Prentsa Oharren banner

José Uruñuela kontserbatorioan ate irekien eguna egingo dute datorren ostegunean

18:15ean izango da eta hurbildu nahi duen ororentzat zabalik egongo da; helburua maiatzetik aurrera irekiko den aurrematrikula aldian matrikula berriak lortzea da

José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioak ate irekien eguna egingo du datorren ostegunean (apirilak 11) 18:15ean. Horren xedea ikastegiko jarduerak eta instalazioak ezagutzera ematea eta 2019-2020 ikasturterako ikasle berriak erakartzea da; izan ere aurki helduko dira aurrematrikula eta matrikula aldiak.

  • Hala, irakaskuntza ez arautuko ikasleentzat maiatzaren 6tik 31ra bitartekoa izango da aurre-matrikula egiteko epea, eta matrikula egitekoa, ekainaren 25etik uztailaren 5era artekoa. Ikasle horiek sarrera-probak egin beharko dituzte kontserbatorioan sartu ahal izateko.
  • Oinarrizko irakaskuntzei eta irakaskuntza profesionalei dagokienez, horietan sartzeko probaren aurrematrikula maiatzaren 20tik ekainaren 7ra bitartean egingo da –proba ekaineko bigarren hamabostaldian egin ohi da eta–, eta matrikula, berriz, uztailaren 1etik 5era bitartean.

“Jose Uruñuela” dantza kontserbatorioa ezaguna da 1987tik hona dantzaren irakaskuntzan egin duen lanagatik, betiere kalitatezko formazio profesionala eskaintzeko asmoz. Horrez gain, titulazioa eta ikasketen errekonozimendu ofiziala bermatzen dizkie gazte gasteiztarrei, dantzarekiko interesa sustatzen du, kulturaren ikuspegian Gasteiz Europako hirien parera eramaten laguntzen du eta, besteak beste, egiten duen lanaz gozatzeko aukera eskaintzen die herritarrei.

Dantza kontserbatorioan eskaintzen diren ikasgaiak desberdinak dira prestakuntza-mailaren arabera: irakaskuntza ez arautuaren kasuan dantzarekiko lehen harremana lantzen da, eta oinarrizko irakaskuntzetan eta irakaskuntza profesionaletan, aldiz, dantza klasikoa, izaerako dantza, dantza garaikidea, dantza tradizionala, musikaren lengoaia, errepertorioa, dantzaren historia, anatomia eta elikadura, arte dramatikoa eta puntak.

Informazio gehiago

Share