Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 maiatza 2019 17:00

Prentsaurrekoa. ‘Transoceánico’ musika kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Jordi Francés, zuzendari gonbidatua; eta Iker Olazábal, Udal Bandako zuzendari laguntzailea

Eguna. Astelehena, maiatzak 6

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————–

Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza akordioaren sinadura,  Gasteizko udalerrian eragina duten inbertsioak finantzatzeko

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran ; eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez

Eguna. Astelehena, maiatzak 6

Ordua. 12:00

Tokia. Arabako foru jauregiko ataria.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, maiatzak 3

  • Alkate Gorka Urtaran, lehen alkateorde Peio López de Munain eta zinegotzi Jaione Aguirre, Carlos Zapataero eta Isabel Martínez Centro Andaluz Senecak antolatu duen Udaberriko jaian izango dira 20:30ean.

 

Larunbata, maiatzak 4

  • Alkate Gorka Urtaran, eta Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosa Itxaropena elkarteak antolatu duen Goalball Liga Inklusiboaren topaketan izango dira 10:00etan, Lakuako Almudena Cid kiroldegian.
  • Zinegotzi Nerea Melgosak parte hartuko du Nabaridaseko Udalak antolatu duen  antzeztutako ardo-dastatzean, 13:00etan, Santa barbara plazako pergolan
  • Alkate Gorka Urtaran XI. Araba Rugby Cup txapelketako partida ikusten izango da 13:20ean, Lakua 3 zelaian.

 

Igandea, maiatzak 5

  • Alkate Gorka Urtaran, eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto XI. Araba Rugby Cup txapelketako sari-banaketan izango dira Lakua 03 zelaian.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:06
  • Doako ikastaro horren helburua enplegu-eskatzaileen eta bertoko enpresen arteko zubi-lanak egitea da
  • Sei hilabeteko prestakuntza jaso eta gero, batez besteko 34 urte inguruko adina duten ikasleek –gehienek unibertsitate mailako prestakuntza dute– sektoreko enpresen eskutik gauzatu dituzten hiru proiektuak aurkeztu dituzte
  • Big Data Gasteizen eta inguruetan dagoen enplegu digitalen benetako eskaerara aplikatzearen fruitua izan da ikastaroa

 

 

Hamaika gazte gasteiztarrek zibersegurtasun-ibilbidearen ikasturte amaierako proiektuak aurkeztu dituzte gaur CETIC-eko ekitaldi-aretoan, Telefónica Fundazioa eta Gasteizko Udala herritarrak gaitasun digitalen arloan prestatzeko batera lantzen ari diren Conecta Empleo programaren barruan. Izan ere, 4.0 industriaren arloko profil profesional horren eskaera gora egiten ari da etengabe lan merkatuan.

 

Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa eta Telefónica Fundazioko Erakunde Harremanen zuzendari Joan Cruz buru izan dituen ekitaldian beren proiektuak aurkezteko aukera izan dute gaur CETIC-en sei hilabetez prestakuntza jaso ondoren; Cruzen esanetan, “gure helburua prestakuntza-ibilbide hauek enpresen benetako eskaeraren eta lan bila dabiltzanen prestakuntzaren arteko zubi izatea da

 

Zehazki, gaur aurkeztutako proiektuak bertoko hiru enpresaren benetako beharrizanei erantzuteko sortu dira: BeClever enpresarekin elkarlanean ELK enpresaren segurtasun-arazoak atzemateko eta aztertzeko prozesua gauzatu dute; Bidaidea enpresari enpresaren webguneko ahultasunak antzeman eta aztertu dizkiote; eta Keynetic enpresari flowNAC plataformaren segurtasun-auditoretza egin diote.

 

 

Conecta Empleo Programa

 

Telefónica Fundazioak, oraingo honetan Gasteizko Udala lagun duela, langabezia egoeran dauden pertsonak lan munduan txertatzeko aukerak handitzea du helburu, eta, horretarako, gizarte-testuinguruari eta lan-merkatuaren beharrei egokitutako esku-hartzeko ereduak sortzen ditu. Horrela, Conecta Emplea bezalako ekimenei esker, “enplegagarritasun berrirantz” ari da bideratzen lan-prestakuntzaren esparrua; hots, teknologia-sektoreko lanbide berrietarantz, zeinak gaur egun definitzen ari diren eta etorkizunean eskaera handiagoa izango duten. Horien artean daude, esaterako, gai hauetan adituak direnak: zibersegurtasuna, big data, bideojokoen garapena, mugikorretarako aplikazioak, webguneak, etab. Gero eta gehiago dira berriki sortu eta etengabe gorantz doazen lanbide horietako profesionalak eskatzen dituzten enpresak. Hamarkadaren hasieran ia existitzen ez ziren lanbide horiek berrikuntzarekin, teknologiarekin eta eraldaketa digitalarekin dute lotura eta lehiakortasun maila baxua izan ohi dute.

