Prentsa Oharren banner

Parte-hartze handiagoa izan du “Giza eskubideak eta sorkuntza artistikoa” deialdiak

 

 Pasa den ostiralean, apirilaren 12an, amaitu zen eskaerak aurkezteko epea. Guztira, zazpi proposamen aurkeztu dira, iaz baino lau gehiago.

 

Urtez urte, gero eta harrera hobea izaten ari da “Giza eskubideak eta sorkuntza artistikoa” deialdia. Zazpigarren edizio honetan, zazpi proposamen aurkeztu dira, hau da, iaz baino lau gehiago; eta nazioarteko itzal handiagoa izan dute, bai eragile artistikoek, bai proposamenetan inplikatutako gizarte-eragileek.

Datozen asteotan, balioespen-batzordeak balioetsiko ditu aurkeztutako proiektuak; Montehermoso kulturuneko eta Gasteizko Udalaren Garapenean Laguntzeko Zerbitzuko zenbait teknikarik osatzen dute batzordea.

Prozesu horren ondoren puntuaziorik onena lortzen duen, eta aukeratzen den, proposamenak 14.999,00 euroko zuzkidura ekonomikoa lortuko du hura ekoizteko, gauzatzeko eta aurkezteko, 2019ko hurrengo hiletan. Zuzkidura hori handitu egingo da, Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren aurrekontuko beste ekarpen ekonomiko batzuekin, bestelako zenbait gasturi aurre egiteko (instalazioak muntatzetik eta desmuntatzetik, jarduera osagarriak antolatzetik eta abarretatik eratorritakoak).

Bereziki aipatzekoa da gaien aniztasuna, Giza Eskubideen urraketari lotutako hainbat gairi heltzen baitiete: edateko ura izateko eskubidea Afrikan, emakumeen sexu-eskubideak eta ugaltze-eskubideak Erdialdeko Amerikan, arma-salmentaren eragin makurrak, femizidioa Bolivian, herrien eskubideak Perun, hirian espazio publikoaz gozatzeko eskubidea…

Proposamen artistikoaz gain, zenbait jarduera osagarri ere proposatzen dituzte proiektuek, ikusgaitasun handiagoa emateko gaiei.

 

Share