Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 apirila 2019 10:14

Urtaranen Gobernuak onespena eman dio gaur goizean Gasteizko Udalean euskararen erabilera normalizatzeko Planari. Udalak sustatzen duen laugarren plana da, eta 2022ra arte izango da indarrean. Planaren xede nagusia da hizkuntzaren arloko helburuak ezartzea eta behar diren neurriak ezartzea herritarrek udalarekiko harremanetan nahi duten hizkuntza ofiziala (euskara ala gaztelania) aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko. “Lanean jarraitu nahi dugu, herritarrei euskarazko arreta ematea bermatzeko, hartara Gasteiz euskararen hiria bihurtzen lagunduko baitugu”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Gaur onetsi den bide-orriak zenbait neurri proposatzen ditu Udalak herritarrekin dituen idatzizko eta ahozko harremanetan euskararen presentzia eta erabilera bermatu eta areagotzeko. Bereziki landu beharreko arlo batzuk identifikatu dira. Zehazki, irudi korporatiboa, idatzizko arreta eta ahozko arreta.

Irudi korporatiboari dagokionez, Planaren bidez 2022rako % 100era iritsi nahi da portzentaje hauetan: errotulazio eta ikus-entzunezko elebidunak (orain % 96 da); Udalaren argitalpen, iragarki, publizitate-kanpaina, prentsa-ohar eta paper elebidunak (orain, % 98), baita Udalaren web-orrian eta sare sozialetan argitaratutako edukiak ere (gaur egun, % 75 da euskaraz). Euskararen presentzia ekitaldi publikoetan ere % 55eraino handitu beharko da (orain % 45 da).

Herritarrekiko arretari dagokionez, idatzizko harremanen % 100 elebidunak izatea da erronka, eta euskaraz egiten diren galderen % 100i euskaraz erantzutea (egun % 97 eta % 98 dira portzentajeak, hurrenez hurren).  Beste helburu bat da herritarrei ahoz harrera egitean euskara edo bi hizkuntzak erabiltzea % 70ean (orain % 51an egiten da), eta euskaraz egindako eskaerei % 84an euskaraz erantzutea (orain, % 77,39an).

Hori guztia lortzeko neurrietako bat udal plantillan euskara laneko hizkuntza gisa sustatzea izango da. Horretarako zenbait bide planteatzen da: lanarekin lotutako hizkuntza paisaia euskarazkoa dela bermatzea, euskarri informatiko ohikoenen euskarazko bertsioak izatea, beste administrazio batzuekiko eta hornitzaileekiko harremanetan euskararen erabilera handitzea, edo beste keinu sinpleago batzuk, esaterako, karpeta eta armairuetan zein kafe-makinetan euskarazko errotuluak jartzea. Ildo horretatik, Euskara Zerbitzuak laguntzak, baliabideak eta orientabideak eskainiko dizkie udal langileei.

Horretaz gain, hizkuntza-irizpideak aplikatzen jarraituko da beste arlo askotan: dokumentazioa, komunikazio telematikoak, Udalaren web-orriko edukiak, telefono-aplikazioak, Udalaren irudi korporatiboa, dirulaguntzak eta hitzarmenak, etab.

 

Share