 

Bestalde, Gasteizko Udalak beste hainbat prestakuntza-aukera ere eskaintzen ditu enplegu digitalaren esparruan, besteak beste, askotariko ikastaroak CETIC-en egoitzan eta bere e-learning plataformaren bidez, eta astearte teknologikoak.

 

Informazio gehiago: Conecta Empleoren plataforma. Tresna ireki horrek eskaera handieneko profil digitalak lagindu eta horietako bakoitzari buruzko bideo bat erakusten du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:30

 

  • Aukeren proposamenak hirirako 39 hektarea berreskuratzea aurreikusten du, alderdi hauek batuz: ibilbide berde handi bat trenaren eta ibilgailuen bidearen gainetik, unibertsitatearekin lotutako berrikuntza-polo bat, kultura eta erakunde zona baten sustapena, eta hutsik dauden lekuen hiri dentsifikazioa
  • Ariznabarrean trenbideak zeharkatzen duen zonan bulebar berde bat jarriko da, tunel faltsu bat eginez eta hura hiri parke batez estaliz
  • San Martin auzoak bi dorre simetriko izango ditu, eta horrek bertako erakunde, bulego eta hirugarren sektoreko erabilerak areagotuko ditu
  • Unibertsitatea hiriaren erdialdean integratuko da, Dato kaleko lurpeko geltokiaren gainetik igaroz campusetik Plaza Berriraino joango den oinezkoentzako korridore batez
  • Ibilgailuentzako bide berria sortuko da ekialdea eta mendebaldea lotzeko, eta irtenbidea emateko Manuel Iradier eta Florida kaleen saturazioari; kale horiek erdioinezkoentzako edo oinezkoentzako izango dira, baita San Antonio eta Ortiz de Zarate kaleak eta Pio XII.aren kalearen zati bat ere
  • Ibilbide berde handi horren azken zatia  Eraztun Berdearekin konektatuko da Salburuan, Florida kalearen azken zatia birdentsifikatuta

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

TRENBIDEA LURPERATZEA DOSSIERRA (1)

Gasteizen trenbidea lurperatzen delarik libre geratuko diren lurren hirigintza-antolamendurako alternatiben proposamena jaso berri du Udalak; duela urte erdi esleitu zitzaion lan hori IDOM ingeniaritzari.

Izan ere, abiadura handiko trena iritsi eta 3,6 kilometro lurperatzen direlarik, korridore bat libre geratuko da, eta horrek ekarriko du “hazteko aukera, jauzi egiteko eta trenbidea lurperatzeak libre uzten duen korridore handi hori nolako hiri-eredua eraiki nahi dugun birdefinitzeko aprobetxatzeko. Trenez konektatutako hiria egiteko aukera, baita ekialdetik mendebaldera tranbiaz lotzekoa, barruko bideen eraztuna itxiz eta bizikletentzako bidez (bizikletentzako 6,5 kilometro) eta oinezkoentzako ibiltokiz josiz. Gure berdeguneak elkarren artean konektatzeaz ari gara, guztiz berde den 13,68 hektareako korridorea berreskuratuz. Kulturarako eta erakundeen jardunerako espazio komunen artean koherentzia sortzeaz ari gara, haien dimentsioa indartu eta gizarte eta ekonomia-jarduerako poloak sustatzeko. Arabako campusari lotutako berrikuntza eta zientzia eremu bat sortzeaz ari gara. Korridorearen muturretan hiria birdentsifikatzeaz, orain orube hutsak baitira, eta bizitza sozial eta urbanoz betetzeaz”, aurreratu du alkateak.

Gorka Urtaranek gaur eman dio proposamen horren berri Tokiko Gobernu Batzarrari, eta gaur bertan bidaliko zaie Arabako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta ADIFi, abiadura handiko trena Euskadiko hiriburura iristen denerako lantzen ari diren proiektuetan kontuan har dezaten. Udal talde politikoei ere helaraziko zaie.

