Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 martxoa 2019 09:35
  • Martxoaren 27an, Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuko du biltzarra, eta hiri jasangarriak eraikitzearen arloko munduko aditu nagusietako bik parte hartuko dute hasiera-egunean: Saskia Sassen eta Guillermo Peñalosa
  • Topaketak Europako hiru hiri berderi ere egingo die harrera (Oslo, Lisboa eta Nijmegen), eta parte-hartzaileek bisita tematikoak egingo dituzte hiriaren proiekturik jasangarrienetako batzuetara: Eraztun Berdea, Arabako Parke Teknologikoa, gizarte-etxeen sarea, eraikuntza jasangarriaren edo mugikortasunaren arloko proiektuak…
  • Besteak beste, honako hiri hauek hartuko dute parte: Shangai (Txina), Maebashi (Japonia), Clermont-Ferrand (Frantzia), Querétaro (Mexiko), Karlsruhe (Alemania), Salford (Erresuma Batua), Oyem (Gabon), Cuneo (Italia), Valladolid eta Oviedo

 

Martxoaren 27an, asteazkenean, jasangarritasunaren munduko hirietako bat bihurtuko da Gasteiz, Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Konferentzia Europa Jauregian egiteari esker. 150 parte-hartzaile, 26 hiri, 15 herrialde eta 17 alkate etorriko dira 2012ko Europako Hiriburu Berdera, helburu argi batekin: erantzun berriak bilatzea hiri jasangarriagoak eraikitzeko. Topaketa inauguratuko dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Oliver Bianchi Clermont-Ferrandeko alkate eta Sareko lehendakariak, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Hasiera-ekitaldi instituzionalaren ondoren, hiri jasangarriak eraikitzearen arloko aditu nagusietako bik, Saskia Sassenek eta Guillermo Peñalosak, beren ikuspegia partekatuko dute herritar guztiei irekita egongo den saio batean, Maria de Maeztu Entzunaretoan.

Saskia Sassen Soziologia irakaslea da New Yorkeko Columbia unibertsitatean, eta munduko 10 gizarte-zientzialari onenetako bat dela jotzen da. “The Global City” liburuaren egilea da, eta hiri-plangintzaren arloko aditua da; zenbait sari jaso ditu, besteak beste, Zientzietako Asturiasko Printzea saria, 2013an. Guillermo Peñalosa, berriz, 8 80 Cities Kanadako erakundearen sortzailea eta lehendakaria da; erakundearen helburua da kolektibo ahulenak (haurrak eta adinekoak, kasu) integratuko dituzten hiri jasangarri eta inklusiboak eraikitzea. Azpiegitura berdeetan aditua da, eta, izan ere, Hiri Parkeen Nazioarteko Erakundearen enbaxadorea da. Horretaz gain, itzal handiena duten munduko 100 hirigileetako bat dela jotzen da.

Inaugurazio-egunean, parte hartuko duten 26 hiriak ordezkatzen dituzten parte-hartzaileek jardungo dute nola eraikitzen den jasangarritasuna haren hiru alderdi nagusietatik (ingurumena, gizartea eta ekonomia), arlo horietako hiru adituren eskutik: Sandra Pina, Sustainable Brands Madrid-eko zuzendaria; Fernando López de Rego, bitartekaritzan aditua den diplomatikoa; eta Victor Viñuales, Ecodes fundazioaren zuzendaria. Hiru ardatz horietan sareko hiri batzuetako jardunbide egokien adibide jakin batzuk aurkeztuko dira: besteak beste, Gasteizko Itun Berdea, gizarte-etxeen sarea eta Mugikortasun Jasangarriaren Plana.

 Green Capitals eta bisita tematikoak

Martxoaren 28an (osteguna), konferentziaren bigarren egunean, hasteko mahai-inguru bat egingo da Europako 4 hiriburu berderekin: Gasteiz, Oslo, Lisboa eta Nijmegen (Herbehereak). Beren etorkizuna era jasangarrian eraikitzen ari diren 4 udalerriren erronkak eta konponbideak partekatzeko hitzordua izango da. Gero, parte-hartzaileek hiriko zenbait proiektu eta instalazio bisitatuko dituzte, besteak beste, Arabako Parke Teknologikoa, Eraztun Berdea, gizarte-etxeen sarea, hiri-mugikortasuna eta eraikuntza eta birgaitze jasangarriko adibideak.

Arratsaldean, sei lantegi egingo dira, arlo hauetako lankidetzarako aukerak lantzeko: herritarren parte-hartzea, ekonomia zirkularra, berrikuntza, unibertsitateak, hiri-plangintza eta mugikortasun jasangarria. Horretaz gain, bai ostegun arratsaldean, bai ostiral goizean, parte hartzen duten hirien 20 proiektu ezagutzeko aukera emango duten hitzaldi laburrak (pitchs) egingo dira.

Aldi berean, sarean parte hartzen duten alkate guztiek baterako bilera bat egingo dute, udalerrien arteko loturak eta elkarlana areagotzeko.

Martxoaren 29an, ostiralean, amaituko da konferentzia, Michelinen Gasteizko lantegiaren instalazioetarako bisitarekin eta amaiera-saio batekin, zeinean biltzarraren emaitzak aztertuko baitira. Bukatzeko, Samaniegoko haur-eskolaniak emanaldia emango du.

Informazio gehiago: Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Biltzarra

 

Share