Prentsa Oharren banner

Gasteizek bat egin du #Pymesporelclima ekimenarekin, klima-aldaketaren kontrako konpromiso hartu duten enpresei laguntzeko lantegi batekin

Apirilaren 16an, Europa biltzar-jauregian lantegi bat egingo da klima-aldaketaren aurkako neurriak hartu eta ekonomia karbono-gabetu nahi duten enpresa txiki eta ertainei zuzendua. Lantegia Itun Berdearen bidez sustatu da, eta #Pymesporelclima ekimenaren barruan dago; konpromiso-mailaren arabera banatutako talde txikietako lan-saioaren formatua izango du, eta, horri esker, enpresa bakoitzak sakondu ahal izango du klima-aldaketaren aurka duen konpromisoan.

Horrenbestez, ez da beharrezkoa izango ekonomia berdeko estrategia ondo garatu bat edukitzea, lantegian parte hartzeko. Oinarrizko maila egongo da, esparru horretan oraindik neurririk hartu ez duten enpresei zuzendua. Maila ertaina ere egongo da, zenbait urrats eginak dituzten enpresentzat: azterketa energetikoa, aurrezteko neurriren bat, karbono-aztarna kalkulatu izana eta abar. Eta, azkenik, maila aurreratua egongo da, energia kudeatzeko sistema ezarrita dutenentzat, karbono-aztarnaren erregistroa egina duten eta konpentsatzeko neurriak dituztenentzat eta abarrentzat.

Klima-aldaketaren aurkako borrokan zer puntutan dagoen identifikatu ahal izateaz gain, enpresa bakoitzak klima-ekintzarako bere ibilbide-orria ezarri ahal izango du lantegiaren bidez, ekintzak ez handi ez txiki ez direlako eta denak gehitzen duelako printzipioa oinarri hartuta. Horretarako, hauen laguntza izango dugu: IHOBE (Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa), Aclima (EAEko ingurumen-klusterra) eta Ecodes (Ecología y Desarrollo fundazioa).

“Enpresek funtsezko eginkizuna dute ekonomia-eredu berri baterako trantsizioan, Itun Berdearen komunitateren eta ezagutza trukatzeko antzeko sareen bidez. Orain da unea jarduteko eta klima-aldaketari aurre egin diezaiogun, eta lantegia oso abiapuntu ona izan daiteke enpresa bakoitzak (ahal duen heinean) beste pausu bat emateko Gasteiz hiri jasangarrien aitzindari izaten jarrai dezan”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Lantegiak leku mugatuak izango ditu, 30 parte-hartzaile gehienez. Izena  eman ahal izango da.

Informazio gehiago: Enpresei zuzendutako #Pymesporelclima lantegi praktikoa

 

Share