Prentsa Oharren banner

Udalak 400.000 eurotik gorako laguntza emango du sektoreko elkarteek tokiko merkataritza dinamizatzeko bultzatutako ekintzetarako

 

Tokiko Gobernu Batzarrak zenbait elkarterekin (Gasteiz On, AEnkomer, FEDASOC eta Gorbeia kaleko Merkataritza eta Zerbitzuen Elkartea) lankidetza-hitzarmenak sinatzea onetsi du, horiek urtean zehar  tokiko merkataritza dinamizatzeko antolatzen dituzten ekintzak gara ditzaten. Udalak orotara 409.900 euro jarriko ditu, 35 proiektu garatzeko. Gorka Urtaran alkateak Gasteiz On eta AEnkomer elkarteei dagozkien hitzarmenak sinatu ditu, haietako lehendakari Marta Bengochea eta Jon Andoni Aspururekin. Era berean, ekitaldian parte hartu du Gorbeia kaleko Merkataritza eta Zerbitzuen Elkartearen idazkariak, Jose María Alonso.

“Tokiko eta gertuko merkataritza gure ekonomiaren funtsezko zatia da. Gasteizen txikizkako salmentako ia 2.900 establezimendu dago, eta 9.000 pertsona inguruk egiten du lan horietan; sektore horretako elkarteek funtsezko zeregina betetzen dute profesionalizatzen laguntzeko, sostengu teknikoa emateko eta haien irudia sustatzeko garaian. Elkarte horien eskutik, hainbat dinamizatzeko ekitaldi eta jarduera bultzatzen ari gara, tokiko merkataritzaren eskaintza ezagutarazi, erosketa esperientzia hobetu eta beste hiri batzuetako kontsumitzaileak erakartzeari begira irudi propioa sendotzeko”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

 

Gasteiz On elkartearekiko hitzarmena

Gasteiz Onekin sinatutako hitzarmenari 250.800 euroko udal ekarpena dagokio, eta horri esker hamabost programa garatu ahalko dira; hauek dira nabarmengarrienak: Ardo Araba, bi moda-desfile, Eguberrietako kanpaina eta Egile Mokaduak —Aste Santuko kanpainan eskaintzen ari dira horiek—. Beherapenen Feria, Kafearen Astea eta Gida Izarra ere barne hartzen ditu hitzarmenak.

Sendotutako jarduerez gain, Gasteiz On elkartearekiko aurtengo hitzarmenak ekimen berritzaileak dakartza: merkataritza-promozioa sare sozialak baliatuz, eta erosteko erraztasunak eskaintzea.

 

AEnkomer elkartearekiko hitzarmena

AEnkomer-Arabako Merkataritza eta Zerbitzu Enpresaburuen elkartearekin sinatutako hitzarmenak sei dinamizazio programa egitea ahalbidetuko du, eta Udalak 45.100 euro jarriko du horretarako. Kopuru horren erdia ia kontsumoa areagotzeko Bonodenda kanpainarako baliatuko da, zeina atzo aurkeztu baitzen.

Gainerakoa jarduera hauei laguntzeko erabiliko da: “Hobeki Saltokiak” programa, merkatarien komunikazio trebetasunak hobetzeko; altzarien eta etxerako hornikuntzaren sektoreak dinamizatzeko kanpaina; pertsonentzako ekipamenduaren sektorean merkataritza ibilbideak antolatzea, euskararen erabilera sustatzea, eta “Udaberriko agenda” kanpaina.

 

FEDASOC eta Gorbeia kaleko Merkatari Elkartearekiko hitzarmenak

Gaur sinatutako beste bi hitzarmenak FEDASOC Erdi Aroko Hiriguneko Merkataritza eta Zerbitzu Elkarteen Federazioari eta Gorbeia kaleko Merkataritza eta Zerbitzuen Elkarteari dagozkie, zeinek 98.000 euro eta 16.000 euro jasoko baitituzte hurrenez hurren.