Udal teknikariek ia urtebetez landu eta diseinatu duten proposamenak, zeina IDOM ingeniaritzak garatu baitu, hirirako 39 hektarea berreskuratzea du ardatz; espazio horrek garraiorako korridorearen funtzioa izaten jarraituko luke (trena/tranbia eta ibilgailuentzako bideak), baina konektore berde handia izango da halaber, non jarduera sozial eta urbanoa garatuko baita, eta orain hutsik dauden muturrak birdentsifikatuko.

Alkateak bost jarduera-eremutan banatu du ibilbide berdea, zeina “Senda ibilbide luze” batekin parekatu baitu: ekialdea eta mendebaldea lotuko ditu trenbidearen eta ibilgailuentzako bidearen gainetik joango den korridore berriaren bitartez, eta iparraldea eta hegoaldea, oinezkoentzako ibilbideen bitartez.

 

Geruza berdea Kontxetan eta Ariznabarrean

Trenbidea lurperatzeak ekarriko duen eraldaketa esanguratsuenetako bat Ariznabarrean eta Kontxetan gertatuko da. Geruza berde batek ordeztuko du orain trenbideak sortzen duen orbana: hiri parke bat egingo da, lubaki erako tunel faltsu baten gainean —hori ez da trenbidea lurperatzeko lanen barruan sartzen—, zeinak bat egingo baitu korridore berdearekin, eta hiri bilbeari jarraituko.  Gainera, inguru horretan bizitegi-aprobetxamenduak aurreikusi dira, lurperatzeko proiektuarekin inolako zerikusirik ez dutenak.

 

Dorre simetrikoak 

Ibilbide berdean barrena ekialderantz hurbilduz, bi dorre simetriko egingo dira San Martinen, eta horrek auzoko erakunde, bulego eta hirugarren sektoreko erabilerak sendotuko ditu. Eraikin biki horietako batek udal bulegoak leku berean batzeko balioko du, eta bestea korporazioen egoitza eta bulegoetarako erabiliko da, beste interesgune batzuen artean.

 

Gaztelako zubia, tranbiarentzat 

Gaztelako ateko komunikazio-nodoa da proiektuaren beste muinetako bat. Hiriaren iparraldea eta hegoaldea lotuko dituen ardatzetako bat izango da, kultura eta erakunde zona hori sustatzeko eremu baten barruan, Prado-Florida parkea eta hiriaren erdialdea lotzen dituen ardatzean.

San Martineko udal eraikinak, aipatutako eraikin bikiek, Arte Ederren Museoak, entzunareto berriak, Zulueta jauregiak eta Katedral Berriak osatzen dute aurreikusitako kultura eta erakunde sustapeneko polo hori, korridore berriak sortuko dituen landare askotariko espazio berdeek lotuta.

Jasotako proposamenaren arabera, Gaztelako ateko zubia tranbiaren ekialde-mendebalde konexiorako erabiliko litzateke.

 

Unibertsitatea, erdigunean integratua 

Alkateak aurkeztu dituen jarduera-eremuetako bat erdialdea-lurpeko geltokia-Arabako unibertsitate-campusa ardatza da.  Espazio horietan herritarrentzako ardatz bat sortzea da erronka, unibertsitatea hiriaren erdialdean integratzeko moduan, Dato kaleko lurpeko geltokiaren gainetik igaroz campusetik Plaza Berriraino joango den oinezkoentzako korridore batez.

Unibertsitatea Gasteizko hirigunean integratzeaz gain, espazio horretan ikerketa eta zientzia polo bat sortu nahi da.

 

Erdialdeko kaleetako trafikorako irtenbidea

Horri dagokionez, ibilgailuentzako lurpeko bide bat sortzea aurreikusi da, Manuel Iradier eta Florida kaleen saturazioari irtenbidea emateko; kale horiek erdioinezkoentzako edo oinezkoentzako izango dira, baita San Antonio eta Ortiz de Zarate kaleak eta Pio XII.aren kalearen zati bat ere.  Mugikortasun Planean aurreikusitako super-etxadiak garatuko dira, eta barneko bideen eraztuna itxiko.  Hiri egituran egiten diren aldaketa horiek Green Capital plazan eta Berpizkundearen plazan oinezkoentzako leku esanguratsua sortzea ahalbidetuko dute, ibilgailuen trafikoa desagertzean espazio bakarra osatuko baitute.

