orobat, hiru led pantaila eramango dute, erabiltzaileek ibilbideei, aldaketei, itxarote-denborei, geltokiei eta abarri buruzko informazioa izan dezaten. USB kargagailuak ere jarriko dira erabiltzaileentzat, eta artikulatuek maletentzako kaiola ere izango dute. Gidarien kontsolak, berriz, ibilbideei buruzko informazioa denbora errealean emango dute, baita autobusaren alderdi teknikoei edo gerta daitezkeen gorabeherei buruzkoa ere, eta autobusaren kontrola erosoagoa izango da. Gidariari laguntzeko sistemaz hornitutako joango dira, gidatze automatikoz eta geltokira hurbiltzeko asistentziaz, zintarriaren eta ibilgailuaren distantzia txikiena izan dadin. Atzerako ispiluen ordez, kamerak izango dituzte.

Geltokiei dagokionez, markesinak tranbiak dituenen antzekoak izango dira, estetika modernokoak; txartelak erosteko eta balidatzeko makinez gain, informazio multimedia eta denbora errealean eskainiko da. Autobus elektriko adimentsua ezartzearekin batera, hainbat esku-hartze egin beharko dira espazio publikoan. Autobusek errei erreserbatuta batetik zirkulatuko dute, zeina 3,5 metro zabal izango baita, zatirik handienean, oraingo 2. linea periferikoa doan bidetik. Batzuetan, biribilguneak zeharkatuko dituzte, orain lorategi itxura duten lekuetatik. Esku-hartze handiagoak ere aurreikusi dira, esate baterako, Esmaltazioen inguruan, bi biribilgune batu eta biribilgune handi bat sortuko baita.

 

Share