FEDASOCek zazpi programa garatuko ditu; garrantzitsuena Almendrako Azoka da, hileko lehenengo larunbatean egin ohi dena Erdi Aroko hirigunean. Horretaz gain, Kandelen Gaua, berariazko kale-izendegiaren argitalpena, eta Zinema-txokoak zein Altxorraren bila lehiaketak aurreikusi dira.

Gorbeia kaleko Merkataritza eta Zerbitzuen Elkartearekiko lankidetzaren bitartez, azkenik, beste zazpi programa bideratuko dira, horien artean, sasoikako beherapenen  feriak, Eguberrietako kanpaina eta Gorbeia pasaportea.

Share

Udalak Euskal Fondoari lagunduko dio Salvadorren, Costa Rican eta Kuban lankidetza-proiektuak eta EAEn prestakuntza- eta sentsibilizatze-proiektuak egiten

 

21 urtetik hona, Gasteizko Udalak laguntzen dio Euskal Fondoari (euskal toki-entitate kooperatzaileen elkartea), urtez urteko hitzarmenen bidez.

Gaur, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du Euskal Fondoari laguntzeko 2019ko programa-proposamena; eta, horren bidez, 207.000 euroko laguntza emango zaizkio honako programa eta proiektu hauek egiteko:

 

ProiektuaZenbatekoa
Euskadi – Erdialdeko Amerika Uraren eta Saneamenduaren arloko Lankidetza (Salvador eta Costa Rica) – 2. Fasea 50.000,00 euro
Edateko uraren sistema zabaltzea San Beniton, Los Encuentrosen eta El Cortijon. SAN FRANCISCO MENÉNDEZ – Salvador 93.000,00 euro
Habanako erdigune historikoan gizarte-arretarako programa sendotzearen eta dibertsifikatzearen 4. fasea – Kuba

 

 50.000,00 euro
EHUko Garapenean Laguntzeko Graduaren eta Gaztenpatiaren praktiken eta amaierako lanen programa8.000,00 euro
EAThink: bertokoa jan, mundua buruan6.000,00 euro

 

24.000 euro Arabako GGKE-entzat

 

Beste alde batetik, Gasteizko Udalaren eta EAEko GGKE-en Koordinakundearen Arabako ordezkaritzaren arteko urteko hitzarmena onetsi du udal-gobernuak; 24.000 euroko zuzkidura izango du.

 

Share

LGTBI pertsonen aurkako indarkeria matxistari eta bazterkeriari loturiko egoerak antzemateko eta horien inguruan sentsibilizatzeko eta jarduteko Behatokia izango du aurten Gasteizek

Urtaranen gobernuak hitzarmen bat onartu du, LGTBIfobiaren aurkako Behatokia sortzeko eta martxan jartzeko proiektuan Lumagorri kolektiboarekin elkarlanean aritzeko

Udalak 30.000 euro emango dizkio proiektuari

Gasteizek LGTBIfobiaren kontrako behatokia izango du aurten. Gaur eman du Udalak Lumagorri kolektiboak bultzatutako tresna hori abian jartzeko behar zen azken urratsa. Behatokiaren helburua LGTBI pertsonen aurkako indarkeria matxista eta bazterkeriari loturiko egoerak antzematea, eta horien inguruan sentsibilizatzea eta jardutea da.

Hala, Urtaranen gobernuak Lumagorri HAT elkartearekin lankidetza hitzarmena egitea onartu du, Gasteizen LGTBIfobiaren aurkako Behatokia sortzeko eta martxan jartzeko. Horretarako, 30.000 euroko ekarpena egingo du Udalak.

Azken urteotan, Berdintasun Zerbitzuak hainbat prozesu bultzatu ditu udalerriko LGTBI pertsonen eta kolektiboen; hau da, pertsona lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen errealitateak, interesak eta eskaerak sakonago ezagutzeko. Prozesu horiek, gainera, berdintasunerako politika publikoetatik sexu- eta genero-aniztasunari nola heldu behar zaion hausnartzeko ere balio izan du, bai maila ideologikoan bai praktikoan.