 

Salburuan hiria sendotzea eta Eraztun Berdea ixtea

Ibilbide berde luze horretan ekialderago eginez, azken muturra Eraztun Berdearekin konektatuko da Salburuan, Florida kalearen azken zatia birdentsifikatuta. Astronomo kaletik aurrera, orain hutsik dauden orubeak erabili nahi dira hiri-bilbeari jarraitutasuna emateko, erdialdea Salburuko inguru horrekin josteko eta Eraztun Berdearekin konektatzeko.

“Proposamenak Gasteiz hiriagoa eta berdeagoa irudikatzen du. Gure hiriaren esentzia eta ezaugarri behinenei eta positiboenei eusten die, iraunkortasunean erreferentea baita, baina beste pausu bat ematen du aurrerabiderantzat eta modernizaziorantz, gizartearen biziberritzerantz, etorkizunerantz”, nabarmendu du alkateak.

 

Proposamenaren datuak:

Jarduera-eremua:

39 hektarea, 3,8 kilometrotan.

 

Hiria eta berrikuntza:

Bizitegi-erabilera: 159.630 m2, 1.326 etxebizitza.

Erabilera tertziarioa (merkataritza + bulegoak): 18.745 m2.

Unibertsitate ekipamendua/berrikuntza: 8.800 m2.

Ekipamendua: 18.165 m2.

 

Korridore berdea:

3,8 kilometro.

Berdeguneak: 13,68 ha.

Bizikletentzako ibilbidea: 6,5 kilometro.

 

Tranbia:

2,86 kilometro.

 

Bideak:

Barneko bideen eraztuna ixtea.

Bi konexio-nodulu konpontzea.

Ekialde-mendebalde bide berria.

 

Trenbidea:

Lurperatutako zatia: 3,6 kilometro.

Tren-geltoki lurperatua.

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:36

Azkeneko hogeita lau orduetan hamaika trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan bi pertsona zauritu dira.

Atzo, 10:17ean, Teodoro Doublang Margolariaren kalean Tuvisako autobus baten eta auto baten artean gertatutako talka ikertzen ari da Udaltzaingoa. Autobusean zihoazen bi bidaiari artatu behar izan zituzten anbulantzia bateko osasun-langileek, nahiz eta ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea.

Bi inputatu izan dira edanda gidatzeagatik

58 urteko gizonezko bat ikertzen ari da Udaltzaingoa, Gasteizko Hiribidean edari alkoholdunen eraginpean auto bat gidatzeagatik. Herritar batek Udaltzaingoari deitu zion, gidari bat egoera arriskutsuak sorrarazten ari zela jakinarazteko, antza ez zegoelako ibilgailua gidatzeko baldintzarik onenetan. Alkoholemia-proban 1.17 eta 1.20 miligramo alkoholeko tasa positiboak eman zituen arnasbidez kanporatutako aire litro bakoitzeko.

Horrez gain, 53 urteko beste gizonezko bat ikertzen ari da Udaltzaingoa, Jundizko industrialdean furgoneta bat edanda gidatzeagatik. Ezohiko abiadura txikian zihoan gidaria, eta horren ondorioz, patruila batek gelditzeko eskatu zion. Alkoholemia-proban 1.05 eta 1.02 miligramo alkoholeko tasa positiboak eman zituen arnasbidez kanporatutako aire litro bakoitzeko.

Udaltzaingoak 22 salaketa erregistratu zituen atzo Agirrelandako polizia-etxean.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:35

Udaltzaingoa 18 urteko mutil gazte bat ikertzen ari da bere neskalagun adingabearen gainean egindako genero-indarkeriako delitu batengatik.

Neska nerabeak salaketa bat aurkeztu zuen joan den asteartean Agirrelandan, pertsona heldu batek laguntzen ziola Polizia-etxean adierazi zuen bere bikotekidearen aldetik erasoak, irainak, mehatxuak eta laidoak jasan izan zituela etengabe.