Prozesu horien emaitza izan zen HARA!, 2018-2021 aldian Gasteizko Udalaren berdintasunerako politiken barruan sexu- eta genero-aniztasuna txertatzeko agenda. 2018-2021 aldian gai honen inguruan landu beharreko estrategia eta ekintza zehatzak dakartza Plangintza-dokumentu horrek.

Ekintza horietako bat da, hain zuzen ere, Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokia, eta “Gasteizen LGTBI pertsonen errealitateei buruzko diagnostikoa” izeneko ikerketan parte hartutakoen eskaerei erantzuteko sortuko da.

Bestalde, dokumentatuta dago LGTBI pertsonek ikusgarritasun handiagoa hartu izanak haien aurkako erasoak ugaritu dituela, eremu publikoan, eta salaketek ere gora egin dutela, eremu pribatuan.

Hala, diagnostikoan jasotako beharrizan horri erantzuteko, Lumagorri HAT elkarteak Gasteizen LGTBIfobiaren aurkako behatoki bat sortzeko proiektua aurkeztu zion Berdintasun Zerbitzuari.

Behatokiaren helburu nagusia Udalak genero-berdintasunaren arloan egiten duen esku-hartzea hobetzea da, sustatzen dituen berdintasunerako politikek xede dituzten subjektuen espektroa egiaz zabaltzea lortuz. Helburu zehatzen artean, aldiz, LGTBI pertsonen aurkako indarkeria matxista eta bazterkeriari loturiko egoerak antzematea, eta horien inguruan sentsibilizatzea eta jardutea daude, ikerketaren, prebentzioaren eta salaketen bidez.

Uste dugu oso garrantzitsua dela Udalak Gasteizen LGTBIfobiaren aurkako Behatokia sortzeko eta martxan jartzeko proiektuan parte hartzea, interes sozial handiko ekimena baita; beharrezkoa guztion artean gero eta hiri insklusiboagoa, berdinzaleagoa eta justuagoa eraikitzen jarraitzeko”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

 

Share

Gizonezko bat atxilotu dute bikotekide ohia jotzeagatik

Udaltzainak 27 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira genero-indarkeriako delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekide ohiaren aurkako mehatxuengatik eta eraso fisikoengatik.

Hilaren 21eko gauean ustezko erasotzailea bere bikotekide ohiaren etxebizitzara joan zen, Koroatze auzoan. Han harekin eztabaidan aritu zen eta bi semeren aurrean fisikoki eraso egitera iritsi zen. Gizonezkoa atxilotu egin zuten eta hurrengo egunean, emakumeak poliziaren etxean salaketa aurkeztu ondoren, epailearen esku jarri zuten.

 

Polizia-agenteen aurkako atentatuak

Asteazkenaz geroztik, apirilaren 17tik hona, polizia-agenteen aurkako hiru atentatu erregistratu dira.

Egun horretan, Udaltzaingoak 18 urteko mutil gazte bat atxilotu zuen arratsaldean, zerbitzuz kanpo zeuden bi udaltzaini Urriaren Hamabia kalean agiraka egin zielako. Mutil gazteak heriotza-mehatxuak jaurti eta udaltzainak jotzen ahalegindu zen.

Larunbatean, apirilaren 29an, borroka bat gertatu zen taberna baten aurrean, Paris Etorbidean. Udaltzaingoaren Agenteak toki horretara joan ziren eta, bitartekari-lanak egiten ahalegindu zirenean, elkar joka zebiltzan 26, 27 eta 28 urteko hiru gizonezkok eraso egin zieten. Udaltzaingoaren patruilek atxilotu egin zituzten.