Egun horretan bertan, Udaltzaingoaren agenteek atxilotu egin zuten salatutako mutil gaztea, Adurtza auzoaren inguruetan. Atxilotuak poliziaren etxean atzoko 9:30ak arte iraun zuen, asteazkena, eta une horretan Gasteizko Epaitegietara eraman eta epailearen esku utzi zuten.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:53
  • Besterendu daitekeen udal ondare bihurtzeko azken izapidea burutu da

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Iradier Arenaren azpian (Berpizkundearen plaza) dauden aparkalekuen atxikidura behin betiko kentzea eta udal ondarera biltzea onetsi du. Gobernu-taldearen erabakiak amaiera ematen dio Udalbatzak joan den otsailaren 22an onetsitako tramiteari, eta garajeak saltzea ahalbidetuko du.

Aparkaleku-plazak besterendu daitekeen udal ondarean sartzea Jabetzaren Erregistrora eramango da, eta aldaketa notario ondorioetarako ziurtatuko; egun gutxitan egingo da hori. Ondoren, tasatu egingo dira aparkaleku-plazak. Udal zerbitzu teknikoak arduratuko dira salmenta-prezioa zehazteaz, bi asteko epean, gutxi gorabehera.

Azkenik, aparkaleku-plazak saltzeko baldintzak ezartzen dituzten oinarriak landuko dira; oinarriak uztailean egongo dira prest, eta orduan ekingo zaio salmenta faseari.

Ia ehun aparkaleku-plaza bihurtu dira udal ondare salgarri, Iradier Arenako bigarren solairuan daudenak, zehazki. Eragiketa horrek dakartzan diru-sarrerek udalaren lurzoru ondarea salduz 2019rako lortzea aurreikusita zegoena gaindituko du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:51

 Proiektuaren lehiaketak 78.850 euroko aurrekontua izango du, eta 6 hilabeteko egikaritze-epea

Animaliak Babesteko Zentroa (bide publikoan galdutako, abandonatutako edo istripua izan duten animalientzat egokituta dagoen Armentiaganeko zentroa) handitzeko eta hobetzeko lanen lehiaketa deitu du Udalak.  Proiektuaren lehiaketak 78.850 euroko aurrekontua izango du, eta 6 hilabeteko egikaritze-epea

“Animaliak Babesteko Zentroa handitzearekin eta hobetzearekin erantzun nahi diegu denbora igaro ahala handitzen joan diren hainbat beharrei. Duela 30 urte zentroak zuen tamainak ez du zerikusirik gaur egungoarekin, eta lan horiekin hobetu nahi ditugu animaliei ematen zaien arreta zein langileen eta boluntarioen lan-baldintzak, eta, aldi berean, izapideak egitera, animaliak adoptatzera edo animalien albaitari-jarraipena egitera datozen pertsonentzako zerbitzua hobetu”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak

1983an, instalazioak zabaldu ziren, eta, 1989an, Udalak hartu zuen haien ardura. Harrezkeroztik, orain arte, zentroa eraldatu eta garatu egin da, 30 urte pasatxo hauetan sortu diren beharrei erantzuteko, bai animaliak zaintzeko eta haiei arreta emateko moduagatik, bai jardun-eremua lurralde osora zabaldu delako, bai zabalkunde- eta prestakuntza-jarduerengatik.

Hasieran, Gasteizko udal-mugarteari zerbitzu emateko tamainarekin egin zen zentroa, garai hartako estandarren arabera. Baina, lurraldearen beharrak ikusita, eta Arabako Foru Aldundiarekiko akordioak direla eta, probintzia osoari ematen dio zerbitzu gaur egun; horren ondorioz, premiek zein eginkizunek oso gainditu dituzte zentroa sortu zeneko aurreikuspenak.

Indarrean dagoen araudia betetzen du, baina, hala ere, badira zenbait deserosotasun eta toki-premiak Animaliak Babesteko Zentroan, eta urtez urte handitzen doaz, zerbitzu gehiago eskaintzen direlako (mota guztietako animaliak, kolektiboentzako hitzaldiak…), animaliarik ez hiltzeko politika duelako eta Araba osoari erantzuteagatik animalia gehiago hartzen direlako.

Hori dela eta, 2015ean, Animaliak Babesteko Zentroak berak proposamen bat egin zuen hobetzeko bai animalientzako arreta, bai langileen eta boluntarioen lan-baldintzak, bai izapideak egitera, animaliak adoptatzera edo animalien albaitari-jarraipena egitera datozen pertsonentzako zerbitzua. Proposamen horretan oinarritu da Animaliak Babesteko Zentroa eraberritzeko eta handitzeko premien proiektua, zeinaren lehiaketa deitu baitu orain Udalak.

Animaliak Babesteko Zentroaren instalazioak handitzeko proposamena, hiru esku-hartze nagusitan banatzen da: ibilgailuentzako sarbideak eraberritzea, bulego-eraikina handitzea eta animalien arretarako instalazioak handitzea.

Ibilgailuentzako sarbideak eraberritzeari dagokionez, hauxe proposatzen du: bide-trazadura berrantolatzea, biraketa-erradioak handitzeko; sarbidearen eta Animaliak Babesteko Zentroaren arteko esparrua berrurbanizatzea, ibilgailuak aparkatzeko eta maniobrak egiteko toki gehiago edukitzeko; eta, azkenik, arkitektura-oztoporik gabeko sarbidea jartzea Animaliak Babesteko Zentroaren zona publikoan. Betiere, zentroa esparru natural batean dagoela ahantzi gabe.

Bulego-eraikina handitzeari dagokionez, planteatu da gaur egungo eraikina birbanatzea eta, aldi berean, handitzea, hartara zentroko espazio guztiek tamaina nahikoa izateko eta zirkulazioa hobeto antolatzeko, langileen eginkizunak eta publikoarentzako arreta efizientziaz egin daitezen.

Honako obra hauek egingo dira: dagoen espazioa birbanatuko da, eta publikoari arreta emateko eta langileen aldageletarako eta komun publikoetarako erabiliko da; eraikina handitzeko, beste eraikin bat altxatuko da oraingoari loturik, eta horretan animalientzako albaitari-arretako esparrua egongo da eta espazio balioaniztun bat, bilerak egiteko, arretaren handitze puntualei aurre egiteko edo hogei bat pertsonarentzako hitzaldiak emateko.

Animaliei arreta emateko instalazioak handitzeko proposamenean banakako txakurtegien eremu berri bat egitea jasotzen da; horretan, probintzian hartu eta bilketa-ibilgailuetan zentrora dakartzaten animaliei emango zaie lehenengo arreta. Eremu berri horri esker, arreta bereizia eman ahal izango zaie hartu berri diren animaliei eta zentrotik ateratzeko prestatuta dauden animaliei; gaur egungo banakako 32 txakurtegietan egongo dira azken horiek.

Handitzearekin, banakako beste 25 txakurtegi egongo dira, gaur egungoen tamainakoak. Hiru gunetan banatuta egongo dira, eta horietako bakoitzak aire zabaleko paseo-eremu bat izango du. 25 txakurtegi berrietako 5, gutxienez, txakur arriskutsuak hartzeko egokituko dira, sarbideko ate bikoitza jarrita.

Eta, banakako txakurtegiez gain, proposatu da berregituratzea txakurkumeei, gaixorik dauden txakurrei eta katuei arreta emateko guneak. Txakurkumeentzako gunea bereizi egingo da txakurrentzako gainerako instalazioetatik, gaixotasunak kutsatzea saihesteko, eta bulego-eraikinaren ondoan egongo da.

Gaixorik dauden txakurrentzako bloke berri bat egongo da, banakako txakurtegi berrien ondoan, eta gaur egungo txakurtegien gunetik zein gune berritik sartu ahal izango da bertara. Katuei dagokienez, instalazio-gelaren ondoan dagoen blokeko espazioak hustuko dira, eta, hala, bloke osoa izango da katuei arreta emateko.

Esku-hartze nagusi horretaz gain, beste bi esku-hartze txikiago egingo dira. Horietako bat izango da eraikinaren atzealdean dagoen urmaela lekuz aldatu eta sarbideko esparruan jartzea, publiko orokorrak ikusi ahal izateko, eta, hala, funtzio pedagogikoa izateko. Bestea izango da gune bat prestatzea zentroak aldi baterako hartzen dituen bestelako animalientzat (zaldiak, astoak, ahuntzak…); animalientzako gainerako instalazioetatik urrunen dagoen aldean jarriko da, eta sarbide bereizia izango du. Hala, maila sanitarioan zein funtzionalean ondo bereiziko dira noizean behin erabiliko diren gune horiek eta pertsonen zein animalien trafiko eta erabilera handiagoa duten guneak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:06

Gaur, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi egin du bost hitzarmen sinatzea Gasteizko elkarte soziosanitario banarekin; horien bidez, elkarteek gauzatu ahal izango dituzte beren programak Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren laguntza ekonomikoarekin (77.400 euro emango dizkie).