Igandean, hilaren 21ean, Udaltzaingoak 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, Mendizorrotza inguruko kafetegi bateko arduradunak deitu eta polizia bertara joan zedila eskatu ondoren, langile ohi bat arazoak sortzen ari zelako: Hura menderatzen saiatu zirenean, gizonak makila batez jo zuen udaltzainetako bat.

 

Bi gizonezko atxilotu dituzte indarkeriaz lapurtzeagatik

Ostiralean, hilaren 19an, Udaltzaingoak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Bruno Villarreal kaleko merkataritza-establezimendu batean, botila alkoholdun bat ordaindu gabe eramaten saiatzeagatik atzeman ondoren. Atzeman zutenean, eraso egin zion lokalaren arduradunari eta kutxa erregistratzailea eramaten ahalegindu zen, baina azkenean lurrera jaurti zuen.

Igandean, hilaren 21ean, Udaltzaingoak dei bat jaso zuen Angulema kalean bi mutil gaztek pertsona bati eraso egin ziotela eta telefono mugikorra eta ordularia lapurtzen saiatu zirela jakinarazteko. Patruila batek Molinuevo parkean aurkitu zuen lapurretaren egilea, eta atxilotu egin zuen.

 

Salaketak 

Joan den asteazkenaz geroztik, zazpi pertsonari salaketak jarri dizkiete, edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik, trafiko-legeak urratu eta alkoholemia-kontroletan positiboa eman ondoren.

Gainera, Aste Santuko jaiegunen zubian, alkoholemiako hamahiru prebentzio-kontrol egin dira, eta horietan, 238 gidarik egin behar izan dituzte nahitaezko probak. Horietatik bost gidarik emaitza positiboa eman dute eta bi kasutan izapideak abiarazi dituzte Guardiako Epaitegian.

Beste alde batetik, hiru gidariri salaketak jarri dizkiete gida-baimenik gabe gidatzeagatik.

 

Trafiko-istripuak

Joan den asteazkenaz geroztik, apirilaren 17tik hona, hogeita hamar trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan hamar pertsona zauritu dira.

Istripurik handiena larunbatean, hilaren 20an izan zen Abetxukoko zubian, furgoneta batek auto baten atzealdearen aurka talka egin zuenean. Bost pertsona zauritu ziren: furgonetan zihoazen bi bidaiari eta autoan zihoazen hiru.

Bi txirrindulari harrapatu zituzten larunbatean eta astelehenean, Batzar Nagusien kalean eta Los Goros Plazatxoan, hurrenez hurren; furgoneta batek eta auto batek harrapatu zituzten.

Motozikleta bateko gidaria ere zaurituta geratu zen asteazken arratsaldean, Teodoro Gonzalez de Zarate kalean, motoaren kontrola galdu eta lurrera erori zenean. Egun horretan bertan gidari bat zaurituta geratu zen Baiona kalean furgoneta baten eta auto baten arteko talkaren ondoriozko istripuan.

Jaiegun askoko asteburu luzean 87 salaketa aurkeztu dituzte Udaltzaingoaren Etxean.

 

Share

Prentsa-deialdiak (2019-04-26)

Prentsaurrekoa. Hizarmena Sinatzea Vitoria-Gasteizko merkataritza eragile garrantzitsuenekin

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Gasteiz ON elkarteko presidente Marta Bengoetxea; eta AEnkomer elkarteko presidente Jon Andoni Aspuru

Eguna. Ostirala, apirilak 26

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

(*) Hitzarmena aurkeztu eta gero, alkateak Gobernu Batzordean hitz egindako gaien berri emango du

Share

Zortzi istripu zauriturik gabe

Azken 24 orduetan, zauriturik izan ez den 8 trafiko-istriputan esku hartu du Udaltzaingoak eta 26 salaketa izapidetu ditu Agirrelandako polizia-etxean.