AFA-ARABA elkarteak (Alzheimer eta bestelako buruko gaitzak dituztenen senitartekoen elkartea) 31.990 euro jasoko ditu dementzia duten pertsonak zaintzen dituztenei hezkuntza- eta psikologia-arloetako aholkuak emateko programa bat gauzatzeko. Helburua du zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea; gaixotasunari buruzko hezkuntza- eta psikologia-arloetako esku-hartzea eskaintzen die, baita zaintzen duten pertsonaren narriadura etengabearen ondoriozko aldaketei zaintzaileek aurre egiteko jarraibideak ere.

ASAFIMA elkarteak (Fibromialgia eta neke kronikoaren Arabako elkartea) 23.760 euro jasoko ditu fibromialgia eta neke kronikoa duten pertsonentzat arretarako, aholkurako eta esku hartzeko programa bat gauzatzeko. Helburua da fibromialgia eta neke kronikoa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, ongizate fisiko, psikologiko eta emozional handiagoa lortzeko osoko arreta pertsonalizatuaren bidez.

ADA elkarteak (Arabako Diabetikoen Elkartea), berriz, 9.500 euro jasoko ditu taldekako eta banan-banako arretarako programa bat gauzatzeko. Planak zenbait jarduera hartzen ditu barne: oin diabetikoaren arreta eta zainketa, diabetesa duten pertsonak elikaduran heztea, ariketa fisikoa sustatzea, prestakuntza- eta informazio-jardunaldiak eta arreta psikologikoa.

Tokiko Gobernu Batzarrak onetsitako azken bi hitzarmenak dira EZEBA elkartearekikoa (zeliakoen eta horien senitartekoen Arabako elkartea), zeliakoei eta horien senitartekoei arreta integrala emateko programa bat gauzatzeko, eta ARESBI elkartearekikoa (Asociación Araba Elkartea Espina Bífida e Hidrocefalia), arretarako, laguntza psikologikorako eta sentsibilizaziorako programak egiteko.

 

EZEBAk 8.400 euroko udal-dirulaguntza izango du, eta ARESBIk, berriz, 3.750 eurokoa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:38

Apirilaren 30etik maiatzaren 3ra bitartean jakinaraziko zaie 309 hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten 2.781 pertsonei izendatuak izan direla

Gaur goizean egin da maiatzaren 26an izango diren Udaletarako, Batzar Nagusietarako eta Europako Parlamenturako hauteskundeetarako mahaiburu eta mahaikideak izendatzeko zozketa, bertan zeudela Udal Errolda Ataleko zinegotzi arduradun Jaione Aguirre, idazkari nagusi Martin Gartziandia eta zenbait udal-sailetako teknikariak.

Hauteskunde horietan, Gasteizen erroldatuta dauden 189.057 pertsonak bozkatu ahalko dute eta horietatik 4.827 atzerrian bizi diren gasteiztarrak dira. 1.289 dira udal-hauteskundeetan bozkatu ahalko duten atzerritarrak, eta 1.128 Europako Parlamenturako hauteskundeetan botoa eman ahalko duten kanpotarrak.

34 hautesleku aukeratu dira, 309 hauteskunde-mahai, guztira.

Apirilaren 30etik maiatzaren 3ra bitartean jakinaraziko zaie izendapena mahaietako kide izango diren 2.781 pertsonei, eta jarraibide-eskuliburuak helaraziko. Udalak ez ditu argitaratuko zozketaren emaitzak, datu pertsonalen konfidentzialtasuna gordetzeko. Aukeratuak izan diren jakin nahi dutenek bertatik bertara kontsultatu ahalko dute maiatzaren 2tik aurrera herritarrei laguntzeko bulegoetakoren batean, beren burua identifikatu eta eskabidea egin ostean.

Maiatzaren 10ean hasiko da, formalki, hauteskunde-kanpaina, eta 24ra arte iraungo du, hots, maiatzaren 26ko hauteskundeen aurreko gogoeta-egunaren bezperara arte. Bozketa-egunean, goizeko bederatzietan irekiko dira hauteskunde-mahaiak, eta arratsaldeko zortzietan itxiko. Emaitzen zenbaketari ekingo zaio orduan.

Maiatzaren 26ko hauteskundeetarako hauteslekuen zerrenda  

 

Share