 

Ibilgailu batek su hartu du 

Gaur goizaldean 6:14ean Bekolarra kalean suhiltzaileek esku hartu dute, sutan zegoen ibilgailu bat itzaltzeko. Mercedes Benz enpresako langileak itzalgailu batez sua itzaltzen saiatu dira, baina beharrekoa izan da SPEIS zerbitzuko lantalde batek jardutea, su hori itzaltzeko.

Share

Arabako gozogileek San Prudentzio tarta entregatu diote Gorka Urtaran alkateari

Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkarteak gaur goizean egin du San Prudentzio tarta Gasteizko alkateari emateko ekitaldi tradizionala.

Gozogileen elkarteko lehendakaria, Luis López de Sosoaga, Gasteizko, Bilboko, Bartzelonako eta Miranda de Ebroko 30 pastelgile baino gehiago lagun zituela agertu da.

Sasoi honetan San Prudentzio jaia aitzakia hartuta egin ohi den ekitaldi tradizionala da San Prudentzio tarta entregatzekoa.

Ekitaldi horrez gain, apirilaren 28an herri-txokolatada egin ohi da Plaza Berrian.  Aurten, elkarteak lehenengo “San Prudentzioetako Sari Gozoa” emango dio José Ramón Diez Unzuetari.

Share

Alkateak nabarmendu du elkarlanari esker lortu dela Forondako aireporturako H24 jarduna berreskuratzea

“Azpiegitura estrategikoa da Gasteizerako, eta horregatik lanean jarraitu behar dugu bidaiarien hegaldiak eta salgaien garraioa handitzeko”

 Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Zazpi urteren buruan, Gasteizko aireportuak H24 jarduna berreskuratu du, hau da, eguneko 24 orduetan jarduteko aukera. Gorka Urtaran alkatea instalazioetara hurbildu da, eta lortutakoaren garrantzia nabarmendu du, euskal erakundeen, gobernu zentralaren, Merkataritza eta Industria Ganberaren eta Arabako aireportuaren alde egin duten talde guztien arteko elkarlanari esker eskuratu baita.

“Aurretik mugako ikuskaritza gunea eta hegaldi erregularrak berreskuratu ziren, eta zama jarduera handitu egin zen. H24ari esker askoz erakargarriagoak izango gara orain”, adierazi du Gorka Urtaranek. Elkarlanak emaitza positiboak ematen ditu. “Bide horretatik jarraitu behar dugu. Foronda azpiegitura estrategikoa da Gasteizerako, eta horregatik lanean jarraitu behar dugu bidaiarien hegaldiak eta salgaien garraioa handitzeko“, erantsi du alkateak.

 

 

 

 

 

Share

Lo egiteko bikaintzat jotako “Vitoria-Gasteiz logelaren” sari banaketa

Gaur goizean banatu dira “Vitoria-Gasteiz logelaren” bi sariak, hau da, lo egiteko optimotzat jotako irizpideei jarraituz bi logela berritzeko behar diren altzariak eta dekorazioa.

Europa iparraldeko Ikea enpresak eta Loaren Espainiako Elkartearen XXVII. Topaketaren antolatzaileek emandako sariek urrezko amaiera eman diote Gasteizek 2019an hartu duen biltzar handienetako bati.

Sariak irabazi dituzten bi familiek loaren medikuntzaren alorreko adituen esanak betetzen dituen logela bana —Vitoria-Gasteiz logela” izenez bataiatua— lortu dute. Ikeak Barakaldon duen saltokian kopiatuko da eredua, eta estatu osoan zein munduko hainbat lekutan zabaltzea aurreikusi da.

 

 

Share

Bonodenda 2019 kanpaina iritsi da, 2.000 deskontu-txartelekin, tokiko saltegietan erosketak egitea sustatzeko

Bonodenda kanpainaren bosgarren edizioak, guztira, 2.000 deskontu-txartel jarriko ditu herritarren esku —iaz baino 200 gehiago—, erosketak % 20ko deskontuarekin egin ahal izateko. Bihartik (apirilaren 26a) uztailaren 6ra arte, tokiko ehun saltegi baino gehiagok parte hartuko dute kontsumoa sustatzeko ekimen honetan, zeinean lankidetzan baitihardute Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta AEnkomer-ek (Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresariak).

Deskontu-txartelen kopuru errekor horrekin, iazko emaitza ona gainditu nahi dute; iaz, 140.351,58 euroko balioko salmentak eragin ziren hiriko saltegi espezializatuetan. “Honelako ekimenei esker kontsumitzaileak gerturatu daitezke tokiko saltegietara, eta haien eskaintza hurbila ezagutu, eta ematen duten kalitateko tratu profesionala ezagutu. Norbaitek gure saltegien abantailak ezagutzen dituenean, berriro etortzen da”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak.

“Arabako txikizkako saltegiak funtsezkoak dira gure herri eta hirietako enpleguan, aberastasunean eta gizarte-bizitzan. Saltegiek eta erakunde publikook lanean jarraitu behar dugu sektorea sendotzeko, modernizatzeko eta haren lehiakortasuna hobetzeko, Bonodenda eta antzeko ekimenekin, inbertsioa sustatzeko programekin eta kontsumitzaileak sentsibilizatzeko kanpainekin”, gehitu du Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko zuzendari Juan Felipe García Miravallesek.

Kanpainari atxikitako saltegi guztietan trukatu ahal izango dira deskontu-txartelak. Aurreko edizioetan bezala, txartel bakoitzaren salneurria 40 eurokoa izango da, eta horrekin 50 euroko erosketak egin ahal izango dira; % 20ko deskontua izango da, beraz. Horretaz gain, erosketak erakargarri egiteko, tiketaren batez besteko balio handiagoa duten saltegietan, bi txartel ere (gehienez) erabili ahal izango dira batera erosketa berean, 100 eurotik gorako erosketetan.

“Kontsumoa dinamizatzeko ekintzek, Bonodenda kasu, laguntzen dute enplegua mantentzen eta tokiko saltegiak iraunarazten, batez ere sektorea birmoldatze-fase garrantzitsu bat jasaten ari den une honetan”, azpimarratu du AEkomerreko zuzendari kudeatzaile Edurne Parrok.

Berriz ere, Bonodenda kanpaina Gorbeialdea eskualdera iritsiko da, eta eskualdean erabiltzekoak diren txartelen kopurua 2018an erabilitakoaren halako bi izango da. Halaber, inguru horretako eskaintzaren ezaugarrietara egokituko da kanpaina, askoz lotuagoa baitago gertuko merkataritzarekin eta elikadurarekin. Zehazki, 20 euroko bonoak erosi ahal izango dira, zeinek 25 euroko erosketak egiteko aukera emango baitute atxikitako saltegietan.

Aurreko edizioetan bezala, Bonodendako 2.000 txartelak honako leku hauetan erosi ahal izango dira: Gasteizen, Rural Kutxaren bulegoetan eta AEnkomerreko bulegoan (Aiztogile kalea, 61), eta Gorbeialdea eskualdeko zenbait saltegitan.

Kanpainan parte hartzen duten saltegi guztien zerrenda  AEnkomerren webgunean kontsultatu ahal izango da, bihartik aurrera: www.aenkomer.com. Gasteizen bertan, 100 saltegitik gora atxiki zaizkio kanpainari, eta kopuru hori handitzen joango da datozen egunotan; ez da beharrezkoa AEnkomerren barruan egotea kanpainan parte hartzeko. Aipatzekoa da parte hartuko duten sektoreen barietatea: elikadura, jantziak, oinetakoak eta jantzi-osagarriak, aisialdi- eta kultura-jarduerak, kirolak, bitxi-dendak, etxeko gauzak, lore-dendak, farmazia eta zerbitzuak, besteak beste.

Share